Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

katalogoa

BUTZIN BUSTIA

Berta Gutiérrez Casaos

Izenburua:
BUTZIN BUSTIA
Egilea:
Berta Gutiérrez Casaos
Argitalpena:
Bartzelona / Bilbo: Polígrafa eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
23 x 31,5
Orrialdeak:
246
ISBN:
978-84-343-1504-4
Lege gordailua:
B 58244-2025
Erakusketa:
Lurraren arteak
Gaiak:
Gizakia | Argazkigintza | Arkitektura | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materialak | Paisaia | Guggenheim Bilbao Museoa | Bizitza | Ingurunea eta natura | Ekologia | Hiri-ekologia | Jasangarritasuna | Kutsadura | Landareak | Bilbo
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Land Art
Aipatutako artistak:
Bestué, David | Pompili, Benedetta | Sheikh, Fazal

Nora joan da mendia?

Ihesi alde egin du nire istorioa hartuta,

bi maitale elkartzen direneko hori hartuta.

Desira zera da, bapateko plisti-plasta! Dzast!

Zanga-zanga. Edan, edan.

Nire egarria, nire egarria.

Nire egarria nire egarria zurea baino handiagoa da.

Patu bakarra niretzat; entzuten da kantari.

Ikusi al duzu?; dio oihuz.

Ikusi al duzu?; ez, gaur ez1.

 

Sedimentuei, asentamenduei eta aro geologikoei buruzko istorio hau kontatzean, denborak halako nolakotasun lauso bat hartzen du, gure antzinako iragana eta etorkizun asaldatua barne hartzen dituen jarraitutasun moduko bat ere baduena. Hemen azaltzen ditudan teoriak ekologia politikoaren goraldian sortutakoak dira. Goraldi horren garai bertsuan, paisaiarekiko esperimentazioak Land Art delakoaren sorrera ekarri zuen, eta artegintza-mota horrek, natura haragituta, praktika espazialetik eratorritako metodoak txertatu zituen bere gauzatze-ekintzetan. Alde horretatik, hari kontzeptual bat ezarri daiteke bi diziplinen pentsamenduaren eta praktikaren artean. Artistek kubo zuria atzean utzi eta mihisetzat erabili bide zituzten paisaia ukigabeak konkistatu ahala, arkitektura-proiektuak gero eta asmo handiagokoak izaten hasi ziren: “muga bertikala” zen zedarria, eta ekimen horiek bultzatzen zituzten buruak prest zeuden kanpoko espazioa konkistatzeko. Hainbat hamarkadaz, diziplina anbizio horren ildotik garatu da, eta bereziki erauzketan oinarritutako eredu espazial bat sendotu da, hustuketatik hondakinera doan ekoizpen-prozesu lineal bat. Ezkutuko errealitate hori gure eboluzio moderno honetan saihestezina dirudien suntsiketa/eraikuntza ziklo batean sakon errotutako kulturaren ezinbesteko ezaugarria da. Ezin ahaztu, ordea, harrien existentzia eonetan neurtzen dela, eta gizakien bizitza, ekintzak eta ezagutza aise gainditzen dituen dimentsio sakona ematen diola horrek denborari. Premisa horretatik abiatuta, galdera zera da: nola berregituratu dezakegu gure asentamenduen eraikuntza Lurrean?

1975 eta 1977 bitartean, AEBko programa espazialak, Aeronautikaren eta Espazioaren Agentzia Nazionalaren (NASA) babespean, L5 Society izeneko elkartea sortu zuen, Lurreko baliabide-urritasunaren irtenbide gisa kolonia espazialak garatzearen ideia kontzeptualizatu eta sustatzeko, bai eta giza asentamenduak gure planetatik kanpo eramaten saiatzeko ere2. Krisi ekologikoari aurre egiteko moduari buruzko lehen tratatu horiek oinarri hartuta, L5 Societyk gure planetatik kanpo aurrera eraman beharreko irtenbideak proposatu zituen, hala nola beste astro batzuk kolonizatzea haietan egon litezkeen baliabideak ustiatzeko. Gerard K. O’Neillen arabera, konkista-ahaleginak modu uniformean banatuko lirateke: “Batzuk ibaietara eta beste batzuk itsasora, / Batzuk gure gurasoek askatu zuten lurraldera, / Eta, gero, zeruetako izarretara, / Hau da Muga Bertikala, hau da Muga Bertikala”3. Corpus zientifiko argirik gabe, proiektua espekulazio-ariketa hutsa izan zen; edo, areago, historiako marketin-kanpainarik sofistikatuenetako bat. Kontakizun horren arrakasta estrategia argi baten emaitza izan zen: Ilargia nola kolonizatu azaltzeko protokoloak eskaintzen eta fase zehatzak markatzen zituen narratiba bikaina, talentu handiko margolariek —nola diren Don Davis, Rick Guidice eta Don Dixon— egindako irudi hipererrealisten laguntzarekin aberastua4. Hala ere, eredu horretatik harago, kolonizazio-ahaleginek baldintza material jakin batzuk eskatzen zituzten: “ilargiko meatzariak”, hau da, bizi-baldintza egokiak eskaintzen zituen lurralde-eremua zabaltze aldera sedimentuak etengabe induskatu bide zituzten langileak. Argudio horien arabera, sedimentu-erauzketak ez zuen mugarik izango kolonizazioak aurrera egin ahala; izan ere, erauzketaren ondorioz sortutako kraterrak ez ziren Lurretik ikusiko.

Egitandi horrek planeten ekosistemen berezko ezaugarriak aldatzen baditu ere —izan Lurrean, Ilargian zein Marten—, oraingoan gure lur-sistemetan jarri dut nik begia, horiek baitira bizitzaren oinarria, hau da, denari eusten dion, dena hazten den eta dena desagertzen den lekua. Planifikazio planetario mota horren konplexutasuna ulertzeko, XIX. mendera jo behar dugu ezinbestean, Ozeano Atlantikoaren erdi-erdira. Victoriar aroan, Ingalaterrako biologo eta naturalistek ekoizpen-ekosistema erabat antropogenikoa sortu zuten bertan: Ascension uhartea. Jatorrian, uhartearen geologia bolkanikoak ez zeukan espezie bizidunik, ezta inolako “naturarik” ere; basamortu-paisaia bat zen, eta hango bizi-geruza mehea antzutzat jotzen zen. Uhartea “naturalizatzeko” xedez, 1843an Joseph Hooker biologoak 330 landare bidali zituen Londresko Errege Lorategi Botanikoetatik Green Mountainera. 1870 inguruan, 5.000 zuhaitz gehiago landatu zituzten. Lehen eguraldi-erregistroek erakusten dutenez, prezipitazioak ugaritu egin ziren landaretza hazi izanaren ondorioz. Kevin Brennan eta Laurence Durkin zuzendarien TerraForma (2022) filmak erakusten duen bezala, uhartean egindako terraformazio-esperimentuaren birnaturalizazioak agerian utzi zuen posible zela, hogeita hamar urte eskasean, irlako ekosistema eta klima guztiz eraldatzea geo-ingeniaritzaren bitartez. Egun, Marteren terraformaziorako oinarriak finkatzen dituen eskala handiko eredu aitzindaria da Ascension uhartea. Kolonizazio-patroi horren paradoxak zeharo esanguratsuak dira orain, gaur egun askoz eskala handiagoko garapenak egiten ari baitira5.

Planeten bizigarritasunaren mugak gainditzeko ametsa areagotu egin da Lurreko bizi-baldintzak eta baliabide materialak agortzen ari diren honetan. Muga teknologikoak mundu osoan zehar ari dira zabaltzen baliabideak kapitalizatuz, kolonizazio-ereduak hedatuz nahiz lurraldeak eta asentamendu-prozesuak azkar modelatuz6. Gizakiak mugak gainditzeko eta etorkizuneko habitatze-moduak birdefinitzeko duen beharrak diseinuaren adierazpenik muturrekoena iritsi du azken berrogeita hamar urteotan. Fantasia espekulatibo mono humanista gisa hasi zenak proiektu distopiko eta megalomanoen garapenari eman dio bide, eta mugarik gabeko hazkundearen promesa dimentsio bakarra elikatu du7. Baliabide (estra) lurtarrak kudeatzeko monopolio pribatua errotik ari da zalantzan jartzen hainbat kontzeptu, hala nola gobernantza (estra)planetarioa, geopolitika, nazioarteko zuzenbidea eta ekonomia8. Badira, hala ere, eredu horri aurre egiten eta diseinugintza birkontzeptualizatzen ari diren beste bizitza-modu batzuk. Etika horrek gainditu egiten ditu espazioaren balio kartesiarrak, eta nozio espazio-tenporal alternatiboak irudikatzen laguntzen digu, erlazio material sentikorragoak ezartze aldera9.

Badirudi beste mundu bateko paisaiek askatasun mugagabea iradokitzen digutela, bai sorkuntza ameslarienen kasuan, bai fantasia atzerakoienen kasuan. Horixe da basamortuarekin gertatzen zaiguna, hango mikroaldaketek —altitudean, prezipitazioetan, tenperaturan eta haizean gertatzen direnek— erantzun- eta egokitzapen-gaitasun mugagabea ezartzen baitute. Eremu horren hauskortasunak eta entropiak gure arrazionaltasuna zabalarazten dute, eta ikuspegi berriei ematen diete bide. Hala ere, hareatza mugagabe horiek ezinbestean dira beren baitan gordetzen dituzten istorioen lekuko. Azken hamarkadetan geografia ugaritan egin izan diren geo-diseinuek paisaiaren mugak gainditu dituzte, eta desberdinkeria neurrigabea dakarren etorkizuna taxutu dute planetarako. 1980ko hamarkadaren erdialdean, basamortuak esperimentazio hutserako lurralde bihurtu ziren, erabat alienatutako paisaia baten hondarretan bidea egin zuen mundu mailako ordena berri bat10. Ustiapen estetiko eta material horrek paisaiaren gaineko erabateko kontrola sendotzea ekarri zuen eta bizitza/heriotza (sorkuntza/suntsipena) nozioak errotik eraldatu zituen etenaldi bat gertatu zen denbora linealean. Hala, muga teknologiko bat finkatu zen planeta osoan, eta horrek iraunkortasun-zentzu berri bat ezarri zuen.

Esperimentu pedagogiko batean, Negev basamortuko Pandoraren kutxa ireki zuen Ozayr Saloojee ikerlariak, hango bizi-baldintza latzak hizpide hartuta honako galdera eginez: “Zer da paisaia hautsia? Erabat finkatu gabe dagoen lurraldea da. Iristeke dago egoera horretara: erosotasuna, segurtasuna, egonkortasuna, ziurtasuna eskaintzen dituen orekara. Paisaia hautsia finkatu gabeko lurralde moduan existitzen da, eta, ondorioz, hankaz gora jartzen du hari buruz dakiguna [...]. Jakintzari desafio egiten dion paisaia bat da, ziurtasunari desafio egiten diona, hiriaren eta gure hiri-espazioen kalifikatzaile enpirikoei aurre egiten diena”11. Haustura horren erdian, Fazal Sheikh artistak Basamortua loratzen (Desert Bloom) saila egin zuen: izakiek Negeveko harearen gainetik igarotzean utzitako aztarna iragankorrak jasotzen dituen airetiko argazki-multzoa. Une horiek betikotuz, Sheikhek lurralde horren benetako tamaina eta konplexutasuna erakusten dizkigu. Israelgo estatua Palestinaren gainean ezarri izanaren lekuko den basamortu hori finkatu gabeko muga bat da, bizitzak, laborantzak, kolonialismoak, lekualdatzeak, gerrak, erresistentziak eta klima-aldaketak zedarritutako muga bat. Gizakiak lurralde horren sotiltasunak hautemateko dituen mugak gainditu nahian, Sheikh lurrarekiko bertikalean aritu zen testuingurua bere osotasunean behatu ahal izateko, baita Ben-Gurionen “basamortua loraraztea” esapide ospetsuari nolabaiteko keinua egiteko ere —harekiko kontrakarrean jarrita—12. Politikariaren baieztapen probokatzaile hura are urrutiago eraman zuen artistak, eta galdera ireki bihurtu zuen agerian jarrita basamortu horretan benetan loratu edo azaleratu dena zer den: erabateko militarizazioaren ebidentzia. Hala ere, okupazioaz harago egon badauden bizitzen testigantza ere badira argazkilariaren irudiak; eskualde horretako beduinoen aztarna erakusten digute, herri horrek uraren zikloekin duen harremana, haren existentzia-modu nomadak eta bizi-sistemak.

Egia agerian geratzen denean, antzinako bizi-moldeen zantzuak dituzten eta begirada hegemonikotik at existitzen diren sistema mordoa agertzen dira. Paulo Tavaresek gidatutako kontradiseinu-lanak konplexutasun horri nola heldu ulertzen ez ezik, praktika espazialaren dimentsioak eta inpaktuak barneratzen, haren historia berridazten eta haren eraldaketa gaur egun proiektatzen laguntzen digu. Lurreko monumentuak (Earthly Monuments) proiektuan, lan-taldeak zehatz-mehatz aztertu ditu hainbat lurraldetako ezaugarri naturalak, betiere paisaia dokumentu historiko gisa ulertuta. Arkitekturaren jatorri epistemologikoa aurrietan datza; hondakin horien behaketan oinarrituta, arkitektoek teknologiak, materialak, erabilerak eta haien bilakaera menderatzen dituzte. Hala ere, Tavaresek dio Mendebaldearen aztarnak baino ez ditugula aztertu, eta alde batera utzi ditugula bestelako kultura batzuetatik jasotako zantzu oparo eta sotilagoak. Mundu osoan, mende luzez paisaia “birjinetan” inskribatutzat sailkatu izan dira gizakiak sortutako tipologia latenteak; hala ere, kultura-paisaia horiek Mendebaldeak gutxietsi egin dituen antzinako terraformazio-moduak dira berez. Australiako hego-mendebaldeko gunditjmara eta Brasilgo Amazoniako xavante herrietatik hasi eta Botswana eta Namibia artean bizi den khomani herriraino, populazio indigenek gizateria jaio zenetik landu dituzte lurrarekiko harreman sinbiotikoak. Diseinu-metodoak aztarna horiei erantzunez zabaltzea memoria- eta erreparazio-ekintza bat da, etika hegemonikoa eta lurraldea ulertzeko moduak aldatzea eskatzen duena. Lur-formazio sotil horiek aztarnategi arkeologikotzat hartzeak arkitekturaren kontra-historia bat idazteko aukera ematen digu, habitatzeko modu anitzago baterako bidea irekiko lukeen kontra-historia bat.

Ekoizpen espaziala milaka urtetan eraikitako palinpsesto gisa ulertzen duen diseinuaren kultura bat imajina genezake; materiaz ez ezik, ezagutzaz eta bizitzaz ere osatutako geruza-bilduma gisa ulertzen duena. Arkitekturaren arloko praktika garaikideek zalantzan jartzen dituzte egungo eredu sostenga ezinak, eta bidea irekitzen diete ekoizpen- edo sorkuntza-kultura alternatiboei. Batzuek eraikuntzarako luzamenduaren alde egiten dute, gure politikak eta egiturak berrebaluatzeko behar adina denbora izan ahal izateko13. Beste batzuek zirkulartasunean oinarritutako prozesuak proposatzen dituzte, teknika eta material autoktonoen balioa handituz edo ziklo naturaletara itzuliko diren soluzio materialak baliatuz ezarriak14. Oraintsuago, eraispen-praktikak gutxitzea —baita, inoiz, geldiaraztea ere— helburu duten araudiak txertatzera bideratutako mugimendu bat sortu da Europan15. Ezabapena eta xahuketa saihesteak, lehendik dagoenaren aztarnetan oinarrituta diseinatzeak nahiz lege naturalei men egiteak keinu gizatiar eta ez-gizatiar bidez irarritako ezaugarri materialekin eta ez-materialekin lan egitea ahalbidetzen digu. Oroimen-ekintza gisa, gogorarazi beharra dago herri-arkitektura beti izan dela moldakorra eta kolektiboki egina: tokian tokiko biztanleek mendez mende mantendu dute, eta higatu/konpondu prozesu ziklikoen bidez suspertu izan dute adobea, zura eta harria —besteak beste— erabiltzeko eta lantzeko usadio zaharrari esker.

Sorkuntza- edo eraikuntza-prozesuak hazkunde-prozesuarekin zerikusia duela esan genezake beraz? Ideia hori argitze aldera, Elizabeth Hallamek eta Tim Ingoldek buztina aipatzen dute lotura hori gauzatzeko, bizia eta bizigabea denaren arteko eraldaketa-prozesuen banaketa gainditzeko: “Eltzegilearen eskuek buztina laztantzen duten modu berean laztantzen eta kulunkatzen dute giza eskuek haurtxoa. Tratamendu horrek, zaintza emankor horrek, forma ematen dio ontziari, hazten ari den haurra moldatzen duen bezalaxe”16. Horrela, bitarteko gisa ulertzen dute sorkuntza-ekintza, igarotze-erritu gisa17. Testu honen izenburua David Bestué artistarena da; buztin bustia esapidea erabili ohi du praktikak, ekintzak, esku-hartze artistikoak, eskulturak, diseinuak eta pertsonak deskribatzeko; etengabe aldatzen ari den oro da buztin bustia, bere ingurunera molda daitekeena, eta hurrengo gertaerara egokitzeko gai dena prozesu horretan aldakuntza ukigarriak eratuz. Beti inguruaren eragina jasotzeko prest dagoen objektuaren ideia hori da, hain zuzen, nik arkitekturarako kultura berri bat esaten diodana, kasu honetan buztin bustiak berezko dituen bitarteko eta ontologietatik abiatuta gauzatua.

Bestuéren lana baieztapen hau bezain hedakorra da; haren lanak bere osotasunean eragiten dio espazialtasunari. Nola metaboliza ditzakegu katedral bat, paisaia bat edo Manhattan uharte osoa? Bestuék hainbat estrategia probatuz heldu dio dilema horri18. Gaur egun, artista iraunkortasunik ezaren ideia ari da ikertzen; “objektu artistikoaren” eta haren ekoizpenaren esanahiak hedatu egiten dituen nolakotasuna, alegia. Horixe da, hain zuzen ere, igarotze-erritu gisa uler daitekeen Zuloak (lohia) [Agujeros (limo)] lanaren kasua. Hiriaren erdigunean eta mende hasierako dekonstruktibismoaren erdigunean leku hegemonikoa hartuz, Nerbioi ibaiaren ertzean kokatuta dagoen Guggenheim Bilbao eraikinaren inguruko paisaia sintetizatu du artistak obra horretan. Museoaren monumentuak islatzen duen irudia Bilbo hiriko eta bertako ekotopoko errealitate ezezagunekin kontrajartzen da. Hiriaren herentzia hiper-industrialetik, ibai hondoan dautzan hondakin toxikoak gordetzen dira. Nerbioiko lohia ur-ibilguari atxikitzen zaion eta sedimentu industrial hori amalgamatzen duen masa itxuragabea da. Bestuéren obran, lohia bera sartzen da museoan, egoera puruan sartu ere, drainatze industrialeko lau hodiren itxura hartuta. Eskulturak Guggenheim Bilbao Museoko aretoen erdigunea hartzen du, tokiaren konplexutasun politiko, sozial eta materiala irekitzeko eta, horrela, hari gardentasuna emateko xedez. Obrak prozesu antropogeniko bat azaleratzen du, non objektua bitarteko bihurtzen den eta bitartekoa, berriz, bere balizko eraldaketa.

Diseinuaren diziplinak oraindik ez du lortu iraunkortasunik ezarekin lan egitea —produkzio eta erreprodukzio materialaren mugak bere eginda, alegia—, ezta iragankortasun hori arkitekturaren balioetan —are gutxiago eraikuntzaren merkatuan— txertatzea ere. Dena den, baliabide materialak agortzen ari diren honetan, azken urteotan arlo horrekiko interesa handitu egin da testuinguru akademikoetan, eta atzera bueltarik gabeko eraldaketa baten hasiera izan daiteke hori. Benedetta Pompiliren ikerketa-lana lokatzaren erauzketa-istorioen inguruan artikulatuta dago, aipagai dugun eztabaida honen bidegurutzean kokatuta. Bestuéren lanaren antzekoa bada ere, Pompiliren Materiarekin solasean (Conversing with Matter) proiektu esperimentalaren abiapuntua industriek kutsatutako ibai-ertzetako lokatzaren balioa handitzea da; hala, beste partikula batzuekin nahastuta dago buztin bustia. Materiala bere forma gordinean, bere jatorrian, deskonposizioan eta balizko eraldaketan behatzeak egia deseroso bat onartzera garamatza: gai toxikoak ere material horren parte dira, eta horiekin lan egitea ezinbestekoa da, gure lurrak sendatuko badira. Pompilik toxina molekularren bizitza berriak esploratzeko aukera gisa aprobetxatzen du errealitate hori; toxina horiek kontu handiz tratatu, desintoxikatu, birrindu eta berriro lokatzetan txertatu bide dira, forma berri bat osatzeko.

Talcako Unibertsitateko Arkitektura Eskolak (Txile) pedagogia esperimentalekin lan egin du etika material eta territorial horren inguruan, Taller de Obra estudioan egin ere. 2006ko edizioan, unibertsitate-ikasleek eraikuntza-tailer bat egin zuten Curtiduría izeneko urrutiko herrixka batean. Adin-talde desberdinekin lan eginez, espazio konfigurazio berriak eraiki zituzten lurralde hartan. Ia hamarkada bat geroago, eskolako irakasle José Luis Uribek Lurraldea bizi (Habitar el territorio, 2023) aurkeztu zuen, esperientzia haren artxiboko metrajea bildu eta material horri buruzko begirada berri bat eskaintzen duen filma. Lurraldea esploratzeko modu horrek aktiboki parte hartzen du paisaia haragitzea deritzon horretan: materialak, elementu naturalak, giza harremanak, objektu arkitektonikoak —baita materia filmikoa bera ere— immanentzia-egoerara eramaten dira, gorputzen arteko bereizketak hainbat bitarteko eta eskalaren bidez deseginez. “Dagoenarekin” eraikitzearen bertuteak lurrera, adarretara, zuhaitzetara, hostoetara, eskuetara, uretara, itzaletara eta eguzkiaren argira zuzentzen du fokua, eta, horrela, egoteko modu bat sortzen da, non bide posible bakarra performatibitate hutsa besarkatzea den. Biraketa kultural, tekniko eta politiko bat da, non baldintza materialek aukera ematen duten eraikitako ingurunea gurekin bizi eta haz dadin, sorkuntza-prozesuarekin harreman aktiboa ezarrita.

Adibide horiek materia gordinaren eta haren emaitza den artefaktuaren arteko mugan kokatzen dute sorkuntza, ez operazio estetiko edo tekniko soil gisa, baizik eta debozio-ekintza gisa bere jatorriarekiko, bere ondare kultural eta materialekiko, ahalbidetzen duten teknologiekiko eta bere bizitza ez-gizatiarrean haragituko duen etorkizunarekiko. Hala ere, Mendebaldeak arkitekturarekin duen harremanak sakonki errotuta jarraitzen du iraunkortasunaren ideian: sortua izan ondoren, arkitektura ez hondatzea, gorabeherarik ez izatea edo ez erortzea ere espero da, eta hori da, hain zuzen, hondakin materialak kudeatzeko ezintasunaren arrazoi nagusietako bat. Beraz, garapenak ez du kontuan hartzen lehendik zeuden elementuak orainaldian ezarritako bizitza-modu bat bezala lehengoratzeko aukera. Ukapen horren ondorioz, arkitektura-asentamenduen ondareak hondakin-lorratz bat uzten du atzean, gainezka egindako zabortegiak, baita aztarna ekologiko esanguratsua ere: gainazaleko kraterrak eta putzu geologikoen hondamena, lurrazal gainean eta azpian pilpiraka ari den bizitzarekin batera19.

Estoniako ipar-ekialdean badira aurrerapenak atzean utzitako hondakin tonez osatutako formazio ekologiko artifizial batzuk. Duela mende bat baino gehiagotik aire zabalean pilatzen diren apurkin-mendi handiak dira, eskisto bituminoso meatzaritzaren, zentral elektrikoetako errekuntzaren eta instalazio kimikoetako prozesamendu termikoaren hondarren oinordeko. Errautsezko Mendiak izenez ezagutzen dira, eta bertako industria-ondarearen monumentutzat hartzen dira gaur egun. Terraformazio horiek hainbat espezie autoktonoren habitat ere bihurtu dira, eta, hortaz, birlandaketarako izan dezaketen erabilgarritasuna aztertzen hasiak dira zientzialariak —industriaren azpiproduktu horiek lehengoratze ekologikorako baliabide gisa erabiltzeko moduak esploratzen—. Berezkoa duten izaerari esker, lurraren konfigurazioek denborazkotasun alternatiboak haragitzen dituzte, non baliabideen zikloak plangintza antropogenikoaren irismenetik harago —askoz harago— garatzen baitira. Material baten bizitza continuum gisa ulertzean, materiaren aliantza horrek mesoeskala dei genezakeen zerbaitetara garamatza: paisaiaren sakontasuna nahitaez inplikatzen duen lurralde-dimentsio batera20. Arkitekturak material, sinergia, bizimodu eta sistema kopuru handiak sintetizatzen ditu, eta, azken batean, neurgarria, kuantifikagarria eta ustiagarria den zerbait bihurtzen du ingurunea21. Etika arkitektoniko mesoeskalarra ezartzea baliagarria izan liteke maila material horiek berekin dakartzaten prozesu metabolikoak kontzienteki harmonizatzeko; horrek aukera emango luke sistema naturalen berezko entropia jorratzeko eta, era horretara, sorkuntzaren kultura berri bat finkatzeko.

Diseinuaren diziplina baldintza materialen eta abstrakzio-prozesuen artean mugatuta egon da, praktika bera eta praktikaren eraginpeko ingurune errealak bereizita. Giza terra formazioak —ge ingeniaritzak, bioteknologiak nahiz informazioaren teknologiak— ekosistema berriak sortzera garamatza, bai eta, aldi berean, seigarren desagerpen masiborantz ere. Aurrerapen teknologiko horien esplorazio aktiboa baztertu gabe, arestian deskribatutako lanek —eta haien ildo beretik egindako beste batzuek— aitortu egiten dute aurrerapen horiek bizitzan, gorputzetan eta haien mugetan duten eragin sakona, eta gure aroko dilema etikorik premiazkoenei heltzen diete; ikuspegi integratzailea eskaintzen dute, pentsamenduaren dimentsio desberdinak ondoz ondo jartzera mugatu beharrean. Pista horiei jarraituz, agian homeostasi forma berri baterantz birbideratu ahal izango ditugu munduko eta lurreko sistemen baldintzak. Gure ingurua aztertu eta gure mendien patua trazatuz gero, onartu beharko genuke premiazkoa zaigula konkista-egarri aseezin horri aurre egitea —mundu hau eta beste batzuk konkistatzeko egarri horri—, sorkuntza/hazkundea binomioan de facto lor daitezkeen ñabardurak, erritmoak eta sotiltasunak besarkatu ahal izateko.

[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]

Oharrak

 

  1. Mendiari eta haren ontologiei babesa erregutuz, gizakiak sortutako adimen batekin izandako lankidetzaren nolakotasuna aztertu du Jumana Abboudek, eta gizakiaz haragoko proiektu horren arriskuei buruz hausnartu du. Izan ere, Abboudek AA batekin batera idatzi zuen bere “Where did the mountain go?”, Wild Papers, 7. zk., 2023. https://wildpapers.ch/wpcontent/uploads/2023/11/WildPapers_7_Jumana-Abboud. pdf
  2. 1987an, L5 Societyk bat egin zuen National Space Institute delakoarekin, eta gaur egun National Space Society (NSS) izenez ezagutzen duguna sortu zen horrela. Egindako tratatuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus hemen: https://nss.org/settlement/nasa/75SummerStudy/Table_of_Contents1. html
  3. Gerard K. O’Neillen sarrera-oharrak, Human Colonies in Space: The High Frontier, Space Studies Institute, 1989, 2013.
  4. NASAren Ames Ikerketa Zentroak agindutako irudien artxiboa, https://nss.org/settlement/nasa/70sArtHi-Res/70sArt/art.html
  5. SpaceX eta Blue Origin enpresek Martera egin nahi dituzten bidaia turistikoez ari naiz bereziki, edo NEOM ekimenak bultzatuta Lurrean asentamendu espazialak eskala errealean sortzeko prototipoaz. Propaganda-diskurtso jakin bati lotuta egon arren, proiektuok benetako bizi-baldintzetatik deskonektatuta egoteak kezka larria eragiten du gaur egun. Hala eta guztiz ere, martxan jarraitzen dute Lurreko hainbat tokitan, bai eta, potentzialki, Lurretik harago ere. Haien eraginari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus: https://www.bbc.com/news/world-middle-east-68945445.
  6. Anna Lowenhaupt Tsing, “Natural Resources and Capitalist Frontiers”, Economic and Political Weekly, 38, 48. zk., 2003, 5100–06. or., http://www.jstor.org/stable/4414348.
  7. Sylvia Wynter eta Katherine McKittrick (ed.), “Or, to Give Humanness a Different Future: Conversations”, hemen: Sylvia Wynter, On Being Human as Praxis, Duke University Press, Durham, 2015, 9–90. or.
  8. Hainbat enpresa-jardueraren ekimenez, espazioa ustiatzeko industria berri bat sortzen ari dira, NewSpace izenez ezaguna. Besteak beste, Planetary Resources Inc., SpaceX eta Deep Space Industries etxeak ari dira nabarmentzen zeregin horretan. Enpresa horien ahaleginak NewSpace modeloen garapenean zentratzen dira, alor hauetan bereziki: ekonomia espaziala, meatzaritza, baliabideen erabilera, fabrikazio espaziala eta turismoa. Eredu ekonomiko berri horren eraginei eta ekintzei buruz, ikus Rory Rowan, “The Geopolitical Economy of Space Resources”, Off-Earth, e-flux Architecture, 2025eko martxoa.
  9. Marina Otero Verzier, “Cartesian Enclosures: From Grid to Cloud”, Archined, abenduak 9, 2021, https://www.archined.nl/2021/12/cartesian-enclosuresfrom-grid-to-cloud/
  10. Adibide gisa, ikus Samia Henni, Colonial Toxicity: Rehearsing French Radioactive Architecture and Landscape in the Sahara, IF I CAN’T DANCE, 2024.
  11. Ozayr Salojee, The Fraught Landscape [Extreme Landscapes Studio], Azrieli School of Architecture and Urbanism, Carleton University, 2018.
  12. “1930eko hamarkadaren amaieran, David Ben- Gurionek ‘basamortua lorarazteko’ agindu zienean sionistei, basamortu-hegia kolonizatzeko nekazaritza-asentamendu lerro bat ezartzeaz ari zen”. Eyal Weizman (testua) eta Fazal Sheikh (argazkiak), The Conflict Shoreline: Colonization as Climate Change in the Negev Desert, Steidl, Cabinet Books, Brooklyn, 2015, 23. or.
  13. Charlotte Malterre-Barthes, A Construction Moratorium, hemen: On Architecture and Greenwashing. The Political Economy of Space, 1. libk., Hatje Cantz, Berlin, 2024, 7–18. or.
  14. Architecture is Climate. Jasangarritasunera bideratutako arkitektura-metodo eraldatzaileen online artxiboa, MOULD ikerketa-kolektiboak garatua. https://architectureisclimate.net/
  15. House Europe. https://www.houseeurope.eu/
  16. Elizabeth Hallam eta Tim Ingold, Making and Growing. Anthropological Studies of Organisms and Artefacts, Ashgate, Farnham, 2014, 1–24. or.
  17. “Igarotze-errituetan gertatzen den bezala, egiteko ekintzan hiru fase daude: bereizte-fasea, non materiala aurreko bizitzatik erauzten den; trantsizio-fasea, non tailerrean sartuta egiten den lan; eta berriro inguruneetara eta ondoko ibilbidera itzultzeko fasea”. Ibid., 16. 2. or.
  18. Bere Hiria kanpoan eta hiria barruan (Ciudad fuera y ciudad dentro, 2013) lanetik hasi, non artistak Manhattango zati solidoak irentsi eta metabolizatu baitzituen, eta zero graduaren kontzeptupean jarritako objektuen bizitzari eta gainbeherari buruzko ikerketa material eta teorikora bitarte, Bestuék zalantzan jarri du beti linealtasunaren ideia produkzio estetikoaren baitan, are objektu arkitektonikoen baitan ere.
  19. Maria Mies eta Veronika Bennholdt-Thomsen, “Defending, Reclaiming, and Reinventing the Commons”, hemen: Canadian Journal of Development Studies/Revue canadienne d’études du développement, 2001, 22:4, 997–1023. or.
  20. Isabelle Stengers, Brian Massumi eta Erin Manning, “History through the Middle: Between Macro and Mesopolitics—an Interview with Isabelle Stengers”, INFLeXions 3—Micropolitics: Exploring Ethico– Aesthetics, 2008. Eskerrak eman nahi dizkiot Patricia Reedi mesoeskalaren esplorazioan izan duen konplizitateagatik.
  21. Material Cultures erakundeak garatutako Material Reform lanak diziplina espazial mesoeskalarraren barruan jokoan dauden gai materialak argiro jorratzen dituen gida gisa funtzionatzen du. Bertan, “jasangarriak” ez, baizik eta birsortzaileak diren materialei buruzko ikuspegiak proposatzen dira, eta buztin gordina da gehien nabarmentzen denetako bat. Material Cultures, Material Reform: Building for a Post-Carbon Future, Mack, Londres, 2024.