Edukira zuzenean joan

Oteiza: Mitoa eta modernotasuna

katalogoa

Oskar Kokoschka, Europa bateratuaren aitzindari

Régine Bonnefoit

Izenburua:
Oskar Kokoschka, Europa bateratuaren aitzindari
Egilea:
Régine Bonnefoit
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oteiza: Mitoa eta modernotasuna
Gaiak:
Gizakia | Arte klasikoa | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta kultura | Artea eta mitologia | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Humanismoa | Bigarren Mundu Gerra | Europa | Alemania
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Teknikak:
Olio-pintura
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

Adolf Hitlerren garaipenaren, Municheko akordioen eta Bigarren Mundu Gerrako triskantzen ondoren, eta are gehiago Gerra Hotzeko superpotentziek hasitako arma- lasterketaren ondoren, Oskar Kokoschkak garbi ikusi zuen Europa batu eta indartsu baten beharra zegoela. Pragan, Londresen eta geroago Alemanian, harremanak izan zituen europar erkidego berri baten beharra aldarrikatzen zuten politikariekin, hala nola Tomáš Garrigue Masaryk-ekin, Theodor Heuss-ekin eta Konrad Adenauer-ekin. Urteak lehenago, Jan Amos Komenský (Comenius, 1592–1670) moraviar hezitzailea pertsona garrantzitsua izan zen ahalegin horretan, Europako nazio guztien arteko batasun baketsu baten aldeko ideiarengatik, eta “Europa modernoaren sortzaile intelektualetako bat” izan zela uste da gaur egun ere1.

Kokoschkak Europaren sorrera historikoarekiko zuen interesa argi ikusten da hil ondoren utzi zuen liburu-sortan, non Christopher Dawson-en The Making of Europe (Europaren eraikuntza, 1932) ezaguna eta Richard von Coudenhove-Kalergi austriar politikari eta pentsalariaren hainbat lan baitaude, beste liburu askoren artean2. Coudenhove-Kalergik, adibidez, Vienako Mugimendu Paneuroparra sortu zuen, 1922an, Austriaren anexioa gertatu arte egoitza Vienako Hofburg jauregian izan zuena3. Hasieran, austriar politikari horrek “Europako estatu guztien batasun politiko eta ekonomiko” gisa ulertzen zuen “Pan-Europa” terminoa4. Coudenhove-Kalergik Tomáš Masaryk nahiko zukeen bere ametsetako Europako Estatu Batuen buru gisa, 1922an kontinentearen etorkizunerako funtsezko testu bat —Das neue Europa. Der slavische Standpunkt (Europa berria, eslaviar ikuspegia)5— argitaratu zuen Masaryk hori bera. Era berean, Prager Tagblatt egunkariak 1935ean argitaratutako elkarrizketa batean, Kokoschkak biziki goraipatu zuen Masaryk, “europar on” baten eredu gisa aurkeztuta6.

Kokoschkaren beraren obra batzuetako gaiak ere Europaren batasunaren aldeko ideia zabaltzeko ahaleginaren lekuko dira: Termopilak (Thermopylae) triptiko ikusgarriak, adibidez, margolariaren “bizitza, esperientzia eta europar zaletasuna” laburbiltzen du, haren emazte Oldaren hitzetan7.

Kokoschka: Europari buruzko txekiar ikuspegia

Guztien arteko lehen paneuroparra Comenius izan zela azaldu zuen behin Masarykek, Karel Čapekekin izandako elkarrizketa batean8. Ohartarazpen hau egin zuen, moraviar hezitzailearen heriotzaren 250. urteurrenean egindako hitzaldi batean: “Bai, iritsi da unea Europako nazio guztiek giza arrazaren batasun unibertsalaren beharraz kontzientzia hartzeko. Izan ere, Comeniusek esan zuen bezala: ‘Denok gara mundu bereko herritarrak; are gehiago, odol berekoak’”9. Edvard Beneš-ek ere —Masaryken ondorengo lehendakari Txekoslovakian— europar eredugarri gisa aurkeztu zuen Comenius10. Bere De rerum humanarum emendatione consultatio catholica lanean, moraviar hezitzaile eta bakegile horrek bakearen mundu- mailako gailur bat antolatzea (Consistorium oecumenicum) eta bake-auzitegi bat sortzea (Dicasterium pacis) proposatu zuen, herrien arteko gatazkak eta tirabirak konpontzeko. Baina hiru mende geroagora arte ez zitzaien berriro heldu ideia horiei, Nazioen Ligaren eta Nazio Batuen bidez heldu ere11.

Kokoschkak “Komenskyren (Comenius) ondorengo duina” bezala ikusten zuen Masaryk. 1935ean egin zuen haren erretratua, Lányko gazteluan12. Erretratu horretan lanean ari zela, margolariak Comeniusen hezkuntza-lanari buruz hitz egin zuen estatuburu zaharrarekin; are gehiago, erretratuan bertan irudikatu zuen Comenius bera ere, eta ez kasualitatez, Masaryken eskuinaldean. Margolariak Albert Ehrenstein lagun poetari gutun batean azaldu zionez, presidentearen eta haren bide-aurreko Comeniusen erretratuak “Nazioen Ligaren jauregiko horma” bat merezi zuen, gutxien- gutxienez13. 1935ean, “Zer ondorio aterako ditu Nazioen Ligak Abisiniako abenturatik?” gaiari buruzko saiakerarako idatzitako lehen bertsioan, honela azaldu zuen Kokoschkak zer espero zuen Genevako erakundetik: “Nazioen Ligak bere ondoan izango ditu itxaropena berarengan jartzen duten borondate oneko pertsonak, baldin eta beraren mende uzten bada, erabat, gizateriaren hezkuntza publikoa; Europako tradizioari, gizateriari eta bere buruaren zaintzari erantzungo dion hezkuntza publiko bat”14.

Kokoschkak, Londresko egonaldian, Europaren etorkizunari buruz egindako gogoetak

1942an, Comenius Ingalaterrara iritsi zeneko hirugarren mendeurrena ospatzeko argitaratutako oroitzapenezko liburu batean, honela idatzi zuen Kokoschkak: “Zibilizazio industrial modernoak nazio, herri eta azal-kolore guztietako pertsona guztiek elkarrekin bizitzen eta lan egiten ikastea eskatzen du; bestela, desagertu egingo dira. Herrialdeen arteko mugak anomalia bihurtu dira, gosaltzeko eta afaltzeko orduen artean hegazkin batek Atlantikoa alderik alde zeharka dezakeen garaiotan”15. Coudenhove-Kalergik Pan-Europa liburuan egindako gogoetei heldu zien berriro Kokoschkak hemen: garraioan egin diren aurrerapen teknologikoei esker, “herrien arteko hurbilketa tenporal eta espazialari hurbilketa politikoak” jarraitu behar dio nahitaez16; izan ere, “Europa hogeita zortzi aduana-sektoretan banatuta egotea zentzugabekeria hutsa da, kontuan harturik, gaur egun, hegazkinez joanda, aise zeharkatu daitekeela muga eta aduana-eremu horietako dozena bat egun bakar batean”17.

Ingalaterran, Comeniusi buruzko antzezlan baten —Pragan idazten hasia— ingelesezko bertsio bat lantzen jardun zuen Kokoschkak. Testuan, honela dio Comeniusen ikasle De Geertek, Hogeita hamar Urteko Gerraren zoritxarren erdian ikuspegi itxaropentsu bat zabaldu nahiz: “A federal Europe will come into being!”18. Kokoschkak agerian utzi zuen horrela, Londresko bonbardaketaren erdi-erdian, Europako nazioen arteko baterako existentzia baketsuan jarria zuen itxaropena.

Britainia Handia Europako Erkidegoari atxikitzeko kanpaina sutsuak egiten zituzten britainiarrekin ibiltzen zen sarritan artista. Horietako bat Edward Bedd-Behrens izan zen, haren mezenas leialena, 1920ko hamarkadaren hasieratik Nazioen Ligan Britainia Handiaren ordezkari izan zena eta 1954an Europar Mugimenduaren Kontseilu Britainiarreko lehendakari izendatu zutena19. Haren laguntza ekonomikoari esker, Londresko biztanleak Europan gose ziren haurren egoeraz kontzientziatzeko kanpaina bat egin ahal izan zuen Kokoschkak, kartelen bidez, 1945eko gabonetan20. Litografian, Kristo gurutziltzatu bat agertzen da, eskuineko eskua oholetik askatuta, bere aurrean laguntza bila bildutako haur pobreei hitz egiten. Testuak honela dio: “INRI / EN MEMORIA de los NIÑOS de VIENA que MORIRÁN de HAMBRE y FRÍO este año 1946 (INRI / 1946 honetan gosez eta hotzez hilko diren Vienako haurren omenez)”. Kartela hormetan, autobusetan eta metro-geltokietan egon zen ikusgai, eta bertan ez zen laguntza humanitariorako kanpainarik aipatzen, ezta dirua biltzeko banku-konturik agertzen ere21. Artistaren kezka bakarra, Gabonetako ospakizunen erdian, britainiarren arreta bereganatzea zen, Kanalaren beste aldeko lurretan gosea pasatzen ari zen jendea zegoela ikusarazteko22.

Ez zen izan Kokoschka Londresen haur gosetuen aldeko aktibismoa egin zuen bakarra. Victor Gollancz ere “ingeles herriari hondamendiaren dimentsioen berri” ematen saiatu zen “Save Europe Now” kanpainaren bidez23. Britainiar editore sozialdemokrata eta aktibista humanitario horrek Kokoschkaren babes osoa zuen, margolariak berak bilera batean jakinarazi zionez24. 1947an “Europako Estatu Batuen ideia” defendatzeko antolatutako manifestazio batean, Gollanczek Alemaniako eta Frantziako kulturen balio komunak gogoratu zituen: “Frantzia kristaua eta Alemania kristaua daude, Voltaireren Frantzia eta Aufklärungeko Alemania […] Eta hori guztia gogora ekarrita, frantziarrek eta alemaniarrek, azkenean, eskua emango diote elkarri, mundua salbatzeko eta adiskidetzeko ekitaldi handi batean […]”. Gollanczen iritziz, “Europa bateratua” litzateke munduko bakearen berme nagusia25.

Europako kultura-balio komunetara itzultzea

Prometeo (Prometheus, 1950) triptikoaren erdiko panelean, Kokoschkak pertsonaia mitologikoak eta biblikoak margotu zituen: Gaia Lurraren jainkosatik hasi eta ezker- goiko izkinako gurutze dirdiratsuraino, Noe bera ere ahaztu gabe. Artistak gizateriaren historia europar bat irudikatzen du obra horretan, bere sustraiak Antzinate klasikoan eta kristautasunean dituena. Hala ere, eskuinaldean galopa bizian inguratzen zaizkigu Apokalipsiaren lau zaldizkoak, gerraren eta heriotzaren ikurrak26. 1963an, Josef P. Hodinek —Kokoschkaren biografoa— “Europako kulturari eta kultura hori mehatxatzen duten arriskuei buruzko ikuspegi bat” antzeman zuen obra horretan27. “Europa Biblia eta Antzinatasuna da” esana zuen Karl Jaspersek 1946an Genevan28. Kokoschkak ere hezkuntza humanistako plan baten bi oinarri nagusitzat hartu zituen herentzia klasikoa eta kristautasuna, 1945etik aurrera. Hiru gako-hitzek definitzen zuten programa hori (klasizismoa, kristautasuna, humanismoa), zeina gerraostean jarri baitzen abian, Alemaniako eta Austriako mendebaldeko okupazio-eremuetan, Mendebaldearekiko atxikimendua lortzea eta Europako herriak komunitatera itzultzea helburu29. Theodor Heussek [Kokoschkak 1950eko abenduan egin zuen haren erretratua, Bad Godesberg hiri-barrutian] hau aldarrikatu zuen 1956an bere Gaztediari hitzaldiak lanean: “Mendebaldeak hiru mendi-muino ditu sorleku: Kalbario mendia, Atenasko Akropolia eta Erromako Kapitolioa. Hori da Mendebaldearen sare intelektuala, eta unitate bakartzat har ditzakegu hirurak, edo, hobeto esanda, unitate bakartzat hartu behar ditugu hirurak”30.

1951n Alemania Federaleko presidenteari bidalitako gutun batean, Kokoschkak  esaten zuen gerraosteko Alemanian filologia klasikoaren eta arkeologiaren azterketa sustatzea eraginkorragoa zela “azaleko desnazifikazio-ahalegin guztiak” baino, ahalegin horiek, “munduko borondate onenarekin ere, ez baitira gai izango elementu organikoak ezabatzeko, espiritu europarren eraketa erabat ezabatzen bada Alemanian”31. Kokoschkarentzat Europa ez zen “kontinente geografiko bat, kulturala baizik”32, Antzinate grekoarekin eta erromatarrarekin lotura zuena. Zahartzaroan, bere memorietan, biziki deitoratu zuenez, Europan “ezabatzen ari dira, pixkanaka, antzinako hizkuntzen ikasketa hezkuntza-sistemetatik, gizartearentzat alferrikakoa delakoan, bai eta garaiko espirituarekin —zientzia nagusi duen horrekin— kontraesanean dagoela eta, beraz, gazteriarentzat oztopo bat baino ez dela iritzita. Egunen batean, gazteak, lastarik gabe, inolako pisurik gabe, korronte guztien mende gera daitezkeela pentsatzeak ez du, nonbait, inor kezkatzen”33. Ondare klasikora itzultzearen aldeko alegatu horrekin, zeinak adostasun kulturala sortzen baitzuen bi mundu-gerretako sarraskiaren ondoko Europa batu baterako oinarri gisa, Kokoschkak erabat babestu zuen Heussek eta Adenauerrek defendatzen zuten hezkuntza-politika. “Aro klasikotik sortutako irakaskuntza eta prestakuntza zama bat” zela irizten zionak gauza bakarra erakusten zuen, Adenauerrek 1964an adierazi zuenez, “aro klasikoaz ezer ez zekiela”, alegia. Adenauerren iritziz ere, “Atenasko Akropolia eta Erromako Kapitolioa askatasunaren eta ordenaren sinbolo intelektualak” ziren34. 1966an, Kokoschkak kantziler federal ohiaren erretratua egin zuen, hark Cadenabbian (Italia) zeukan udako egoitzan. Comoko aintzirako topaketaren ondoren artistak eta Adenauerrek beren artean izan zuten gutun-truke oparoak garbi erakusten du begikotasun-sentimendu zintzoa sortu zela bien artean, partekatutako balioen sistema batean oinarritutako sentimendu bat35.

Europako Defentsa Erkidegoren aldeko alegatua pinturatik

1954ko urtarrilaren 1ean, Villeneuveko bere etxe berrian, Leman aintziraren ertzean, Kokoschka Termopilak triptikoa lantzen hasi zen, Hanburgoko Unibertsitaterako. Obrak gazteei helarazten dien mezuak badu berezitasun bat: erdian ez da heroia agertzen, Leonidas, baizik eta gudari akaiar bat, estu eta larri bi fronteen artean duda-mudan: Kokoschkak “zalantzatia” deitu zuen36. Zalantza horrek Europako mendebaldeko herrialdeek Europako Defentsa Komunitate bat sortu aurreko negoziazioetan izan zuten portaera zalantzagarriari egiten dio erreferentzia. Negoziazioek porrot egin zuten 1954ko abuztuaren 30ean, artistak triptikoa amaitu eta hilabetera, Frantziaren ukoa tarteko37. Europa indartzeko urrats garrantzitsu hori planteatzen zuen dilema orokorraren aurrean, Kokoschkak parabola klasiko batekin erantzun zuen, ohartarazpen gisa: K.a. 481. urtean greziarrak, inbaditzaile persiarren presioaren aurrean, liga pan-helenikoan elkartu ziren bezala, orain Mendebaldeko Europako herrialdeek indarrak batu behar zituzten Ekialdeko mehatxua uxatzeko. Termopiletako guduaren gaia bereziki egokia zen Europa batuaren ideia defendatzeko. Honela zioen Coudenhove-Kalergik Pan-Europa liburuan: “Helade izan zen lehenbiziko Europa. Heladeren eta Persiaren arteko gatazkak tentsioa sortu zuen Europaren eta Asiaren artean, Europaren ideia ernaraziz”38.

Kokoschkarentzat, Leonidas eta haren hirurehun espartarrak humanitas delakoaren ordezkariak ziren, eta Xerxes erregearen mendeko persiarrak, berriz, ekialdetik heldu ziren “barbaroak”. Margolariak Herodotoren Historiak obratik hartu zuen ikuspegi hori (triptikoaren erdiko panelaren ezkerraldean ageri da kronista grekoa). Obra horri eskainitako saiakera batean, hau idatzi zuen Kokoschkak Herodotori buruz: “Baina Herodotok aurreikusi ezin zuena zen humanitas eta basakeriaren arteko dilema horrek ez duela etenik izan geroztik, kultura deitzen diogun gudu-zelai honetan”39. Esaldi horrekin, margolariak lotura bat ezarri zuen mendebaldeko potentzien eta Errusiaren arteko egungo gatazka- lekuarekin. Termopiletako gudua, beraz, Ekialde-Mendebalde arteko behin eta berrizko gatazkaren metafora bihurtu zen. 1954ko otsailaren erdialdean, Kokoschkak lagun bati idatzi zion, triptikoak duen mezu politikoa azalduz: “Hartu gogoan Europako errusiarrak, eta hobeto ulertuko duzu gaurkotasuna […]”40.

Baina Kokoschkak ez zuen bere burua europartzat bakarrik, baizik eta, modu orokorragoan, munduko herritartzat. Hitler boterera iritsi eta hilabete batzuetara Frankfurter Zeitung egunkarian argitaratu zioten gutun ireki batean, artistak ohartarazpen hau egin zuen Alemanian nazionalismoaren erradikalizazioari buruz: “Ez dezagun ahantz aberri guztiek, arbasoen lur guztiek, Ama Lurraren sabelean dituztela errotuta sustraiak”41.

Kokoschka hil eta berrogeita bi urtera, munduko bakearen alde batutako Europa baten beharrari buruzko bere gogoetek eta Termopilei buruzko triptikoaren bere mezuak ez dute garrantzi izpirik galdu.

[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak
  1. Walter Sparn, “Zur Einführung: Johann Amos Comenius und das Modern Europa”, hemen: Norbert Kotowski eta Jan B. Lášek (ed.), Johannes Amos Comenius und die Genese des modernen Europa, Comeniusi buruzko nazioarteko mahai-inguruaren aktak (Bayreuth, 1991ko irailak 26–29), Bayreuth eta Praga, Studio GTS, 1992, 20–22. or.
  2. Kokoschkak oinordetzan utzitako liburu-sorta Oskar Kokoschka Zentrum erakundean dago, Vienako Arte Aplikatuen Eskolan.
  3. Ikus Anita Ziegerhofer-Prettenthaler, Botschafter Europas. Richard Nikolaus Coudenhove-Kalergi und die Paneuropa-Bewegung in den zwanziger- und dreißiger Jahren, Böhlau, Viena, Kolonia eta Weimar, 2004, 18. or.
  4. Richard N. Coudenhove-Kalergi, Pan-Europa (1923). Gazt. ed.: Pan-Europa, Félix de la Fuente (itzul.), Ediciones Encuentro, Madril, 2010, 31. or.
  5. Tomáš Masaryk, Das neue Europa. Der slavische Standpunkt, C. A. Schwetschke, Berlin, 1922. Coudenhove-Kalergiren eta Masaryken arteko harremanez, ikus A. Ziegerhofer-Prettenthaler, Botschafter Europas…, op. cit., 79. or.
  6. Kurt Juhn, “Kokoschka über das Bild”, Prager Tagblatt, 210. zk., 1935eko irailak 8, Zentralbibliothek Zürich (ZBZ), Nachl. O. Kokoschka 60.10.
  7. lda Kokoschkak Carl Georg Heise-ri idatzitako gutuna (1954/XI/1), ZBZ, Nachl. Olda Kokoschka 329.17.
  8. Karel Capek, Gespräche mit Masaryk, Deutsche Verlags-Anstalt, Stuttgart eta Munich, 2001, 281. or.
  9. František Hýbl, “J. A. Comenius – Inspirator der Friedensbewegung in der tschechischen Lehrerschaft während der ersten Hälfte des 20. Jahrhunderts”, hemen: N. Kotowski eta J. B. Lášek (ed.), Johannes Amos Comenius und die Genese des modernen Europa, op. cit., 191–97. or. (192. or).
  10. Edvard Beneš, “The Place of Comenius in History as Good European”, hemen: Joseph Needham (ed.), The Teacher of Nations. Addresses and Essays in Commemoration of the Visit to England of the Great Czek Educationalist Jan Amos Komenský, The University Press, Cambridge, 1942, 1–9. or.
  11. Ikus Walter Eykmann, “Friedenspädagogische Aspekte im Reformprojekt des Comenius”, hemen: Erwin Schadel (ed.), Johann Amos Comenius. Vordenker eines kreativen Friedens. Deutsch-Tschechisches Kolloquium anläßlich des 75. Geburtstages von Heinrich Beck (Universität Bamberg, 2004ko apirilak 13–16), Peter Lang, Frankfurt, 2005, 174. or.
  12. Kurt Juhn, “Oskar Kokoschka erzählt: Erlebnis mit einem Gesalbten”; prentsaebakinaren iturria eta data eskuz idatzita daude: Zeit im Bilde, 1935eko urtarrilak 17, ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 60.10.
  13. Oskar Kokoschkak Albert Ehrensteini idatzitako gutuna, 1935eko udakoa, hemen: Olda Kokoschka eta Heinz Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, Claassen, Düsseldorf, 1986, 20. or.
  14. Oskar Kokoschka, “Was wird der Völkerbund vom Abessinien-Abenteuer lernen?”, Kokoschkak berak zuzendutako eta zenbakitutako galeradak, ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 4.9, 243. or.
  15. Oskar Kokoschka, “Comenius, the English Revolution, and our Present Plight”, hemen: J. Needham (ed.), The Teacher of Nations…, op. cit., 61–69. or. (67. or.).
  16. R. N. Coudenhove-Kalergi, Pan-Europa, op. cit., 22. or.
  17. R. N. Coudenhove-Kalergi, Kommen die Vereinigten Staaten von Europa?, Paneuropa Verlag, Glaris, 1938, 24–25. or.
  18. “Europa federal bat sortuko da!”. Kokoschkaren eskuizkribu autografoa, obraren ingelesezko bertsioaren aurreko lana, ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 1.2.
  19. Ikus Edward Beddington-Behrens, Look Back, Look Forward, Macmillan, Londres, 1963, 40. eta 50. or.; E. Beddington-Behrens, Is There Any Choice? Britain Must Join Europe, Penguin Books, Londres, 1966, 139. or.: “Britainia Handia Europako beste herrialde batzuekin elkartu behar da Europa bateratu bat sortzeko”. Edward Beddington-Behrensek Oskar Kokoschkari idatzitako gutuna, 1954ko abenduak 1, ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 31.11.
  20. 1961eko maiatzaren 24an Kokoschkari bidalitako gutun batean (ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 31.11), Beddington-Behrensek proiektuari emandako laguntza gogorarazten zuen: “Nire bizitzan inoiz ez ditut hain gustura gastatu milaka libra batzuk. Zure ideia izan zen, eta oso eskertuta nago zurekin, bioi hainbeste axola zaigun zerbaitetan laguntzeko aukera emateagatik”.
  21. Ikus E. Beddington-Behrens, Look Back, Look Forward, op. cit., 167. or.
  22. Ikus Oskar Kokoschkak Josef P. Hodini idatzitako gutuna (1945eko azaroak 20) hemen: O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 159–60. or.
  23. Victor Gollancz, Stimme aus dem Chaos, Julius Braunthal (ed.), Nest, Nurenberg, 1948, 213. or.
  24. Gollanczen eta Kokoschkaren arteko harremana agerian geratzen da 1948ko martxoaren 12ko gutun batean. “SAVE EUROPE NOW” izenburupean, honela hasi zuen gutuna Gollanczek: “Kokoschka maitea, gogoan izan, elkar ezagutu genuenean, Enoch’s-eko gau zoragarri hartan, esan zenuela ahal zenuen guztia egingo zenuela gure zeregin honetan laguntzeko”(ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 371.7).
  25. Victor Gollancz, “Ein freies Vereinigtes Sozialistisches Europa”, hemen: Stimme aus dem Chaos, op. cit., 23–28. or. (26–28. or.).
  26. Ikus Régine Bonnefoit, “Der ‘Apokalyptische’ Prometheus – Neue Queln zur Deutung von Kokoschkas Deckengemälde Die Prometheus Saga”, hemen: Brigitte Salmen (ed.), Max Beckmann. Die Apokalypse. Visionen der Endzeit en Überlieferung und Moderne, erak. kat., Schloßmuseum Murnau, Gotteswinter, Munich, 2010, 70–80. or.
  27. Josef P. Hodin, Bekenntnis zu Hellas. Erinnerungen und Deutungen, Florian Kupferberg, Berlin eta Mainz, 1963, 145. or.
  28. Karl Jaspers, “Conférence du 13 septembre 1946”, hemen: Julien Benda et al., L’Esprit européen, Genevako Nazioarteko Topaketetan antolatutako hitzaldi eta elkarrizketetako testuak, Éditions de la Baconnière, Neuchâtel, 1946, 296. or.
  29. Ikus Hubert Cancik, ”Antike – Christentum – Humanismus. Ein Versuch zu Grundbegriffen von Heers europäischer Religions- und Geistesgeschichte”, hemen: Richard Faber (ed.), Offener Humanismus zwischen den Fronten des Kalten Krieges. Über den Universalhistoriker, politischen Publizisten und religiösen Essayisten Friedrich Heer, Königshausen & Neumann, Wurzburgo, 2005, 151. or.
  30. Vienako Oskar Kokoschka Zentrumen Kokoschkak legatuan utzitako liburutegian aurkitutako ediziotik aipatua: Theodor Heuss, “Dankbares Erinnern” (1956), hemen: T. Heuss, Vorspiele und Gestalten, hautaketa eta hitzaurrea: Fritz Fröhling, Fribourg-en-Brisgau, Hyperion, d. g. [1966], 18–23. or. (20. or.).
  31. Oskar Kokoschkak Theodor Heuss-i idatzitako gutuna, 1951ko uztailak 31, ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 25.12.
  32. Oskar Kokoschka, “Die Prometheus Saga” (1952), hemen: O. Kokoschka, Das schriftliche Werk, Heinz Spielmann (ed.), III. libk.: Aufsätze, Vorträge, Essays zur Kunst, Hans Christians, Hanburgo, 1975, 313–19. or. (318. or.).
  33. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, Tusquets Editores, Bartzelona, 1988, 274. or.
  34. Konrad Adenauer, “Anfang 1964: Über die Rolle of the griechischlateinischen Geisteserbes in der Bildungsgesellschaft von morgen”, hemen errepikatua: Rudolf Morsey eta Hans-Peter Schwarz (ed.), Adenauer. Die letzten Lebensjahre 1963–1967. Briefe und Aufzeichnungen, Gespräche, Interviews und Reden, I. libk.: Oktober 1963–September 1965, Ferdinand Schöning, Paderborn, 2009, 103–04. or.
  35. Gutunak hemen: ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 301.18.
  36. Walter Kern, hemen: W. Kern (ed.), Oskar Kokoschka, Thermopylae. Ein Triptychon, BW-Presse, Winterthur, 1955, 8–14 or. (11. or).
  37. Ikus Gerhard Brun, Die Europäische Einigung von 1945 bis Heute, Reclam, Stuttgart, 2002, 93. or. eta hur.
  38. R. N. Coudenhove-Kalergi, Pan-Europa, op. cit., 55. or.
  39. Oskar Kokoschka, “Zu meinem Triptychon ‘Die Thermopylen’ (1955)”, hemen: O. Kokoschka, Das schriftliche Werk, vol. III: Aufsätze, Vorträge, Essays zur Kunst, op. cit., 323. or.
  40. Oskar Kokoschkak Leopoldo Zorziri idatzitako gutuna, 1954ko otsailak 15, hemen: O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe IV: 1953–1976, Claassen, Düsseldorf, 1988, 20. Or.
  41. Oskar Kokoschka, ”Die fehlende Stimme. Für Max Liebermann”, Frankfurter Zeitung, 1933ko ekainak 8. Artikuluaren galeradak, hemen: ZBZ, Nachl. O. Kokoschka 5.15.