Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Sarrera
Natura hila (Natura morta), 1942
Iruzkinak
Morandi – Greco / Luis Egidio Meléndez / Francisco de Zurbarán
- Izenburua:
- Morandi – Greco / Luis Egidio Meléndez / Francisco de Zurbarán
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Artearen historia | Eragin artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Natura hila | Espainiako Urrezko Aroa | Paul Cézanne | Giuseppe Raimondi | Roberto Longhi | Tradizioa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Greco, | Meléndez, Luis Egidio | Morandi, Giorgio | Zurbarán, Francisco de
1918an, Morandi-ren eta XVI. mendeko Greco-ren espainiar artistaren lanaren arteko topaketa biziaren testigu izan zen Giuseppe Raimondi, artistaren adiskide eta literatura-kritikaria. Greco Kretan jaio zen eta hogeita hamar urte baino gehixeago zituenean heldu zen Toledora, Espainiako eskolaren ordezkari nagusietako bat bihurtu zen tokira, hain zuzen.
Raimondik gogoratzen du nola Morandik zeukan liburu batean Grecoren lanen erreprodukzioak agertzen ziren; baina hain txikiak ziren, ezen begiak denbora asko behar baitzuen haien formak hautemateko. Tamaina murritzekoak ziren arren, Morandi txundituta geratu zen koadro baten beheko aldean zegoen lore-itxurako xehetasun batekin. “Ulertu ahal izango banu —esan zidan— zer irudikatzen duten lore hauek. Ezein pintore modernok ez du horrelako lorerik pintatu. Renoir-ek bakarrik beharbada…”.
Raimondik kontatutako pasadizo horrek Espainiako maisu handietako baten eta Morandiren natura hilen arteko lehen lotura ezartzen du. Gainera, aukera ematen digu ikusteko nola ikertzen zituen italiar artistak bere inspirazio-iturriak; haren sormen-prozesura eta margotzeko modura hurbiltzen gaitu.
Giorgio Morandi irudika dezakegu, Via Fondazza kaleko estudioan, Grecoren lanak aztertzen: argi-ilunen erritmoak, irudien gaiak, konposizio-eskemak, xehetasunak, koloreak eta abar barneratzen.
Zuzeneko loturarik ez dagoen arren, ez eta aipamen argirik ere, hainbatetan aztertu da Giorgio Morandiren natura hilen eta espainiar tradiziokoen arteko lotura.
1930ean, Erromako Galleria Nazionale d’Arte Moderna galeriak Contini-Bonacossi bildumako antzinako espainiar margolariak erakusketa aurkeztu zuen, eta benetako inspirazio-iturria izan zen italiar artistentzat, ordura arte zuri-beltzeko erreprodukzioen bidez soilik ikusi baitzituzten Espainiako maisuen lanak. Koadro horiek bertatik bertara ikustea oso garrantzitsua izan zen, bereziki margolari modernoentzat; horiek ezin izan zuten erakusketa ikusi gabe geratu, Morandiren adiskide Roberto Longhi komisarioak erakusketaren sarreran adierazi zuen moduan. Beraz, ondoriozta dezakegu margolaria bilduma horren erakusketara joan zela, sarritan joaten baitzen Erromara, bere jakintza eguneratu eta azken erakusketak ikusteko. Erromako museoa herrialdeko garrantzitsuena zen, XIX. eta XX. mendeetako arteari zegokionez. Obra horiek han agertzeak esan nahi zuen “abangoardiako” lantzat hartzen zirela, museoaren denbora-eremutik kanpo geratzen baziren ere.
Contini-Bonacossi kondearen bilduman agertzen zen espainiar artistetako bat Francisco de Zurbarán zen, XVII. mendeko margolari handietako bat. Roberto Longhiren ustez, Zurbarán margolari funtsezkoen artean sartu behar da, Caravaggio-rekin eta Cézanne-rekin batera. Argi-ilunak eta formen irudikapena ongi menderatzen zituen; horregatik da artearen historiako maisu garrantzitsuenetako bat.
Gaiari dagokionez, areto honetan aurkezten den Ama Birjina eta Haurra lanak ez du loturarik, itxuraz, Morandiren lanekin, baina begira iezaiozu arretaz koadroaren eskuinaldeko natura hilari. Roberto Longhik antzeko lan bati buruz esan zuen moduan, natura hil horren sotiltasun piktorikoa Cézanne berarena izan zitekeen.