Edukira zuzenean joan

Kandinsky

katalogoa

Konposizioa II lanerako zirriborroa (Skizze für Komposition II), 1909–10

Karole P. B. Vail

Izenburua:
Konposizioa II lanerako zirriborroa (Skizze für Komposition II), 1909–10
Egilea:
Karole P. B. Vail
Argitalpena:
Madril: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2020
Neurriak:
24,5 x 20,5 cm
Orrialdeak:
192
ISBN:
978-84-17769-66-6
Lege gordailua:
M-25334-2020
Erakusketa:
Kandinsky
Gaiak:
Artea eta musika | Artea eta emozioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Lan-prozesua | Lerroa | Espiritualtasuna | Zaldiak | Zalduna | Dualtasuna | Sentimenduak
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Olio-zirriborroa | Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Kandinsky, Vasily

Olio-pintura mihise gainean, 97,5 x 131,1 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim sortze-bilduma
45.961

Bere karreran zehar, “eraikuntza-modu sinfoniko baten adibide” gisa ulertzen zituen pinturak sortu zituen Kandinskyk1. Eginahalak eginez arteak sintetizatzeko, Inpresioak, Inprobisazioak eta Konposizioak deitu zien obra haiei, musikarekin loturiko terminoak baliatuz. Koadroak orobat ziren bat-batean asmatutako obrak edo egilearen nolakotasunaren beraren adierazgarriak, kanpoko munduaren behaketa materialak baino areago. Jarduera handiko bolada hartan, biziagotu egin zen Kandinskyren eboluzioa abstrakzioaren aldera.

Konposizioak izenekoei buruz, honako hau esan zuen artistak: “Neure baitan [Inprobisazioen] antzeko moduan (baina oso denboraldi luzean zehar) eraikiz joan diren sentimenduen adierazpenak dira, eta lehen zirriborroen ondoren, analizatuz eta landuz joan naiz, mantso eta ia modu arduratsuegian. ‘Konposizioa’ deitzen diot koadro mota horri. Hemen, arrazoiak, kontzientziak, berariazkoa denak eta asmo jakinekoa denak betetzen dute eginkizun nagusia. Alabaina, nik beti egiten dut sentimenduaren alde, kalkuluaren alde baino areago”2.

Konposizioa II lanerako zirriborroa (Skizze für Komposition II) jadanik existitzen ez den olio-margolan monumental bat prestatzeko artistak egin zituen hainbat estudiotan azkena da. Zirriborroak agertzen duen ikonografiak sarritan nahasita utzi ditu adituak, Kandinskyk bere idatzietan adierazitako gai-edukiaren balizko falta dela-eta. Alabaina, iradoki izan da elkarren kontrako indarrek dihardutela hemen: eszena baketsu eta idiliko bat, eskuineko kolore biziek agertzen digutena, kontraste bizian gertatzen da ezkerraldeko paleta ilun eta goibelagoak aditzera ematen duen katastrofearekin. Irudiak, arrokak, zaldizkoak eta zaldiak ingerada soildu eta espontaneoen bitartez daude adieraziak, eta haien siluetak beltzez marraztuak ageri dira; kolore biziek, berriz, formen konbinazio guztiz oparoa sortzen dute, emozioak eragitea eta obrari beha dagoenaren espiritualtasunarekin konexioa lortzea duena helburutzat.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L.]

Oharrak

  1. Vasily Kandinsky, On the Spiritual in Art (1912), hemen: Kandinsky, Kandinsky: Complete Writings on Art, Kenneth C. Lindsay eta Peter Vergo (ed.) (1982; errepr., New York: Da Capo Press, 1994), 218. or. [itzuli]
  2. Ibid. [itzuli]