Edukira zuzenean joan

Surrealismoaren gauzak

hezkuntza-edukia

Robert Desnos. Amets baten deskribapena

Izenburua:
Robert Desnos. Amets baten deskribapena
Erakusketa:
Surrealismoaren gauzak
Gaiak:
Subkontzientzia | Ametsak

“Bat-batean herrialde ezezagun baten nengoen, haizeak gogor jotzen zuen... Talde handia ginen eta ibili ahala abesten genuen. Besteak ziztu bizian zihoazen. Niri dagokidanez, gogor saiatu arren, ezin nion euren erritmoari eutsi. “Itxaron! Itxaron!”. Bat-batean, gure aurrean... “Baina, zer dira piztia izugarri horiek? Hipopotamoak? Bai! Hipopotamoak! Guau! Behin ere horrelakorik!”. Guztiak hasi ziren korrika. Ezin nituen hankak mugitu. Tupustean (garrasi itzela): Max Rémier zapaltzen ari nintzen, lurrean zegoen, 30 metroko luzera zuen eta orbanak zituen gorputz osoan, jirafa bailitzan. Hipopotamo biak guregana zetozen, arrapaladan, eta jotzekotan ginenean, zuhaitz baten atzetik zera ikusi nuen, mundu osoko piztia-ilara luze-luzea: benetako animalia erreserba. Momentu hartan bertan baina, ekaitza hasi zen: haizeak, euriak, ekaitz elektrikoak piztiak ihesarazi zituzten... Ekaitza musika-ekaitza zen orain, oihana entzunaretoa. Txaloak entzuten ziren, baina ez zegoen inor aretoan. Txaloak burrunba ziren orain: edonork pentsatuko luke tiroketa zela... “Lagundu! Lagundu!”. “Sartu hona, salbu egongo zara, sartu zaitez, mesedez”. Areto-zaina zen barru biguna zuen kutxara bultzatzen ninduena. Kutxa hormigoizko babeslekua zen, eta bertan ikusle guztiak estu-estu bildurik aurkitu nituen. Gure azpian, auditoriuma eraisten ari zen; tiroketak jarraitzen zuen. Babeslekuan itolarriaz kexatzen ziren. “Lagundu! Aire apur bat, mesedez!”. Ni neu ere itotzear nengoen itzarri nintzenean, arnasestuka, burukoa buru gainean nuela”.