Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
Nire itzala infiniturantz Stromboli tontor gainetik 1965eko abuztuaren 16ko egunsentian (La Mia Ombra Verso l’Infinito dalla Cima dello Stromboli durante l’Alba del 16 Agosto 1965), 1965
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
- Gaiak:
- Artea eta emozioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Erakusketak | Italia | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Povera
- Aipatutako artistak:
- Anselmo, Giovanni
Ibilaldi edo fluxu etengabe gisa pentsatua da Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi erakusketa, eta artista italiarraren sormen-ibilbide osoa jasotzen du. Obrarik enblematikoenetako batzuk ez ezik, kokapen zehatzeko beste batzuk ere biltzen ditu.
Anselmo 1934an jaio zen Ivrean, Turindik gertu, eta hirurogeiko hamarkadako Italian ekin zion bere ibilbide artistikoari. Eskuarki Arte Povera mugimenduarekin lotzen den arren, aretootan ezagutuko duzu sortzaile bereziaren ibilbideak gainditu egiten du sailkapen oro.
1965eko abuztuaren 16ko egunsentian, Giovanni Anselmok esperientzia argigarri bat bizi izan zuen Stromboli sumendiaren tontorrean: bizipen haren ondorioz, errotik aldatu zuen mundua eta errealitatea ulertzeko modua. Sumendiaren tontorrean zutik zegoela, ostertzean nabarmentzen hasiak ziren lehen eguzki-izpiek espazioan proiektatu zuten artistaren itzala, ez lurraren gainean. Une hartantxe jabetu zen etengabe eraldatzen ari den unibertso ikaragarri baten parte zela.
Handik aurrera, bizipen hark sekulako eragina izan zuen Anselmoren ibilbide artistikoan. Alde batera utzi zituen pintura eta marrazkia, eta bere lanen eta mundu errealaren artean harreman zuzena ezartzeari ekin zion. Harrezkero, era guztietako materialak erabili zituen unibertsoa gidatzen duten indarrak eta dinamikak bere sorkuntza-lanetan txertatzeko, esate baterako, grabitatea, eremu magnetikoak, malgutasuna, eroankortasuna, oreka, argia edo denbora.
Hemen bildutako artelanetan, emozio, sinbolismo eta errealitatearen irudikapen oro saihesten duen artista bat deskubrituko dugu. Giovanni Anselmoren iritzian, bere lanek modu aktibo eta hautemangarrian aurkezten dituzte hemen eta orain inguratzen gaituzten ezkutuko energiak. Alabaina, orainaldian ainguratuta egon arren, pieza hauek gainditu egiten dute ostertza, eta infiniturantz proiektatzen dira, indar horiek unibertso osoa hartzen baitute.
Gloria Moure da erakusketaren komisarioa, eta artistarekin batera antolatu zuen lankidetza estuan; hain justu, buru-belarri inplikatu zen Giovanni Anselmo proiektu honetan, 2023ko abenduan hil baino egun gutxi batzuk lehenago arte. Erakusketa honetan, Anselmoren ibilbide artistikoan errepikatzen diren motibo eta kontzeptuak ezagutuko ditugu, eta artistaren beraren hitzetan ezagutuko ditugu. Izan ere, entzuteko gida honetan jasotako obren deskribapenak Anselmok 2006an emaniko elkarrizketa batetik jasoak dira.