Edukira zuzenean joan

Migel Anjel eta bere garaia

hezkuntza-edukia

Migel Anjel eta bere garaia

Izenburua:
Migel Anjel eta bere garaia
Erakusketa:
Migel Anjel eta bere garaia
Gaiak:
Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Graphische Sammlung Albertina | Italia
Mugimendu artistikoak:
Errenazimentua
Teknikak:
Akuafortea | Grabatua | Marrazkia | Xilografia
Aipatutako artistak:
Buonarroti, Michelangelo

Erakusketa honek —Vienako Graphische Sammlung Albertinaren paper gaineko 70 marrazki eta obra biltzen dituenak— agerian uzten du Italiako Errenazimentuak mendebaldeko artean izan duen erabateko eragina eta, bereziki, marrazkiak lortu zuen garrantzia, artearen adierazpide gisa ez ezik garaiko artisten azterlanetarako tresna gisa ere.

XVI. mendean marrazkiak bestelako garrantzia eta balioa hartu zuen genero artistiko gisa. Aurreko garaietan adierazpide primitibotzat hartu ohi zuten, teknika xumeak eta deskribatzeko gaitasun urrikoak ezaugarritzat zituen adierazpidetzat. Errenazimentuan, ordea, arte guztien oinarri bilakatu zen. Pentsamolde aldaketa horren nondik norakoak ezagutzeko kontuan hartu behar da Errenazimenduan artistaren irudia inoiz ez bezala aintzat hartu zutela eta teknika eta euskarri grafiko berriak asmatu eta hedatu zituztela, artistei adierazteko askatasun handiagoa eta xehetasunetan doitasun handiagoa lortzea ahalbidetuz.

Migel Anjel eta bere garaia erakusketaren osagarri gisa eratutako gune didaktiko honetan XVI. mendean Italian nagusi ziren teknika eta baliabide grafikoen deskribapena aurkituko duzu, gehienak gaurko artista askok erabiltzen dituztenak izanik. Erakusketan ikusgai dauden obren erreprodukzioen eta dagozkien xehetasunen ondoan, azalpen teknikoak dituzten testuak topatuko dituzu eta teknika horietako bakoitza identifikatzen duen ikur bat. Ikur hauek erakusketaren bisitaldian zehar agertuko dira behin eta berriz artelanen txarteletan, bai eta areto bakoitzean tekniken laburpen txikia duen txartel orokor batean ere.

Errenazimentuko artista haiek erabiltzen zituzten material asko iragankorrak zirenez, ezinezkoa da garaiko materialak erakustea. Horregatik, ikusgai dauden materialen adibideak oraingoak dira eta trazuak gaur egun emaitza horiek lor ditzaketen adituen eskuez egindakoak dira.

Lehenengo bitrinan sangina eta metalezko punta, klarion beltza eta klarion zuria deskribatzen dira; bigarren bitrinan, ikatz-ziria, pintzela, luma eta tinta; eta hirugarren bitrinan, grabatu-teknikak aztertzen dira (akuafortea, berana eta xilografia edo zurgrabaketa). Teknika horiek guztiak, marrazkiarenak nahiz grabatuarenak, Italian papergintzak izan zuen goraldiari esker garatu ahal izan zituzten. Izan ere, XIII. mendean jadanik Fabriano herria papergintzako gune nagusi bilakatu zen.