Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

katalogoa

Pintzela eta luma.
Kokoschka: Adolf Loos eta Karl Kraus-enetik

Jacques Le Rider

Izenburua:
Pintzela eta luma.
Kokoschka: Adolf Loos eta Karl Kraus-enetik
Egilea:
Jacques Le Rider
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea
Gaiak:
Artea eta historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Eszenografia | Erretratua eta autorretratua | Antzerkia | Opera | Paris | Viena | Poesia | Hitzak | Adolf Loos | Idazketa
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

Oskar Kokoschka, bere garaiko beste bi margolari austriar bezala —Alfred Kubin eta Albert Paris Gütersloh—, leku onean dago literaturaren historian (Egon Schiele-ren idatzi apurrek, berriz, ez dute halako aitortza ahobatezkorik jaso). Antzerki espresionistaren hastapenak aurkitzeko, derrigor ekarri behar dugu gogora Hiltzailea, emakumeen itxaropena (Mörder, Hoffnung der Frauen): obra hori 1909ko Internationale Kunstschau erakusketaren harira sortu zen, eta ekitaldi burrunbatsua izan zen. 1916an, belaunaldi espresionistako autore vienar nagusietako batek, Albert Ehrenstein-ek, Kokoschkaren adiskidea bera, hau esan zuen, artikulu baten hasieran, belaunaldi berriaren antzerkiari buruz: “Hasieran, Kokoschka izan zen. Badirudi hark, margolariak, irakatsi behar izan diela idazten autore gazteei”1. Ehrensteinek zalantzarik egin gabe jartzen du Kokoschkaren teatroa Walter Hasenclever eta Georg Kaiser-en lanaren parean.

Kokoschkaren talentu literarioa Mutiko ameslariak (Die träumenden Knaben) obran agertu zen lehendabiziko aldiz. 1907aren amaieran, Wiener Werkstätte edo Vienako tailerra zeritzoneko kideek ipuin- liburu baterako ilustrazioak egiteko eskatu zioten Kokoschkari —garaian, Kokoschka ikasten zebilen Kunstgewerbeschule edo Arte Aplikatuen Eskolan—. “[…] haurrentzako liburu bat izan behar zuen, koloretako litografiekin”, dio Kokoschkak bere memorietan. “Lehen marrazkian bakarrik eutsi nion nire buruari. Hurrengoak, aldiz, nire bertsoekin jaio ziren, irudi bidezko poema libreak balira bezala. Liburuak, nolabait ere, nire arimaren aldartea jasotzen zuen hitzez eta irudiz, garai hartako aldartea noski, eta horregatik jarri nion izenburu hori”2. Mutiko ameslariak, lehen begiratuan, haur eta gazteentzako liburu bat baino ez da. Helduei zuzenduta dago, ordea; konnotazio sexual gehiegi biltzen du “burges filistiarren umeen”3 eskuetan jartzeko. 1908ko ekainaren amaieran argitaratu ziren bostehun ale (batzuk baino ez daude koadernatuta; besteak sorta gisa aurkezten dira): koloretako zortzi litografia dira, eta ez zuten arrakasta komertzialik izan. Wiener Werkstättek ez zuen Kokoschkaren hurrengo liburu ilustratua argitaratu: Animalia-hiltzaile zuria (Der weisse Tiertöter). Aldiz, 1909ko abenduan, Karl Krausen aldizkarian —Die Fackel izena zuen—, ezohiko iragarki bat agertu zen: “Oskar Kokoschkaren Animalia-hiltzaile zuria editatuko duenaren bila gabiltza. Bidali eskaerak Die Fackel argitaletxera”4.

Kokoschkaren testua —bertso librean idatzitako poema bat, letra larririk gabe eta barra zeiharra puntuazio gisa—, sehaska- kanta baten moduan abiatzen da, indarkeria-, heriotza- eta mutilazio-irudi artegagarriz beteta; horrela, narratzailearen “nia” amesgaiztoz jositako loan murgiltzen du.

“arrain txiki gorria / arrain gorri txikia, / zula hadi hiru ahoko aiztoarekin, eta hil zatitu hadi bitan nire hatzekin / amai dadin zurrunbilo mutu hau / […] erori nintzen zorura eta amestu nuen / hainbat patrika ditu patuak / zain nago arbola perutar harritu baten alboan / haren hostozko beso hatz-ugariek oratu egiten dituzte beso eta hatz kezkatuak nola figura horixka / meheak /”5

Irudiak bata besteari kateatzen zaizkio ametsaren logika itxura irrazionalaren arabera. Apur bat geroago, “nia” eraldatu egiten da, eta gizotso bihurtzen: gizon-emakumeak irensten ditu. Ondoren, beste estrofa batean, autoanalisi baten hasiera zirriborratzen da:

“amets egiten du nire baitan eta nire ametsak Iparraren modukoak dira / non mendi elurtuek ezkutatzen dituzten antzinako ipuinak / nire burmuinean barna dabiltza nire pentsamenduak, haiei esker hazten naiz / inork ez daki inork ez du ulertzen /”6

Iparraldea aipatzen duenean, Lilith Lang suediar gazteari buruz ari da; gerora, poeman bertan “Mädchen Li” deitzen dio. Kunstgewerbeschuleko ikaskide baten arreba zen Lang, eta Kokoschka maiteminduta zegoen harekin. Mutiko ameslariak izan zen “nire lehen maitasun-gutuna”, Mein Leben (Nire bizitza) liburuan dioen bezala “baina neska hura jada nire bizitzaren zerumugatik alde eginda zegoen liburua plazaratu zenerako”7. Jarraian, honela zehazten da poemaren gaia:

“nire baitatik igarotzen diren hauek ez dira haurtzaroko gertaerak / ezta nerabezarokoak ere / mutil bat zer da ba / desira zalantzakor bat / hazten den horren lotsa arrazoirik gabea / eta gaztetasuna / gainezkatzea eta bakardadea / ni neu eta nire gorputza ezagutu nituen / maitemindu nintzen, eta maitasuna amestu”8

Mutiko ameslariak liburuan, testuak ez dira iruzkinak edo litografiei buruzko azalpenak; aldiz, beren autonomiari eusten diote. Poema horretan, kontraste handia dago ikuspegi oniriko nahiz ametsetako irudien iradokizun- indarraren eta pasarte “autoanalitikoen” artean, zeinak misteriotsuagoak baitira, baita ilunagoak ere. Kokoschka gaztea ez da, inondik ere, hitzen birtuosoa. 1912ko urtarrilaren 26an, “Ikuspegien kontzientzia” izeneko hitzaldia eskaini zuen Kokoschkak Vienan, Literaturaren eta musikaren elkarte akademikoak eskatuta (erakunde hori 1908an sortu zen; 1910eko urtarrilean Adolf Loos gonbidatu zuten, Ornament und Verbrechen (Apaindura eta krimena) saiakera lehen aldiz jendaurrean irakurtzera, eta urte bereko maiatzean, berriz, Karl Kraus gonbidatu zuten, lehen aldiz jendaurrean irakurtzera); bada, Kokoschkaren hitzaldiko entzuleek argi ikusi zutenez, haren esaldi bakoitzak isiltasunaren kontrako borroka latzen ostean konkistatua zirudien.

Eugenie Schwarzwald pedagogoak abiatu zuen neska gazteentzako lehen lizeoa Vienan, eta eskola horretan pintura- eta marrazketa- eskolak eman zituen Kokoschkak 1911–12 ikasturtean; bada, Schwarzwaldek gogoan duenez “adeitasunez adi zegokion publiko isilaren aurrean, koloreari, amodioari eta arteari buruzko pentsamendu sakon ugari jaurti zituen Kokoschkak. Bi aldiz, hitz-jarioa eten, eta ezin izan zuen segitu. Behin, aretotik irten zen, azalpenik eman gabe. Bere hitzen desordenean, lanak izan genituen zer esan nahi zuen ulertzeko”9. Lekukotasun horrek iradokitzen duen moduan, Kokoschkaren zailtasun erretorikoek txunditu egiten zituzten entzuleak, hala nola gertatzen zaigun liluragarria haren testu poetikoen trinkotasun lakonikoa eta apaindurarik gabea, izan ere, artistaren barne-premiei erantzuten diote. 1912ko urtarrilaren 16ko hitzaldiaren laburpen batek agerian jartzen du Kokoschkaren ideiak oso originalak direla, kostata adierazi zituen arren: “Arimaren espazioa arakatu nahi du. Aski izan behar dugu, material artistiko minimoarekin, gure baitan halako barne-ikuspegiak dauzkagulako kontzientzia pizteko. Gizateria nahikoa asetu da Leonardo da Vincik erakutsi digun gorputz- espazioarekin; hortaz, espazio psikikoa erakutsi behar diogu”10.

Ikuspegi horren arabera, Kokoschka gaztearen anbizioa bere barne-bisioak adieraztea zen, hitzen, formen eta koloreen bidez adieraztea, zehazki. 1912ko hitzaldian, kontzientziaren terminoak inkontzientea esan nahi zuen, paradoxikoa iruditu arren: bisioak, Kokoschkarentzat, artistaren, margolariaren, marrazkilariaren eta poetaren amets itzarriak ziren. Era berean, erretratugileak bere senari jarraituz margotzen zuen, pertsonaren atzean ezkutatzen den subjektibotasuna erakusteko, gorputzaren barnealdea ikusarazten digun erradiografia bezala, pertsonaiaren intimitatean barneratzen den idazlea bezala.

Adolf Loosek garrantzia handia izan zuen Oskar Kokoschkaren ibilbidean, gauza jakina da hori. “1908ko erakusketan ezagutu nuen” dio Kokoschkak bere memorietan, “eta erabakigarria izan zen, ez soilik nire ibilbidearentzat, nire bizitza osoari dagokionez ere bai. Ez nuke handinahia izan nahi, baina Dantek Virgiliori buruz esan zuena, neronek ere esan dezaket niri eta Loosi buruz. Lagun fidela, bizitzako paradisu eta infernu guztietara jarraitu nau”11. Dante eta Virgiliorekiko konparazioa —konparazio handinahia, dudarik gabe— oso esanguratsua da. Loosek, Kokoschkaren ibilbide artistikoa hauspotu eta hartan eragiteaz gainera, zirkulu literarioetan sartu zuen: Vienan, Karl Krausen zirkuluan, eta Berlinen, berriz, Der Sturm abangoardiako aldizkari espresionista eta laster futuristaren zirkuluan (1909ko urrian bertan Loosek Kokoschkaren izena gomendatu zion Herwarth Walden-i)12; gainera, erreparorik gabe defendatu zuen Kokoschkaren literatur ekoizpena, bereziki Karl Kraus adiskidearen aurrean; izan ere, Krausek, Allos Makar poema argitaratu zenean, zera esan zuen —Altzeste misantropoak Oronteren sonetoaren aurrean erantzun zuen antzera—: “Egia esan, komunetik behera botatzeko egokia da”.

Bestalde, Adolf Loos famatua zen arte modernoari buruzko saiakerak idazten zituelako, zeinetan ideia antikonformistak eta gogotik probokatzaileak adierazten baitzituen forma originalak baliatuz, eta bere arkitektura-lanengatik —ez ziren asko—. Der Sturm aldizkariaren lehen zenbakirako, 1910eko martxoaren 3an argitaratua, Loosek fabula bat eman zuen, “Gizon aberats gajoa” izenekoa13: fikzio narratibo horretan biltzen ziren Ornament und Verbrechen entseguko tesiak. Vienarrek presentzia nabarmena zuten Der Sturm aldizkarian: horren erakusgarri, aldizkariaren 1. zenbakian, Loosen fabularen aldamenean Karl Krausen saio bat kaleratu zen, “Opereta”. Loosek, bere fabulan, etxearen dekorazioa arkitekto xehetasun-zale baten eskutan utzia zuen gizon aberats baten istorioa kontatzen zuen. Narrazioan, altzari bakoitza da artelan total bat, eta etxeko nagusiak figurantea dirudi: azkar asko, hilkutxa batean itxita dagoela irudituko zaio. Loosek, hala, kritika egin zion Ringstrasseko estilo historiakoari, zeinetan guztia baitzen neogotikoa, neoerrenazentista edo neobarrokoa, baina jomugan jarri zuen, orobat, Sezesioko Jugendstil apaindura zalea eta Wiener Werkstätteren estiloa (nahiz eta esan genezakeen Wiener Werkstättek hautsi egin nahi izan zuela Jugendstileren apaintze-joerarekin, eta, aldiz, materialaren forma purua eta berezko apaindura-balioa lehenetsi). Kokoschkarentzat, Loosen mezua argi askoa zen: “Nire talentuan sinetsi zuen, Kunstgewerbeschuletik askatzen lagundu zidan, eta, handik gutxira, Wiener Werkstättetik ere askatu nintzen”14.

Karl Krausek guztiz eta zeharo bat egin zuen Adolf Loos lagunaren gurutzadarekin, artea apaindurara eta dekoraziora murrizten zuen korrontearen kontra. Esate batera, 1907ko azaroan argitaratutako artikulu batean, burla egin zion Wiener Werkstätteren sorkuntza bati: Cabaret Fledermaus (Saguzar Kabareta; arkitektoa: Josef Hoffmann; barneko dekorazioaren koordinatzailea: Carl Otto Czeschka). Krausen arabera, kabaret hori artelan total bat zen miniaturan, Vienako esnoben topaleku berri bihurtua15. Kabaret berri horren programazio-eskuorriko marrazkiak Kokoschkak egin zituen eta, 1907ko urriaren amaieran, berriz, kabaret horretako oholtzan bi obra aurkeztu zituen: Arrautza pikardatua (Das getupfte Ei), figura artikulatuen teatro mekanikoa, ispilu batean islatua; eta Esfingea eta txorimaloa (Sphinx und Strohmann), fartsa grotesko bat.

Hiltzailea, emakumeen itxaropena pieza 1909ko uztailaren 4an sortu zuen Kokoschkak, aire zabaleko antzoki batean, zeina Franz Lebisch arkitektoak atondu baitzuen Internationale Kunstschauren lorategian; bada, pieza horretan gauzatu zuen Kokoschkak Sezesioko estilo dekoratiboarekiko eta Wiener Werkstätteren estiloarekiko haustura. Beste behin ere, sexuen arteko gerra eta libidoaren oldar suntsikorra dira piezaren gaia; gai hori lehenago ere agertu zen Mutiko ameslariak lanean, haurrentzako ipuinen ustezko goxotasunarekin kontrastea sortuz. Hiltzailea, emakumeen itxaropena lanean, beste obra batera hurbildu zen Kokoschka, Pandoraren kutxa izeneko obrara hain zuzen, Frank Wedekind-en Lulu lanaren bigarren zatira. Karl Krausek pieza horren emanaldi pribatu bat antolatu zuen Vienan 1905eko maiatzean, eta honela aurkeztu zuen Lulu: “guztiek bera suntsitu ostean guztia suntsitzera datorren emakume bat da”16. Libidoaren indar suntsitzailearen mende sexuek elkar birrintzearen gaia lantzen du, halaber, Karl Krausen saiakera honek: “Txinako harresia”17. 1909ko uztailaren 27an kaleratu zen, Hiltzailea, emakumeen itxaropena sortu eta egun gutxira.

“Txinako harresia” testua hilketa batean oinarritzen zen: New Yorken, klase altuko emakume gazte bat erail zuen bere amoranteak, zerbitzari txinatar batek hain zuzen. 1913an, Kokoschkak zortzi litografia osatu zituen “Txinako harresia”18 janzteko, eta irudi-sorta horretako lehendabizikoak sekulako antza du 1910ean Der Sturm aldizkarian Hiltzailea, emakumeen itxaropena obraren ondoan kaleratutako marrazkiarekin19. Artistak hiltzaile gisa erakusten du bere burua, aiztoa ezker eskuan, oina emakumearen ezkerreko bularraren gainean, O K inizialak eskuineko besoan tatuatuta, eta eskuineko eskua emakumearen ezker masailean bermatuta.

Kokoschak afixa bat sortu zuen Hiltzailea, emakumeen itxaropena obraren emanaldiak iragartzeko, eta afixa horrek pietà baten tankera du: emakumeak, hilotza bezain zurbil, besoetan eusten dio gizon baten gorpu gorriari; gizona larrutu egin dutela ematen du. Hiltzailea, emakumeen itxaropena ilustratzeko beste marrazki bat argitaratu zuen Kokoschkak Der Sturm aldizkarian20, pietàren motiboa alderantziz emanda: gizonak —margolariaren autoerretratu bat da— eusten dio besoetan emakume biluzi eta hilari.

Antzezlanean, konnotazio kristauak apenas nabaritzen diren. Kritikari garaikideek beste alderdi batzuen garrantzia nabarmendu dute: kolore biziak, argi-jokoak eta pantomima, sonoritate kirrinkaria lagun. Testua oso atzean geratzen da; hainbeste, non emanaldiari buruzko artikulu zenbaitetan “estasi-oihu ulertezinak”, “garai arkaikora itzultzea” eta “onomatopeia eta adierazpen bitxiak”21 aipatzen baitira. Joera primitibista hori sarri agertzen da Kokoschka gaztearen ekoizpenean: “Historia Naturalaren museoa zegoen [Artearen Historiako museoko] artelanen parean, eta obra haiek ulertu egin nitzakeen… […] Oraindik ez nintzen aski heldua Tizianoren edo Rembrandten obrak behar bezala estimatzeko […]. Aldiz, Polinesiako maskara bati begiratzen nionean, tatuajeen lekuan ebakiak zituena, hura guztia kolpetik ulertzen nuen […]”22.

Kokoschkak ez zuen gogoko Paul Zinner-ek Hiltzailea, emakumeen itxaropena obrarako egin zuen musika. Halaber, Kokoschkak bere memorietan adierazten duenez, Paul Hindemith-ek gutun bat bidali zionean antzezlaneko testuari musika jartzeko baimena eskatuz, artistak ez zion batere sutsu erantzun, eta ez zuen sekula entzun Hindemithen ekitaldi bakarreko opera, Hiltzailea, emakumeen itxaropena izenburu berekoa, 1919an sortua. Kokoschkak hau gehitu zuen: “Aldiz, Orfeo eta Euridize piezaren estreinaldira joan naiz; nire pieza horri musika jarri dio Ernst Křenek-ek Kassel-en. Nolanahi ere, ez nago batere seguru nire lan literarioek interpretazio musikalei bide ematen dioten gaur egun”23. Hiltzailea, emakumeen itxaropena obra Gesamtkunstwerk bat dela esan nahi badugu (hau da, “artelan total” bat), nabarmendu genezake Kokoschkak, arteen sintesia bilatzen duenean, ez duela estilo postwagneriarrean bilatzen, hau da, ez du musikaren zeinuaren mende jartzen. Artistak, oroz gain, literatura dramatikoaren eta arte bisualen sintesia du amets.

Obra bost atalez osatuta dago, tragediaren ekitaldi bakoitzeko bana (dena den, Kokoschkaren testuan, zeina 1910ean argitaratu baitzen, ez dira argi bereizten bost zati horiek). Pertsonaien hitzez gain, didaskalia xeheak ere erantsi zituen autoreak, eta, bereziki, dekoratuak deskribatzen zituen: dorre bat (sinbolo falikoa); horren oinetan, kaxa bat, itxita, metalezko ate gorri batekin, sexu femeninoaren ikur. Ilunpetan garatzen da eszena, zuziak argi bakar. Piezaren hasieran, emakume ilehoria gorriz jantzita dago: odolaren, haragiaren eta bizitzaren kolorea; haren aurrean gizon bat agertzen da, aurpegia zuri, armadura urdina soinean, buruko zauriak lotuta, eta emakumeak garrasi egiten du haren aurrean, bi aldiz segidan (gizonak gerlari-koru bat du alboan, eta emakumeak, berriz, neska gazteen koru bat): “Nire arnasak dir-dir eginarazten dio eguzkiaren disko horiari, nire begiak gizonen bozkarioa dakusa ingurumarietan, haien desira zezela nire inguruan herrestaka dabil piztiaren antzera”24.

Emakumea su goriz markatzeko agintzen du gizonak, eta, orduan, andreak mendeku hartzen du, eta aizto-kolpe batez zauritzen du. Gizona, ahul, kaxan giltzapetzen dute, eta emakumeak kaxa inguratzen du bueltaka, zauria lotzeari ekin aurretik. Gizonari iruditzen zaio emakumeak odola zurrupatu nahi diola; emakumeak, berriz, gizonaren desiraren preso dagoela dio. Hala dio, oihuka: “Ez dut nahi zu bizitzerik, nire odolaz elikatzen zaren banpiroa, ahuldu egiten nauzu, zoritxarra zuretzat, hil egingo zaitut — lotu egin nauzu. Harrapatu egin zaitut — eta zuk eusten didazu — burdinezko kateekin — ito egiten nauzu — aska nazazu — laguntza. Preso zintuen giltza galdu dut”25. Azken eszenan, gizona zutitu egiten da; emakumea, berriz, lurrera erori, eta hil. Ondoren, gizonak masakratu egiten ditu gerlariak eta neska gazteak, eta oholtzatik ateratzen da sugarren erdian. Antzezlanaren amaieran, gizonak kolore gorria hartu dio emakumeari, eta hortik aurrera emakumeari egokituko zaio heriotzaren zuritasuna.

Oskar Kokoschkak lau erretratu egin zizkion Karl Krausi. Lehena, olio-pinturaz egina, 1909an margotu zuen, eta 1944an suntsitu zen Kolonian, bonbardaketa batek Wallraf-Richartz-Museum kaltetu baitzuen. Kokoschkaren hitzetan, “Karl Krausen erretratua egin nuen bere apartamentuan”. “Bere begiek dir-dir egiten zuten, sukarrez, oheburuko lanpararen atzean. Halako gaztetasun-itxura bat zerion, bere betaurreko trinkoen atzean lubakituta, gortina beltz baten atzean bezala, bere esku urduri eta finak astintzen. Bere ahotsa zorrotza zen. Loosek, entzumena galtzen hasia zen arren, hitz guztiak ulertzen zituen. […] Biek ahazten zuten ni margotzen ari nintzela”26. 1909ko erretratua erakusketa baterako zenez, ez zuen Karl Krausek jaso, eta Kokoschkak beste erretratu bat margotu zion 1925ean: gaur egun Vienako Museum moderner Kunst museoan dago ikusgai.

Kokoschkak, 1910ean, Krausen erretraturik famatuena egin zuen, gehien erreproduzitu dena: Der Sturmen argitaratu zen, Else Lasker-Schüler autorearen “Karl Kraus” testuaren harira: “Apaiz onginahia, atzaparrez armatua, katar handia, aita santuaren moduko oinak, botekin, musukatuak izateko zain. Batzuetan bere aurpegian dalai-lamaren katu-ezaugarriak agertzen dira, eta supituan hotza zabaltzen da gelan, beldurren nahasketa bat […]. Karl Kraus aita santu bat da. Bere justizia-zentzuak hotza hedatzen du gelan zehar, atsekabe-epidemia bat hedatzen du gizartean”27. Kokoschkak Krausi egindako azken erretratua 1912koa da: idazlearen eskuak nabarmentzen ez dituen erretratu bakarra. Krausek miretsi egiten zuen Kokoschka erretratugilea, baina Pro domo et mundo (1912) lanean kaleratutako aforismoa nahasgarri samarra da: “Kokoschkak nire erretratu bat egin du. Ezagutzen nautenek, beharbada, ez naute erretratuan ezagutuko. Baina ezagutzen ez nautenek, ordea, erretratuan ezagutuko naute ziur aski”28.

Krausek indar handiz hauspotu zuen Kokoschka artista, 1911ren amaieratik hasita, eta leial agertu zitzaion 1920ko hamarkadan; nolanahi ere, ez zuen inoiz estimatu Hiltzailea, emakumeen itxaropena obraren autorea. 1910ean eta 1911n, Die Fackel aldizkarian, artikulu batzuk idatzi zituen Franz Grüner29 eta Ludwig Erik Tesar30 goresteko, eta Kokoschkaren alde jarri zen, su eta gar, plagio baten harira liskarra piztu zenean margolariaren eta haren arerio Max Oppenheimer-en artean31. Bestalde, Kokoschkak Krausen bitartez ezagutu zuen belaunaldi espresionistako margolaririk iaioenetako bat: Albert Ehrenstein. 1911n, Tubutsch, Ehrensteinen maisulan bat, argitaratu zen Jahoda & Siegel etxean, hau da, Karl Krausen aldizkariaren argitaratzaile vienarrean, eta argitalpen hartan Kokoschkaren hamabi marrazki biltzen ziren.

Baina Krausek ez zituen inoiz estimatu Kokoschkaren ekoizpen literarioak. Luzaroan ez zuen ezer esan haren testuen harira, baina 1914tik aurrera sutsu adierazi zuen ez zitzaizkiola gustatzen. Lehenik, Albert Paris Gütersloh idazle eta margolariari eskainitako ohar labur batean aipatu zuen zeharka, bi artistei leporatu baitzien beren “bizitza bikoitz ez-baimendua”talentu bikoitz gisa aurkezten saiatzea32. Bien bitartean, Der Sturm aldizkaritik eta Herwarth Waldenen zirkulu berlindarretik urrundu zen Kraus (1912tik aurrera zirkulu hori futurismoarekin liluratu zen, eta Krausek gaitzetsi egiten zuen), baina orobat alde egin zuen abangoardia literario espresionistaren aldamenetik (Else Lasker-Schüler ez zuen baztertu, besteen gainetik zegoela iruditzen baitzitzaion). Gainera, Krausek Kokoschka idazlearekiko erakutsitako zorroztasuna, ziur aski, honako faktore honekin lotuta zegoen: Kokoschkak bere borondatez eman zuen izena armadan, eta gainera (Loosen esku-hartzearen bitartez) zalditeria-erregimentu ospetsu batera esleitu zuten; horrek guztiak inspirazio gisa balio izan zion Krausi gerraren kontra inoiz egindako adierazpenik itzelenetako bat idazteko: Gizateriaren azken egunak.

Krausek sumina agertu zuen berriro ere Gütersloh eta Kokoschkaren “poesia txarra”33 jomugatzat hartuta 1919ko uztailean. 1920ko apirilean, Das Tribunal aldizkari espresionistako kideek testu bat eskatu zioten Krausi: Kokoschkaren aldeko zenbaki bat plazaratzeko asmoa zuten, izan ere, Job eta Hiltzailea, emakumeen itxaropena piezak Frankfurteko Neues Theater antzokian estreinatu eta biharamunean Kokoschkaren aurkako kritika gogor-gogorrak kaleratu ziren. Eskaeraren aurrean, Krausek erantzun zuen ez zuela Job ezagutzen, baina Kokoschkaren beste pieza zera iruditzen zitzaiola, “modako diletantismoak sortutako lardaskeria literariorik erdipurdikoena”34.

Ulertzekoa da, beraz, zergatik aurkezten duen Kokoschkak bere burua, modu ironikoan, Karl Kraus maisuaren eskolako alferrontzi gisa; honela dio bere memorietan: “[bere aldizkariaren] zenbaki bakoitza argitaratu eta gero, mundu guztiak bere iritzia ematen zuen iluntzean bi adiskideen [Kraus eta Loos] mahaian, eskolako azterketa bereziki zorrotz bat balitz bezala […]. Ni izan nintzen hala ez egiteagatik barkamena eskatu zuen bakarra; esan nuen ez nuela zenbakia irakurri. […] Karl Krausek ez zuen gupidarik […]. Azken batean, margolari hutsa nintzen, eta Ekialdean ergelak sakrosantutzat jotzen dituzten bezalaxe, neuk ere besteekin batera mahaian esertzeko baimena neukan, ‘Mutu’ gisa”35.

Kokoschkak idatzitako Allos makar (αλλως μακαρ)36 poemaren harira, Krausek muturreraino eraman zituen bere kritikak, ulergaitz gertatzeraino. Izan ere, Kokoschkaren testu hori bere obra literarioko lanik landuenetako eta pertsonalenetako bat dugu. 1914ko martxoan, artean ere beren maitasun- harremana berpiztea espero zuenean, Oskar Kokoschkak poemaren lehen bertsioa bidali zion Alma Mahlerri, Wehmann und Windsbraut izenburuarekin (Sufritzailea eta urakana edo Sufritzailea eta haizearen andregaia; izan ere, Windsbraut hitzak zentzu bikoitza du, eta Kokoschkak hitz horrekin izendatu zuen 1913ko azaroan Georg Trakl poetaren begiradapean margotzen hasitako mihisea, zeinak “urakana besarkatzea” aipatzen baitzuen, orobat, Gaua izeneko poeman)37. Oskarrek 1914ko udazkenean osatu zuen behin betiko bertsioa, askoz ilunagoa, Almak abortatzeko erabakia hartu eta gero —maiatzean— (“klinika batean sartu zen, eta umea har zezaten utzi zuen, nire umea”)38. Allos makar (αλλως μακαρ) izenburuak —Alma eta Oskar izenen anagrama—, grekeraz, honelako zerbait esan nahi du: “Zoriontsu, beste zerbait da”. Poemaren hasieran, maitale baten izena da αλλως, eta pasioa hain da fusiozkoa, non Oskar eta Alma nahasi egiten baitira, eta izate bakarra osatzen baitute, αλλως:

“Bai modu miragarrian aztoratu nauen, lanbroetatik atera eta gero,

haren bila, hegazti zuri bat niri deika, Aλλως.

Aλλως ez dut inoiz ezagutu. Zeren, orduantxe,

bera nire izate bilakatzen da berehalako batean

atzeko ate batetik.”

Poemaren hurrengo ahapaldietan honakoak aipatzen dira: konkista ezinezkoa, krisia, maitaleen ontzia daroan urakana, sufrimendua eta dolua. Eta, azken bertsoan, Kokoschkak komatxo artean idazten du “Anders ist glücklich”, αλλως μακαρ esaldiaren itzulpena, geronek “Zoriontsu, beste zerbait da” gisa proposatzen duguna.

Kokoschkaren poema 1915ean argitaratu zen bost litografiako ziklo batekin batera39. Karl Krausi ez zitzaion batere gustatu; hain desatsegina gertatu zitzaion, non bere maitaleari —Sidonie Nádherný von Borutin— bidalitako gutun batean, seko birrintzen baitu Kokoschkaren testua: “Bertso hauen meritua ezagut dezadan saiatzen da L[oos]” dio Krausek. “Baina argi dago ez duela tutik ulertzen. […] Nik, aldiz, esaldiz esaldi erakutsi diot, hitzez hitz, komaz koma, akatsak direla, egia esan akats sinpatiko samarrak; adierazteko ezgaitasuna eta artisau on baten abilezia dira, berak sormenaren markatzat hartzen duena. Dilentaterik irrigarriena dela erakutsi diot, eta, leku ulergarrietan, topiko poetiko bat, gauza guztiz arrunt bat, mila bider aditua”40.

Krausek zergatik ez zituen onartu Oskar Kokoschkaren dohain literario ukaezinak, eta zergatik kritikatu zuen ia mespretxuraino? Egia esan, mintzaira poetikoaren bi ulerkera bateraezin kontrajartzen dira hemen. Karl Kraus bere lehen poema- bildumaren argitalpena prestatzen ari zen: Worte in Versen (Hitzak bertsotan); 1916ko udaberrian argitaratu zuen, eta Goetheren tradizioari jarraitzen zion. Krausek gogoko zituen errima, metrika klasikoa eta muga formalak; inspirazioa hauspotzen ziotelakoan. Kokoschkak, berriz, nahiago zuen errima librea erabili, eta, bere emozioak zein afektuak adierazteko, lehen begi kolpean oinarrizkoa dirudien mintzaira baliatzen zuen (oinarrizko koloreak ere aipatu ohi ditugun zentzuan), nahiz eta Allos makar poemako joko bikoitza oso sotila den egiaz. 1918an, artearen historialari Paul Westheim-ek monografia bat eskaini zion artistari, eta, haren testu poetikoei buruz ari zela, Sprechprache kontzeptua erabili zuen: hizkuntza hitz egina41. Eta horrexen ondorioz heltzen zion Krausek posizio antimodernoari Allos makar poemaren harira. Haren zorrozkeria harrigarria egiten zaigu gaur egungo ikuspegitik.

Baina Kokoschkaren lan literarioei justizia egin nahi izatekotan, ez da aukera hobea haren lanak bihozberatasun onberaz hartzea, artista handi baten Ingresen biolinak sortzen duen moduko bihozberatasunarekin alegia. Obra horrek arreta handiagoz berrikus dezagun merezi du, ezbairik gabe.

[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

 

Oharrak
  1. Albert Ehrenstein, “Junges Drama”, hemen: A. Ehrenstein, Werke, Hanni Mittelmann (ed.), 5. lib.: Aufsätze und Essays, Wallstein, Göttingen, 2004, 88–91. or (88. or.).
  2. Oskar Kokoschka, Mein Leben (1971), frants. ed.: Ma vie, Michel-François Demet (itzul.), PUF, Paris 1986, 52. or.
  3. “Nicht für Philisterkinder” idatzi zuen Ludwig Hervesi kritikariak 1908ko Kunstchauri buruzko laburpenean, hemen aipatua: Werner J. Schweiger, Der junge Kokoschka. Leben und Werk 1904–1914, Brandstätten, Viena eta Munich 1983, 61. or.
  4. Die Fackel, 292. zk., 1909ko abenduak 17, azaleko III. orrialdea.
  5. Oskar Kokoschka, “Die träumenden Knaben”, hemen: Ernst Fischer eta Wilhelm Haefs (ed.), Hirnwelten funkeln. Literatur des Expressionismus in Wien, Otto Müller, Salzburgo, 1988, 169–76. or., hemen: 169. or. (egilearen itzulpena).
  6. O. Kokoschka, “Die träumenden Knaben”, op. cit., 172. or.
  7. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 52. or.
  8. O. Kokoschka, “Die träumenden Knaben”, op. cit., 172. or.
  9. Eugenie Schwarzwald, “Der Redner Kokoschka”, Neue Freie Presse, 1926ko abenduak 20, 10. or.; hemen aipatua: W. J. Schweiger, Der junge Kokoschka […], op. cit., 219. or.
  10. Otto Zoff, Der Merker, 3. urtea, 3. zk., 1912ko otsailak 1, 115. or. eta hur.; hemen aipatua: W. J. Schweiger, Der junge Kokoschka […], op. cit.
  11. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 74–75. or.
  12. Ikus Peter Sprengel eta Gregor Streim, Berliner und Wiener Moderne. Vermittlungen und Abgrenzungen, Böhlau, Viena, Kolonia eta Weimar, 1998, 599. or.
  13. Adolf Loos, “Vom armen reichen Mann”, Der Sturm, 1. urtea, 1. zk., 1910eko martxoak 3, 4. or.
  14. Kokoschkaren adierazpenak 1962an Ludwig Goldscheider-ekin egindako elkarrizketa batean, hemen: L. Goldscheider, Kokoschka, Phaidon, Kolonia, 1963, 13. or.; hemen aipatua: W. J. Schweiger, Der junge Kokoschka, op. cit., 116. or.
  15. Karl Kraus, “Eine Kulturtat”, Die Fackel, 236. zk., 1907ko azaroak 18, 1–9. or.
  16. Hemen aipatua: Jacques Le Rider, Karl Kraus. Phare et brulot de la modernité viennoise, Seuil, Paris, 2018, 146. or.
  17. Karl Kraus, “Die Chinesische Mauer”, Die Fackel, 285–286. zk., 1909ko uztailak 27, 1–16. or. “La muraille de Chine”, Éliane Kaufholz (itzul.), hemen: Karl Kraus, Cette grande époque, Petite bibliothèque Rivages, Paris, 1990. Krausen testu honen harira, ikus halaber: J. Le Rider, Karl Kraus […], op. cit., 179–82. or.
  18. Karl Kraus, Die Chinesische Mauer, Oskar Kokoschkaren zortzi ilustraziorekin, Kurt Wolff, Leipzig, 1914.
  19. Oskar Kokoschka, Mörder, Hoffnung der Frauen, hemen: Der Sturm, 1. urtea, zk., 1910eko uztailak 14, 1–2. or. (Kokoschkaren marrazkia 1. or.).
  20. Oskar Kokoschka, Mörder, Hoffnung der Frauen ilustratzeko marrazkia, hemen: Der Sturm, 24. or., 1910eko abuztuak 10, 2. or.
  21. Hemen aipatua: W. J. Schweiger, Der junge Kokoschka […], op. cit., 111., 113. or. eta hur.
  22. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 51. or.
  23. Ibid., 280. or.
  24. O. Kokoschka, Mörder, Hoffnung der Frauen, hemen: E. Fischer eta W. Haefs (ed.), Hirnwelten funkeln […], op. cit., 176-182. or., hemen 177–78. or. (egilearen itzulpena).
  25. Ibid., 181. or.
  26. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 81. or.
  27. Else Lasker-Schüler, “Karl Kraus”, Jacques Legrand (itzul.), Europe, 1021. zk., 2014ko maiatza (Karl Kraus dosierra), 48. or. eta hur. (49. or.).
  28. Karl Kraus, Pro domo et mundo. Aphorismes et réflexions II, Pierre Deshusses, Bibliotheque Rivages, Paris, 2015, 110. or.
  29. Franz Grüner, “Oskar Kokoschka”, Die Fackel, 317–18. or., 1911ko otsaila, 18–23. or.
  30. Ludwig Erik Tesar, “Oskar Kokoschka. Ein Gespräch”, Die Fackel, 298–99. or., 1910eko martxoak 21, 34–44. or. “Der Fall Oskar Kokoschka und die Gesellschaft”, Die Fackel, 319–20. zk., 1911ko martxoak 31, 31–39. or.
  31. Ikus Karl Kraus, “Kokoschka und der andere”, Die Fackel, 339–40. or., 1911ko abenduak 30, 22. or.
  32. Die Fackel, 391–92. zk., 1914ko azaroak 21, 23. or.
  33. Die Fackel, 514–18. zk., 1919ko uztailaren amaiera, 16. or.
  34. Hemen aipatua: Leo A. Lensing, “‘Dies unbefugte Doppelleben’. Karl Kraus über die Doppelbegabung von Oskar Kokoschka”, Kraus-Hefte, 47. zk., 1988ko uztaila, 7–12. or., Hemen: 9. or.
  35. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 81. or.
  36. Kokoschkak azenturik gabe idatzi zuen ἄλλως μάκαρ.
  37. “Uharri beltzkaren gainean / lehertzen da, heriotz-hordi, / urakan besarkatua”, Gaua poemako bigarren estrofako 3–5 bertsoak; Georg Traklen poema hori Der Brenner aldizkarian argitaratu zen, 1914ko uztailaren 15ean. Trakl 1913ko azaroan joan zen bisitan Kokoschkaren lantegira. Kokoschkak, hasieran Tristan und Isolde deitu zion; 1914ko udaberrian aukeratu zuen Die Windsbraut izenburua.
  38. O. Kokoschka, Ma vie, op. cit., 133. or.
  39. Oskar Kokoschka, Allos makar, hemen: Zeit-Echo. Ein Kriegs-Tagebuch der Künstler, 1. urtea, 20. fasz., Graphik- Verlag, Munich, 300. or. eta hur.
  40. Karl Kraus, Briefe an Sidonie Nádherný von Borutin 1913– 1936, Heinrich Fischer eta Michael Lazarus (ed.), Friedrich Pfäfflin-ek berrikusitako eta zabaldutako edizioa, Wallstein, Göttingen, 2005, 1. lib., 398. or.
  41. Paul Westheim, Oskar Kokoschka, Gustav Kiepenheuer, Potsdam eta Berlin, 1918, 39. or. eta hur.