Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
Sarrera
Norabidea (Direzione), 1967–68
Iruzkinak
Nire itzala infiniturantz Stromboli tontor gainetik 1965eko abuztuaren 16ko egunsentian (La Mia Ombra Verso l’Infinito dalla Cima dello Stromboli durante l’Alba del 16 Agosto 1965), 1965
- Izenburua:
- Nire itzala infiniturantz Stromboli tontor gainetik 1965eko abuztuaren 16ko egunsentian (La Mia Ombra Verso l’Infinito dalla Cima dello Stromboli durante l’Alba del 16 Agosto 1965), 1965
- Erakusketa:
- Giovanni Anselmo. Ostertzaz gaindi
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Ingurunea eta natura | Italia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Povera
- Aipatutako artistak:
- Anselmo, Giovanni
[…] Halabehar hutsa izan zen. Ez nuen sumendiaren tontorrera igotzeko asmorik argazki hau ateratzeko. Batzuetan ustekabeko egoerak topatzen ditugu, eta “aurkikuntzak” ere egiten ditugu. Dena den, ustekabe hutsa izan zen han goian gertatu zena —espazioaz izan nuen pertzepzioa, neure itzalaren bitartez nire espazioaren eta espazio kosmikoaren arteko hartu-emanaz izan zuen pertzepzioa—. Normalean, gure itzala lurrean proiektatzen da, gure aurrean edo atzean. Ingurumari hartan, ordea, eguzkia itsasotik sortzen zen, eta haren posizioa ostertza baino beheraxeago zegoen, nik sumendiaren gainean nuen posizioarekin alderatuta. Horren ondorioz, infiniturantz proiektatu zen nire itzala. Ezohiko egoera, inondik ere, abiadurari, mugimenduari eta energiari dagokienez. Halako egoera batean, konturatzen zara existitu egiten zarela; hau da, Lurraren parte zarela, eta Lurra bera, halaber, espazioaren parte dela, espazioak eutsia eta bildua baita. Sentsazio horrek zu zeu izateko aukera ematen dizu aparteko egoera batean, flash batean, espazio infinitu batean existitzen zarela jabetzen zaren istant batean.
[...] Zalantzarik gabe, gertaera hark beste modu batera ikusarazi zidan nire lan egiteko modua, eta aldarazi egin zidan ordura arte artelanen gainean —margolan, marrazki eta abarren gainean— izan nuen ikusmoldea. Handik aurrera egin ditudan artelanak “artefaktuak” dira. Haietan, inguratzen gaituen energia —alegia, gu geu— ez da behin betiko gauzatzen irudikatze hutsarekin. Lehen, marrazten edo margotzen nuenean, askotariko teknika piktorikoak erabiltzen nituen irudi bat lortzeko, hau da, zerbait estatikoa, geldoa, behin betikoa sortzeko. Orduz geroztik, ordea, nire lanak egoera konplexuagoak eta inguratzaileagoak dira: denboraren jarduna hartzen dute beren baitan, energiarena, eta, ondorioz, denboran zehar jarduten jarrai dezakete.