Jenny Holzer. Zera deskribaezina
205. aretoa
Atalak
Jenny Holzer. Zera deskribaezina
- Izenburua:
- Jenny Holzer. Zera deskribaezina
- Erakusketa:
- Jenny Holzer. Zera deskribaezina
- Gaiak:
- Gizakia | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta emozioa | Artea eta teknologia | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Gogoeta
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Arte Kontzeptuala
- Teknikak:
- Akuarela | Olio-pintura
- Artelan motak:
- Instalazioa | Kokapen zehatzerako artea
- Aipatutako artistak:
- Holzer, Jenny
Guggenheim Bilbao Museoak Jenny Holzer. Zera deskribaezina aurkezten du, gure garaiko artistarik nabarmenenetako baten lanari eskainitako erakusketa.
Berrogei urtetik gorako ibilbidean Holzerrek jaulki dituen ideia, argudio eta minak hainbat instalaziotan aurkezten dira, zein bere gizarte-dimentsio iradokitzaileaz hornituta. Artistak testua du adierazpide, kamiseta batean, xafla batean, pintura batean nahiz LED errotulu batean idatzita egon. Testua espazio publikoan banatzea bere lanaren berezko ezaugarria da: 1970eko hamarkadan hasi zen New Yorken poster-sail bat itsasten, eta paisaiaren eta arkitekturaren gaineko argi-proiekzio berriagoak egiten darrai. Testu zuzen eta zorrotzen bidez, giza existentzia ezaugarritzen duten funtsezko elementuei heltzen die Holzerrek. Artistaren xedea publikoa erakartzea da; horretarako, espazioak sortzen ditu, ikusleei eskatzen dietenak hainbat gai eztabaidagarriren aurrean duten jarrera zalantzan ipini edo defini dezaten, iheslarien krisi globala, emakumeen aurkako indarkeria eta botereabusu sistematikoak tarteko.
Erakusketa honek berriki sortutako lan batzuk ere hartzen ditu, hala nola, muntaia robotikoen bidez animatutako errotulu elektronikoak, pinturak, akuarelak eta argi-proiekzioak. Holzerren lana Guggenheim Bilbao Museoaren parte izan da hasiera-hasieratik, kokapen zehatzeko Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao, 1997) zirraragarria dela-medio. Atrioaren alboko areto batean dago pieza hori, eta Museoaren inauguraziorako enkargua izan zen; bederatzi zutabe argiztatu agertzen ditu, bakoitza 12 metrotik gorakoa. Hemen joan-etorrian ageri diren testuak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez daude, eta Holzerren Arno testuaren aldaera bat dira; HIESaren ikerketa sustatzeko proiektu baterako idatzi zituen artistak, eta 1996an Florentzian egin zuen aire zabaleko proiekziorako —egin zuen lehena— moldatu zituen. Iaztik, artelan hori osatu du Arno bikotea (Arno Pair, 2010) lanak, hau da, artistak Museoari oparitutako harrizko banku zizelkatu pareak.