Edukira zuzenean joan

Oteiza: Mitoa eta modernotasuna

katalogoa

Jorge Oteizari buruzko berri laburrak

Richard Serra

Izenburua:
Jorge Oteizari buruzko berri laburrak
Egilea:
Richard Serra
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2004
Neurriak:
24,5 x 29 cm.
Orrialdeak:
400
ISBN:
84-95216-32-9
Lege gordailua:
M-40470-2004
Erakusketa:
Oteiza: Mitoa eta modernotasuna
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Espazioa
Artelan motak:
Eskultura
Aipatutako artistak:
Oteiza, Jorge

Astebete daramat goizero behin eta berriro Oteizaren katalogoa, Propósito experimental aztertzen. Argazki horiek biltzen duten jakituria baloratzen dut. Irudiek obraren existentzia ezeztatzen dute –presentzia fisikorik gabe, denborarik gabe, materiarik gabe, eskalarik gabe, emoziorik gabe– eta hala eta guztiz ere erritua errepikatzen dut bilatutakoaren esentzia ez dugula aurkitzea lortuko jakinda. Erreferente egoskor horiei eusten diet. Behin eta berriro behatzen dut Oteizaren obra. Tartean sartzen nau, nire seriotasuna erreklamatzen du. Artelan gutxik egiten dute traba denbora luzez, baina badira hiru pieza oraindik ere kezkarazten nautenak. Distantzia, hutsa, bakardade handia aditzera ematen dute. Artegatu egiten naute parametro historikoek, 1957an, 1958an eta 1959an sortuak izanik oraindik ere aitzindariak baitira kontzeptualki.

Aita Donostiari Omenaldia (Homenaje al Padre Donosti), 1957
Bi triedroen elkartzeak sortutako kutxa metafisikoa (Caja metafísica por conjunción de dos triedros), 1958-59
Kubismoaren estilema hutsari omenaldia (Homenaje al estilema vacío del cubismo), 1959

Lan horietan lortutako espazioak ez du aurrekaririk. Banakotasun soilari osotasunak adierazten duen handitasuna ematen diote. Ez dute soluzio itxirik planteatzen, arazoak aztertu baizik, asmakuntza-prozesuan berebiziko garrantzia dutenak, beste eskultore batzuk sintaxi hori errepikatzera edo hedatzera bultzatu dituzten arazoak direla kontuan hartuta. Oteizak hizkuntza eztabaidaezina aurkitu du, formalki sumatu ezin daitezkeen modutan aplikatu ahal izan duena. Izan ere, lanak bere eragina izaten jarraitzen du.

Antologiaren ingelesezko bertsioa irakurri berri dut: ondo landua, zehatza, trinkoa. Biografia irakurtzean datak ohartu gabe seinalatu ditudala konturatu naiz.

1908 Orion jaioa. Gipuzkoan (urria).
1935 Hegoamerikara joan zen Balenciaga pintorearekin.
1936 Antzerki politiko esperimentala sortu zuen, Txileko Santiagon.
1950 Arantzazuko Basilikarako estatuaria guztia adjudikatu zioten lehiaketa bidez.
1954 Arantzazuko Basilikarako egiten ari zen lanak debekatu zituzten, eta Apostoluen eskulturak bide bazterrean geratu ziren.
1957 “Propósito experimental 56-57” katalogoa argitaratu zuen. Sao Pauloko IV. Bienala, Brasilen. Nazioarteko Eskultura-Saria irabazi zuen. Morandi-k eta Ben Nicholson-ek jaso zituzten gainerako bi sariak.
1959 Bertan behera utzi zuen eskultore-jarduna.
1964 Berriro piztu zen Arantzazuko estatuariari buruzko polemika.
1973 Arantzazuko sailaren bozetoak moldatu zituzten Madrilen.

Ez dut metodorik, ezta maparik, ezta koderik ere historia hau deszifratzeko. Hala eta guztiz ere, bere testuetan Oteizak berregin egiten ditu buru-hausgarriaren piezak. Idazlanak irakurrita, hark funtsezko egia batzuk konpontzea lortu duela ziurtatu ahal izan dut. Halabeharrezkoa dena berresten du, garrantzizkoena eskultura bere testuinguruan onartzea eta baloratzea dela: ez gizabanakoa, ez egoa, ez pertsona, ezta “artista” ere, lana baizik. Hauxe baieztatzen du besterik gabe:

Eskulturaren historia eskultore bakar batek egiten du, izenez aldatzen den eskultoreak. Oraingo eskulturak izen gehiegi izan nahi ditu, aldi berean desberdinak eta garrantzizkoak diren izenak. Hala pentsatzen dut, nire ustez Estatuak egiten baitu Estatua, ez ordea eskultoreak. Egiten dugun esfortzu horretan zailena hauxe da, Estatua horren izaera argitzea, bere garaiaren izaeran bakarrik susma daitekeena, baita oso datu desberdinen bidez ere, eta izaera hori beti da desberdina, eta guri dagokigu ikertzea eta berregitea.

“Arantzazu” hitza irakurtzen dudan bakoitzean egonezina sumatzen dut eta aurkariak imajinatzen ditut eskulturari buruz agerian gaitz esaka. Ulertzekoa da hau irakurtzean:

Mende honetako lehenengo hogei urteetan jaio ginen, eta gure ekarpen originala aurreko belaunaldiko gure maisuen ondoan gehitzeko prest geundenean, isilarazi, hil edo sakabanatu egin gintuzten gerrak eraginda... Dei hau entzun orduko biltzen ez bagara, gero berandu da gazte izateko edo gaurkotasunez jarduteko.

El País, 2003ko otsaila

[Itzultzailea: Bitez
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]