Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
Natura hila (Natura morta), 1928
Iruzkinak
Natura hila (Natura morta), 1956
- Izenburua:
- Natura hila (Natura morta), 1956
- Erakusketa:
- Atzera begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Geometria | Kolorea | Konposizioa | Natura hila
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Chardin, Jean-Baptiste-Siméon | Morandi, Giorgio
Koadro hau Morandi-ren azken garai piktorikokoa da, kubo-itxurako ezohiko forma batzuk artistaren natura hiletan protagonismoa hartzen hasi ziren sasoikoa hain zuzen. Boloniako maisuaren amaierako garai horretako lanetan, kutxa laukizuzenak agertzen dira. Kartoi mehez egindako eraikuntza txikiak ziren, artistak berak eskuz eginak, seguruenik, eta oraindik ere Morandiren Boloniako estudioan gordeta daude.
Obra honetan, artistak armonia kromatiko dotorea lortu zuen. Bi objektu-ilara agertzen dira, eta haien kokapenari esker sakontasun espaziala sortzen da koadroan. Lehen planoan hiru kutxa daude: kolore argikoak dira, baina oso zehatz eta argitsuak. Bigarren planoan, berriz, objektu bertikalen segida bat dago: hiru botila eta pitxer bat, zilindro-formako kutxa txiki baten ondoan. Multzoaren erdian nolabaiteko monumentu txiki bat osatzen dela dirudi, eta hain dago hurbil eszenaren ertzetik, ezen begiratzean eroriko dela baitirudi.
1956an, Morandi Suitzara joan zen, Winterthur hirira, eta, ohi ez bezala, aukera izan zuen Chardin-en bi margolan aurrez aurre ikusteko. Karta-gaztelua koadroak, 1735 ondorengo data duenak, bereziki hunkitu zuen italiar maisua. Erakusketa honetan gai berari buruzko bi koadro daude ikusgai. Bisitaldi horri buruz, Suitzako museo horren zuzendariak azaldu zuen Morandik “karten kokapena bereziki aztertu” zuela, Chardinen margolan horren aurrean gelditu zenean.
Miresten zituen koadroetako xehetasun txikietatik ideiak hartzen zituelako zen Morandi ezaguna bere lagun artisten eta arte-kritikarien artean. Kasu honetan, Chardinek margotutako karten eta Morandiren kutxen artean halako antzekotasuna dagoela ikus dezakegu.