katalogoa
Biografia
- Izenburua:
- Biografia
- Argitalpena:
- Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2004
- Neurriak:
- 24,5 x 29 cm.
- Orrialdeak:
- 400
- ISBN:
- 84-95216-32-9
- Lege gordailua:
- M-40470-2004
- Erakusketa:
- Oteiza: Mitoa eta modernotasuna
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta estetika | Artea eta gizartea | Artea eta hezkuntza | Artea eta historia | Artea eta identitatea | Artea eta literatura | Artea eta politika | Artea. Teoria | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Erakusketak | 57 taldea | Forma taldea | Gaur taldea | Herri-kultura | Latinoamerika | Jaialdi eta sariak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Primitibismoa
- Artelan motak:
- Arkitektura | Eskultura | Ikus-entzunezkoa
- Aipatutako artistak:
- Oteiza, Jorge
1908 Jorge Oteiza Embil urriaren 21ean jaio zen “villa Endaian”, Orion, Gipuzkoan, amaren aldeko aitona-amonaren herrian. San Nikolas parrokian bataiatu zuten. Aita Azkoitikoa zen, Olabezeta baserrikoa, haren familia Nafarroakoa bazen ere.
1914-21 Donostiako Sagrado Corazón ikastetxean ikasi zuen.
1921-24 Lekarotzen ikasi zuen, Nafarroan. Juan Cabanas pintorea, Nicanor Zabaleta musikaria eta Ignacio María Barriola, Teodoro Huarte eta José Eugi medikuak izan zituen ikaskide.
1924 Juan de Huarte idazle errenazentista nafarraren Examen de ingenios para las ciencias-en irakurketak bultzatu zuen artearen sorkuntza-mundura. Familiak hotel-negozioa zuen baina honek porrot egin zuen.
1927 Madrilen bizi zen. Arkitektura interesatzen zitzaion, baina arrazoi burokratikoak zirela eta Medikuntzan matrikulatu behar izan zuen. Biokimika ikasgaiak pizu zuen beregan eskulturarako bokazio esperimentala eta espazioaren biologia bilatzeko nahia.
1928 Aitak eta anaiak Argentinara emigratu zuten eta Jorge Oteiza arduratu zen amaz eta bost anaia-arreba txikiez. Tabernako zerbitzari, fruta-denda bateko kontulari eta linotipista gisa lan egin zuen ikasketak ordaindu ahal izateko. Lehenengo eskulturak egin zituen, Jacob Epstein-en, Dmitry Tsaplin-en eta Alberto Sánchez-en nolabaiteko eragina zutenak.
1929 Bertan behera utzi zituen Medikuntza-ikasketak karrerako hirugarren urtean eta Madrilgo Arte- eta Lanbide-Eskolan matrikulatu zen. Denbora gutxi egon zen bertan. Familia Bartzelonara joan zen bizitzera, Oteiza Madrilen bizi zen bitartean.
1931 Lehenengo Saria lortu zuen Gipuzkoako Artista Berrien IX. Lehiaketan, Donostian, Adam eta Eva. S=E/A tangentea (Adán y Eva. Tangente S=E/A) eskulturarekin. Parisa egin behar zuen bidaia bertan behera utzi behar izan zuen Melillara soldaduska egitera joan behar izan zuelako (1931ko azaroa-1932ko urria).
1932 Artista gazteen erakusketan parte hartu zuen Donostiako San Telmo Museoan, Jiménez de los Ríos-ek eta Zuloagak inauguratutako erakusketarekin batera antolatutakoan. Oteizaren bi obra, Ama Birgina burgesa (Virgen Burguesa) eta San Adam (San Adán) zentsuratu zituzten; boikot-saio bat egon zen baina huts egin zuen poliziak artisten kontrako erasoari ekin ziolako.
1933 Lehengo Saria lortu zuen Gipuzkoako Artista Berrien X. Lehiaketan, Donostiako Gran Kursaal-en.
1934 Donostiako Gran Kursaal-en izandako erakusketan parte hartu zuen, Nicolás Lekuonarekin eta Narkis Balenciagarekin batera. Madrilen Aguirre Lehendakariarekin harremanetan jarri zen, euskal artea berpizteko kultur politikan parte hartu nahian.
1935 Urtarrilean, Latinoamerikara joan zen Narkis Balenciaga pintorearekin. Apirilean, taldeko erakusketa batean parte hartu zuen Witcomb aretoan, Buenos Airesen. Bertan Paulino Uzkudun boxeolariari egin zion erretratua egon zen ikusgai.
Abenduan, banako erakusketa bat eskaini zioten Arte Ederretako Akademian Txileko Santiagoko Parque Forestal-en. Txileko Santiagon hitzaldi bat eman zuen izenburu honekin “Actualidad de la raza vasca en el movimiento artístico europeo. Posibilidad de una estética científica. Del proceso dialéctico en la historia de la forma. Del arte social y del destino de las nuevas generaciones” hitzaldia erakusketaren katalogoan agertu zen iragarria. Hiri hartan bertan “Encontrismo” gaiari buruz idatzi zuen txostena aurkeztu zuen. Vicente Huidobro poeta txiletarra ezagutu zuen. Matila Ghyka-ren eragina jaso zuen, baita haren El número de oro: ritos y ritmos pitagóricos en el desarrollo de la civilización occidental liburuarena ere.
1936 Teatro Experimental sortu zen Txileko Santiagon. Frente Popular Español-ekin harremanetan egon zen Txileko Santiagon.
1937 Buenos Airesa itzuli zen Espainiarantz ontziratu eta errepublikarrekin gerran parte hartzeko asmotan. Baina azkenean asmo horiek alde batera utzi eta Buenos Airesen geratu zen eta diruz eskas ibili zen.
1938 Maiatzaren 14an, Itziar Carreño Etxeandiarekin ezkondu zen Argentinan, Moronen. 1935ean Amerikara iritsi zenean ezagutu zuen emaztegaia.
1940 Irudi etzanen saila egin zuen, piramide etzanaren forman oinarritua. Bere lanean hutsuneak irekitzeko prozesuari hasiera eman zion.
1941 Buenos Airesko Zeramika-Eskola Nazionaleko irakaslea zen. Lucio Fontana-rekin harremanetan egon zen.
1942 Kolonbiako Gobernuak zeramikako irakaskuntza ofiziala antolatzeko kontratatu zuen. Germán Arciniegas idazlearekin harremana izan zuen.
1944 “Carta a los artistas de América. Sobre el arte nuevo en la Postguerra” argitaratu zuen. Universidad del Cauca-n lan egin zuen, Popayanen, Kolonbian. San Andres-era eta San Agustin-era joan zen estatuaria megalitikoa aztertzera. Edgar Negret eskultore kolonbiarra ezagutu zuen Popayaneko Unibertsitatean egin zuen lehenengo erakusketan.
1946 “Grandeza y miseria de Zuloaga” argitaratu zuen Revista de América aldizkarian, Bogotan, Kolonbian. Goya-ren jaiotzaren bigarren mendeurrena zela eta, bi hitzaldi eman zituen Bogotako Espainia-Etxean: “Pintura de Goya y encuentro con el realismo metafísico del arte español”, martxoaren 28an eta “Del estilo de Goya al realismo inmóvil”, apirilaren 16an. Gainera, bi artikulu argitaratu zituen gai hauei buruz: “Significación espacial desde El Greco a Goya y Picasso” eta “Paralelismo entre el arte y los estilos populares (la pintura, de Goya a Picasso, y la tauromaquia, de Romero a Manolete)”. Kolonbiako Cromos aldizkariak Oteizak Amerikan egindako ibilbidea bildu zuen.
1947 “Informe sobre una estética objetiva (fórmula molecular, ontología, para el ser estético)” aurkeztu zuen baita “La investigación de la estatuaria megalítica en América” ere, Quitoko Kultur Etxean, Ekuadorren. Perun, Trujilloko Unibertsitate Nazionaleko ikerlan Zientifikoen Ohorezko Kide izendatu zuten. Kimika zeramikoari buruzko ikastaro bat eman zuen Trujilloko Ingeniaritza Eskolan, Perun. Amerikako arkeologiari eta gaur egungo arteari buruzko Génesis del Arte Nuevo hitzaldi-zikloa eman zuen. Machu Picchu bisitatu zuen. Hitzaldi bat eman zuen Limako Unibertsitateko udako ikastaroetan, Perun: “Una técnica de colores térreos sobre englobe blanco para alfareros de Cuzco” baita gaur egungo arteari buruzko bi hitzaldi ere Idazleen eta Artisten Elkarte Nazionalean (ANEA). Eskultura lanari ekin zion berriro, baztertu egin baitzuen ia erabat 1940tik aurrera. Ensayo sobre lo simultáneo obra aurkeztu zuen Hipólito Irigoyen-entzako Eskultura-Lehiaketarako, Plaza Nueva zentroan (proiektuen erakusketan lapurtu zuten eskultura). “Del escultor Oteiza por él mismo” argitaratu zuen. Moore-ren obraren eragina jaso zuen, estatuarako hutsunearen izaera aztertzera eraman zuena. Espainiara itzultzea erabaki zuen, Argentinaren Omenezko eskultura baterako Cadizko lehiaketa batean parte hartzeko.
1948 Euskal Herrira itzuli zen eta Bilboko Iturribide kalean bizi izan zen. Goya mañana. El realismo inmóvil liburua hasi zuen.
1949 Lehenengo Saria jaso zuen Felipe IV.aren omenezko monumenturako Lehiaketa Nazionalean (Ruiz Aizpiri arkitektoarekin lankidetzan), Donostiako Konstituzio plazarako (burutu gabeko proiektua). Cinco plásticos vascos erakusketa, Galeria Stvdio-n, Bilbon (Oteiza, Otaño, Álvarez, Ajuria, Figuera eta Uranga). Ateneoa sortu zen. VII. “Salón de los Once” (Dau al Set, Miró eta abar) erakusketan parte hartu zuen, Galeria Biosca-n, Madrilen. Boliviako arkeologiari buruz Eugenio d’Orsekin izandako polemikak eraginda, hark ez zuen erakusketaren “bankete erritualera” gonbidatu. Azalean agertzen zen “Goya” izenez, El realismo inmóvil-en laugarren zatia idatzi zuen, Génesis europea de un nuevo arte mundial americano izenburua eman ziona. Blas de Otero eta Ángela Figuera Aymerich ezagutu zituen. Bilbon, portzelanazko isolatzaile elektrikoen enpresa bateko zuzendaritza teknikoaz arduratu zen. Artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman zituen. Arte Ederretako Eskola proiektua aurkeztu zuen Donostian baita autofinantzatzeko moduko Zeramika-Tailerrarena ere (baimendu gabea). Artista gazteak Atxuriko Arte- eta Lanbide-Eskola hartzera animatu zituen, kultura berpizteko Academia Arteta izena eman zioten zentro bihurtzeko asmotan.
1950 Lehiaketa bidez Arantzazuko Basilikarako estatuaria guztia adjudikatu zioten (1953an proiektatua, 1954an debekatua eta, azkenean, 1969an burutua). Cuatro Escultores Abstractos (Ferrant, Ferreira, Serra y Oteiza) erakusketan parte hartu zuen, Galerías Layatanas-en, Bartzelonan; Galería Stvdio-n, Bilbon; Galería Buchholz-en, Madrilen. “Euskal Eskola” izena zabaltzen hasi zen.
1951 Ohorezko Diploma jaso zuen Milango IX. Trienalean, Ensayo sobre lo simultáneo eskulturagatik. “Informe sobre la escultura contemporánea” txostena aurkeztu zuen, Santanderreko Udako Unibertsitateko Nazioarteko Arte-Ikastaroan. Hispanoamerikako I. Arte Bienalean parte hartu zuen.
1952 Interpretación Estética de la Estatuaria Megalítica Americana argitaratu zuen. Hitzaldi bat eman zuen “Escultura Dinámica” gaiari buruz Santanderreko Nazioarteko Udako Unibertsitateko Ikastaroetan. Taldeko erakusketa batean parte hartu zuen Galería Xagra-n, Madrilen, eta bertan Hedatzen ari den botila (Botella en Expansión) aurkeztu zuen. Oñatin, Arantzazun, bere lehenengo estudio iraunkorra ezarri zuen. “Renovacion de la estructura en el arte actual” argitaratu zuen, Arantzazuko Basilikarako erakutsi zuen orientazio abstraktuari buruzko lehenengo errezeloen erantzun gisa. Espainol bakarra izan zen Institute of Contemporary Arts-ek Londresen Preso Politiko ezezagunaren omenezko monumenturako deitutako Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko aukeratua.
1953 Arte Fantástico erakusketan parte hartu zuen Galería Clan-en, Madrilen. Lehiaketa Nazionalera aurkeztu zen San Isidroren irudi bat eta zenbait eskultura egiteko, Madrilgo Instituto Nacional de Colonización eraikinaren fatxadarako. Epaimahaiaren iritziz proposamen interesgarriena berak aurkeztutakoa izan bazen ere, Arte Ederretako zuzendari zen Gallego Burín-ek esku hartu eta Ferrant-en alde eman zuen epaia. Erantzun gisa, Oteizak “ohorezko deskalifikatutzat” hartu zuen bere burua. Aluminiozko eskultura bat egin zuen Valladolideko Aita Domingotarren elizako absiderako. Kordobako merkataritza ganberarako eskultura batean aritu zen lanean, Lahoz eta G. Paredes izanik eraikinaren diseinuren egileak. Bertan, Aguilera, Bernier, Duarte eta Serrano ezagutu zituen, eta hurrengo urtean “Grupo Espacio” sortzera bultzatu zituen, geroago Equipo 57 taldea izango zenaren hazia.
1954 Arantzazuko Basilikarako egin zituen lanak galarazi zituzten, eta Apostoluen eskulturak bide bazterrean geratu ziren. Androcanto y sigo. Ballet por las piedras de los Apóstoles en la carretera argitaratu zuen. Arkitektura-Sari Nazionala jaso zuen Santiago Bideko Kaperarako proiektuarengatik, Sáenz ede Oiza-rekin eta Romaní-rekin batera. Valladolideko Aita Domingotarren eraikina, Miguel Fisac arkitektoarena, Vienako Arkitektura Erlijiosoaren Lehiaketan saritu zuten. Grupo R taldeak “integración de las artes” esloganarekin antolatu zuen Industria i Arquitectura erakusketan parte hartu zuen, Bartzelonako Galerías Layetanas-en.
1955 Arte Abstracto erakusketan parte hartu zuen, Galería Fernando Fe-n, Madrilen. Erliebe batzuk planteatu zituen Tarragonako Universidad Laboralerako: fatxadetarako harrizko erliebeen soluzioa eta bozetoak, unitate solte irtenekin; eta enkofratze bidezko eskulturak eta burdinazko eskultura aprobetxatuz kate-garapenetarako (burutu gabe). Positiboko eta negatiboko erliebeen estudioekin osatutako aldia, zuzeneko enkofratze bidezko hormigoi biluzian; eskultura, barrualdea eta kanpoaldea hormigoiaren armaduratik forma exentuen enkofratze bidez, argi-moduluekin; eta diskoaz landutako harriak. F. J. Sáenz de Oizarekin eta Basterretxearekin batera, Irunen elkarrekin bizitzea pentsatu zuten. F. J. Sáenz de Oizak egin zituen beren etxe-tailerretarako proiektuak.
1956 Mariano Garrigues arkitektoarekin lankidetzan Madrilgo Instituto de Inseminación Artificial eraikinaren fatxadarako erliebea egin zuen. Juan Huarte industriari nafarraren laguntzaz Madrilgo Nuevos Ministerios-en egiten ari ziren eraikinean ezarri zuen bere estudioa, eta bertatik atera ziren Sao Pauloko IV. Bienalean aurkeztuko zituen eskulturak. Aldi joriena izan zen hura eskultore gisa: sail esperimentalak egin zituen eta aldi berean behin betiko zehaztu zuen bere Propósito experimental.
1957 Brasilgo Sao Pauloko IV. Bienalean parte hartu zuen. Bertan 29 eskultura aurkeztu zituen, hamar familiatan ordenatuak, eta Nazioarteko Eskultura-Sari Nagusia lortu zuen. Sari gorena (Ohorezkoa) Giorgio Morandi italiarrak jaso zuen eta Ben Nicolson-ek, Ingalaterrakoak, Pintura Italiarraren Sari Nagusia. Equipo 57 taldea sortzen parte hartu zuen. Propósito experimental 56-57 katalogoa argitaratu zuen. Testu horri buruz, 1983ko apirilaren 20an, Santiago Amón-ek ondokoa iruzkindu zuen Bilboko Arte Eder Fakultatean “Década de los 50 y 60 en España” gaiaren inguruan eman zuen hitzaldian: (...) antologietan agertzea merezi duen manifestu bakarra Jorge Oteizak sinatuko du bere Propósito experimentalen, 1956-1957 urte bitartean idatzi zuen horretan 1957an Sao Pauloko Bienalean aurkezteko (...) ezohiko buru-argitasuna antzematen zaio. Lehenengo pasartea bakarrik irakurriko dizuet, bertatik zenbait gauza ondorioztatu baititut. “La estatua como desocupación activa del espacio por fusión de unidades formales livianas” izenburua du. Hauxe dio Oteizak: “Energiaren liberazio mota hau Estatuan entsegatu nuen, hain zuzen ere, unitate formal arinak bat eginez, hau da, unitate dinamikoak edo irekiak bat eginez, ez ordea masa, solido edo ordena okupatzaile baten desokupazio fisikoa, bere masaren haustura bidez, Estatuaren aldeko espazio librearen neutraltasunaren haustura bidez baizik, edo Estatuak libratzeko premia duen baldintzapeko Espazioa, baina beti oinarrizko formen sistema logiko eta gehikor baten bidez, berez espazioari dagozkion matrizeena, elkartzeko gai diren horiena”. Eta pertsonen arteko harremanetan gerta daitezkeen eta zentzurik ez duten arrazoiengatik inoiz esan ez dudan zerbait esatera noa: Oteizaren testu hau Tratatuaren oinarria da, Martin Heideggerrek irakurri ala ez, ez baitakit; baina testu hau ondo irakurrita, zeinek eta Martin Heidegger-ek Artea eta Espazioa izenburupean argitaratu zuen saiakera bikainaren oinarria da (...) eta beste euskaldun gailen batek ilustratu zuen, Eduardo Chillida-k, hain zuzen”. Bartzelonan Equipo Forma taldearekin aritu zen lankidetzan. Néstor Basterretxea, Manuel Benet Novellas eta Jacinto Esteva Grewe pintoreekin, León Bregada Girona ingeniariarekin eta R. Puig arkitektoarekin batera. Néstor Basterretxearekin eta L. Vallet arkitektoaren laguntzaz, beren etxe-tailerra proiektatu eta eraiki zuten Irungo Iparralde hiribidearen 35-37 zenbakietan (lehen Avenida de Francia izandakoa). Equipo 57 taldea sortzen parte hartu zuen Juan Cuenca-rekin, Ángel Duarte-rekin, José Duarte-rekin, Agustín Ibarrolarekin eta Juan Serrano-rekin batera, eta bere manifestua argitaratu eta gero utzi egin zuen taldea.
1958 Néstor Basterretxearekin batera Irunen ezarri zuen bere egoitza. L. Valletekin batera Aita Donosti monumentua eraiki zuen Agiñan, Lesakan, Nafarroan. Aldaketen legea (Ley de los Cambios) definitu zuen. Plastika arloko ikerlanarekin jarraitu zuen, bere ondorio esperimentaletan islatuz: Ondorio esperimentala 1.zk eta Esferaren desokupazioa (Conclusión experimental nº 1 y la Desocupación de la esfera) eta Ondorio esperimentala 2.zk (Conclusión experimental nº2). Erakusketa Washingtoneko Gres Gallery-n. (1928an Brancusi-k eta haren Oiseau dans l'espace obrak aduanan izandako arazo bera errepikatu zen. Ez zituzten Oteizaren eskulturak artelan gisa sartzen utzi eta burdina sartzeagatiko zergak ordaintzera behartu zuten). Bruselako Nazioarteko Erakusketarako Espainiako Pabilioia muntatzen parte hartu zuen, Jose Antonio Corral-es eta Ramón V. Molezun-en proiektua izanik, Urrezko Dominarekin saritua.
1959 Blanco y Negro erakusketan parte hartu zuen, Galería Darro-n, Madrilen, nazioarteko sariak lortu zituzten artisten omenez: Oteiza, Chillida, Tàpies. Monumentalidad e integración de escultura con arquitectura y ciudad gaiari buruzko Nazioarteko Lehiaketaren saria lortu zuen Montevideon, Uruguain, Roberto Puig arkitektoarekin batera, Batlle y Ordoñez politikari liberalaren omenezko monumentuaren proiektuagatik. Mallarmé-ri omenaldia. 3. ondorio esperimentala (Homenaje a Mallarmé. Conclusión experimental n.º 3) egin zuen, eta obra horrekin amaitutzat eman zuen prozesua eta lana eskultore gisa.
1960 Basterretxearekin erakusketa bat egin zuen Galería Neblí-n, Madrilen, eta Sala Teka-n, Bilbon. Erakusketa hartako katalogorako hitzaurre gisa El arte contemporáneo ha terminado (carta a Néstor Basterretxea) idatzi zuen Limatik, eta El final del arte contemporáneo izenburuaz argitaratu zen. Bertan, eskultura baztertu izanaren arrazoiak azaldu zituen. Informalismo y poética de la ausencia en César Vallejo hitzaldia Idazleen eta Artisten Elkarte Nazionalean (ANEA), Liman, Perun. César Vallejo poetaren omenez egin zuen España aparta de mí ese cáliz eskultura instalatu zuten Liman. New Spanish painting and sculpture erakusketa, New Yorkeko Museum of Modem Art-ek uztailaren 20tik irailaren 28ra bitartean antolatua (erakusketa ibiltari hura Ameriketako Estatu Batuetako zortzi museotan eta Kanadako batean egon zen ikusgai). Hitzaldiak eman zituen Montevideoko Arkitektura Eskolan, Uruguain.
1961 Exposición 1 de Arte Actual erakusketan parte hartu zuen Donostiako San Telmo Museoan eta Santillana del Mar-eko Regina Coeli monasterioan, Madrilgo Galería Neblí-rekin lankidetzan. Oteizak katalogorako idatzi zuen testua moztu eta aldatu egin zuten. Aktiboki parte hartu zuen Academia Errante taldean Luis Martín Santos, D. José Miguel de Barandiarán, D. Julio Caro Baroja, Luis Mitxelena, Jose María Busca Isusi, Ramón Zulaika, Ángel Cruz Jaka, Federico de Zabala, José María Donosty, Luis Pedro Peña Santiago eta beste hainbatekin batera. Estetikari buruzko Ikerlanetarako Institutua sortzea proposatu zuen Donostiako San Telmo Museoan.
1962 “Poeta en Burgos” idatzi zuen, Valladolideko Santiago Montes artistaren liburuaren hitzaurre gisa.
1963 Quousque tandem...! Ensayo de lnterpretación del alma vasca argitaratu zuen. Oteizak bere proiektu zinematografikoak garatu ahal izateko Juan Huartek sortutako X Films ekoizpen etxearen babesari esker, Operación H film labur esperimentala aurkeztu zuen, Basterretxeak zuzendua eta Jorge Oteizak muntatua. André Malraux idazle eta kultura-ministro frantsesari proposamen bat entregatu zioten Donibane Lohizunerako Estetika Konparatuen Ikerlanetarako Nazioarteko Institutua sortzeko (De Gaulle-ren Gobernuak ezezkoa eman zuen bonba atomikoaren fabrikazioak eraginda aurrekontuak murriztu zituztelako). Estética de Acteón-erako lehenengo lanak, zinemara eramandako narratiba izanik. Madrilgo Teatro Nacional de la Ópera-ren eraikuntzarako nazioarteko lehiaketan parte hartu zuen (Ángel Orberekin eta Javier eta Juanjo Barrosorekin lankidetzan).
1964 Polemika piztu zen berriro Arantzazuko estatuariaren inguruan. Basterretxearen eta Larruquert-en Pelotari film laburraren aurkezpenean, Gernikan, hitzaldi hau eman zuen: “Importancia del artista en la vida del pueblo vasco”. “Ideología y técnica desde una Ley de los Cambios para el Arte” ponentzia bidali zuen Ideologia eta teknika gaiari buruz Italian antolatutako Arte-Kritikaren Nazioarteko XIII. Kongresura. Funcor kooperatibaren fondo sozialekin Universidad Infantil Piloto sortu zen Elorrion, haur-hezkuntzako ikastetxe esperimentala, José Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistek parte hartu zuten proiektua izanik. “En esta hora para un renacimiento popular del poeta y los artistas vascos” idatzi zuen, Cuatro Poetas Vascos (Aresti, Azurmendi, Lasa, Otsalar) libururako gutun gisako hitzaurrea, epilogoa Otero-k idatzia, San Martin-ek bildua eta Auñamendik argitaratua. Azkenean ez zen argitaratu. Madrilen, Giulio Carlo Argan-ekin harremanetan jarri ondoren, Arkitekturako eta Estetika Konparatuen Ikerlanetako Eskola Berria sortzea proposatu zuen, Gipuzkoan arrakastarik gabe saiatu eta gero.
1965 “El Arte como Escuela Política de tomas de conciencia” hitzaldia eman zuen Bartzelonan. Gasteizen, Euskal Antropologia Estetikoaren Museoaren proiektua aurkeztu zuen. Eduardo Chillidaren omenezko hitzaldia Espelunca-n, Donostian. Kursaaleko etxabeetarako Euskal Artearen Laborategiak Herri-Unibertsitatea proposatu zuen. “Galería de Arte como Productora” bere planteamenduak aurkeztu zituen Barandiarán aretoan, Donostian. Harremanetan egon zen dantza-arloan Urbeltzekin, antzerki-arloan Arestirekin eta musika-arloan Artzerekin, eta “Ez dok amairu” taldea sortu zen. Poesia Espazialaren Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen. Euskal Artearen Kulturarako Premiazko Fondo Ekonomiko bat sortzeko proiektua. Gasteizerako Nazioarteko Eskultura Fundazio baten proiektua, Berrocal eskultorearekin lankidetzan. Parisen laguntza eske aritu zen Historiaurreko Ikerlanetako Institutua sortzeko. Acteón filma aurkeztu zen, Eduardo de Sanctis-en ideian oinarrituta Jorge Oteizak berak idatzitako gidoiarekin, eta azkenean Jorge Grau-k zuzendua eskultorearen haserrea eraginez. Jesús Huarte-ren etxerako, arkitektoak Corrales eta Molezun izanik, Preso ezezagunaren omenezko monumentua (Monumento al Prisionero desconocido) obraren bertsio monumentala eta tamaina txikiagoko Prometeo bat egin zituen.
1966 Informazio Ministerioak ez zuen baimendu Ejercicios espirituales en un túnel liburua kaleratzea. Euskal Eskolaren Mugimendutik taldeak sortu ziren. GAUR taldea sortu zuen, bertako kide izanik Chillida, Basterretxea, Mendiburu, Amable Arias, José Luis Zumeta, Rafael Ruiz Balerdi eta José Antonio Sistiaga. Donostiako Galería Barandiarán-en erakusketa bat egin zuen. GAUR eta EMEN taldeen erakusketa Bilboko Arte Eder Museoan. Erakusketa GAUR, EMEN eta ORAIN taldeekin Gasteizko Amárica Museoan. Iruñan Euskal Artisten Unibertsitatea sortzea proposatu zuen.
1967 Oteizaren, Chillidaren, Palazuelo-ren, Millares-en, Sáenz de Oizaren, Fernández Alba-ren, Molezunen, Corraleses eta Fullaondoren erakusketa Misa-ko lokaletan, Madrilen, Nueva Forma aldizkariak antolatua. Ikastola Esperimental bat eta Euskal Unibertsitate pilotua proiektatu zituen eta Aita Oñateri, jesuiten probintzialari, proposatu zion proiektua, Loiolan eta Oñatin arte-tailerrak izango zituena, baita Euskaldunen Fundazioa ere, Venezuelan.
1968 Elizak Arantzazuko obraren debekua kendu zuen. Oteizak errezeloak zituen lanei berriro ekiteko; azkenean, azaroaren hasieran, Arantzazura itzultzea eta obra osatzea erabaki zuen. Oteiza: 1933-1968 argitaratu zen, Oteizaren epilogoarekin: “Estética del Huevo. Mentalidad vasca y laberinto”. Basterretxea eta Larruquerten Amalur pelikula estreinatu zen, eta bertan Oteizak euskal historiaurrearen inguruan parte hartu zuen.
1969 Gipuzkoan, Debako Eskola sortzen parte hartu zuen. Errenteriako Foru Plazaren urbanizazioan esku hartu zuen. Xenpelarri omenaldia (Homenaje a Xenpelar) eskulturarako proiektua aurkeztu zuen. Arantzazuko obra amaitu zen. “Recuerdo y olvido de José Manuel Aizpurua” argitaratu zuen. Loiolako ezkerraldeko hegalean Euskal Artisten Eskola sortzea proposatu zuen.
1970 Lehenengo Saria irabazi zuen Madrilgo Plaza de Colón-en urbanizaziorako Lehiaketan, Ángel Orberekin, Mario Gabiriarekin, Luis Arana eta Alonsorekin batera (burutu gabe). Hondarribian Esterikari buruzko Ikerlanetarako Euskal Institutua sortzea proposatu zuen. Debako Eskolan Hilarria Madoz-i (Estela a Madoz) egin zuen. Zarautzen instalatuko zutena.
1971 Madrilen, Labe Garaien egoitzarako Lehiaketan parte hartu zuen (Fullaondo-rekin eta Iñiguez de Onzoño-rekin lankidetzan).
1972 Oteizak amaitu gabe utzitako eskultura lanari heldu zion berriro. Klarionen laborategia (Laboratorio de tizas) garatu zuen, familia esperimental batzuk osatu zituen eta ereduetako batzuk behin betiko materialera eraman zituen. Encuentros de Pamplona-n parte hartu zuen, eta bertan Debako Eskolaren adibideari jarraituko zion dokumentazio- eta informazio-zentro bat proposatu zuen artistentzat.
1973 Madrilen Arantzazuko sailaren bozetoak eta erreprodukzio txikiak moldatu zituzten, Galería Múltiple 4-17n antolatutako banako erakusketan ikusgai jarri zirenak. Cinco Escultores Vascos erakusketan parte hartu zuen, Galería Skira-n, Madrilen. Bartzelonako Herrien Museoan Irten ezin. Nafarroa labirinto gisa (Irten ezin. Navarra como laberinto) instalatu zuten. Madrilen, Javier eta Jaime Martín Artajo arkitektoen Buitragoko Lanbide-Eskolarako eskultura hauek egin zituen: Eraikuntza hutsa espazioko desokupazioaren lau ale bitarrekin (Construcción vacía con cuatro unidades binarias de desocupación espacial) eta Ama semea besoetan duela (Madre con hijo en brazos), azkena kaperan kokatua.
1974 Arri ernai zaitzalea (Malevich matrizea duen makla bitarra) [Arri ernai zaitzalea (Macla binaria con matriz Malevich)] obra Arrasateko Euskadiko Kutxaren egoitzaren aurrean instalatu zuten. Erakusketa, Hondarribiko Txantxangorri galerian.
1975 Madrilgo Beatriz eraikinerako eskultura egitea adjudikatu zioten, lehiaketa mugatu baten bidez. Pequeñas esculturas de grandes escultores erakusketan parte hartu zuen Banco de Granada-ren galerian. Escultura actual en el País Vasco erakusketan parte hartu zuen Hondarribian.
1976 Veneziako Bienalean parte hartu zuen. Carta de Oteiza al escultor navarro argitaratu zuen. Homenaje a Alexander Calder erakusketan parte hartu zuen, Galería Skira-n, Madrilen.
1977 Odiseo eskultura Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialean instalatu zuten, Donostian. Euskadiko Ezkerra ordezkatuz senatari hautagai izan zen Demokraziaren lehenengo hauteskundeetan.
1978 Miguel Pelay Orozco-ren Oteiza, su vida, su obra, su pensamiento, su palabra argitaratu zen, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao. Bilboko Arte Ederretako Fakultatea hartzeko ekintza bultzatu zuen, eta hala zuzendaritza aldatzea eta bertan euskal artistek irakasle gisa parte hartzea lortu ahal izan zen. Uztailean Euskal Herriko Zeramika-Erakusketan parte hartu zuen, San Telmo Museoan, Donostian.
1979 Néstor Basterretxearekin batera, Bilbon, Sabino Arana Fundazioa Ikerlanetarako Kultur Zentroaren proiektuan parte hartu zuen, Eusko Alderdi Jeltzalearen arduradunek erabakita etendakoan. Carlos Garaikoetxearekin, Luis Mitxelenarekin eta euskal artisten ordezkaritza zabalarekin bildu zen Leioan, Bizkaian, Euskal Herriko kultura berriztatzeko plana aztertzearren. Arte Español Contemporáneo erakusketan parte hartu zuen, Fundación Juan March-en. “Sonemática vasca y mitos. Carta a Xabier Lete sobre poética en el euskera” argitaratu zuen. Gasteizko Probintzia plazako lorategietan Kuboaren desokupazioa (Desocupación del cubo) saileko Kutxa Metafisiko bat instalatu zuten, Arabako Foru Aldundiak eskuratua.
1980 Ez zuen onartu bere obra Eusko Jaurlaritzari dohaintzan uzteko proposamena. “Organigrama de un Ministerio Autónomo de Arte Vasco” idatzi zuen.
1981 Falsificación con cultura vasca, artistas, vascofonía, universidad. A un periodista, puntualizaciones que sirven para gobernantes argitaratu zuen. Bertan, kultur gaietan Eusko Jaurlaritzak zuen eraginkortasun falta, Herri Batasuna ezkerreko alderdi erradikal nazionalistaren paranoia, Euskararen politika eta artearen alorreko politika salatu zituen eta bere obraren azken patua aipatu zuen.
1983 Ejercicios espirituales en un túnel. En busca y encuentro de nuestra perdida obra argitaratu zuen. Quousque tandem...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca obraren laugarren edizioa kaleratu zen, hitzaurre kritiko honekin: “Nota con resentimientos para esta cuarta edición”. Richard Serra eskultoreak Oteizaren obra ezagutu zuen Bilbora egin zuen bidaian, eta eragin zion harridura eta miresmena adierazi zuen Txomin Badiolak Tarte aldizkarirako egin zion elkarrizketan.
1984 Euzkadi aldizkariaren Sari berezia jaso zuen.
1985 Kultura Ministerioak Arte Ederren Urrezko Domina eman zion. Teomaquias poema saila hasi zuen. Eusko Jaurlaritzaren kultur politika salatu zuen baita Kultura-Sailburuak egindako adierazpen hau ere: “Hamar urtez egon gaitezke kulturarik gabe, hizkuntza berreskuratzekotan”. Eta hauxe erantzun zuen berak: “Ez dago hizkuntzarik ezta herririk ere kulturarik gabe”.
1986 Urtearen hasieran, Oteizak erakusketa antologiko bat egitea onartzen zuela jakinarazi zion Txomin Badiolari, bere obra antolatzeko aukera emango ziona, zehazteko zegoen leku baterako legatu posible bat finkatzeari begira. Qu’est-ce que la sculpture moderne?, 1900-1970 erakusketan parte hartu zuen, Parisko Musée d’Art Moderne, Centre Georges Pompidou-n. Donostiako Ametzagañako hilerrirako Lehiaketa Nazionalean parte hartu zuen, Fullaondorekin batera “Euskal hilerri mitikoa” deitu ziolarik. Jorge Oteiza Maria Corral-ekin bildu zen, eta bilera horretan erabaki zuten erakusketa antologikoa Fundación Caixa de Pensiones-ek antolatzea. Euskal Herriko Unibertsitatearen Filosofia eta Hezkuntza-Zientzien Fakultateak Euskal Antropologiaren IV. Astea antolatu zuen Donostian, Oteizari eskainia. Jardunaldi horren emaitza izan zen Oteiza, esteta y mitologizador vasco liburua, artistak idatzitako epilogoa biltzen duena. Liburua Aurrezki Kutxa Munizipalak argitaratu zuen, eta bertako aretoan, liburuaren aurkezpenarekin batera, erakusketa bat egin zen Laboratario de tizas laneko pieza txikiekin, Javier Santxotena eskultore eta lagunak zurera eramandakoekin. 30eko hamarkadako euskal artea eta artistak erakusketan parte hartu zuen Donostiako San Telmo Museoan.
1987 Cinco siglos de arte español. El siglo de Picasso erakusketan parte hartu zuen, Parisko Musée d’Art Moderne de la Ville-n, Kultura-Ministerioak antolatua. Paloma Chamorro-k TVEko Estación de Perpiñán-erako hiru programako sail bat landu zuen, Oteizari egindako elkarrizketa batzuk barne hartu zituena eta XX. mendeko artearen irudi gailenei, adibidez Miró-ri edo Dalí-ri eskainitakoak osatzen zituena. “Acusación con defensa de mi aislamiento” argitaratu zuen prentsan, berriro ere Eusko Jaurlaritzaren kultur politika salatuz.
1988 Jorge Oteiza, Propósito experimental erakusketa antologikoa. Antolatzailea: Madrilgo Fundación Caja de Pensiones; Bilboko Arte Eder Museoa; Bartzelonako Centre Cultural de la Fundació Caixa de Pensions. Komisarioa: Txomin Badiola. Erakusketarekin batera izenburu bera zuen liburua argitaratu zuten, Margit Rowell-en eta Txomin Badiolaren testuak, Oteizaren testu bilduma bat eta beste berri bat biltzen zituena, Oteiza como epílogo. Utopía y fracaso político del arte contemporáneo izenburupean, baita bere obraren lehenengo katalogazioa ere. Principe de Asturias Saria jaso zuen, “Oteizaren bizitza grina sortzailearen eredu” dela nabarmenduz. Cartas al Príncipe liburua argitaratu zuen. “Llamamiento al artista en Navarra y Pais Vasco” idatzi zuen, Susana Solano-rekin batera. Veneziako XLVII. Bienalean Espainia ordezkatzeko aukeratu zuten. Eusko Jaurlaritzak Oteizaren hamabi obra eskuratu zituen eta Espainiako Gobernuak beste 13 Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-rako. Akordio bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza- eta Kultura-kontseilariaren eta Altzuzako Kontzejuaren lehendakariaren artean, Nafarroako herri horretan Jorge Oteizaren zentro-museoa sortzeko.
1989 Sáenz de Oizarekin eta Juan Daniel Fullaondorekin batera, eta Darío Gazapo-ren, M.ª Teresa Muñoz-en, Javier Sáenz Guerra-ren eta Ana Torres-en lankidetzarekin, Oteizak Alhondigarako aurkeztutako Kubo proiektua baztertu zuen Eusko Jaurlaritzak. Iruñako Aita Salesianoei Apostoluarentzako aurpegia (Rostro para Apóstol) eskultura utzi zien dohaintzan. TVErekin polemika, Paloma Chamorrok egindako elkarrizketa batzuk zirela eta, “Mi grave desacuerdo con TVE” artikuluan aditzera emana. Valentziako Unibertsitate Politeknikoan Malevich-i omenaldia (Homenaje a Malevich), Manolo Gil-i omenaldia (Homenaje a Manolo Gil) eskulturaren bertsio bat instalatu zuten.
1990 Existe Dios al Noroeste poesia-lana argitaratu zen Iruñan baita La ley de los cambios ere. Julio González, Picasso, Chillida, Gargallo y Oteiza erakusketa Frantzian. Troyeseko Arte Modernoaren Museoan. Odiseo kutxa metafisikoaren bigarren bertsioa egin zuen Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-rako. Chillidarekin polemika, eskultura ez-figuratiboaren nagusitasunari buruz; eztabaidan Néstor Basterretxeak eta Rafael Munoak parte hartu zuten. Gernikan Chillidaren eta Henry Mooreren eskultura bana instalatu zirenean, Oteizak Eusko Jaurlaritzaren kultur proiektuari zuzendutako kritikak laztu egin ziren. Ondorioz, bere eskulturak saltzeko konpromisoa hausteko eskatu zion gobernu autonomoari eta “Denuncio al escultor Chillida” artikulua argitaratu zuen. Gazteluri omenaldia (Homenaje a Gaztelu) eskultura, Juan Ignacio Goikoetxea Olaondo euskal idazleari eskainia, Gaztelun (Gipuzkoa).
1991 Libro de los plagios argitaratu zen. Fragmentos 1988-1991 Oteizari buruzko bideoa aurkeztu zen, Ion Intxaustegik zuzendua eta Txusa Txuekak ekoiztua. Salomon R. Guggenheim Fundazioak Bilborako zuen proiektuarekin ados ez zegoela adierazi zuen. Artistaren emaztea Itziar hil zen, Altzutzan, Nafarroan. Oteizak Reina Sofía-ra joan behar zuen Odiseoren bertsioa Nafarroako Museoan utzi zuen. Escultores Vascos. Oteiza, Basterretxea y Ugarte erakusketan parte hartu zuen, Caja de Ahorros de Asturias-en, Oviedon.
1992 Itziar, elegía y otros poemas argitaratu zuen, emaztearen eta Nikolas Lekuonaren oroimenez. Sevillako Nazioarteko Erakusketan Nafarroako pabilioiak Odiseo jarri zuen ikusgai, behin betiko Iruñako Ziudadela parkean instalatuko zena. Oteiza Fundazioa sortu zen Altzuzako bere baserrian, bere eskulturen bilduma, bere laborategi esperimentala, bere liburuak, argitaratu gabeko idazlanak, artxiboak eta liburutegia Nafarroari dohaintzan utzi ondoren. Uztailaren 10ean erakusketa bat inauguratu zen Bartzelonako Galería Tristán-en eta bertan La ley de los cambios eta bost eskultura metafisiko jarri zituzten ikusgai. Abenduaren 3an Nafarroako Urrezko Domina eman zioten. Nafarroan, Lesakan, Aita Donostiri eskainitako Agiñako hilarria eraso zuten.
1993 Quousque tandem...! Ensayo de interpretación estética del alma vasca obraren 5. argitaraldia zela eta, lehenengo argitaralditik hogeita hamar urte igaro zirenean, libururako hitzaurre bat idatzi zuen, “ya inútil en cultura vasca traicionada”. Otsailean berriro eraso zuten Aita Donostiren omenezko hilarria. Oteiza Fundazioak Kutxa Metafisikoa erretiratu zuen Barakaldotik. “Se acabó el Guggenheim” artikulua argitaratu zuen. Gasteizko CM galeriak topaketa bat antolatu zuen Oteizarekin. Otsailean, Tolosan eskulturen kanpoaldeko erakusketa-museo iraunkor baten sorkuntza iragarri zen, Oteizaren, Santxotenaren eta Ugarte de Zubiarrainen obrekin. Tolosako Triangelu plazan Atauts (Hiru ale positibo-negatibo dituen eraikuntza hutsa) [Atauts (Construcción vacía con tres unidades positivo-negativo)] instalatu zuten.
1994 Oteizak denboraldi baterako Amerikara joateko asmoa iragarri zuen El Diario Vasco, El mundo del País Vasco, El País, el Diario de Navarra, Egunkaria, Egin eta beste zenbait argitalpenetan, martxoaren 24an argitaratutako komunikatuaren bidez.
1995 Estética del huevo. Huevo y laberinto. Mentalidad vasca y laberinto. A Juan Daniel Fullaondo en memoria y homenaje argitaratu zuen. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zion Oteizari. Nociones para una filología vasca de nuestro preindoeuropeo. Raíces de nuestra identidad escondidas en el euskera indoeuropeo actual liburuaren II. argitaraldia kaleratu zen (behin betikoa). Juegos en la ventana erakusketan parte hartu zuen Eduardo Chillidarekin, Néstor Basterretxearekin, Daniel Txopitearekin, Marta Cárdenas-ekin, Miguel Pelay Orozcorekin... eta Ikertze laborategi pedagogikoetako haurrekin batera (Donostiako San Telmo Museoan eta Madrilgo BBVren erakusketa-aretoan). Lurra eta ilargia (La Tierra y la Luna) instalatu zuen Oñatiko Unibertsitateko klaustroan. Guggenheim Bilbao Museoa bisitatu zuen.
1996 Oteizak eta Nafarroako Gobernuak bere obraren etorkizunari buruzko akordioa berretsi zuten. Eskultura bat instalatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean, Sáenz de Oiza arkitektoaren omenez. Oteiza y la arquitectura erakusketak (Iruñan, Donostian eta Madrilen) Jorge Oteizaren arkitektura proiektuak jarri zituen ikusgai. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzaldi-ziklo bat antolatu zuen Jorge Oteizaren irudiari eta bere alderdi sortzaile desberdinei buruz, urritik abendura bitartean. Association Pevsner elkartearen Saria jaso zuen, bere obra guztiari eskainia. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Ohorezko Elkargokide izendatu zuen Oteiza. Notario aurrean Altzuzan (Nafarroa) ezarritako Oteiza Fundazioaren behin betiko estatutuak finkatu ziren.
1997 Goya mañana. El realismo inmóvil. El Greco. Goya. Picasso argitaratu zuen. Zumarragan Itziar eskultura inauguratu zuen emaztearen omenez. Eduardo Chillidarekin adiskidetu zen. Une espirituala (Momento espiritual) instalatu zuen, Kubismoaren estilema hutsari omenaldia (Homenaje al estilema vacío del cubismo) obraren bertsioa, Iruñako Yamaguchi parkean.
1998 Euskaldun Unibertsal Saria jaso zuen Orfeoi Donostiarrarekin batera. Ordizian Bat biren gaineko eskultura hirutarra. Nikolás Lekuona omenaldia (Escultura ternaria uno sobre dos. Nikolás Lekuona omenaldia) inauguratu zuen, Lekuonari, José Sarriegiri eta María Dolores González Kataraini (Yoyes) eskainia. Eibarren berak kokatu zuen Txopitea eta pakea eskultura, lagun zuen Daniel Txopitea pintorearen omenez. Bartzelonako MACBAk bere obra-multzoa aldi baterako gordailuan uztea proposatu zion Oteizari, baita katalogazioa egitea ere, Kataluniako museoaren sarreran Ola piezaren inaugurazioa zela eta. Honoris Cousa Doktore izendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion Eduardo Chillidarekin eta Juan Mari Arzakekin batera. Erakusketa batean parte hartu zuen Bilboko Windsor Kulturgintza-aretoan, baita taldeko beste erakusketa batean ere (Oteiza, Nikolás Lekuona eta José Sarriegi) Musée de Guéthary-n. Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en Domina jaso zuen. Santiagori otoitza (Oración a Santiago) obra, Kutxa hutsen sailekoa, Nafarroako Elizondo herriari utzi zion dohaintzan. Bartzelonako udalaren eskaria jaso zuen Hipercor-eko atentatuan izandako 21 biktimen omenezko eskultura bat egiteko. Oteiza Fundazioaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren artean hartutako akordioarekin ados ez zegoela adierazi zuen.
1999 Zarautz herriak Lagun Kutun izendatu zuen eta bertako Domina eman zion. Donostiako San Bizente elizan Pietá eskultura instalatu zuen, José Ramón Anda Goikoetxea eskultore nafarrarekin lankidetzan egina. Bere poemen antologia labur bat argitaratu zen Nekatuta eta birakari. Olerkilan nimiñoa izenburupean, argitalpen elebiduna izanik, Félix Marañak aukeratua, Pello Zabaletak eta José Luis Padrón-ek euskaratua eta Gipuzkoako Foru Aldundiak editatua. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak Jorge Oteiza. Poeta zikloa eskaini zion eta bertan Oteizaren poemen errezitaldia eman zuten Pello Zabaletak eta Xabier Muguruza eta Roberto Yaben musikariek; José Manuel Caballero Bonaldek Jorge Oteizari buruz emandako hitzaldiaz gain. Hiru eskultura handi [Ale hirukoitz arina (Unidad triple y liviana), Korearra (Coreano) eta Espirituari omenaldia (Homenaje al Espíritu)] instalatu zituen Iruñan. Bere Malevich-i omenaldia (Homenaje a Malevich) Tarrasako parke batean instalatzeko aukera aztertu zuen. Azkoitian Batarrabi eta Zarautzen Bertsolariari omenaldia (Homenaje al bertsolari) eta Siesta (La siesta) eskulturak inauguratu ziren. Galíndez-i omenaldia (Homenaje a Galíndez) instalatu zuren Gasteizen.
2000 Espacialato. Oteiza erakusketa Iruñako García Castañón aretoan, otsailaren 24tik apirilaren 23ra bitartean. Euskal Herriko Unibertsitateak hitzaldi-ziklo bat antolatu zuen Jorge Oteizaren irudiaren inguruan (Félix Maraña idazleak zuzendua) Donostiako Miramar jauregian, abuztuaren 21etik 23ra bitartean. Irunen, Jorge Oteizaren etxe-tailerra eraitsi ez zezaten, birgaitzeko proiektu bat aurkeztu zuten Udalean. Oteiza: Paisajes. Dimensiones erakusketa, Alacanteko Santa Bárbara gazteluan, urriaren 6tik azaroaren 23ra bitartean, Fundación Eduardo Capa-k antolatua. Bere lagun handia hil zen, Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoa. Abenduaren 15ean jendearentzat zabaldu zituen ateak Donostiako Kubo Aretoak-Artearen Kutxaguneak, hirian artistaren lehenengo erakusketa antologikoa izanik.
2001 Jorge Oteiza: dibujos, estampas, palabras erakusketa egon zen Orion ikusgai (urriaren 26an hasi eta azaroa osoan) eta Angeluko Galerie Georges Pompidou-n (irailaren 27tik 30era bitartean). Espacialato. Oteiza erakusketa Amós Salvador aretoetan (Logroño) eta Ibercaja-n (Zaragoza ) egon zen ikusgai. Oteizak, Chillidak eta Nagelek, beste batzuen artean, Parisko Errege Jauregiaren lorategietan izandako Espainiako eskulturaren 50 urte erakusketan parte hartu zuten. Arantzazuko Santutegiaren V. Mendeurrena erakusketa batekin ospatu zuten. Santiagoko Nazioarteko Zubian (Irunen) kokatutako hilarria zaharberritu zuten. Handik gutxira, ezezagun batzuek pinturaz orbandu zuten berriro eskultura, Espainia legendaren ordez Gipuzkoa idatziz eta Frantziarenaren ordez Lapurdi. Itziarren eskultura berri bat instalatu zuten: Amatasuna. Irungo Udalak bertan Oteizaren eta Basterretxearen egoitza eta tailerra izandako eraikina zaharberritzea erabaki zuen.
2002 Oteiza Museoa 2003rako zabalduko zela iragarri zuten. Fundazioaren patronatuak Alberto Rosales zuzendari izendatzea erabaki zuen, babesle batzuen eta Oteizaren testamentu-betearazlearen iritziaren kontra. Artistaren ordezkariak bere obraren bira bat iragarri zuen atzerrian zehar, Marlborough etxearekin hitzartua, Oteiza Fundazioaren Patronatua kontra agertu zelarik. Nafarroako Foru-Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Jorge Oteiza Katedra sortzea adostu zuten, Pedro Manterolaren zuzendaritzapean. Nafarroako Gobernuak Oteizaren obren “kontrolik gabeko” salmentaz kezkatua zegoela adierazi zuen. Artista Bilbora joan zen Esferaren desokupazioaren aldagai oboidea (Variante oboide de la desocupación de la esfera) eskultura inauguratzera. Oteiza Katedra (NUP), Iruñan abian jarria. Urriaren 18a: Donostiako Pasealeku Berrian Kreazio hutsa (Creación vacía) instalatu zuten. Bartzelonako Unibertsitateak Oteiza Arte Ederretan Honoris Causa Doktore izendatzea erabaki zuen.
2003ko apirilaren 9an hil zen Jorge Oteiza, Donostian.
[Itzultzailea: Bitez
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]