Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

katalogoa

Gerraren zeinupean

Anna Karina Hofbauer

Izenburua:
Gerraren zeinupean
Egilea:
Anna Karina Hofbauer
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea
Gaiak:
Gizakia | Artea eta gizartea | Artea eta historia | Artea eta politika | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Paisaia | Gerra | Bigarren Mundu Gerra | Alemania | Ingalaterra | Adolf Loos | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

Isonzoko frontea. Seloko eliza (Isonzo-Front. Kirche Selo, 1916) obran, hesi bat ageri da lehen planoan, etsaiari eliz atarira iristea eragozteko altxatua bere garaian, orain erabat suntsituta. Baina hesiak, hari arretaz behatuz gero, tridimentsionaltasun-efektua eragiten du, eta oholek ikuslearen espazioa marrazten eta barrentzen dutelako inpresioa sortzen du. Eszenaren albo banatan —herri baten ikuspegia da—, bi zuhaitzek zedarritzen dute ikus-eremua. Tonu marroiak eta beltzak nagusi direla, paletak espazioa mugatzen eta begirada elizara bideratzen laguntzen du. Gu hesiaren aurrean jartzean, eta hesiak pantaila lana egiten duela kontuan hartua, Kokoschkak gerraren ikuspegi lazgarritik babestu nahi gaitu; modu sinbolikoan, behintzat. Marrazkiak ez du perspektiba positibo batetik aurkezten gatazka, ezta gerra-erreportaje bat osatzen ere. Aitzitik, eszena agertzeko moduak zeharkako mezu bat helarazten digu: begira ezazue, hala nahi baduzue, baina ez ikusi zer eragin duen gerrak gutako bakoitzarengan. Beraz, elizara daraman bide bakarti eta garbia erredentzio-zeinu gisa interpreta daiteke, azken irteera gisa. Garaipen loriatsuak betikotu beharrean, bakardadea eta suntsipena islatzen dituzte artistak gerra-margolari gisa egiten dituen lanek; hau da, gerraren ondorioak erakusten dituzte. Kokoschka, zeinak behar hutsagatik eta berriz mobilizatuko ote zuten beldurragatik onartu zuen postu gutiziatu hura, seguruago sentitzen zen horrela1. Ez zen saiatu bere lanetan gatazkaren basakeria erakusten, alderantziz baizik: 1916ko uztailaren erdialdetik abuztuaren amaierara arte egin zituen hogeita hamar marrazkiek Lehen Mundu Gerrako izugarrikerien irudi urardotu bat erakusten dute.

Isonzoko frontea. Seloko eliza marrazkia Isonzoko seigarren guduaren ondoren egin zuen Kokoschkak. Austrohungariarren eta italiarren arteko gudu hori 1916ko abuztuaren 6tik 16ra bitartean gertatu zen, Gorizia inguruan, Isonzo ibaiaren ertzean, eta hildako kopuru izugarria eragin zuen (40.000). Garai hartan, Kokoschkak gerrako prentsa-sailean (Kriegspressequartier, KPQ) ziharduen lanean, margolari gisa, Austria-Hungariako propaganda militarraren zentroaren barruan. 1916ko martxoaren 29an eskuratua zuen lanpostua, Pálffy ospitalean suspertzeko egonaldi bat egin ondoren. Izan ere, 1915eko abuztuaren 29an, larri zauritu zuten buruan eta biriketan, Volodimir-Wolinski inguruan, Ukrainako ipar- mendebaldean. Fisikoki eta psikologikoki hondatuta itzuli zen gerratik, gatazka hartan parte hartu zuten beste asko bezala.

Kokoschka 1915eko urtarrilaren 3an sartu zen Lehen Mundu Gerran. Wiener Neustadt hirian deitu zuten soldadutzara, eta, Adolf Loosen bitartekaritzari esker, 15. dragoi-erregimentu entzutetsuan sartu zen, monarkiaren zalditeria-erregimentu ospetsuenean2. Bere autobiografian —Mein Leben (Nire bizitza), 1917an argitaratua—, honela azaldu zuen une hura artistak: “Soldadu joateko adinean nengoenez, pentsatu nuen hobe nuela neure burua boluntario aurkeztu, armadan izena ematera behartua izan baino. Ez zen emazterik edo seme-alabarik izango nire itzulera zoriontsuaren zain. Bistan da ez nuela ezer galtzeko gerran, ezta defendatzeko ere”3. Hitz horietan ez zuen ez gogorik ez erreakzio positiborik erakutsi borrokan parte hartzeko aukerari buruz; eta, hamarkada batzuk geroago, Mein Leben autobiografian jaso zituen fronteko esperientzia laburrean bizitako izugarrikeriak.

Margolariei ez zitzaien uzten gerrari buruzko ikuspegi kritikoa ematen, Isonzoko frontea, Baka lubakietan (Isonzo-Front. Der Baka im Laufgraben) marrazkiak aditzera ematen duen bezala. Agintariek —errukirik gabeko zentsore— pisuzko argudio bat zuten horretarako: frontera bidal zezaketen edozein artista baldin eta haren lanak ez baziren behar bezain baliagarriak gerra-makineriaren kausari laguntzeko. Askotan, soldaduek “desertore” (Drückeberger) edo “koldar” (Feiglinge) moduan ikusten zituzten, eta beren marrazkiak, grabatuak, eskulturak edo pinturak armada inperial eta errealaren propagandaren zerbitzura jarri beste erremediorik ez zuten izaten artistok4. Kasu hori da obra onena; izan ere, lehen begiratuan, Antzinatearen irudi idealizatu bat ematen du. Erdian, erortzeko zorian dagoen eraikin bat nabarmentzen da; zulo handi bat dauka alderik alde, eta zuloan zehar hondoko zeru urdina edo urrutiko mendiak ageri dira. Etxearen alboetan, beste eraikin batzuk eta zenbait zuhaitz antzematen dira. Lehen planoko soldaduen bost siluetengatik ez balitz, marrazkiak XIX. mendearen hasierako eszena erromantiko horietako bat ekarriko liguke gogora. Konposizioak antzekotasunak ditu Caspar David Friedrichek 1824–25ean margotu zuen Eldenako abade-etxearen hondakinak, Greifswald-etik gertu obrarekin. Bi margolan horietan, elementu arkitektoniko eta begetalen antolaketak edertasun ia idealeko paisaia bat osatzen du, eta pertsonaiak bigarren mailan geratzen dira. Isonzoko frontea, Baka lubakietan marrazkiko zuhaitzek palmondoen antz pixka bat ere badute; eskuineko lore urdinxkek, berriz, ukitu mediterraneo bat ematen diote marrazkiari, Kokoschka garai hartan bizi zen herria (Tolmin, Eslovenia) gogora ekarri nahiz bezala. Artistak behatzailea antzinako mundu desagertu batera lekualdatzea lortzen du, eta Erromantizismoko funtsezko hiru gai aurkezten ditu —nahi gabe, segur aski—: nostalgia, misterioa eta kutuntasuna.

Naturak funtsezko garrantzia du Isonzoko frontea. Tolmin (Isonzo-Front. Tolmino) marrazkian ere. Kokoschkak 1916ko uztailean marraztu zuen lan horretan, landarediaren berde distiratsuak eta hondoko zeruaren urdinak bost soldaduren behin-behineko babeslekua inguratzen dute. Soldaduak, eszenaren erdian, atseden hartzen —edo, akaso, eztabaidan— ari dira. Eskuinean, Kokoschkak margotutako muino eta mendiek tokia identifikatzen laguntzen dute. Haren gerra-irudi guztietan, izenburua, data eta argibide geografikoak agertzen dira. Zehaztasun muturreko horrek armada inperial eta errealeko goi-agintaritzak emandako jarraibideei erantzuten die: “Paisaia-pintoreek, posizioen eta gudu- zelaien marrazkiak egiten dituztenean, data, kokalekua eta beharrezko gainerako datuak zehaztu beharko dituzte”5. Marrazkian ez da Lehen Mundu Gerrako basakerien eta ondorio izugarrien arrastorik ageri. Kontuan hartzen badugu Kokoschka bera ere soldaduen artean zegoela eta izugarrikeria haien lekuko izan zela —eta gerra-margolari gisa lan egin zuen bitartean ere izugarrikeriak gertatzen jarraitu zutela—, argi dago haren marrazkiak ez datozela errealitatearekin bat. Artistak bizitako basakerien testigantza eman zuen aurrerago. Gogora ekarri zuen nola topatu zuten lagun bat “zuhaitz batetik buruz behera zintzilik eta biluzik”6. Gudu-zelaietan bizitako beste esperientzia beldurgarri batzuk ere deskribatu zituen: “Kolerak jota zeuden gizonak baso- herrixka haietako batera eraman eta egurrezko etxe abandonatu batzuetan utzi zituzten; hantxe hil ziren gehienak”7.

Hala, bada, Kokoschkaren marrazkiek, lekuan bertan —gudu-zelaian— eginak izan arren, ez dute inola ere islatzen margolariak, soldadu gisa, bere haragitan bizi izan zuena, ezta gerra-margolari gisa ikusi zuena ere. Artisten lanak “gerrako irudiei buruz emandako jarraibideak” errespetatu behar zituen, “Alemanian eta atzerrian […] propaganda eraginkorra izateko […], indar armatuen arrakastak behar bezala ilustratzeko”8.

Kokoschkaren marrazkiak, garai hartan, ez ziren erakusgai jarri, segur aski. Bere autobiografian, bizitzako garai horri buruzko kontakizuna errealitatetik urruntzen da: azaltzen du “lotura-ofizial” gisa “kazetari, margolari eta marrazkilari batzuk” Ljubljanara eraman eta “tokiko agintari militarren esku utzi” zituela, bera ere gerra-margolari zela zehaztu gabe9. Reguline Bonnefoit-ek eta Gertrud Held-ek ohartarazi dutenez, Kokoschkak frontean amaitutako lanak pastelekin, akuarelekin eta gouacherekin egindakoak izan ziren10, baina, itxura guztien arabera, artistak ez zituen inoiz agintarien esku utzi marrazkiok11.

Aitzitik, 1917ko marrazkiek gertaeren berrikuspen moduko bat erakusten dute. Irudi txikiak eta kolore bakarrekoak dira gehienak, une jakin bat erakusten duten irudikapen sinplifikatuak: arkatz gorriz zirriborratutako Soldaduak arpilaketan (Plündernde Soldaten) da horren adibide bat. Kolore bakarrarekin lan egiteko erabaki horrek esan nahi izan dezake Kokoschkak bere oroitzapenerako egindako apuntetzat hartzen zituela marrazkiok. Giza irudi bat ageri da marrazkiaren diagonalean luze etzanda, baina zaila da jakitea ahoz behera edo ahoz gora datzan. Besoak zabalik ditu eta belo batek aurpegia edo burua estaltzen dio. Segur aski hilda dago, eta haren jarrerak, ezinbestean, Kristoren irudia ekartzen digu gogora. Marrazkiaren goiko aldean, bi gizon ageri dira, gurutze baten garraioan, eta txakur bat haien atzetik. Azpian, bi soldaduk zaku batean sartzen dute harrapakina. Gerra-eszena horrek —marra azkarrekin moldatua, antzeko beste batzuk bezala— etsipena, atsekabea eta krudelkeria islatzen ditu; artistak gouachez egindako marrazkien naturaltasunaren eta erromantizismoaren atzean ezkutatzen diren sentimenduak dira horiek, Kokoschkak gerra- margolari gisa zuen eginkizuna amaitu ondoren bakarrik azaldu zituenak12.

Horren ondoren, artista Berlinen bizi izan zen denboraldi labur batez, eta handik Dresdenera aldatu zen, 1916ko abenduan. 1919an, irakasle-postua lortu zuen Arte Ederren Akademian. Bere irakasle-jardunaren zazpigarren urte aldera —garrantzi handiko urteak izan zituen haiek bilakaera pertsonalean eta artistikoan—, Akademiaren bizitza ordenatuan harrapatuta sentitu zen Kokoschka, eta bi urteko eszedentzia hartu zuen. Bidaiak egin zituen Europan barrena eta Ipar Afrikara eta Ekialde Hurbilera, eta 1934ko irailaren 25ean Pragan jarri zen bizitzen. 1938ko urriaren 17an, Olda Palkovskà neska- lagunarekin batera, nazismotik ihes egin zuen, Ingalaterrarako azken hegaldia hartuta. Croydoneko aireportuan lurreratu ziren, Londrestik gertu.

Hala, Kokoschkak Ingalaterrako erbestetik egin zion aurre Bigarren Mundu Gerrari. Londresen, Anschluss – Alizia Lurralde Miresgarrian  (Anschluss – Alice im Wunderland) margotu zuen, 1942an: “Garai hartan, koadro ‘politiko’ batzuk egin nituen, ez ni politikoki konprometituta nengoelako, baizik eta gerrari buruzko nire ikuspegia ezagutarazi nahi nuelako”13. Alizia, konposizioaren eskuinean biluzik ageri den emakumea, alanbre arantzadunez inguratuta dago. Eskuin eskuko hatz erakuslea behatzaileari zuzenduta, tinko begiratzen dio, begi akusatzailez, esanez bezala: “Zergatik onartu zenuen Austriaren anexioa (Anschluss)?”. Austriaren pertsonifikazio horrek Gurutze Gorriaren besokoa darama eskuin besoan, eta xalotasunaren beraren irudia da; hankartea ezkutatzen dion parra-hostoak areagotu egiten du irudi hori. Nork salbatu zain dagoen xalotasuna da, nolabait esateko. Eszena Vienan gertatzen da, atzean sutan dagoen eraikinaren idazkunak adierazten duenez: “Wien”. Eskuinean, Aliziaren atzean, aldare barroko batean, Ama Birjina eta Haurra daude, burua moztuta biak. Hori du Kokoschkak ama-semeak beren nortasunaz gabetzeko modua, Elizaren botere- eta autoritate-galera gogora ekarriz. Nolanahi ere, egoera horretan, Jainkoaren ama santuak ez dauka Austria salbatzeko modurik. Aliziaren ondoan, hiru gizon ageri dira, altzairuzko kaskoz jantzita. Janzkerak salatzen du nor zein herritakoa den: abituz jantzitako apaiz frantses bat; Wehrmacht-eko soldadu bat, granada bat daramana; eta trajez jantzitako ingeles bat, bere gorbata, aterki eta guzti. Ekialdean jakinduriaren sinbolo diren hiru tximino jakintsuen keinuak imitatzen dituzte, belarriak, ahoa eta begiak estalita, hurrenez hurren. Artista kontu eske ari zaie haiei ere: zergatik ez zenuten ezer egin Adolf Hitlerren aurka? Margolanaren ezkerreko izkinan, emakume bat Aliziari begira dago; magalean daukan haurrak gas- maskara bat darama jantzita. Esperantza eta fede guztia galdu dute, haien ondoan lurrera erortzen den Bibliak erakusten duen bezala.

Kokoschkak Austriari eta Anschlussen kudeaketari egindako kritika zorrotza da, beraz, obra hori, baina baita nazismoak eragindako hilketen salaketa gogorra ere. Margolariak ez ditu beren erantzukizunetatik libratzen aliatuak, bere herria itxaropenik eta salbabiderik gabe hondoratzen ari dela ikusita. Anschluss – Alizia Lurralde Miresgarrian Kokoschkak Bigarren Mundu Gerraren aurrean hartu zuen jarrera ezagutarazteko asmoz margotutako margolan- sail bateko alea da. Aipatu beharra dago obra horretan ez dela zalantzan jartzen, inola ere, Sobietar Batasunak gatazkan jokatu zuen papera. Hori bera nabarmendu zuen Régine Bonnefoitek: “Londresko erbestean, Kokoschkak Sobietar Batasunaren aldeko adierazpen sutsuak egin zituen, inolako zentzu kritikorik gabeko apologia batean”14.

Bestalde, artistak gogor salatu zuen bere adopzio-herria ere, Ingalaterra, Loreley (1941–42) obran ikus daitekeenez. Itsaso zakarrak eta tximistek urratutako zeruak —pintzelkada indartsu adierazkorrez margotuak biak— osatzen dute lehen planoan agertzen diren protagonisten eszenatokia. Ezkerraldean, nabarmen, Viktoria erregina ageri da, Britainia Handia munduko lehen itsas potentzia izatera eraman zuena. Haren irudia trazu zabalekin eta koloretako margo-geruza lodiekin moldatua dago, itsasoa eta zerua margotzeko moduarekin kontrastean. Infernu horren erdian, erregina eta igel berdea (Irlandaren sinboloa) dira, itxuraz, apokalipsitik bizirik aterako diren bakarrak15. Atzean, itsasontzi bat ageri da, enbataren aurka borrokan, eta olagarro bat hiruhortzeko batekin. Uste izatekoa da olagarroak Viktoria erreginari kendu diola hiruhortzekoa, hau da, alegoria politiko honetan Ingalaterrako ontzigintzaren nagusitasunaren sinbolo denari. Hala eta guztiz ere, erreginak marinelen gorputzak jaurtitzen dizkio ondoan duen marrazo odol- goseari, era horretan bere boterea osorik eta indartsu berretsiz. Eskuinean, gorpu bat ageri da, uretan flotatzen, eta atzean, olatu artean, beste pertsona bat itota dagoela iradokitzen dute marra zuriek. Kokoschkaren interpretazioaren arabera, erreginak eta Britainia Handiak sufrimendu handia eta heriotza ugari eragin zituzten. Dena dela, beste batzuen ustez (Gloria Sultano, Patrick Werkner), obra horretako itsasontzia SS Arandora Star izan daiteke, naziek 1940ko uztailean torpedoz eraso eta hondoratu zuten bidaiari-ontzi britainiarra16.

Marianne – Makiak – “Bigarren frontea” (Marianne – Maquis – “Die zweite Front”, 1942) obra ere aliatuen aurkako kritika bat da. Marianne —Frantziako Errepublikaren pertsonifikazioa— eszenaren erdian ageri da, ondoan bi ingeles dituela: Winston Churchill lehen ministro britainiarra eta Montgomery jenerala, tea edaten Café de Parisen, Londresko Soho auzoan. Ekialdeko frontean oste sobietarrak nazien aurka borrokan ari ziren bitartean, mendebaldeko potentziek lasai hartu zituzten gauzak, eta hori da, hain zuzen, Kokoschkak alaituei leporatzen diena: bigarren frontea antolatu ez izana Ardatzeko indarren aurka egiteko. Bakarrik utzi zuten Sobietar Batasun horrekiko bere begikotasuna erakusten duten bi sinbolo komunista daramatza Mariannek: izar gorri bat blusa horian, eta igitai-mailu gorri-urdinak zapian. Mariannek bat egiten du, halaber, makiekin, hau da, erresistentzia frantsesarekin, eta hori ere Kokoschkaren kritikaren adibide gisa ulertu behar da.

Ingalaterran egin zituen lanen artean, batez ere Bigarren Mundu Gerra bitartean, Loreley, Anschluss Alizia Lurralde Miresgarrian eta Marianne – Makiak – “Bigarren frontea” margolanek, baina baita 1940–41eko Arrautza gorria (Das rote Ei) izeneko obrak ere, garbi erakuste dute Kokoschkak erabakita zuela gerrari buruzko bere ikuspegia mugarik eta zentsurarik gabe irudikatzea. Hala ere, Kokoschak adierazi zuen margolan horiek ez zirela inolako konbikzio politikotik sortuak; aitzitik, helburu zutela “gerra, behingoz, barrikaden beste aldetik”, Mantxako kanalaren beste ertzetik erakustea, nazien erregimenak “artista degeneratua” izendatu zuenean jasan behar izan zuen zentsuratik libre17. Kokoschkak asko preziatzen zuen Ingalaterran zuen askatasuna, pinturaren bidez bere iritziak eragozpenik gabe adierazteko libertate hura. Gerrari buruzko bere ikuspuntua munduari erbestetik eskainiz, “kide bakarreko mugimendu klandestino” bateko partaide modura ikusten zuen artistak bere burua18.

[Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak
  1. Walter F. Kalina-ren arabera, hemen: Nina Schedlmayer, “1. Weltkrieg: Propagandamalerei im Schützengraben”, Profil, 2014ko martxoak 7 (www.profil.at/gesellschaft/ 1-Weltkrieg-propagandamalerei- Schuetzengraben-373278).
  2. Ikus Alfred Weidinger, “Oskar Kokoschka. Träumender Knabe – Enfant Terrible”, hemen: Agnes Husslein-Arco eta Alfred Weidinger (ed.), Oskar Kokoschka. Träumender Knabe – Enfant Terrible, 1906–1922, erak. kat., Österreichische Galerie Belvedere, Viena; Bibliothek der Provinz, Weitra, 2008, 252. or.
  3. Oskar Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, Tusquets Editores, Bartzelona, 1988.
  4. Ikus Walter Albrecht, “Nach der Schlacht”, Heeresgeschichtliches Museum, 2019ko abuztuak 20 (https:// blog.hgm.at/2019/08/20/ nach-der-schlacht-2/).
  5. Régine Bonnefoit eta Gertrud Held, “Oskar Kokoschka 1915–1917. Vom Kriegsmaler zum Pazifisten”, hemen: Uwe M. Schneede (zuz.), 1914. Die Avantgarden im Kampf, erak. kat., Bundeskunsthalle, Bonn; Snoeck, Kolonia, 2013, 249–50. or.
  6. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 138. or.
  7. Ibid., 143. or.
  8. R. Bonnefoit eta G. Held, “Oskar Kokoschka 1915–1917. Vom Kriegsmaler zum Pazifisten”, op. cit., 249. or.
  9. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 150. or.
  10. R. Bonnefoit eta G. Held, “Oskar Kokoschka 1915–1917. Vom Kriegsmaler zum Pazifisten”, op. cit., 250. or.
  11. Ibid.
  12. 1916ko abuztuaren amaieran, Kokoschka gaixotu egin zen, “obus- shockak jota”: “[…] Isonzo ibaia zeharkatzen zuen zubira hurbiltzera menturatu nintzen. Haitzarteko zubi bat da, erromatarrek eraikitzen zituzten horiek bezalakoa. Bat- batean, leherrarazi egin zuten, eta shockak jota geratu nintzen” [O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 151 or]. Gertaera horrek estres postraumatikoa eragin zion, eta, ahuleziak jota, bertan behera utzi behar izan zuen gerra-margolari lana.
  13. O. Kokoschka, Mein Leben (1971). Gazt. ed.: Mi vida, op. cit., 245. or.
  14. Régine Bonnefoit, “Kokoschkas Anerkennung in England und den USA”, hemen: Cathérine Hug eta Heike Eipeldauer (ed.), Oskar Kokoschka. Expressionist, Migrant, Europäer. Eine Retrospektive, erak. kat., Kunsthaus, Zürich; Leopold Museum, Viena; Kehrer Verlag, Heidelberg, 2018, 212. or.
  15. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben, op. cit., 253–54. or.
  16. Ikus Patrick Werkner, “Allegorische Gemälde”, hemen: Gloria Sultano eta Patrick Werkner (ed.), Oskar Kokoschka. Kunst und Politik, 1937– 1950, Böhlau, Viena, 2003, 178. or.
  17. Ikus O. Kokoschka, Mein Leben, op. cit., 247. or.
  18. Ibid., 252. or.