Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

katalogoa

ARTISTAREN ADIERAZPEN ETA PROPOSAMEN HAUTATUAK (1990-2009)

Mel Chin

Izenburua:
ARTISTAREN ADIERAZPEN ETA PROPOSAMEN HAUTATUAK (1990-2009)
Egilea:
Mel Chin
Argitalpena:
Bartzelona / Bilbo: Polígrafa eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
23 x 31,5
Orrialdeak:
246
ISBN:
978-84-343-1504-4
Lege gordailua:
B 58244-2025
Erakusketa:
Lurraren arteak
Gaiak:
Arkitektura | Artea eta gizarte iraultza | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Nekazaritza ekologikoa | Hiri-ekologia | Ingurunea | Jasangarritasuna | Kutsadura | AEB | Komunitatea
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Chin, Mel

BIZIBERRITZE-EREMUA (REVIVAL FIELD), 19901

Biziberritze-eremua (Revival Field) proiektu esperimental bat izango da, industria-kutsadurak erasandako lurrak landareen bidez garbitzeko xedez sortua. Landare horiek “hipermetatzaile” deituak dira, metala edo minerala kopuru handitan selektiboki xurgatzeko eta atxikitzeko gaitasuna garatu dutelako. Mota horretako landareak prospekzio-metodo gisa erabili izan dira historikoki, eta, Rufus Chaney (USDA, Beltsville, Maryland) doktorearen eta R.R. Brooks (Massey College, Zeelanda Berria) ikerlariaren lanari esker frogatu denez, haiek “toxikoen belaki” gisa erabiltzea ere bideragarria da. Metal astunak kutsatutako lurzorutik lixibiatzeko metodo hori, toxinak landarearen egitura baskularrean modu seguruan atxikitzean eta —errausketa egoki baten ondoren— errautsetatik metalak erauztean datzana, onuragarria eta errentagarria izan daiteke.

Biziberritze-eremua aplikazio erreal gisa aurkeztuko da hartarako aukeratuko gune batean, eta artistaren, arlo akademikoaren eta ingurumenaz kezkaturik dagoen komunitatearen arteko lankidetza eskatzen du. Proiektua etengabe martxan egongo da, harik eta probek egiaztatzen duten arte nabarmen hobetu dela guneko lurraren kalitatea. Proiektuaren konfigurazio formalari dagokionez, bi eremu bereiziko dira, hesi metaliko batez inguratuta: bata karratua eta bestea (karratuaren barruan sartua) biribila. Eremu zirkularra, belar desintoxikatzailez landatua, proba-eremu gisa erabiliko da; eremu karratua, berriz, landatu gabea eta azalera berekoa, kontrol gisa. Bertara iristeko, erdian gurutzatzen diren lau bidetxo daude; goitik begiratuta, mira batena bezalako gurutze bat eratzen dute. Kasu honetan, landareek, prozesu natural batek gidaturik, lurrean dagoen presentzia gaiztoa seinalatuko dute, halakorik badago.

Biziberritze-eremuko pikotxak, lur-zatiak identifikatzeko ez ezik, hipermetatzaileen balizko helburuen eramaile kontzeptualak izateko diseinatuta daude. Pig’s Eye (St. Paul, Minnesota) hondakindegian metal astunen kontzentrazioen aurretiazko laginketa eragotz lezaketen elementu gehigarriak sartzea minimizatzeko, sekuoia-zurez, aluminioz eta altzairu herdoilgaitzez egin ziren lur-zatiak markatzeko pikotx horiek, eta aztergai ziren metalak beirazko flaskoetan sartu. Flasko horiek (zinka, kobrea eta beruna dute barruan) antagonista erreal eta sinboliko gisa jokatzen dute —landare hipermetatzaileen gainean esekita haien hazkundean eragiteko—, baina baita 96 lur-zatien zenbakizko erreferentzia zehatz gisa ere. Flaskoen barruan dauden metalezko barrak eta bolatxoak zenbaki-sistema hogeitar baten arabera izendatu dira: zinka = 20, kobrea = 5 eta beruna = 1. Lur-zati bakoitza Chaney doktorearen jarraibideak betez prestatutako medeagarri organikoekin landatu eta tratatu zen gero.

Kontzeptualki, murrizketa-prozesu bat (zura edo harria lantzeko metodo tradizionala dena) berekin dakarren eskultura gisa planteatzen da lan hau. Kasu honetan, landu beharreko materiala ikusezina da, eta biokimika eta nekazaritza izango dira lanabesak. Lanak ondorio bisual eta formal txikiak izango ditu guztiz amaitzean —hau da, hesiak kendu eta belar toxikoak erauzi ondoren—. Denbora batez, estetika ikusezin bat geratuko da han, nahita sortua, biziberritutako lurzoruaren kalitatearen arabera zientifikoki neurtu ahal izango dena. Azkenik, lurrak emankortasuna berreskuratzean, berriro azaleratuko da estetika hori.

S.P.A.W.N., S.P.O.R.E., S.W.I.N.G., 2001

Estatu Batuetako Detroit hiriaren historian, hainbat ekoizpen-ziklo handi, atzeraldi ekonomiko eta populazioen lekualdatze handi izan dira. Autoek eta musikak, batetik, eta deskribapen konplexu eta egiazko batean ez baizik eta karikaturan eta irudikapen negatiboetan oinarritua dirudien esposizio mediatikoak, bestetik, moldatu dute, neurri handi batean, hiriaz daukagun irudia.

1999an, Detroiteko East Side aldean antolatutako tailer batean parte hartu nuen, I.C.U.E. (Hiri Ekologiaren Nazioarteko Zentroa) erakundeak gonbidatuta. Inguru horrek, azkenaldian “Deabruaren Gaueko” suteak direla eta estigmatizatua, kontrako zentzuko inspirazio “berdea” sustatu zuen bi proiektu berri garatzeko: S.P.O.R.E. (Ingurumenaren Inguruan Antolatuko Ekoizpen Jasangarria) eta S.P.A.W.N. (Proiektu Berezia: Nekazaritza, Zizareak, Auzotarrak). Bi proiektu horiek nik jada martxan ezagutu nuen hiri-mailako nekazaritza-iraultza batean oinarritu ziren. Dena dela, iraultza hori, ekoizpen-industriaren laguntzarik gabe, komunitateak bizi zuen errealitate gogorrak ahulduta zegoen, eta iraganeko suminak eta desberdinkeriak markatuta oraindik.

Proiektu haien asmoa zen kiskalitako eta abandonatutako etxeen arazoa —blokez bloke zabaldutako suntsipen-historia baten ebidentzia— konpontzeko bidean jartzea. Praktika artistiko eta arkitektonikoen bidez etxeak berritxuratzeko eta berrerabiltzeko aukerak sortzea helburu hartuta, auzoari proiektu erakargarri eta sortzaileak (auzotarrek berek sustatzeko eta beretzeko modukoak) eskaintzeko modu bat ikusi nuen.

PBS (Public Broadcasting Service) kate publikoak S.P.A.W.N. proiektuaren hastapenak erregistratu zituen, eta Art of the 21st Century saioan emititu, 2001eko udazkenean.

S.W.I.N.G. (Auzotarrak Inplikatzen dituzten Obra Jasangarriak) ekimena, berriz, aurreko proiektu horien haritik sortu zen. Enfasia proiektu indibidualetatik hiri osoko hainbat lekutara aldatuko da orain. Ikuspegi horrek sormen-erronka bati heltzera bultzatu nahi ditu egoiliarrak, artistak eta arkitektoak. Bertan behera utzitako jabetzak eta etxeak bilatuko ditu S.W.I.N.G. ekimenak, baina ez haiek birgaitzeko edo moldatzeko, baizik eta tokiari bestelako bilakaera bat emateko, irudimen artistikoa eta arkitektonikoa nahiz aukera ekonomiko berritzaileak aplikatuz.

Ezinbestekoa da premisa jasangarri bat izatea. Proiektu berriak urrundu egin behar dira ohiko aldi baterako instalazio artistikoetatik eta etxebizitzen birgaitzeetatik. Horren ordez, ekarpen iraunkorra egin behar diete auzoaren beharrei edo ametsei. Komunitatearentzat baliagarria den beste zerbaitetarantz eboluzionatu arte erabiliko da birmoldatutako etxea edo orubea. S.W.I.N.G. proiektu malgu bat da, egoiliarrentzat baliagarri diren hainbat sorkuntza-ekimen sustatzeko asmatua. Eremu degradatuetan “kultura gehitzen” soilik zentratu ordez, artista eta arkitektoentzat —bai profesionalentzat bai ikasleentzat— erronka da suntsitutako etxearen ikono aztoragarria ikono berritu bilakatzeko proiektuak asmatzea, komunitateetako jendearekin batera.

Imajinatu zurezko egitura txiki bat East Side aldean, “balloon framing” terminoari esanahi berria emango diona (hormak eta teilatua lehertu eta airean gora hedatuta, egiturazko atalak altzairuzko markoen bidez, zubien bidez eta Thermopane® bidez lotuta oraindik) eta zentro komunitario berri bat bihurtzeko bezain handia.

Imajinatu etxe zahar bat West Side aldean, teilatua besterik geratzen ez zaiona, ezin ulertuzko eran lurrean asentatua. Barruan gorderik, berreskuratutako zurezko barnealdeak daude, birrinduak, zakuratuak eta sotoan zintzilikatuak, onddo mokofinen janari (eta geroago, jatetxe dotoreetan bazkari), azken belaunaldiko lurpeko egitura batean.

Itzul zaitez East Sidera, bere zimenduen puntu baten gainean biratzen den etxe batera. Eguzkiaren argia lurpeko gelen barruraino sartzen da, zizare haztegi bat agerian utziz. Lorategiko belar-ebakinak konpostatzen eta egunkariak birziklatzen dituzten zizareak arrantzaleei saltzen zaizkie gero; eta zizare humusa, berriz, tokiko arrosa-hazleei, Gross Pointen. Sailkatze-prozesurako (zizareak lurretik bereizteko) behar den argiak ulergarri eta pragmatiko bihurtzen du ekintza surrealista hori. Era berean, bere asoziazio negatibotik erreskatatzen du etxe abandonatua, erabileraren eta ekimenaren bidez.

S.W.I.N.G. ekimenak auzoen arteko interakzioa sustatuko du: komunitate bakoitzak bere proiektua erakutsi ahal izango du, eta bere komunitatearen koeboluzioaren nondik norakoa planifikatu, artista eta diseinatzaileekin batera.

S.W.I.N.G. proiektu-multzo bat da jolastoki gisa planteatutako hiri batean... dibertsioa mentala izan daiteke, baina haren ordainak benetakoa behar du izan. Ideiek bultzada leuna ematen digute lasaitasunez zeharkatzeko zatiketen eta beldurren aire geldia, etekin ekonomikoen norabidean mugitzeko, eta konpromiso sortzaile berri bakoitzean berriro eragiteko.

JASANGARRITASUNAREN DISTIRA, 20092

Udazkeneko gaurik argitsuenean, New Orleanseko zortzigarren barrutian, Katrinak eta Gustavek ekarritako euriteak gertatu eta denbora luzera, zaparrada-hotsa berriz, 9. kalibreko Glock baten balek eragindakoa oraingoan: papapa-pa —pa-pa— papapa. Kale-festa jendetsu bateko riff staccato hori DJ Baby Boyren “hammer hammer hammer” remixarekin nahasten da. Ekualizatu gabeko erritmo kontrajarriok atze-oihala dira adrenalina-deskarga atletiko batentzat, arineketa frenetiko bat asfaltozko pista birrindu horretan, Musika eta Arteak izeneko kaleen arteko errepide batean.

Poliziak ezarritako konfinamendua eta ama baten intziri gorri gordinak ez dira aski eszenaren bazter baten gainean erortzear den azken zigorraren isiltasun asaldagarria uxatzeko.

Munduko beste txokoren batean, “jasangarritasunari” buruzko informazio guztia deskarga dezakezu. Venn diagrama bat da, harribitxi baten itxurakoa: elkarri lotutako hiru esfera zeharrargi ditu, kolore primarioekin etiketatuak (gizar tea , ingurume na eta ekonomia ), kolore osagarriekin irudikatutako intersekzioak sortzen dituztenak (Pairagarria, Ekitatiboa eta Bideragarria) eta nukleo gris bat: Jasangarria.

Hori esanda, gatozen berriro New Orleanseko txoko honetara.

Balek gauean suntsitu zutena probokazioak ordezkatzen du, eta algarek zinta horia urratzen dute. Buru argiko amonek, haur berria belaunaldiz belaunaldi gidatuko dutenek, jarrera ausarta hartzen dute egunean zehar. Eta, hegoaldeko ahotsen laguntzari esker, maitasun Pairagarri bat bederen badago eskuragarri eta entzungarri.

Uholdeek hondatuta, pobreziak jota, drogen mende, eta artean konpondu gabe dagoen auzo honetan, beste mineral gris hori deskubritzen da. Lurzoruan eskala nanometrikoan agertzen den beruna, industrialki fabrikatutako mikrobalak, balore-burtsan merkaturatuta aberastasun handiak ekarri zizkietenak gutxi batzuei, erabileraren eta denboraren poderioz birrindu eta hauts bihurtzen ari dira orain, etxeetako pintura zaharretik askatuta edo autoen ihes-hoditik tetraetil berun gisa kanporatuta. Haurtxo baten birikek edo haur baten eskuek xurgatuta, odolak garraiatzen du, hezurretan eta garunean atzituta geratu arte. Han, hezkuntzaren promesa zapuztuko du, eta osasun kaskarreko bizitza batekin trabatuko du gorputza.

Ingurumen-injustiziaren tamaina urakanek eragindako ausiabartzaren matematikarekin kalkulatzen den tokietan, handik ihes egiteko aukerarik ez dutenentzat, tragedia gero eta sakonago sustraitzen da bertako aire heze astunean, non kultura eder batek irmo eusten baitio, desafiatzaile.

Hor, “Jasangarritasuna” apaingarri hutsal eta akastun bat da, luxu inperfektu bat haren distira eskuratzeko modurik ez dutenentzat, edo ilusio esklusibo bat, aukera hori planteatu ere ezin dutenentzat.

[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]

Oharrak

 

  1. Jatorriz 1990ean argitaratutako adierazpenaren bertsio berrikusia da hau. Berreskuratze-eremua (Revival Field) obra kontzeptual gisa planteatu zen hasieran, toki bateko ekologia lantzeko asmoz. 1993an, lankidetza-lan arrakastatsu horren lehen fasea amaitu zen. Hasierako esperimentua Pig’s Eye hondakindegian egin zen, kutsatutako lurrak deskontaminatzeko Superfund programan sartuta zegoen gune batean, Minnesotako hiriburu Saint Paulen: erreplikatutako landa-esperimentu batean, landare hipermetatzaileak erabili ziren kutsatutako lurzorutik metal astunak erauzteko. Gune horretako biomasa-laginen analisi zientifikoak berretsi zuenez, “Deskontaminazio Berdea” egungo deskontaminazio metodo garesti eta desegokien ordezko eraginkorra izan daiteke. Lurrak metalak xurgatzeko baldintza txarrak zituen arren, Thlaspi landarearen barietate batek, dagoen hipermetatzaile handienak, kadmio kontzentrazio esanguratsua metatu zuen bere hosto eta zurtoinetan.
  2. Jatorriz, Public Art Review aldizkarian argitaratua, 2009ko udaberri/udan.