Mark Rothko: argizko paretak
[Mark Rothko: argizko paretak]. Sarrera
Liliten errituak
Iruzkinak
Metrorako sarrera (Metro geltokia, Metroko eszena), 1938
- Izenburua:
- Metrorako sarrera (Metro geltokia, Metroko eszena), 1938
- Erakusketa:
- Mark Rothko: argizko paretak
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Geometria | Hiri-eszenak
- Artelan motak:
- Pintura
Hasierako urteetako margolan hau, Metrorako sarrera (metro geltokia, metroko eszena), 1930eko hamarkadaren amaierakoa da. Estilo gutxi gorabehera errealistan margoturik dago, baina dagoeneko baditu gerora etorriko diren margolan heldu eta abstraktuen hainbat ukitu.
Rothko Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen haurra zenetik, eta 1923an New Yorkera joan zen bizitzera. Rothkok 1930eko hamarkadan egin zituen New Yorkeko metroari buruzko margolan serieko pinturetako bat da hau. Bere ibilbidean zehar, ideiak argitu zituen elkarrekin erlazionatutako hainbat mihise eginez; izan ere, bere lan helduetako asko serietan bilduta daude.
Hiriko eszena bizi-biziak, adibidez honako hau, gai zabalduak ziren Rothkoren garaikide ziren errealisten artean. Hala ere, haientzat ez bezala, Rothkorentzat alderdi soziala eta politikoa ez dira erakargarriak. Haren irudiak forma nahasiak eta irrealak besterik ez dira, eta metroaren beraren arkitektura‑eskala erakusteko balio dute. Badirudi eszenaren egitura geometrikoak liluratzen duela Rothko: mihisearen marko angeluzuzenaren barnean, eremu laukizuzenak osatzen dituzten lerro horizontal eta bertikal biziak. Arkitektura‑egitura horiek buruan izatea interesgarria izango da, geroago egin zituen lanei begiratzen diegunean.
Horrez gainera, dagoeneko deigarria da Rothkok funtsean laua den bi dimentsioko formatua nahiago izatea. Irudi hori oso sinplifikatuta dago, eta sakontasunerako ilusio gutxi du, agian erdialdean bat‑batean metroan barneratzen denean izan ezik. Rothkoren geroagoko lan askok ezezaguna den horretara garamatzaten leihoak iradokitzen dizkigu. Hemen, atalasearen ideia aztertzen ari da jada (literalki, lurpeko mundu ikusezin baterako irekiunea).