Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

hezkuntza-edukia

Salvador Dalí. Elkarrizketa

Izenburua:
Salvador Dalí. Elkarrizketa
Erakusketa:
Surrealismoaren gauzak
Gaiak:
Artea eta paisaia | Artea eta psikologia | Artea. Teoria | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Pertzepzioa
Aipatutako artistak:
Dalí, Salvador

Zehatzago defini zenezake “paranoiko” hitza?

Izen osoa metodo kritiko paranoikoa da, eldarniozko materialen berehalako loturetan oinarritutako berezko ezagutze-metodoa baita. Nire bizitzako gauza guztiek —eldarniozkoek, antagonikoek, ezinezkoek— osatzen dute nire metodoa eta bat-batekotasunak egiten du mirakulu hori posible. Guztiz ezberdinak diren bi irudimen mota daude: bata erromantikoa, eta zure herrialdean, adibidez, prerrafaelistek (Burne-Jones, Rosetti eta abar) dute irudimen mota hori. Artista horiek ametsetan bizi dira, baina, amets horiek guztiz subjektiboak, neurotikoak dira; berehala itzartzen zara horietatik, desagertu egiten dira eta ez dago eldarnio horiek izan diren frogarik. Ni guztiz bestelakoa naiz, nire irudimena prerrafaelisten kontrakoa da eta. Erabiltzen dudan materiala pisutsua eta klasikoa da. Horrexegatik da beharrezkoa liburu batean frogatzea zein den mediterranear paisaiaren, Greziakoaren berdintsua dena, Grezia klasikoaren mitologiaren eta irudimenez betetako nire munstrokerien arteko harremana. Guztiek dituzte itxura edo mota bereko harkaitzak.

 

Bai, ulertzen dut geologiaren inguruan esandakoa, hemen ikusten duzuna zure irudiekin bat dator. Irudi horiek Dalíren buruan dauden irudi pribatuak dira. Margotzean errealitatearekin bat egiten dute.

Horixe da, nire eldarnioa harkaitz horietan, geologia horretan, injektatua eta sublimatua dago. Irudimen mota asko daude, baina, irudimen erromantikoa ez dago ia inoiz haitzetan. Herri-musikan baino ez egon ohi da, eskandinaviar herrialdeen irudi desagerkorretan baino ez... Nire biboteak ere argi uzten du, nire bibotea Friedrich Nietzsche-ren bibotearen kontrakoa baita. Friedrich Nietzscherena oso bibote etsigarria da, herri-musikaz eta erromantizismoz betea, baina Dalírena altxatutako bi Cesar-en berdina da, guztiz metalikoa, herri honetako haitzen legez. Hori dela eta, garrantzitsua da haitz eta leize liluragarriez betetako liburua, horrela baino ez direlako geologia, paisaia eta arrokak Dalíren bezalako irudimen paranoikoan sartuko.

 

Haitzak eta paisaia zure margoen atzea dira, antzinako maisuen obretan bezala, hortxe daude beti. Mantagne-k paisaia zeukan...

Mantagnerekin hala gertatzen da, bai. Mantagne da, beharbada, geologiaz gehien arduratzen den margolarietako bat. Bere gurutziltzaketan haitzen distira ez ezik, fosilena eta erliebearen elementuena ere badago. Inoiz ez da harririk agertzen Rossetti-ren lanetan, ezta Delacroix-erenetan ere; edonolako poesia erromantikoan ere ez, ezta Baudelaire berarenean ere. Loreak, usainak, lainoa, irudi desagerkorrak baino ez daude. Baina Mantagneren irudimenak lurraren ezaugarriak zituen, Antzinako Greziaren eta Errenazimentuaren abantaila.

 

Paisaiaz galdetu dizut, baina adimenarekin lotutako Dalíren beste irudi batzuetan makuluak, zabaldutako tiraderak agertzen dira. Hori ez da ez Port Lligat ez geologia.

Ez, ez, ez, baina Creuseko lurmuturrera gerturatuz gero, hemendik 20 minutura baino ez, harri ikaragarriak ikusiko dituzu. Oso ezberdin eratu ziren. Batzuk bigunak dira, nire erloju bigunen kalibre berdinekoak, beste batzuk oso lehorrak, ebakortzek bezala gora egiten dute, ia gotikoak dira. Bi horien artean, bigunaren eta zurrunaren artean, egiten du etengabe lan Dalík. Makuluek urtzen diren egitura bigunei zurruntasuna ematen diete; tiraderek kaosa ordenatzen dute. Xelebrekerien inguruan hitz egiten dute guztiek. Era batean, bai, egia da, baina gizon guztiz paradoxikoa naiz. Egia da xelebrea naizela, eszentrikoa, baina, zentrokidea ere bai. Eszentrikoa eta zentrokidea.

 

Gauez arazorik al duzu bibotearekin? Zerbaitekin eusten duzu? Ala tente mantentzen da gau osoan?

Ez, gauero gatz arruntarekin garbitzen dut.

 

Beraz, gauez erortzen da.

Guztiz, guztiz.

 

Eta goizez gora egiten du.

Hiru minututan prest; hiru minutu baino ez ditut behar atontzeko.

 

Orduan bai egin diezaiokezula aurre munduari, bibote itzel hori tente.

Bai, egunez egun praktikoagoa delako nire inspiraziorako.

 

Hara, horrek liluratu nau.