Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

hezkuntza-edukia

[Surrealismoaren gainean]

1924. urtean André Breton idazle frantziarrak zenbait intelektual elkarkideen ideiak azaltzen zituen lehenengo Manifestu Surrealista argitaratu zuen Parisen. Nahiz eta hasieran literatura-mugimendu bezala hasi, ikusizko arteekin lotu zen berehala. 1916. urtean Cabaret Voltairen abiatu zen Pariseko Dada mugimendua izan zen bere aurrekaririk gertuena.

Freuden psikoanalisi-teorietan oinarrituta, pintura automatikoa bezalako lan-praktika espontaneoak erabili zituzten, baita irudi fantastiko eta zentzugabeen irudikapena ere gizakiaren subkontzientea azaltzeko. Halere, Louis Aragon, René Magritte edo Salvador Dalí bezalako zenbait kidek politika, artearen merkataritza, moda edo publizitatearen erakargarritasuna sentitu zuten eta horrek tentsio handia sortu zuen mugimenduaren baitan.

Mugimendu honek eragin handia izan zuen gizarte eta komunikabideetan, kideek ekitaldi publikoetan, hitzaldietan eta erakusketa askotan hartzen baitzuten parte mugimendua hedatzeko. Era berean, hedapen-euskarri asko sortu zituzten, hala nola, Littérature, La révolution surréaliste edo Minotaure aldizkariak. Horren ondorioz, euren ideiak Erresuma Batura, Ameriketako Estatu Batuetara, Mexikora edo Japonera hedatu ziren Paristik. Hedapen horretan, halaber, faktore ezberdinek lagundu zuten: batetik, artiste surrealistek atzera eta aurrera bidaia ugari egitea eta haietako batzuk erbesteratzea —hala nola Max Ernst New Yorken eta Remedios Varo Mexiko hirian—; bestetik, Peggy Guggenheim-ek 1942. urtean Art of this Century museo/galeria sortzea New Yorken; eta azkenik, Edward James babesle britainiarrak denbora luzez Dalíren eta Magritten lana, baita Minotaure aldizkaria ere, finantzatzea. Izan ere, Jamesek Ingalaterrako Sussex eskualdean zuen Monkton Etxea Surrealismoak diseinuan izan zuen eraginaren erakusle izan zen.

Surrealismoak hedatzen zihoan eta 1936an erakusketa surrealistak izan ziren, aldi berean, Parisen, Londresen eta New Yorken. 1940ko hamarkadan, azken hiri horretan bildu ziren, mugimenduaren egoitza ofizial berrian, hain zuzen, André Breton, André Masson, Max Ernst, Yves Tanguy, Salvador Dalí, Man Ray eta Roberto Matta. Azken horren ideiek Espresionismo Abstraktua sortzen ziharduten sortzaile gazteetan eragin zuten: adibidez, Jackson Pollock-en lanean ageria da, automatismoaren eta pentsaeraren eta keinuaren arteko loturaren oihartzuna; Mark Rothko-k, bere aldetik, irudi fantastikoak erabili zituen 1940ko hamarkadan eginiko lanetan.

Surrealismoak Parisen bizirik iraun zuen Breton 1966. urtean hil zen arte; ondoren indarra galduz joan zen, baina oraindik badu eragina egungo kulturan eta gizartean.