Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

hezkuntza-edukia

Tristan Tzara. Dadaismotik Surrealismora

Izenburua:
Tristan Tzara. Dadaismotik Surrealismora
Erakusketa:
Surrealismoaren gauzak
Gaiak:
Artea eta politika | Artearen historia | Anarkismoa | Marxismoa | Paris | André Breton | Indibidualismoa
Mugimendu artistikoak:
Dadaismoa | Espresionismoa | Futurismoa | Kubismoa | Surrealismoa

Suitzara heldu nintzenerako, 1916an, olerki batzuk idatziak nituen eta poesia baino ez nuen buruan. Ez zen, noski, garai hartako poesia, poesia modernoa baizik. Ordurako Apollinaire ezaguna zitzaidan, baita Jarry eta jadanik abangoardiakotzat zituzten beste idazle batzuk ere. Kubismoa, Futurismoa eta Espresionismoa ezagutzen genituen; denbora gutxian modernotasunak Europa jo zuen.

 

Modernotasuna Europan zehar hedatu zen arren, Dadaismoa ez zela modernoa esan zenuen. Zer esan nahi duzu horrekin?

Dadaismoa ez da modernoa. Horrelaxe esan genuen Parisko biltzarrean; Dadaismoa anarkismotik oso hurbil zegoen eta modernotasuna berriz, dogma itxura hartzen ari zen, erakunde itxura-edo. Espiritu berri bat zegoen. Modernotasunak arkitekturari, margoari so egiten zien, baina guri ardura zitzaiguna gauzen eta bizitza beraren espiritua zen. “Moderno” hitzak kutsu peioratiboa zuen guretzat eta ia-ia iraina zen “moderno” deitzea.

 

Orokorrean, konbentzioen aurka zeundeten, ezta?

Bai, horixe. Konbentzio, teoria eta dogma guztien aurka.

 

“Dialektiko” hitza erabili zenuen lehen aipatutako biltzarrean. Azalduko zenuke, mesedez, Dadaismoaren eta Marxismoaren arteko harremana? Geroago Marxismora hurbildu zinen eta mugimenduak kontraesanean daudela dirudi; dadaista batzutan, marxista bestetan.

Bai, ondo diozu, hala da. Garai hartan, hala ere, ez genekien inolaz ere Marxismoa edo politika zertan zeutzan. Aurrerago murgilduko ginen gai horietan eta, gainera, surrealistak izan ziren batik bat literaturaren, artearen eta Marxismoaren arteko loturak ezartzen saiatu zirenak. Dadaismoaren garaian baina, ez genituen gai horiek jorratu, horrexegatik jotzen da Dadaismoa anarkistatzat; banakoak bere burua aditzera ematen du, baina ez du, ordea, teoria orokor bat zabaldu nahi.

 

Zelan azalduko zenuke Dadaismoak izan zuen aldaketa, indibidualistagoa izatetik, hurbilketa politikoagora, zorrotzagora?

Batik bat, surrealistek lortutakoa da hori. 1924. urte inguruan hasi zen Surrealismoa Parisen. Ni ez nintzen, noski, mugimenduaren pertsonaia nagusietako bat eta, jakingo duzunez, Breton-ek idatzi zuen Manifestua. Dena den, 1924tik aurrera objetibismora hurbiltzeko joera genuen, Dadaismoa guztiz subjektibista zen arren. Iraultza dadaista umetxoa baino ez zen, lausoa, ez zuen helburu zehatzik eta edozein zientzia-definiziotik aldentzen zen. 1924an Frantzia eta Maroko arteko guda pil-pilean zegoen, surrealistak frantziar nazionalismoaren aurka zeuden eta apurka-apurka gizartearen ardurez mintzatzen hasi ziren, eta horien artean, jakina, Marxismoa zegoen. Dadaismoa bestalde oso indibidualista zen, hortaz, ezin zuen Komunismoarekin loturarik onartu.

 

Orduan, badiozu Dadaismoak ez zuela aldaketa nahiko sakonik izan?

Ez da aldatu Dadaismoa eta Surrealismoa ezberdinak direlako. Dadaismoa ez dela eskola edo joera bat esan dezakegu, abentura bat baizik.