Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
Maria Helena eta Arpad
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
- Gaiak:
- Emakumea artean | Arkitektura | Artistak | Artistaren estudioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Lan-prozesua | Mugimendua | Bigarren Mundu Gerra | Paris | Portugal | Árpád Szenes | Giza harremanak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte informala
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Vieira da Silva, Maria Helena
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoaren izenean Maria Helena Vieira da Silva artista franko-portugaldarrari eskainitako erakusketara.
Lisboan jaiotako Vieira da Silvak lengoaia artistiko guztiz pertsonala garatu zuen bere ibilbidean, espazio piktorikoa interpretatuz ingurune konplexu eta abstraktuak sortzeko.
Artistaren obrak 1930eko hamarkadatik 1980kora arte izan zuen bilakaera aztertzen da erakusketa honetan bildutako 67 lanen bidez. Obra-hautaketa horri esker artistaren adierazmolde plastikoaren garapena jarraitu ahal izango duzu.
Bere ibilbide artistikoan, hiri-bizitzaren egiturekiko eta erritmoekiko interesa agertu zuen Vieira da Silvak. Haren pinturek, sarritan, hirietako kaleek osatzen duten sare moduko egitura edo espazio publikoetako arkitektura gogorarazten dituzte, baina artistak labirinto korapilatsu bihurtzen ditu elementu ezagunok. Badirudi begiratzen ditugun bitartean zatitu eta aldatu egiten direla espazio horiek.
Vieira da Silvaren lanak eragin ugari jaso zituen: Portugalgo dekorazio-tradizioak, eta are abangoardiako mugimenduak, kubismoa eta futurismoa, kasurako. Alabaina, kategorizazio sinpleetatik kanpo geratzen da haren lana.
Askotan arte informalaren bat-batekotasunarekin lotu izan badute ere, haren lanetan egitura ageriagoa da, gainjartze gehiago egiten ditu, eta espazioaren antolaketa konplexuagoa da.
Erakusketa honek agerian uzten du Vieira da Silvaren nazioarteko esperientziek izaniko garrantzia, eta, bereziki, Paris aldean bizi izandako garaiarena, hura baitzen gerraosteko arteen hiriburua.
Era berean, Rio de Janeiroko egonaldia ere aztertzen du erakusketak: hara joan ziren babes bila bere senar Árpád Szenes artista eta biak, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean.
Lan-hautaketa honi esker Vieira da Silvaren lan egiteko moduaz jabetuko zara: etengabe berregin eta araztu zituen Vieira da Silvak bere forma abstraktuak memoriari, mugimenduari eta pertzepzioari dei egiten dieten espazio piktorikoak sortu arte.
Hobeto jakin nahi baduzu lantokiek zer garrantzi izan zuten Vieira da Silvaren obran, ikusi erakusketaren Hezkuntza-edukia atala. Hor artistaren lanleku izan ziren estudioei buruzko azalpenak aurkituko dituzu.
Gozatu artista aparteko eta ameslari bat aintzatesteko eta omentzeko aukera honetaz. Haren pinturek oraindik ere gure jakin-mina pizten dute, ulertzeko erronka botatzen digute eta atsegin ematen digute ikusteko aukera dugunoi.