Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
Kanpoaldeak eta barnealdeak
Iruzkinak
Zuriaren tonuak
- Izenburua:
- Zuriaren tonuak
- Erakusketa:
- Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Paris
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Geometrikoa | Arte informala
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Vieira da Silva, Maria Helena
Konposizio zuria (Composition blanche), 1953
Ekitatea (L’Équité), 1966
Iritsi gara erakusketako azken atalera. Hemen, Vieira da Silvak kolore baten inguruan eginiko lanen hautaketa bat biltzen da: zuriarekin lotutako lanak, bere karrerako zenbait unetan eginak.
Baliteke hori harrigarria iruditzea. Erakusketan barrena ikusi dugunez, artistak ausardiaz erabiltzen zuen kolorea: gorri bizi-biziak, hori distiratsuak, urdin sendoak eta beltz trinkoak. Baina lan hauetan zuria da protagonista, eta, hustasunez agertu beharrean, bizi-bizirik ikusten da hemen.
Vieira da Silvaren iritzian, zuriak ez zuen adierazten kolorerik eza. Kolore bezala tratatzen zuen, hamaikatxo aldakuntza eta sekulako pisu emozionala izateko gauza den kolore gisa, alegia. Gainjarri egiten zuen, testura ematen zion, arnasa hartzen uzten zion. Ez da hutsa, espazioa baizik. Ez da isiltasuna, ezpada erresonantzia.
Hauxe esan zuen behin bere senar eta artista Árpád Szenesek: “1932an, esperimentu bati ekin genion. Zuri-tonu posible guztien bila hasi ginen... Beharrezko ñabardura guztiak bilatzen, zuria ez zedin sekula gelditu espazio huts gisa, baizik eta berezko entitate piktoriko eta plastiko gisa”.
Hemen, zuria hausnarketarako gune bihurtzen da, ertzak leuntzeko eta forma arinagoak egiteko baliabide. Vieira da Silvak eskematikoak diruditen pinturetan erabiltzen du; badirudi zarata kentzen diola munduari, eta hondoaren azpian dagoen funtsezko zerbait ateratzen duela argitara.
Konposizio zuria (1953) lanean, lerroak espazio zurbil eta ireki batean zabaltzen eta lotzen dira. Saretak hortxe jarraitzen du, ahul eta temati, baina flotatzen; ia desagertu egiten da. Efektua egituratua da, eta, aldi berean, arina, airean zintzilik dagoen oroitzapen bat bezala.
Sail honetan, bada beste lan enigmatiko bat, 1966koa. Bere izenburuak —Ekitatea— justizia edo oreka iradokitzen du, baina Vieira da Silvak ez digu eskaintzen lege- edo ordena-sinbolorik.
Horren ordez, egonkortasun delikatuz eta tentsio isilez eginiko mundu bat eraikitzen du.
Badirudi lauki-sareak inklinatu eta perspektibak luzatu egiten direla, eta begirada, berriz, erdiko hutsune baterantz zuzentzen dela, judizioa bera egitura zapaltzen duen pisu ikusezin bat balitz bezala.
Atal honek bestelako sentsazio bat sortzen du, gainerako lanen aldean. Bareagoa da, isilagoa. Agian horixe da bere muina. Mugimendu guztiaren ondotik, hirien, jokoen, gerren eta abarren ostean, zera gelditzen da, argia, espazioa, argitasuna.
Artistak berak zera esan zuen:
“Pintura inoiz ez da jomuga bat. Baizik eta sartzeko espazio bat”.