Mark Rothko: argizko paretak
Titulurik gabea (gorria, laranja)
Iruzkinak
Titulurik gabea (beltza gris gainean)
- Izenburua:
- Titulurik gabea (beltza gris gainean)
- Erakusketa:
- Mark Rothko: argizko paretak
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea eta psikologia | Kolorea
- Teknikak:
- Pintura (pintura akrilikoa)
- Artelan motak:
- Pintura
Margolan hau 1969 eta 1970 bitartekoa da, Rothkoren bizitzako azken urtekoa. Hemezortzi lanez osaturiko multzo bateko margolana da. Gris gaineko pintura beltzak margolanak Rothkoren norabide aldaketa ekarri zuen. Hasierako serieak ez bezala, margolan horiek ez zituen toki jakin baterako sortu. Baliabide berri bat erabili zuen: akrilikoa, olio pinturaren ordez. Eta, oroz gainetik, aurreko lan helduen aldean, margolanak oso ezberdinak dira egituraren aldetik.
Konposizioak ez ziren jadanik oinarritzen kolorezko laukizuzenetan, hondo koloredun baten gainetik flotatzen. Pintura mihisearen gainean datza, plano mate eta trinko batean. Margolanak horizontalean banatuta daude. Behealdea grisa da, edo, zenbaitetan, marroia. Goialdea beltza da. Sarritan, oso ongi ikusten diren pintzelkadek zeharkatzen dituzte bi erdiak, eta horrela artistaren besoaren mugimendua iradokitzen dute. Bi erdiek bat egiten duten aldean, pintzelkadak bereziki urduriak dira. Eta, horizontea zehazki definituta dagoela dirudien arren, grisa eta beltza nahasi egiten dira.
Zerrenda zuri mehe batek inguratzen ditu obrak. Horrek mihiseen mugak nabarmentzen ditu, eta margolanaren barruan beste bat dagoenaren irudipena sortzen du. Margolanaren lautasuna indartzeko ere balio du. Lautasun horrek ikuslearengan erantzun berri bat sortzen du. Rothkoren aurreko lanek parte hartzera gonbidatzen zuten; hauek bere baitan biltzen direla dirudi. Hasierako lanean, Rothkoren koloreetan atsegin sentsual bat zegoen, bai eta haren margolanetako geruza erliebedunetan ere. Hemen, sentipen horiek ukatzen dira.
Azken margolan hauen gordintasuna ikusita, tentagarria da Rothkoren tragedia pertsonalari lotzea. Depresioak markatu zituen haren azken urteak, eta bere buruaz beste egin zuen azkenean. Baina Gris gaineko pintura beltzak margolanak abiapuntu berri gisa ere ikus daitezke: ikuslearentzako erronka berri gisa, artearen aurrean erantzuten dugun erari buruz ere gogoeta egiteko.