Edukira zuzenean joan

Alice Neel: pertsonak lehenbizi

katalogoa

Aurkezpena

Max Hollein

Izenburua:
Aurkezpena
Egilea:
Max Hollein
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta The Metropolitan Museum of Art, 2021
Neurriak:
21 x 30 cm
Orrialdeak:
256
ISBN:
978-84-95216-94-6
Lege gordailua:
BI-01343-2021
Erakusketa:
Alice Neel: pertsonak lehenbizi
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Artea eta gizartea | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Erretratua eta autorretratua | Fine Arts Museums of San Francisco | Guggenheim Bilbao Museoa | The Metropolitan Museum of Art | Humanismoa | New York | Kelly Baum | Randall Griffey | Sheena Wagstaff | Berdintasuna | Giza eskubideak | Justizia
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Neel, Alice

Alice Neelen bizitza izugarri sortzailearen historia bereari amore eman gabe eutsi zion margolari apartarena da; bere horretan definitzen duen obra piktorikoa sortu eta bere ikuspegi pertsonalarekiko fidel mantendu zen aparteko margolari batena, ia 70 urteko ibilbidean zehar izandako oztopoak oztopo. Alice Neel: pertsonak lehenbizi [Alice Neel: People Come First] atzera begirakoa New Yorkeko museoetan artista bikain honi buruz azken 20 urteotan egin den lehenengoa dugu. Erakusketak Neelen bizitza eta artea aztertzen ditu XX. mendeko kulturaren historiaren testuinguru zabalagoaren barruan, garai hartako gertakari eta konbultsio handien harira. Horrez gain, artista erradikal gisa aurkezten digu Alice Neel; izan ere, eskubide zibilekiko eta justizia sozialarekiko zuen konpromisoak definitu zituen bai haren nortasuna, pertsonala nahiz publikoa, bai estilo figuratiboa erabiltzea pintatzeko orduan, eta bai gaiak aukeratzean egindako hautua ere.

Eskerrak eman nahi dizkiot hemen ‘Leonard A. Lauder’ Arte Moderno eta Garaikiderako Zuzendari Sheena Wagstaff-i, berak proposatu baitzuen lehenik Met-ean Neeli eskainitako atzera begirakoa antolatzea. ‘Cynthia Hazen Polsky and Leon Polsky’ Arte Garaikiderako arte-arduradun Kelly Baum-ek eta Arte Moderno eta Garaikiderako arte-arduradun Randall Griffey-k erakusketarako ikuspuntu kuratoriala eta edukia garatu dituzte. Horretarako, Neelen artxiboetan ikerketa sakona burutu dute eta hainbat aurkikuntza egin dituzte Meredith A. Brown Ikerketarako alboko ohiaren ezinbesteko laguntzarekin. Proiektu hau aurrera ateratzeko orduan hamaika ekarpen egin dituzte kide askok, izan museokoak zein bestelako profesionalak.

Nire esker beroena adierazi nahi diot ere artistaren familiari, batik bat Hartley eta Ginny Neeli, eta erakunde mailegatzaile nahiz mailegatzaile pribatuei, haien laguntzarik gabe proiektu hau ezinezkoa izango baitzen. Eskerrak ere Met-eko erakusketaren babesleei, besteak beste, Barrie A. and Deedee Wigmore Foundation, Adrienne Arsht Fund for Resilience through Art, Agnes Gund eta Jane and Robert Carroll Fund. Argitalpen hau Samuel I. Newhouse Foundation, Inc., Locks Foundation, Sueyun Locks, eta Antoinette Kraushaar Fund-en laguntzari esker gauzatu da. New Yorkeko Metropolitan Museum-eko inaugurazioko ekitaldiak Phillips-en babesari esker antolatu ziren. Erakusketa honen ibiltaritzako kide diren Guggenheim Bilbao Museoari eta de Young Museum, Fine Arts Museums of San Francisco-ri ere nire esker ona adierazi nahi diet, haiei esker publiko zabalagoak ezagutuko baitu Alice Neel.

Neel berak egindako erretratuek garai hartako zeitgeist delakoa irudikatzen zutela sinestuta zegoen. Hark landutako ikonografiak artistaren humanismoa eta berdintasun sozialarekiko zuen konpromisoa laburbiltzen ditu, eta ageriko loturak ditu gaur egungo testuinguru sozial eta politikoarekin, baita horrek azaleratzen dituen erronkekin ere. Katalogo honetako jatorrizko ingelesezko testuak covid-19ak eragindako izurritea zela-eta Met derrigorrez itxita egon zen garaian idatzi ziren, 2020ko martxoa eta abuztua bitartean, AEBn justizia sozialaren aldeko eta arrazakeriaren kontrako aldarrikapenak gori-gori zeudenean.

Testuinguru horretan, inoiz baino aipagarriagoak dira Neelek gizakiok berezkoa dugun duintasunean zuen fede menderaezina eta kontzientzia sozialari zion ezin hautsizko atxikimendua.

Max Hollein
Zuzendaria. The Metropolitan Museum of Art, New York

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak, SL
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]