Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

hezkuntza-edukia

André Breton. Elkarrizketa

Ezagutza-egarria Rimbaud-ek baino ez zidan asetzen. Valéry eta Apollinaire neka-neka behar nituen, haren gainean hitz egin nahi bainuen beti, nahiz eta eurek esandakoak inoiz gutxitan betetzen ninduen. Zer esanik ez, Vaché-k ezin zuen Rimbaud jasan, baina bere iritziak ez zidan nabarmen eragiten gai horretan. Liluratuta nengoen. Horrez gain, bat-batean Raoul Leroy doktorearen laguntzaile gisa bidali ninduten bigarren armadarentzako ospitalera, St. Dizierera. Bertara buruko arazoak zirela eta (eldarnioa barne) frontean ezin egon zitezkeen gizonak eramaten zituzten. Epaiketa militarraren zain zeuden gaizkileak ere eramaten zituzten, epaiketan txosten medikoa eskatu bazuten. Bertan igaro nuen denborak eta gertatzen zen guztiaren inguruan nuen interesak ondorio garrantzitsuak ekarri zituen nire bizitzara eta, zalantzarik gabe, eragin handia izan zuen nire pentsaeraren garapenean. Han, garai hartan batere ohikoa ez bazen ere, psikoanalisiaren teknikak erabil nitzakeen gaixoekin. Ametsak grabatu nituen batez ere, gero horien interpretazioa lantzeko eta ideia-asoziazio askea aztertzeko. Hasieran, jakina, geneukan material surrealista bakarra ziren amets horiek.

Littérature aldizkarian, 1919ko urriko eta abenduko zenbakietan agertu ziren lehenbiziz Soupault-ek eta biok idatzi genuen Les champs magnétiques (Eremu magnetikoak) liburuaren hiru kapitulu. Zalantzarik gabe, lehenengo obra surrealista eta ez dadaista izan zen. Izan ere, idazkera automatikoa lehen aldiz sistematikoki aplikatzearen ondorio izan zen. Hilak generamatzan saiakera hori lantzen. Idazkera automatikoak —azkenean egunero jorratzen genuen, zortzi-hamar ordu jarraian— errealitatearen inguruko ulermen esanguratsua eskaintzen zigun, eta aurrerago baino ez genuen guztiz ulertuko zer ondorio zekartzan. Hori guztia dela eta, ezin daiteke aurkeztu Surrealismoa Dadaismotik eratorritako mugimendua bailitzan, edo horren aldaera kronologikoa balitz bezala ulertu. Egia esan, Littérature aldizkarian eta argitalpen dadaistetan, bi mugimenduen ekarriak aldizkatzen ziren etengabe.

 

Zertan jarduten zuen Dadaismoak 1920ko hamarkadaren hasieran?

Parisen Dadaismoak hiru aldi izan zituen. Lehenengoa, oso bizia, Tzara bertara heldu ondoren garatu zen, 1920ko urtarriletik urte bereko abuztua arte. Gero, zalantzak etorri ziren, eta helburuak berdinak izan arren, moduak guztiz bestelakoak ziren; aldi horretan, 1921eko urtarriletik urte bereko abuztura bitartean, Aragon-en eta bion eragina nabari zen. Azkenik, ondoezaz beteriko aldia iritsi zen: hasierako ideietara itzultzen saiatu ziren, baina horrek 1922ko abuztua arte mugimenduan parte hartu zutenak atsekabetu zituen. Dadaismoa hiltzear zegoen. 1923ko udaberrian azken hatsa hartu zuen; bi urte zeramatzan hilzorian eta uztailan akabatu zuten, Soirée du Coeur à gaz (gas elkartasun gaua) ekitaldia aurkeztean.

Surrealismoaren garaia hasia zen. Denbora gutxi behar izan genuen zamak libratzeko eta orduan, ni zuzendari nintzela, Littérature aldizkariko ale berriak kaleratu genituen. Aragon, Éluard, Ernst, Péret eta nire inguruan nukleo sendoa eratu zen; bertan, Jacques Baron, René Crevel, Robert Desnos, Max Morice eta Roger Vitrac ere bazeuden. Aurreko aldiarekin parekatuz gero, energia gutxiago ez, gehiago baina, eskaintzen genion mugimenduari. Picabia-rekin bidaian nengoela, Bartzelonan emandako hitzaldi batean nahiko ondo jasotzen da garaiko giroa. Hitzaldi hori nik idatzitako Les pas perdus (Urrats galduak) liburuan aurki daiteke. Idazkera automatikoa berriz indartzen hasi zen eta gure arreta guztia eskaintzen genion. Eguneroko ardurek eztabaida biziak, baina beti adeitsuak, izatera eramaten gintuzten. Geroago hasiko ginen lehian. Esan nezake, ideiak zabal-zabalik partekatzen genituela, ezer gorde barik. Surrealismoa aukerazko “talde bat” bezala deskriba badaiteke, Monnerot-ek La poésie moderne et le sacré (Poesia modernoa eta sakratua dena) obran egin zuen legez, esan dezakegu, gu geu, taldea, antzeko osotasuna ginela. Inork ez zuen ezer gordetzeko saiorik egiten, guztia partekatzen genuen. Egun, sen oneko pertsona jakin batzuk euren autonomiaz hain arduratuta, euren sekretu txikiak hilobira eramateko irrikatan ikustean, garbi esan nezake, guk jarrera horretatik aldentzeko ahalegin guztiak egiten genituela.

Pertsona horien hurbilketa, ikuspuntua edozein dela ere, ez da zuzena.

Manifestua idatzi aurretik egin bagenituen ere, ametsarekin egindako esperimentuak Surrealismoaren historian funtsezkoak dira. Manifestuko baieztapen teorikoak bai esperimentu horietan bai idazkera automatikoan oinarritzen ziren.

 

Interesgarria litzateke subkontzientearen inguruan egin zenituzten ikerketak baldintzatu zituzten ideia eta erronkak azaltzea.

Hasteko idazkera automatikoak eta eragindako ametsen adierazpenak unitate bat osatzen dutela ulertu behar da. Bi horiek gauzatzean lortzen dena “bigarren mailako egoera” deritzona da. Galdetu didazu ea zerk eraman gintuen egoera horiek gogokoenak izatera. Erraza da erantzuna. Zoratzen gintuena zen egoera horiek aukera eman ziezaguketela kontrolatutako pentsatze-prozesuen mugetatik ihes egiteko. Horretarako modurik eraginkorrenetako bat bat-bateko zentzumen pertzepzioari men egitea zen; horrela, hein handi batean, bihur daiteke adimena errealitatearen “jostailu”. Ohiko pentsatze-prozesuan antzeman dezakezunaren zati batean baino ezin zaitezke oinarritu, belarrietara, begietara etab. heltzen zaizun zati horretan hain zuzen; baina horrela sortutako irudipenek pentsatze-prozesua faltsutzen dute. Murrizten gaituen beste teoria garrantzitsu bat “pentsamendu kritikoa” delakoa da eta hori astintzeko premia larria genuen; honek hizkuntzari eta beste komunikazio-moduei eragiten die eta gure ustetan, nik hala uste dut oraindik ere, adierazteko modu esklerotikoak nahi izatekotan eta giza adierazkortasunari hasierako xalotasuna eta ahalmen sortzailea itzultzekotan, oztopo egiten duen prozesu gehigarri hori ezabatu beharko genuke.

 

Zeintzuk ziren, bada, gainditu nahi zenituzten murrizketak, zuen jarduerak geldiarazten zituzten mugak?

Muga horiek logikarekin zerikusia zuten. Garai hartan nagusi zen arrazionalismo itxia, gizartearekin eta sexualitatearekin lotutako tabuak eta “gustu onaren” inguruko arau faltsuak esaterako joera horren alde txarrenetako batzuk dira. Aipatutako “pentsamendu kritikoak”, nahi edo ez oinordetzan jasotzen dugun horrek, espekulazio intelektuala blokeatzen zuela ikusi genuen. Ezin genuen sen ontzat hartu, gure iritziz, guztiz zaharkitutakoa baitzen. Eskolan lantzen ikasi genuen pentsamendu kritiko hori gure etsai handiena izendatzea erabaki genuen.

 

Zalantzarik ez, baina, zer eskaintzen zenuten horren truke?

Alegiazkoaren gogoa, sentimendu hori haurtzaroko oroimenei esker berpitz daitekeelako. Garaiko joera nagusiek ez bezala, liluragarriari ekin genion eta liluragarria sustatzen genuen baldintzarik gabe; mendeetako arrazionalismoaren nagusitasunak ekarritako pentsamendu-prozesuen antzutze eta txirotzeari emandako erantzun bortitza izan zen. Ondo baino hobeto jasotzen du zer gertatzen zen 1924ko Manifestuko esaldi batek: “Ondorioz, erabakitzen dugu: alegiazkoa beti da eder, alegiazkoa den guztia ederra da. Ederra den bakarra alegiazkoa da”.