Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

katalogoa

Lutxo bat karpen urmaelean, edo Kokoschka eta bere pertsonaiaren eraikuntza

Aglaja Kempf

Izenburua:
Lutxo bat karpen urmaelean, edo Kokoschka eta bere pertsonaiaren eraikuntza
Egilea:
Aglaja Kempf
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea
Gaiak:
Artea eta psikologia | Artearen historia | Interpretazioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Perspektiba | Bizitza
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

“[…] Horrela bihurtu nintzen ondasun publiko edo jabetza pribatu dei daitekeen zerbait. Pertsonalki, horixe besterik ez nuke nahi besteek nitaz esatea1.

“Lutxo bat karpen urmaelean”2: horrela deitzen zion Oskar Kokoschkak bere buruari 1971n argitaratutako Mein Leben (Nire bizitza) autobiografian, Hiltzailea, emakumeen itxaropena (Mörder, Hoffnung Frauen) antzezlanak eragindako erreakzioez ari zela; izan ere, 1909an estreinatu zenean, burgesia —horrelako lanetara gutxi ohitua— eskandalizatu zuen, gogorraren gogorraz. Kokoschkak lutxo bat bezala ikusten du bere burua, hau da, arrain noble eta menderatzaile, naturaz gaindiko izaki bat bezala, bertutez eta boterez jantzia, ur uharretan ibiltzen den karpa arrunt eta distirarik gabeko hori ez bezalakoa; eta, konparazio horrekin, hasieratik markatzen du tonua. Eszena artistikoan agertu bezain laster, bere ezaugarri bereziek kideengandik bereizten zuten artista gisa azaldu zuen bere burua Kokoschkak. Gainera, ez zuen zalantzarik izan arrainaren metafora bere sorkuntza-lan espresionistetara zabaltzeko: arrain “pilotu”3 deitzen zien bere lanei, bide-urratzaile izaera zutelako edo.

Gaztetatik bere irudi publikoaz arduratuta, Oskar Kokoschkak berehala aprobetxatu zituen eskura zituen mekanismo sozialak bere burua nabarmentzeko eta ospea lortzeko. Beste batzuek baino askoz lehenago, funtsezkotzat jotzen zuen jendeak berari buruz hitz egitea, gaizki- esaka jarduteko bazen ere4. 1908an Vienako Kunstschau edo Arte Erakusketan lehen aldiz parte hartu zuenez geroztik, ez zuen onartu epaimahaiak —besteak beste, Gustav Klimt zegoen epaimahaikideen artean— alde bakarrez epaitzea haren lana, erabakia inork hartzekotan prentsak hartu behar zuela argudiatuta5. Austriako prentsa kontserbadoreak ez zuen, jakina, bazter- nahasle gaztea masakratzeko aukera galdu, eta epiteto ez oso atseginak eskaini zizkion6, baita enfant terrible eta burgesen zigor fama eman ere7. Kokoschka zoratzen zegoen, bere helburua lortuta. Eskandaluaren estrategia dei zitekeen hura oso eraginkorra suertatu zen: artista gazte guztien artean, harena zen berri-paperetan agertzen zen izen bakarra. Kokoschkak berehala bereganatu zuen inkonformistaren rola: larru-arras moztu zuen ilea, baztertuen moduan8, baina, aldi berean, eta horrekin kontrastean, frak burges dotorea jantzita posatu zuen hainbat argazkitan9. 1910ean, une horiei buruzko sinbolo bisuala gauzatu zuen, Der Sturm aldizkarirako autoerretratu ospetsua egin zuelarik, bere burua ecce homo gisa irudikatuta, bularreko zauria seinalatuz, aurpegia zurbil eta oldarkor, hondo gorriaren gainean10.

Bere ibilbide artistikoaren hasieratik, Kokoschkak independentzia- eta kontrol-gogo bizia erakutsi zuen, bere lehen gutunetan jada adierazi moduan11. Urteetan, artista inkonformista eta autonomoaren irudia lantzen ahalegindu zen, eta adskripzio edo etiketa oro saihesten12. Horrela, apurka- apurka, berari buruz zabalduz zihoan kondaira perfekzionatu zuen, hau da, joeren kontra zihoan gizona eta bazterrekoa zela zioen kondaira. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ez zuen zalantzarik izan bere burua arte figuratiboaren heraldo gisa azaltzeko eta arte abstraktuari gupida gabe eraso egiteko, gizatasuna kentzeko prozesuan zegoen gizarte baten sintomatzat hartuta. Sortzaile bakartuaren, estigmatizatuaren ospe hori13 nahitako probokazioaren gainean eraiki zen14. Vienan, Kunstgewerbeschule edo Arte Aplikatuen Eskolan ikasle zela, kode burgesak15 urratzen saiatu zen, “Vienako gizartea agerian jartzen”16, transgresioaren bidez. Bere erradikalismoak bultzatuta, sorgortasunaren aurka egiten zuen moderno bakartzat, iraultzaile bakartzat har zezaten nahi zuen17. Urte asko geroago, 1968an, argazki-erreportaje batean eszenifikatu zituen bulkada goiztiar horiek, artista haurrak bere burua heldu gisa nola ikusten zuen erakutsi nahiz: eskuan zuzi bat zuela, Kokoschkak zioen “su-emaile” izan nahiko zukeela18. Ildo beretik, mugimenduan zeuden modeloekin lan egiten aitzindari izan zela defendatu zuen, jakina denean Auguste Rodinek —Kokoschkak ondo ezagutzen zuen, baita miretsi ere, haren lana— praktika hori hark baino askoz lehenago erabili zuela. Eta ez zuen zalantzarik izan gaztetako lan batzuk oker datatzeko, bi edo hiru urteko errorearekin, aitzindari izaera hori mantentzearren19.

Anbizioa zen Kokoschkaren berezko habitata, eta hori aldarrikatu zuen, ez maltzurkeriarik gabe, are eta benetako itxurakeriaz. 1922an Anna Kallin maitaleari idatzitako gutun batean, Alexandro Handia, Zesar edo Giuseppe Verdi pertsonaia mitikoen ospea izatera iristeko asmoa adierazi zuen20. Maite zuen emakumea txunditzeko iruzkin efektista baino izan ez arren, oso seinale adierazgarria da 1941ean, Kallini idatzitako beste gutun batean, Kokoschkak, ingelesek egin zioten harrera hotzarekin minduta, “greatest living painter” (margolari bizi onena) izendatu zuen bere burua21. Ildo beretik, 1944an, bera bezalako artista berezi eta bikainak merezi zuen ezagutza jaso ez izana deitoratu zuen22. Hala ere, urte batzuk geroago, 1947an, Basileatik arrebari idatzitako gutun batean —atzera begirako erakusketa garrantzitsu bat eskaini zioten Suitzako hiri horretan—, esan zuen bere handitasun eta dimentsio artistikoa eztabaidaezinak zirela mundu osoarentzat23. Gutun horretan bertan, iraulketa hiperboliko natural bat egin zuen, “artista bizi handiena” zela aldarrikatzeraino24. Gainera, bere helburua hil ondorengo ospea lortzea zela aitortu zuen25. Haren jarrera nartzisistaren lekukotasun horiek, bizitza pribatutik hartuak izan arren, garbi erakusten digute zer estimu handitan zeukan Kokoschkak bere burua, eta horrek ematen ziola, hain zuzen, bere buruarenganako konfiantza eta segurtasuna, “mundu zabalaren” aurrean26. Autobiografian, pozik kontatzen du nola, Bigarren Mundu Gerran, Ingalaterran, bere burua ezagutzera emateko eginahalak eta bi egiten ari zela, indarberrituta sentitu zela “Kokoschka ospetsua” gisa ezagutu zutelarik27.

1910eko hamarkadaren amaieran, Dresdengo Arte Ederren Akademiako irakasle zela, Kokoschkak bere iraultzaile-izaeraz gozatzen jarraitu zuen28, eta egoerak nahierara manipulatzen, bere ekintzei nabarmentasuna ematearren. 1918an Berlindik gurasoei idatzi zien gutun batean, herri-altxamendu bat ikusi ondoren, paralelismo bat ezarri zuen matxinadaren eta hiriko bere erakusketaren inaugurazioaren artean, bat-etortze horrekin pozarren29. 1920ko martxoaren amaieran, berriro ere Dresdenen, besteak beste Peter Paul Rubensen mihise batean albo-kalteak eragin zituzten sediziozko altxamendu batzuk tarteko zirela, bere izena gehitu zion kaleko agitazioari, egunkarietan dei publiko bat egin zuelarik30 —herritarrei zuzendutako gutun ireki bat, “sarkasmo moduan” kale guztietan zintzilikatu zuena—, jendeari eskatuz ez sortzeko istilu gehiago Gemäldegalerie aurrean31. Kokoschka askotan baliatzen zen prentsaz bere ideiak zabaltzeko. Bere korrespondentziak erakusten duenez, etengabe ahalegindu zen horretan, bere testuak aldaketarik eta zentsurarik gabe argitaratu zitezela eskatuz32. Pertsona boteretsu asko ezagutzen zituen, baita mugez bestaldeko korrespontsal ugari ere33, eta maiz jotzen zuen haiengana, artista-aktibista gisa, bere eskaera tematiak —ia exijentziak— helarazteko, hau da, beren herrialdeetako hedabideetan plataforma bat lor ziezaioten eskatzeko34.

Haren jarrera indartu egin zen gerra ondoren, Britainia Handiko erbestealdia amaituta artista berriz ere fama bila hasi zelarik. Kokoschka panfletarioa hitzaldi gehiago ematen ere hasi zen, batzuetan ehunka laguneko entzuleriaren aurrean35. Bere komunikazio-egarri aseezin hori irakaskuntzaren eremura ere iritsi zen. Gazteak argitzeko edo gidatzeko grina horrek 1953an iritsi zuen gailurra, Salzburgon nazioarteko akademia bat sortu zuelarik: Begiradaren Eskola. Hainbat udatan, eskolak eman zituen han, bai eta, munduari buruzko bere ikuspegiaz gain, bizitzarako aholkuak ere, eta arte-hezkuntzaren bidezko irakaskuntza-berrikuntzan aitzindari izan zen36. Kokoschkak ezin zuen bereizi bere artegintza gertaera sozial eta politikoetatik, eta bere konpromisoaren transmisio-uhaltzat zeukan bere lana.

1922an, Veneziako Bienalaren Alemaniako Pabiloian aurkeztu zuen erakusketa monografikoan, Kokoschkak “plater nagusi” gisa definitu zuen bere burua, ez zegoelakoan beraren pareko beste artistarik37. Oihal beltzez estalitako areto zabal batean, amaitu berriak zituen hamabost mihise aurkeztu zituen, bai eta kritikaren arreta bereganatu ere. “Pinturaren Lenin” gisa hartzen zutela jakiteak, hau da, bere izena terminologia iraultzailera lotuta ikusteak, izugarri poztu zuen. Nolabait esanda, kritika abantaila bihurtzen zuen38. Laburbilduz, Kokoschkarentzat “dena izatea ala ezer ez izatea” zen kontua39.

Jakina, bere pertsonaiaren eraikuntzak autoerretratu ugari ere behar zituen, eta asko egin zituen, hala Dresdengo urteetan40, nola, batez ere, 1910eko eta 1920ko hamarkadetan. Baina gerora ere erretratugintzak garrantzi handiko tokia izaten jarraitu zuen haren obran. Hain zuzen, haren pintura-lanaren irudi-gai nagusietako bat izan ziren erretratuak, bai kopuruagatik, bai —batez ere— beren dimentsio sinbolikoagatik. Bere burua irudikatzeko, beste teknika batzuk ere erabili zituen artistak, hala nola, arkatzezko marrazkia, urmargoa, grabatua eta litografia. Lehen Mundu Gerraren aurretik egindako sail guztietan (dozenaka pieza), lehen planoan ageri da beti bera, bere giza izaerari nabarmentasuna emanez41. Bere lehen autoerretratu margotuan (1911), San Sebastian martiriaren itxuran ageri da bera, 1910eko kartelean erabili zuen ikonografia erlijiosoa azpimarratuz42. Izaera alegoriko hori funtsezkoa da haren obran, bai bere burua margolari gisa irudikatzen duenean43, bai Alma Mahlerrekin44 izan zuen maitasun-istorio iskanbilatsuan —edo are genero-eszenetan ere— nahasita agertzen denean45. Mezu alegorikoen zale izanik, eta bere historia pertsonalean oinarri hartuta, Kokoschkak gidari artistiko eta politiko gisa kokatu zuen bere burua, hitzaren jatorrizko zentzu grekoan. Bizi zituen pozak eta drama pertsonalak artistaren izaerari eta haren ingurune estetiko, sozial edo politikoari buruzko irakaskuntza zabalagoak ateraz gainditzeko bere ahalegin horretan, konnotazio sinbolikoz betetako lengoaia adierazkor bat garatu zuen46. Azken finean, bere burua bere garaiko arazoekin kezkatuta zegoen artistaren epitome gisa kokatzean47, bere herrikideen begirada zolitzeko helburua hartu zuen bere gain.

Autoerretratuaren gaia manifestu batean gauzatu zen: Kokoschka, “artista degeneratua”. 1937an izen horrekin egin zuen koadroa erregimen nazionalsozialistak eragindako umiliazio eta basakerien aurkako ikur bihurtu zen. Era berean, Vienako prentsa kontserbadoreak definitutako testuinguru kritikoaren barnean sartzen zen. Izan ere, prentsak bere erasoen jomuga bihurtu zuen Kokoschka, eszena publikoan lehen aldiz agertu zenetik. Artistaren ustez, bi une horiek eskutik helduta zetozen: “‘Lotsaren aretoa’ deitu zuten hartan 1908an aurkeztu nituen pinturei Vienako prentsak egin zizkien kritika iraingarriak hutsaren hurrengoak izan ziren nire antzerki- emanaldiaren ondoren sortu zen ekaitzaren aldean: ‘artista degeneratu’, ‘burges-izutzaile, ‘gazte-galtzaile’, ‘espetxe-bazka’… eta gisako hitz goxoak eskaini zizkidaten; Hitlerren garaian ohikoak izan ziren adierazpenak erabili zituzten berripaperek”48. Vienako Gestapok Kokoschkaren lehen erretratuetako bat —Robert Freund49— hartu eta lau zatitan txikitu50 izanaren helburua margolariaren izen ona suntsitzea izan zen. Margolana posta-txartel formatuan inprimatu zen gero, eta, 1949an, artistak berak zaharberritu zuen. 1938an, Londresen erakutsi ziren Kokoschkaren zenbait margolan, Twentieth-Century German Art Exhibition erakusketan. Munichen 1937an arte degeneratuari buruz antolatu zen erakusketa handiaren aurkako erreakzio gisa ulertu behar da Londresko erakusketa hori.

Bigarren Mundu Gerraren hasierak pentsamendu soziopolitikoan gero eta gehiago inplikatzera eraman zuen Kokoschka, bere adierazpen ugariek, ahoz zein idatziz, bere burua artista humanista, konprometitu eta bakezale gisa definituz egindako adierazpenek, erakusten duten bezala. Bere garaiko intelektualekin hiperkonektatuta zegoen Kokoscha, eta bere mundu-sareko hariak mugitu zituen ondo informatutako eta bere garaiaz kezkatutako artista gisa zeukan irudia indartzeko51. Hil zen egunera arte, gizartearen teknologizazio gero eta handiagoa kritikatu zuen, bere burua arte figuratiboaren defendatzaile irmo bihurtuta52. Gatazka armatuak gehien kaltetutako haurrekin ere konprometitu zen53. Zenbaitetan, dirua biltzeko lanak egin zituen; horretarako, lan horietako batzuen milaka kopia egin eta metroko hormetan jartzen zituen, propaganda egiteko asmoz54.

Hogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Kokoschkak egoskorkeria are handiagoz jokatu zituen bere kartak taula politikoan. Gerran margotu zituen irudi alegorikoak55 dira “besteen begiak gerrari buruzko [bere] ikuspegira zabaltzeko” erabili zituen tresnetako bat56. Pertsona ezagunei egiten zizkien erretratuak ere (ondo pentsatuta aukeratutako pertsonak izan ziren) zabal dokumentatuta daude57. Egunkariek, tirada handikoek batez ere, arreta handiz jarraitzen zituzten pintura horiek burutu arteko etapak, ilustrazio ugariz hornitutako erreportajeen bidez. Patrick Werknerrek artearen instrumentalizazio politikoaz hitz egiten zuen, eta Spiegel aldizkariko artikulu bat (1951ko martxoaren 27koa) jarri zuen horren adibide gisa, non Kokoschkak Alemaniako Errepublika Federaleko presidente Theodor Heussi egindako erretratua goraipatzen baitzen58. Erretratu hori Kokoschkak jasandako umiliazioaren kalte-ordain publiko gisa egindako enkargu bat izan zen, antza. Kokoschkak berak behin baino gehiagotan adierazia zuen bere ohorea lehengoratua izatea espero eta desio zuela59.

1966an, Quick60 aldizkariak artistaren argazki ugari argitaratu zituen, zeinetan Konrad Adenauer kantziler alemanaren erretratua margotzen agertzen baita, iruzkin argigarri hau lagun: “Politikari ospetsuaren eta margolari ospetsuaren arteko ohiz kanpoko topaketa bat da. Baina garbi erakusten dute argazkiek, eta hala aitortu du Konrad Adenauerrek berak ere: berehala ulertu genuen elkar, iritzi berekoak gara”61. Erretratua aldizkari ezagun horren enkargu bat izan zen —milioi bat zazpiehun mila aleko tirada zuen orduan—62, Parlamentuaren kontura egina. Kokoschkak berrehun mila marko alemanen kopuru errekorra jaso zuen lanaren truke, eta beharrean zeuden haurrei laguntzeko eman zuen dena63. Ulertzekoa da lankidetza horiek berekin zekarten prestigioa. Estatu-politikariek ohoretzat zeukaten “erretratugile bizi handienaren”64 aurrean posatzea, eta, trukean, artistak ospea eta begirunea bereganatzen zituen estatuburuak margotuz.

Kokoschkak beretzat nahi zuen botere hori berari buruz idatzitako eta bizirik zela argitaratutako monografiak kontrolatzean ere bazetzan, hala nola Paul Westheimena (1918, 1925), Edith Hoffmannena (1947), Hans Maria Winglerrena (1956), Ludwig Goldscheiderrena (1963) edo Josef Paul Hodinena (1966). Edith Hoffmann65 biografoarekin izan zituen —eta kontrolatzen saiatu zen— topaketak ikerketa-gai hartu zituen Régine Bonnefoitek66, eta azaldu zuen Kokoschka nola saiatu zen artearen historialariaren eskuizkribuan bere egia inposatzen. Topaketak hainbat hilabetetan egin ziren, Londresen, eta denbora horretan, Kokoschkak, bere jarrera autokratikoa sendotzen zuen adiskidetasunezko loturatik inoiz aldendu gabe, behin eta berriz adierazi zion editoreari eskuizkribua kontrolatzeko nahia, inprimatzeko azken oniritzia eman arte. Esan eta egin: proiektuaren azken fasea berrikustean, ikusitakoak sumindu egin zuen, eta halaxe adierazi zion ikertzaileari, argi eta garbi, idatziz. Ondoren, goitik behera berrantolatu zuen testua, “lan honek argia ikus ahal dezan [niri] kalte handirik egin gabe”67, hainbat hilabetean lanean jardunda, kereila-mehatxuak tarteko zirela. Azkenean, hamar urteko ernatze-prozesu luzea behar izan zuen lanak, erabat bukatutzat emateko. Hori gutxi balitz, Kokoschka obraren autoretza bereganatzen saiatu zen, esanez berak diktatu zuela eskuizkribua, hasi eta buka. Izan ere, ba ote kontakizun objektiboagorik nork bere buruaz eman dezakeena baino?68

Kokoschkak etengabe landu zuen bere irudi publikoa, argazki bidez bereziki69, baina baita idatziz ere. Hala, 1971n, Mein Leben (Nire bizitza) argitaratu zuen, maisu- jokaldi bat, artistari balio izan ziona bere ibilbidearen amaieran bere biografiaren kontrola hartzeko. Liburua pasadizoz josita dago, batzuetan gehiegikerietara eta baieztapen arriskutsuetara emana da, eta edukia luze eta zabal azalduta dago, Kokoschkak etorkizunerako utzi nahi zuenaren araberako ordena kronologikoan. Azken kapituluek, halaber, kontsiderazio artistiko eta intelektual orokorragoak azaltzeko balio izan zioten, non margolariak eredu zaharraren nagusitasuna azpimarratu baitzuen. Hala, artista bere irudia moldatuz joan zen, bere buruari halako izaera mitiko bat eman nahiz. Bere idazlanen lau liburukiak (1973–75) prestatzeko prozesuan ere gogotsu parte hartu zuen. Argitalpen hori haren korrespondentzia ugariaren gutun-sorta batekin osatu zen aurrerago, Kokoschka hil ondoren hain zuzen, beste lau liburuki gehiago gehituta (1984–88). Azkenik, Kokoschka, emaztearen laguntza erabakigarriarekin, bere laneko artxiboak antolatzen aritu zen, haiek zerrenden bidez sailkatzen eta egiaztapenei buruz iritzia ematen.

Tentagarria zen “arima-urratzaile” (Seelenaufschnitzler) gisa kalifikatu zuten pertsona hura ispiluaren aurrean jartzea. Kokoschkak bere irudia lantzeko egindako ahalegin horretan agertzen diren ertzak aztertuz, ohartzen gara zenbateraino gozatzen zuen margolariak, santifikatua bezain kalumniatua zenak, bere buruaren gorazarre eginez. Kokoschkak gaztetatik jardun zuen bere mitoa eraikitzen, gogotik jardun ere, originaltasunaren eta apartekotasunaren topoi direlakoetan oinarri hartuta. Bere handinahi horretan, eraikitzaile izan nahi zuen, bai, baina baita eraikuntza ere.

Hala ere, oldarraldi nartzisistetatik haratago, bere identitatearen bilaketan harrapatuta zegoen gizon baten aurrean gaude70: “Gaur egun ere [hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran], batzuetan pentsatzen dut —amets batetik esnatzean begiak hatz-koskorrekin igurzten ditugun uneetan bezala— haurtzaroko mundu hark aingura bat bezalakoa izaten jarraitzen duela niretzat; eta jakin-mina, goranahia, asmo materialak eta sentsualtasuna, berriz, nire bizitzaren ontzia bultzatzen duten belak puzten dituen haizea direla. Bi norabide desberdin, nire barne-gatazken sorburu bana”71. 1948an hauxe idatzi zuen: “Inoiz ez nuen asmorik izan nire garaikideak malabarismoak eginez entretenitzeko, izaki berezitzat har nintzaten. Neure mundua sortzen saiatzen nintzen, besterik gabe, mailaz maila mundu osora hedatu ziren hausturetatik bizirik irauteko. Nire mundua nirekin desagertzen ez bada, are hobea izango da. Baina nik ezin dut patua zuzendu72.

[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak
  1. Oskar Kokoschka, hemen: Heinz Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka. Erzählungen. Das schriftliche Werk, III. libk.: Vorträge, Aufsätze, Essays zur Kunst, Hans Christians, Hanburgo, 1975, 257. or.
  2. Oskar Kokoschka, Mein Leben, Bruckmann, Munich, 1971, 66. or.: “Intelektuelle, aber bloss auch Neugierige wollten sich nicht entgehen lassen, was der Hecht im Karpfenteich anstellen würde”. Gaztelaniazko edizioaren araberako itzulpena: “Baziren intelektual batzuk, baita kuxkuxero batzuk ere, bazter-nahasle hark sortuko zuen eskandalua galdu nahi ez zutenak”. [Oskar Kokoschka, Mi vida, Joan Parra Contreras (itzul.), Tusquets Editores, Bartzelona, 1988, 48. or.].
  3. “Gaur egun esaten da nire obrak benetako pilotuak izan zirela espresionismoarentzat, pilotu hitza baleen aurretik ibiltzen diren arrain txiki horiei aplikatzen zaien zentzuan erabilita. […] Nire lana ez zen sortu irakurria izateko, antzeztua izateko baizik, eszenaratua izateko, gaur egun antzerkiaren munduan nagusi den lozorroaren aurkako erremedio gisa bizia izateko”. Oskar Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 49–50. or.
  4. Ikus, adibidez, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 59. or.: “Jakina, prentsa guztia eta gizarte osoa kontra neuzkan —zorionez—, niregatik gaizki-esaka”.
  5. Gertaera honi buruz, ikus: O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 34–35. or.
  6. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 52. or.
  7. Alemanezko Bürgerschreck hitzak [“basapiztia”, hemen: O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 35. or.] Oberwildling (basatietan basatiena) esanahia ere (salbaia hezigabearen forma perfekzionatu bat) bereganatzen du, Ludwig Hevesi kritikariak Kokoschkarekin lotu zuena, eta ez preseski margolariaren atsekaberako; hemen aipatua: Werner J. Schweiger, Der junge Kokoschka. Leben und Werk, 1904–1914, Christian Brandstätter, Viena eta Munich, 1983, 63. or.
  8. “Gaizkile bat bezala tratatua sentitzen nintzenez, larru-arras moztu nuen ilea, eta ahal nuen guztia egin nuen baztertu baten itxura emateko”. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 47. or.
  9. Vienan 1909an hartutako zenbait argazkitan, bera bakarrik edo Max Oppenheimer eta Ernst Reinholdekin batera agertzen da. Ikus Kokoschka. Das Ich im Brennpunkt, erak. kat., Leopold Museum, Viena, 2013; Bernadette Reinhold eta Patrick Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern/An Artist’s Life in Photographs, Ambra, Viena, 2013.
  10. “Kartel horretan, buruko ilea larru-arras moztuta agertzen naiz, preso bat bezala, eta hatz batekin bularrean irekitako zauri bat seinalatzen; Vienarren kontrako mezu bat zen; baina kontua da, urte batzuk geroago, soldadu errusiar batek bular pare horretan bertan zulatu zidala birika baionetarekin”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 99. or.
  11. Ikus, adibidez, Olda Kokoschka eta Heinz Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe I: 1905–1919, Claassen, Düsseldorf, 1984, 6. or.; bertan, 1906an bere banakotasuna berresteari ematen zion garrantzia azaltzen zion bere irakasle Leon Kellner jaunari.
  12. Gaztetan Berlinen emandako urteez, honela dio: “Ez nengoen prest nire independentzia, hainbeste kostata irabazitakoa, inork murritz zezan”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 105. or. Halaber, Der Sturm aldizkarirako egin zituen marrazkiak “guztiz berritzaileak” zirela esan zuen hemen: O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 44. or. Eta gaineratu zuen: “Nahiago nuen besteak izatea programen eta teorien eragina jasotzen zutenak. Zalantzarik gabe, fenomeno artistiko berriek interes handia pizten zuten, aitzindari gisa zuten funtzioagatik, baina nik ez nuen nahi nirekin konta zezaten beren zeregin plastikoa definitzeko eta une historikoak, guztioi bezala, planteatzen zizkien arazoak konpontzeko”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 185–86. or.
  13. 1911n, Herwarth Waldeni idatzitako gutun batean, Vienako kritikak “Jainkoaren zigorra” (Gottesgeissel) eta “gizartearen gorotza” (Räudiger der Gesellschaft) deitu ziola aipatzen du, hemen: O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe I: 1905 – 1919, op. cit., 19. or.
  14. “Bi urte geroago, 1919an, Sasia sutan (Der brennende Dornbusch) eta Job (Hiob) taularatu nituen, Berlinen, Max Reinhardten ganbera-antzokian, eta horrek bere garaian Vienan lehertu zenaren pareko eskandalua sortu zuen. […] Antzezpenaren amaieran, iskanbila hasi zenean, agertokira irten eta erreberentzia bat egin nuen, eta, Joben burezur hutsa jendaurrean erakutsiz, hatz-koskorrez jo eta oihu egin nuen, burlaizez: ‘Hau bezain hutsa duzue zuek burua’”, O Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 158. or.
  15. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 47. or. Burgesen gaitzespenari buruz (Kokoschkak txotxongilotzat zeuzkan), ikus halaber O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe I: 1905–1919, op. cit., 7. or.
  16. Die Fackel (Zuzia) aldizkariko editore Karl Krausen erretratua (aldizkariaren beldur izaten zen Viena osoa) ez zen izan hura agerian uzteko saiakera bat, kritikak esan zuen bezala, Vienako gizarte osoa agerian uztekoa baizik”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 55. or.
  17. Max Oppenheimerren jeloskor, bere lana plagiatzea leporatu zion, era horretan bere burua aitzindari eztabaidaezin gisa agertzeko borondatea erakutsiz. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe I, op. cit., 19–20. or.
  18. Patrick Werkner-ek aipatua, “Zwischen Dokumentation und Medienprodukt. Bemerkungen zu den biografischen Fotos von Oskar Kokoschka und zur Rolle seiner Frau Olda”, hemen: B. Reinhold eta P. Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern…, op. cit., 58. or.
  19. Ikus Regine Bonnefoit, “Kunsthistoriker vom Künstler zensiert – am Beispiel der Kokoschka- Monography von Edith Hoffmann (1947)”, hemen: Beate Böckem, Olaf Peters eta Barbara Schellewald (ed.), Die Biography – Mode oder Universalie? Zu Geschichte und Konzept einer Gattung in der Kunstgeschichte, De Gruyter, Berlin eta Boston, 2016, 177 eta 179. or.
  20. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe II: 1919– 1934, Düsseldorf, Claassen, 1985, 53. or.
  21. O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934– 1953, Düsseldorf, Claassen, 1986, 108. or.
  22. Ikus ibid., 130. or.
  23. Ibid., 182. or.
  24. Ibid., 183. or.
  25. Ibid., 108. or.
  26. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe IV: 1953–1976, Claassen, Düsseldorf, 1988, 30. or.
  27. “[…] eta hori dela eta, Walter Neurath editore vienarra ikustera bidali ninduten, gerora Thames and Hudson argitaletxe garrantzitsuaren sortzaileetako bat izan zena bisitatzera. Iritsi ginela eta gelaurrean zain geundela jakin zuenean egin zigun harreraren ideia bat izateko, balio bezate Oldaren ohar hauek: ‘Bat- batean, Walter Neurath presaka agertu zen gelan, esanez: “Zer da hau, baina? Kokoschka ni ikustera etorri, ni haren bila joan beharrean?”. Lehen aldia zen Kokoschkak lehen bezalako arreta jasotzen zuela berriro. Izan ere, Walter Neurathentzat, gizon hura ez zen beste edozein eskatzaile haietako bat bezalakoa, Kokoschka ospetsua baizik’”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 245. or.
  28. “Dresdengo Arte Plastikoen Akademiako ikasle-batzordeak institutu horretan sartzeko eskatu zidan, ordena pixka bat jartzeko. […] eta berehala agertu nintzen haien eskaria betetzeko prest”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 167. or.
  29. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe II: 1919–1934, op. cit., 9. or.
  30. Ibid., 12. or.
  31. “Kontua ez zen hainbeste bala galdu batek Rubensen koadro bat —ez oso garrantzitsua, bestalde— kaltetu zuelako suminduta nengoela adieraztea; gorrotoari sarkasmoz aurre egitea baizik”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 169–70. or.
  32. Ikus, adibidez, O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 115. or., edo O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 217. or. Kokoschkak zioenez, baita ere, berarentzat oso garrantzitsua zen bertan, New Yorken, artikuluak luzeak izatea, haiei pisu handiagoa ematearren. [O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III, op. cit., 230. or.)]. Ikus H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka. Erzählungen. Das schriftliche Werk, IV. libk.: Politische Äusserungen, Hans Christians, Hanburgo, 1976.
  33. Hiru bat mila korrespontsal zenbatu dituzte! Koschkaren korrespondentziari buruz, ikus Marlis Stähli, “Der schriftliche Nachlass Oskar Kokoschkas in der Zentralbibliothek Zürich”, hemen: Oskar Kokoschka – aktuelle Perspektiven, Hochschule für angewandte Kunst, Viena, 1998; Régine Bonnefoit eta Ruth Häusler (ed.), “Spur im Treibsand”. Oskar Kokoschka neu gesehen. Briefe und Bilder, Michael Imhof Verlag, Petersberg, 2010.
  34. Ikus, adibidez, O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 139. or. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben (1971).
  35. Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 259. or., eta O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III, op. cit., 217–62. or.
  36. Ikus, adibidez, O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 137. or., eta Oskar Kokoschka, Briefe IV: 1953– 1976, op. cit., 28. or.
  37. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe II: 1919–1934, op. cit., 39. or.
  38. Ibid., 44. or.
  39. Idem.
  40. Ikus Katharina Erling eta Walter Feilchenfeldt, online katalogoa (www. oskar-kokoschka.ch), CR1916/9, CR1917/1, CR1917/6, CR1918/3, CR1918/4, CR1922/3, CR1922/4, CR1922/7, CR1922/8, CR1922/11, CR1922/13, CR1923/1, CR1923/9.
  41. “[…] Baina nire litografia-sailak, jugendstil mugimenduaren, inpresionismoaren eta ekoizpen garaikide osoaren artearekin kontrastean beti, mito bat izaten jarraitzen du niretzat, sinbolo baten konfigurazioa, topaketaz, sorkuntzaz eta banaketaz ernaldua”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 123. or. Ikus serie hauek: Die träumenden Knaben (1906–08), Die chinesische Mauer (1913, 1914an argitaratua), Der gefesselte Columbus (1913, 1916an argitaratua), O Ewigkeit, du Donnerwort (1914, 1916an argitaratua), Allos makar (1914, 1915ean argitaratua) eta Die Passion (1916).
  42. Gai erlijiosoak ondorengo autorretratuetan ere landu zituen, hauetan batez ere: CR1922/8 (Kokoschka, Lot gisa), CR1922/12 (Kokoschka, Jacob gisa), CR1966/1 (Kokoschka, Saul gisa), CR1972/2 (Kokoschka, Kristo gurutziltzatu gisa). Margolariak irudimenezko pertsonaia enblematiko batzuekin ere lotu zuen bere izaera: Henrik Ibsenen Peer Gynt eta Knut Hamsun-en Pan eleberriko Glahn teniente antiheroiekin, adibidez.
  43. CR1913/6, CR1914/11, CR1918/3, CR1922/3, CR1922/4, CR1922/11, CR1923/9, CR1937/8, CR1948/7, CR1951/3.
  44. CR1912/12, CR1913/2, CR1913/10, CR1914/5, CR1915/2.
  45. Hauek bereziki, CR1916/9 eta CR1917/6.
  46. Bakardadea eta etsipena behin baino gehiagotan agertzen dira haren erretratuetan. Ikus, adibidez, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 167–89. or.
  47. Pentsa dezagun, halaber, eskuek presentzia handia dutela zenbait obratan, zerbait seinalatuz edo adieraziz, mezu bat bidaltzeko prest agertuz.
  48. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 52. or.
  49. CR 1909/2.
  50. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 109. or.
  51. Ikus, adibidez, Frauke Kreutler, “Vom Bürgerschreck zum Königsmaler. Die Inszenierung des Künstlers Kokoschka in Fotografien”, hemen: B. Reinhold eta P. Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern…, op. cit., 75. or. Bertan deskribatzen da nola posatzen zuen artistak bere biblioteka oparoan eta bere objektu-bildumarekin —antigoaleko gauzak batez ere—, bere irudia —pertsonaia intelektual zein artistiko garrantzitsuaren irudi hori— zabaltzeko.
  52. Ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 268. or.
  53. Ibid., 167. or.
  54. “Asaldatzaile komunistengandik bereizten ninduena zera zen, ez nintzaiela masei zuzentzen ideologia baten bidez, baizik eta giza kontzientziara jo nahi nuela soil-soilik. Ni one man underground movement moduko bat nintzen”, O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 252. or. Ikus, halaber, Helft den baskischen Kindern! (1937) kartela, hemen aipatua: O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 226. or.
  55. CR1939/6, CR1940/2, CR1941/1, CR1942/1, CR1942/2, CR1942/3, CR1943/3.
  56. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 245. or.
  57. CR1936/2 (Tomáš Garrigue Masaryk), CR1943/2 (Ivan Maiski), CR1949/3 (Theodor Körner), CR1950/6 (Theodor Heuss), CR1951/2 (Max Brauer), CR1959/2 (Ludwig Erhard), CR1960/5 (Israel Sieff), CR1966/2 (Konrad Adenauer). Beste erretratu batzuk, hala nola Leninena edo Gandhirena [ikus O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934– 1953, op. cit., 192], asmo hutsean geratu ziren.
  58. P. Werkner, “Zwischen Dokumentation und Medienprodukt…”, hemen: B. Reinhold eta P. Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern…, op. cit., 48–69. or.
  59. 1951an Will Grohmann arte- historialari idatzitako gutun batean, hemen: O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934–1953, op. cit., 258. or.
  60. Quick, 1966ko maiaitzak 1, 8 eta 15.
  61. F. Kreutler, “Vom Bürgerschreck zum Königsmaler…”, hemen: B. Reinhold eta P. Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern…, op. cit., 76. or.
  62. P. Werkner, “Zwischen Dokumentation und Medienprodukt…”, hemen: Ibid., 56. or.
  63. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 281. or.
  64. O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe IV: 1953– 1976, op. cit., 101. or.
  65. Edith Hoffmann, Kokoschka – Life and Work, Faber and Faber, Londres, 1947.
  66. R. Bonnefoit, “Kunsthistoriker vom Künstler zensiert […]”, hemen: B. Böckem, O. Peters eta B. Schellewald (ed.), Die Biographie […], op. cit., 169–82. or.
  67. O. Kokoschka eta H. Spielmann (ed.), Oskar Kokoschka, Briefe III: 1934– 1953, op. cit., 126. or.
  68. Ibid., 140. or.
  69. B. Reinhold eta P. Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Ein Künstlerleben in Lichtbildern…, op. cit.
  70. Ikus Mein Leben, op. cit., 313. Eta 318. or.
  71. Mein Leben, op. cit., 125. or.
  72. Oskar Kokoschka, Briefe III, op. cit., 205. or.