Edukira zuzenean joan

Sekzioak | Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren bildumak 25 urte

hezkuntza-edukia

Christian Boltanski: Humans

Data: 1994

Teknika / Materialak: Argazkiak eta argiak

Guztizko neurri aldakorrak

Guggenheim Bilbao Museoa

Argazkiak dira Christian Boltanskiren (1944–2021) obren protagonistak. 1960ko hamarkadaren bukaeraz geroztik, artistak egunerokotasunetik hartutako argazkiekin egiten zuen lan. Bere asmoa bizitzatik bereizi ezinezko artea sortzea zen, eta egoera arruntak eta memoria kultural partekatuak bereganatzen zituen horretarako. Hormek hitz egingo balute, beharbada aukera izango genuke Gizakiak obra osatzen duten irudietan ageri diren pertsonak nortzuk diren jakiteko. Hala ere, artistak nahita ezkutatu zuen haien indibidualtasuna irudiak berriro zuri-beltzean fotografiatuta. Hainbat iturritatik hartutako argazkiak dira, familia bildumetatik hasi eta egunkari edo polizia-artxiboetaraino, eta neurri berberean moztutako plano itxi-itxietan landuta daude.

Gizakiak Museoko aretorik txikienetako batean dago: 25 m2 besterik ez dituen 204 aretoan. Artistak hala aginduta, argazkiak ausaz antolatuta erakusten dira; horrek irakurketa berriei ematen die bide obra instalatzen den bakoitzean, narratiba bakar bat ezartzea saihestearren. Artistak jarraibide hauexek baino ez zituen eman: aretoko hormak ahalik eta gehien betetzea eta argiztatzeko goritasun-bonbillak soilik erabiltzea. Gisa horretara sortzen den giro intimoa ezinbestekoa da bisitariek argiz eta aurpegiz osatutako basoan barneratzeak eragindako esperientzia bizi dezaten.