Edukira zuzenean joan

Kandinsky

katalogoa

Kurba nagusia (Courbe dominante), 1936ko apirila

Karole P. B. Vail

Izenburua:
Kurba nagusia (Courbe dominante), 1936ko apirila
Egilea:
Karole P. B. Vail
Argitalpena:
Madril: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa eta La Fábrica, 2020
Neurriak:
24,5 x 20,5 cm
Orrialdeak:
192
ISBN:
978-84-17769-66-6
Lege gordailua:
M-25334-2020
Erakusketa:
Kandinsky
Gaiak:
Artea eta emozioa | Artea eta zientzia | Artea. Teoria | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Biomorfoa | Geometria | Sinbologia | Abstraction-Création taldea | Bauhaus Eskola | Espiritualtasuna | Erbestea | Bigarren Mundu Gerra | Frantzia | André Breton | Hans Arp | Joan Miró | Max Ernst | Paul Klee
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea | Surrealismoa
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Kandinsky, Vasily

Olio-pintura mihise gainean, 129,4 x 194,2 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Solomon R. Guggenheim sortze-bilduma
45.989

Gogor kritikatu izan bada ere, eta aurreko produkzio iraultzaileak baino balorazio kaxkarragoak jaso izan dituen arren, Kandinskyren azken hamarkadako ekoizpena, hau da, artistak Frantzian igaro zituen urteetakoa, emankorra izan zen, gerrak eragindako egoera zaila gorabehera. Frantziara iritsi zenean, Kandinskyk eztabaida dialektiko betean aurkitu zituen autore modernoak: Abstraction-Création taldeko kideak —oso zehatz definitu gabeko artista-elkarte bat, erakusketa kolektiboen eta aldizkari baten bidez abstrakzioa sustatzen zuena— surrealisten aurka, azken horiek André Breton buru zutela; eta Kandinskyk parte hartu zuen eztabaida hartan.

Azken urte haietan, estilo-aldaketak izan ziren Kandinskyren lanetan. Artistak erruz erabili zituen motibo organikoak eta ludikoak, era askotakoak, testu zientifikoetatik eratorritako ikonografia biologikoan eta zoologikoan inspiratuak. Bauhausean etengabe biltzen zituen Kandinskyk liburu tekniko eta espezializatuetatik zetozen erreprodukzioak, eta bere eskoletan erabiltzen zituen. Jean Arp, Max Ernst, Paul Klee eta Joan Miróren lanetan agertzen ziren formen aniztasunetik ere edan zuen Kandinskyk, baina estilo biomorfiko original bat sortu zuen, surrealismoaren eta abstrakzio formalaren pintura-aukera amaigabeak eta natura-zientzienak batzen zituen hizkera automatiko moduko bat. Kandinskyren obran geratzen ziren bere elementu geometriko gogokoenen aztarnak, hala nola zirkulua eta lauki-sarea. Artistaren azken piezek eraldaketa- eta pizkunde-ideiak iradokitzen dituzte, Kurba nagusia (Courbe dominante) lanak agerian uzten duen bezala; indarrez beteriko margolana da, eta, hala ere, pintzelkadak harrigarri arinak dira. Helduaroko lan honek transmititzen duen sentsazio enigmatikoa indartu egiten dute eskuineko aldean ageri diren eskailera-maila misteriotsuek: ez doaz inora zehazki, baina inondik ere plano espiritual goren baterako igoera sinbolizatu lezakete. Kandinskyren ustetan, garai hartan egin zituen lanetatik garrantzitsuenetako bat zen honako mihise harmoniko hau.

[Itzultzailea: Rosetta Testu Zerbitzuak S.L.]