Edukira zuzenean joan

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak

hezkuntza-edukia

Gainbehera morala: kabareten eta kafe-kontzertuen arrakasta

Izenburua:
Gainbehera morala: kabareten eta kafe-kontzertuen arrakasta
Erakusketa:
Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
Gaiak:
Artea eta gizartea | Kabareta | Paris

Rodolphe Salis artistak Montmartreko lehen kabareta ireki du: Le chat noir (Katu beltza). Paris, 1881

Artista eta intelektualen topaleku, kabaretak ugaldu egin ziren Parisen, eta hiriko sektorerik kontserbadoreenen artean alarma piztu zuten: azken horiek gaitzetsi egiten zituzten lokal horietara joaten zirenak eta haien ohiturak, gizartearen gainbehera moralaren erakusgarri baitziren, haien aburuz.

Kabaretak gauerako entretenimendu- lokalak ziren; gizarte-maila desberdinetako gizonezkoak joaten ziren batez ere, eta ikuskizunez gozatzen zuten. Maiz, hirian zehar jazotzen ziren gertakarien inguruan eztabaidatzen zuten bezeroek emanaldia ikusten zuten artean eta, inoiz, eztabaida horietan isilpeko gaiak ere azaleratzen ziren. Ondoren sekretu horiek hirian zabaldu ohi ziren, hala nahita zein nahi gabe. Le Chat Noir ireki ostean, beste kabaret ugari agertu ziren; horietako asko artistek zuzentzen zituzten edo artisten topalekuak ziren. Kabaret batetik bestera giroa eta gaiak aldatu egiten ziren: adibidez, L’Enfer (Infernua) okultismoan interesa zuten paristarrei eskainitako lekua izan zen, eskeletoz jantzitako paretekin eta zerraldo-mahaiekin; bitartean, infernuko lokal horrekin alboz albo zegoen Le Ciel (Zerua) kabaretak Paradisua irudikatzen zuen, eta zerbitzariak aingeruz jantzita zeuden bertan.