Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

katalogoa

Kronologia

Izenburua:
Kronologia
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea
Gaiak:
Artea eta gizartea | Artea eta politika | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Erakusketak | Erbestea | Gerra | Europa | Londres | Paris | Viena
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

“Enfant terrible” bat Vienan, 1904–1916 Margolari, baina baita poeta, idazle, saiakeragile eta antzerkigile ere, Oskar Kokoschka (1886–1980) Vienako XX. mendearen hasierako mugimendu artistiko eta intelektualekin lotuta dago, baita garaikide zituen Gustav Klimt (1862–1918) eta Egon Schiele (1890–1918) margolarien obrarekin ere. Haren lehen lanak eskandalagarritzat jo zituzten ikusleek zein kritikariek, eta Oberwildling ezizena jarri zioten artistari: basatietan basatiena.

Arteen batasuna aldarri zutela, Vienako Sezesioari eta Wiener Werkstätte ekoizpen-tailerrari (1903–32) atxikitako sortzaileek, aukeran, nahiago zituzten forma leun eta begetalak —oso ugariak garai hartan, bai pinturan, bai altzarigintzan eta bai arkitekturan—. Kokoschkak eszena artistikoan egin zuen sarraldia erloju-bonba baten eztanda bezalakoa izan zen, espresionismoak jada iragarria zuen gordinkeria bera erakutsi baitzuen bere marrazki eta idatzietan.

1886

Oskar Kokoschka martxoaren 1ean jaio zen, Pöchlarn-en (Austria). Lau anaiatan gazteena zen. Haren aita, Gustav Josef Kokoschka, urregilea zen formazioz, eta bitxi-saltzailea ogibidez. Ama, Maria Romana Loidl, basozain baten alaba, familia ugari batean hazitakoa zen. Oskar jaio eta urtebetera, familia Vienara lekualdatu zen. Handik gutxira, seme zaharrena hil egin zen. Oskarrek sei urte zituela, Orbis Sensualium Pictus liburua jaso zuen opari, haurrentzako lehen eskuliburu irudidunetako bat, Jan Amos Komenský (Comenius) hezitzaile txekiarrak 1658an idatzia. Artistak oso presente izan zuen liburu hura bere bizitza osoan.

1904

Maturität edo batxilergoa egin ondoren, kimika-ikasketak egin nahi izan zituen, baina marrazketarako zuen berezko talentuari esker, beka publikoa lortu ahal izan zuen Kunstgewerbeschule edo Arte Aplikatuen Eskolan sartzeko. Ikastegia Vienako Museum für Kunst und Industrie, hau da, Arte eta Industria Museoarekin lotuta zegoen.

1906–07

Senideak marraztu eta margotu zituen, erretratuarekiko zaletasun goiztiarra erakutsiz. Eskolako Fachschule für Malerei-n (Pintura Departamentua) sartu zen, eta Berthold Löffler zuzendari berria bitarteko zela, bat egin zuen Wiener Werkstätte tailerrarekin. Arrautza pikardatua (Das Getupfte Ei) itzal- antzerkia aurkeztu zuen Cabaret Fledermaus aretoan. Wiener Werksttättek enkargu ugari egin zizkion (postalak, ilustrazioak, abanikoak).

1908–09

Zortzi litografiekin ilustratutako poema bat sortu zuen Wiener Werkstätte tailerrarentzat, Lilith Lang eskola-lagunari zion maitasunean inspiratuta: Mutiko ameslariak (Die träumenden Knaben) lehen obra espresionistetako bat- tzat hartzen da. Gustav Klimtek eta Josef Hoffmannek Vienan antolatutako lehen bi Kunstschau erakusketetan parte hartu zuen, eta haren lanak iritzi desberdinak sortu zituen artisten eta kritikarien artean. Han, Adolf Loos arkitektoa ezagutu zuen. Hari esker, Wiener Werkstätte tailerretik ekonomikoki emantzipatzeko behar adina erretratu-enkargu jaso zituen. Garai hartan, halaber, Peter Altenberg poeta eta Karl Kraus idazlea ezagutu zituen, eta sarri jotzen zuen Vienako Akademischer Verband für Literatur Und Musik-era, Eugenie Schwarzwald pedagogoak eta haren senar Hermannek zuzentzen zuten Literatura eta Musikako Elkarte Akademikora, alegia. 1909ko uztailaren 4an, bi antzerki-lan aurkeztu zituen bigarren Kunstschau erakusketan: Esfingea eta txorimaloa (lehendabizi, Grotesque izan zuen izenburu, eta ondoren, Sphinx und Strohmann) eta Hiltzailea, emakumeen itxaropena (Mörder, Hoffnung Frauen). Bigarren horrek izugarrizko eskandalua sortu zuen.

1910

Urte hasieran, Suitzara joan zen Adolf Loosekin batera. Han, bi lagunek arnasbideetako gaitzetarako sendategi bat bisitatu zuten: Mont- Blanc. Sendategian, arkitektoaren neska-laguna ezagutu zuen, Bessie Bruce, eta haren eta beste egoiliar batzuen erretratuak egin zituen. Vienara itzultzean, Herwarth Walden editore berlindarra ezagutu zuen Loosen bitartez. Waldenek aldizkari baterako proiektu bat zuen eskuartean, Der Sturm, Karl Krausi aurkeztu berri ziona. Kokoschka aldizkariko ohiko kolaboratzaile bihurtu zen. Marrazki asko argitaratu zituen han, hala nola Hiltzailea, emakumeen itxaropena antzezlanerako ilustrazioak. Marrazki horiek ospe handia eman zioten Alemanian. Berlinen, Waldenen etxean hartu zuen ostatu.

1911

Vienara itzulita, Albert Ehrenstein poetaren lagun egin zen, eta haren liburu bat ilustratu zuen: Tubutsch. Udazkenean, marrazketa-irakasle hasi zen Privat-Mädchenlyzeum emakume-eskola pribatuan. Eskola Eugenie Schwarzwald pedagogo ospetsuak sortua zen. Urtebete geroago kaleratu zuten, ordea, agintari publikoen presioaren ondorioz. Kokoschkak, itxaropena egiteaz gain, gai erlijiosoak esploratu zituen, eta marrazkiak egiten jarraitu zuen Der Sturm aldizkarirako.

1912

Carl Moll margolariaren bitartez, haren alabaordea ezagutu zuen, Alma Mahler musikari eta konpositorea, Gustav Mahlerren alarguna zena. Harekin maitemindurik, maitasun-istorio sutsu eta zurrunbilotsu batean murgildu zen. Alma Mahlerrek pintura ugari eta zenbait litografia-serie inspiratu zizkion. Udan, bikotea Bernako Oberland eskualdera (Suitza) joan zen bidaian. Han, Alpeetako paisaia, Mürren (Alpendlandschaft bei Mürren) margotu zuen. Irailean, Koloniara joan ziren biak, Kokoschka partaide zuen Sonderbund erakusketaren kariaz.

1913

Hainbat bidaia egin zituen Alma Mahlerrekin: Napoli, Ponpeia, Venezia. Garai horretan, Haizearen andregaia (Die Windsbraut) koadroan hasi zen lanean; dirudienez, Napolin harrapatu zuen ekaitz batean inspiratuta dago margolana. Vienara itzulita, estudio propio batean kokatu zen lehen aldiz. Karl Krausen Die chinesische Mauer (Txinako harresia) saiakera ilustratu zuen, baita bere poema bat ere, Kolon kateatua (Der gefesselte Columbus), Alma Mahlerrekiko harremanean sortutako lehen tirabirak islatzen dituen litografia-ziklo bat. Abuztuaren amaieran, bikotea Dolomitetara joan zen bidaian. Han, Passo Tre Croci mendatearen ikuspegi bat margotu zuen, hoteletik bertatik.

1914

Alma Mahlerrek, haurdun, abortatzea erabaki zuen. Horrek sufrimendu sakona eragin zion Kokoschkari, eta zenbait litografia-ziklo inspiratu, hala nola Allos makar —Alma eta Oskar izenen anagrama—, eta O betierekotasun, hitz sorgarri hori (O Ewigkeit, du Donnerwort), Johann Sebastian Bachen kantatan oinarritua. Gerra hastean, soldadu joatea erabaki zuen.

1915

Loosen gomendioz, 15. dragoi-erregimentuan sartu zen, eta zaldiz ibiltzen ikasi behar izan zuen. Pixkanaka, Alma Mahlerrengandik aldentzen hasi zen, harik eta, azkenean, behin betiko bereizi ziren arte. Almak, bere aldetik, beste harreman bat hasi zuen, Walter Gropius arkitektoarekin. Errusiako frontean, Kokoschkak zauri larriak izan zituen: bala-zauria buruan eta baioneta-zauria birikan. Brnoko ospitale militarrera bidali zuten. Han, ospitaleko egonaldian, Orfeo eta Euridize (Orpheus und Eurydike) antzerki-lana idazten hasi zen; 1918. urtera arte ez zuen amaitu.

1916

Udan, Isonzoko haranera joan zen, gerrako pintore-talde batekin, lotura-ofizial gisa. Han, gudu-zelaiaren koloretako marrazkiak egin zituen. Granada baten leherketak entzumen-galera larria eragin zion. Hasieran, Vienako ospitale militarrera eraman zuten, baina Berlinen igaro zuen eriondoa.

Dresdeneko urteak, 1916–1923

Errusiako frontean jasotako zaurien ondorioz borrokarako ezgai deklaratu zuten, eta 1916. urtearen amaieran Berlinen kokatu zen. Han, kontratu bat sinatu zuen Paul Cassirer (1871–1926) galeria-jabearekin. Gerrak eragindako depresio-aldi batean sartu zen, eta tratamendua jaso behar izan zuen Dresdeneko eriondo-etxe batean. Hiriko eszena artistikora hurbildu zen, antzerkira batez ere, eta horrek indarra eman zion bere lan dramatikoekin aurrera jarraitzeko. Kokoschka oso kezkatuta zegoen egoera politikoaren ezegonkortasunarekin, leherketa iraultzaileekin eta kontrako errepresio odoltsuarekin, eta hori dela eta, bakartzea erabaki zuen, artearen independentzia-beharra aitzakiatuz. Dresdenen, maiz joaten zen museoak bisitatzera: Rubens, Tiziano eta Rafaelen maisulanak ikustera. Aldi horretan ondu zituen margolanek ezaugarri komun batzuk dituzte: koloreak, biziak eta argitsuak, bata bestearen ondoan aplikatuta daude, eta formak, askotarikoak, askatasun osoz banatuta agertzen dira oihalean.

1916

Urrian, gutxieneko diru-sarrerak bermatzen zizkion kontratu bat sinatu zuen Berlinen, Paul Cassirer galeristarekin. Frontera joan beharra saihesteko, Dresdeneko kanpoaldean (Weißer Hirsch) zegoen erietxe batean har zezaten lortu zuen, Albert Ehrenstein lagunaren bitartekaritzari esker. Gerrara joan nahi ez zuten artistak eta idazleak hartzen zituen zentro hori elkargune garrantzitsua izan zen abangoardiako artistentzat. Han, Fritz Neuberger doktorea, Walter Hasenclever idazle espresionista, Ivar von Lücken poeta eta Ernst Deutsch eta Käthe Richter antzezleak ezagutu zituen, besteak beste. Adiskidantza berri horiek eraginda, zenbait talde-erretratu margotu zituen hurrengo bi urteetan, Lagunak (Die Freunde) izenekoa, besteak beste.

1917

Gerrako zaurietatik erabat sendatu gabe artean, Kokoschkak Esfingea eta txorimaloa antzerki-lanaren beste bertsio bat egin zuen, Job deitu zuena. Apirilean estreinatu zuen, Zuricheko Dada galerian, paper nagusietan Hugo Ball eta Tristan Tzara poetak zirela. Aldi berean, hainbat margolan erakutsi zituen Cabaret Voltaire klubean, Max Ernst, Paul Klee eta Vasily Kandinskyrekin batera. Dresdeneko Albert-Theater antzokian, berak zuzendu zituen bere antzezlanak: Sasia sutan (Der brennende Dornbusch) eta Hiltzailea, emakumeen itxaropena, Ernst Deutsch eta Käthe Richter antzezleek interpretatuak. Uda horretan, Austriako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren babespean, zenbait pieza aurkeztu zituen Stockholmen, eta Bakearen aldeko Nazioarteko Biltzarreko hitzaldietan izan zen.

1918

Berlingo Paul Cassirer galeriak Kokoschkaren lehen banakako erakusketa antolatu zuen, eta Paul Westheimek haren lanari buruzko lehen monografia argitaratu zuen. Garai horretan, sarri egoten zen Hans Posserekin, Dresdeneko Gemäldegalerie Alte Meister edo Maisu Zaharren Pintura Galeriako zuzendariarekin, alegia. Udan, Hermine Moos artista eta jantzi-diseinatzailea ezagutu zuen, eta Alma Mahlerren itxurako panpina bat egiteko enkargatu zion. Hamabi gutun bidali zizkion Moosi, fetitxea egiteko jarraibide zehatzak emanez. Bestalde, erregimen inperialaren eroraldia ekarri zuen Alemaniako azaroko iraultzaren lekuko izan zen, eta harremanak izan zituen Novembergruppe-ko (Azaroko Taldea) artistekin, baina, azkenean, ez zuen haien bileretan parte hartu nahi izan. Printzipioa (Das Prinzip) izeneko litografian —“Askatasuna, Berdintasuna, Fratrizidioa” du legenda—, gertakari haietako indarkeria salatu zuen, Marianneren bustoa eta Frantziako Errepublikaren goiburua zinikoki erabiliz.

1919

Apiril hasierarako panpina amaituta zegoen. Kokoschka ez zen batere pozik geratu emaitzarekin, baina ez zion uko egin, hala ere, haren bitartez bere sorkuntzaren alderdi berriak aztertzeari: eta harekin batera agertzen zen jendaurrean eta haren konpainian margotzen hasi zen. Hiru urte geroago, festa batean, burua moztuta eta ardotan itota bukatu zuen panpinak. Abuztuan, Dresdeneko Kunstakademie-ko (Arte Ederren Akademia) irakasle izendatu zuten. Zazpi urtez jardun zuen han lanean. Elba ibaiaren aurrean zuen estudioa, eta ibaiaren eta hiriaren ikuspegiak margotzen hasi zen handik.

1920

Erregimen-aldaketak eragindako bortizkeriarekin zeharo izututa, kezkaz egiaztatu zuen kale-istiluak areagotuz zihoazela Alemanian. Kappek Weimarko Errepublikaren aurka zuzendu zuen estatu- kolpean, bala galdu batek Peter Paul Rubensen obra bat kaltetu zuen, Dresdeneko Gemäldegalerie Alte Meister-en. Kokoschkak protesta egin zuen ondare artistikoaren suntsiketa horren kontra; Dresdeneko biztanleei gutun ireki bat idatzi eta hiriko kaleetan zintzilikatu zuen. Berlinen, George Grosz eta John Heartfield artistek “Der Kunstlump” (Artearen jendaila) izeneko iritzi-artikulu batekin erantzun zuten. Bertan, gogor kritikatzen zuten Kokoschka, garrantzi gehiago emateagatik artelanei erreboltetan hildakoei baino.

1921

Orfeo eta Euridize antzezlana aurkeztu zuen Frankfurteko Schauspiel-en. Dresdenen, Anna Kallin kantari errusiarra ezagutu zuen, eta maitasun- eta adiskidetasun-harreman luze bat izan zuen berarekin. Handik aurrera, haren koadroetan gehien agertu zen modeloetako bat izan zen Kallin.

1922

Urtarrilean, Gustav aita gaixotu zitzaion. Vienara joan zen hura ikustera, eta bi hilabetez geratu zen hirian. Apirilean, Veneziako Bienalera joan zen. Han, Alemaniako pabiloiaren komisarioak, Hans Posse-k, areto bat eskaini zion oso- osorik. Handik Florentziara joan zen gero, eta Michelangeloren lana ezagutu zuen. Liluratuta gelditu zen hura ikusita. Dresdenera itzulita, bere lehen dekoratuak eta opera-jantziak sortu zituen, Paul Hindemith-ek Hiltzailea, emakumeen itxaropena obraz egin zuen moldaketarako.

1923

Abuztuan, Suitzara joan zen bidaian, Anna Kallinekin batera, eta Zurich, Luzerna, Les Avants, Montreux eta Blonay bisitatu zituen. Handik bueltan, irailean, bi urteko eszedentzia eskatu zuen, Europan eta Afrikan zehar bidaiatzeko asmoz. Urrian, Gustav Kokoschka hil egin zen. Oskar Vienara itzuli zen, eta urte amaiera arte gelditu zen han.

Bidaiak eta Parisko egonaldia, 1923–1934

Paul Cassirer galeristaren babes ekonomikoarekin, Kokoschka bidaian ibili zen Europa osoan, Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean barna. Bidaia horietan, paisaiak, hiri-ikuspegiak eta pertsonen eta animalien erretratuak margotu zituen, Dresdenen landua zuen estiloarekin kontraste nabarmenean (Dresdenen Elbaren hainbat ikuspegi margotu zituen, estudiotik bertatik ikusita). Margolan berri horietan, materia isurkorrago bihurtu zen, koloreen paleta zabaldu, konbinazio kromatiko berriak hartzeko, eta trazuak arindu, bidaiaren azkartasunaren adierazgarri balira bezala. Askotan, margotzeko leku ikusgarriak bilatzeko joan- etorri horiek abentura moduko bat bihurtu ziren berarentzat, pertsona bitxiak eta ezohikoak ezagutzeko aukera ematen ziotenak. Denboraldi zoriontsu horretan, Kokoschka bere burua hobeto ezagutarazten saiatu zen, Parisen eta Londresen. Horretarako, egonaldi luzeak egin zituen bi hiriburu horietan.

1924

Urriaren 13an, Kokoschkaren lanen erakusketa monografiko bat inauguratu zen Vienako Neue Galerie-n, Otto Nirensteinen zuzendaritzapean. Erakusketa bi aste geroago itxi zuten, bisitari batek Haurrak jolasean (Spielende Kinder) margolanari eraso ziolako. Kokoschkak iritzi-artikulu bat idatzi zuen erasoa salatuz, eta hainbat egunkaritan argitaratu. Ondoren, Parisa jo zuen, Adolf Loos lagunarekin eta Sebastian Isepp margolariarekin batera. Han, Garnier Operaren bi koadro margotu zituen, ondoko hotel batetik ikusita. Hanburgoko Kunsthalle-k Haizearen andregaia (Die Windsbraut) erosi zion.

1925

Berlinera itzulita, Kokoschka akordio batera iritsi zen Paul Cassirer galeristarekin. Akordio horren arabera, galeristak bidaiak finantzatu eta 30.000 marko gehiago emango zizkion urtero, haren margolanak saltzeko eskubide esklusiboaren truke. Otsailean, beste bidaia bat hasi zuen, Europan zehar, Frantziako hegoaldetik hasita. Monte-Carlo, Niza, Marseilla, Avignon eta Aigues-Mortesko paisaiak eta hiri-ikuspegiak margotu zituen. Lisboa, Madril, Sevilla eta Toledo ere bisitatu zituen, besteak beste. Ondoren, Amsterdamera joan zen, eta, handik, Londresera. Haren bi margolan ikusgai jarri zituzten Pittsburgh-eko Carnegie Institut-ek antolatutako 24th International Exhibition of Paintings erakusketan.

1926

Paul Cassirer galeristak bere buruaz beste egin zuen bere dibortzio-prozesuan, eta, hori dela eta, Kokoschka Berlinera itzuli zen. Udaberrian, artistak sei hilabete eman zituen Londresen. Han, paisaiak margotu zituen, eta animalien erretratuak egiten hasi zen berriro. Regent’s Parkeko zoologikora maiz egiten zituen bisitek inspiratuta, Tigoia (Tigerlöwe) eta Mandrila (Mandrill) margotu zituen. Bestalde, Kokoschkak Hermine Moosi panpina egiteko jarraibideekin idatzitako gutunak argitaratu ziren, Paul Westheimen arte-kritikari eta editorearen ekimenez. Azaroan, Kassel-en, Orfeo eta Euridize opera estreinatu zuten Ernst Křenek-en musikarekin. Křenek Alma Mahlerren alaba Annarekin ezkonduta zegoen orduan.

1927

Ekainean, Zuricheko Kunsthausek Kokoschkaren lanaren atzerabegirako garrantzitsu bat aurkeztu zuen, ehun eta bat margolanez osatutako bilduma handi bat erakusgai jarrita. Garai horretan, Alemaniako museoek haren koadro asko erosi zituzten. Kokoschkak denbora zeraman Dresdeneko Kunstakademie-tik agertu gabe, eta Otto Dix margolariak ordezkatu zuen karguan, zuzendaritzaren erabakiz. Kokoschka bidaian joan zen Veneziara, Paduara eta Turinera, Cassirer galeriaren kolaboratzaile Helmuth Lütjens-ekin batera.

1928

Afrikako iparraldera abiatu zen bidaian, Lütjens bidelagun hartuta denborarik gehienean. Lehendabizi, Tunisian barna ibili ziren, eta gero Tozeur aldera jo zuten, Atlasen eta Sahararen artean. Tribu beduinoak ezagutu zituen eta zenbait erretratu egin, Aljeriarantz abiatu aurretik. Biskra-n, El Kantarako oasia margotu zuen. Sahara iparraldeko Tuggurt herrian, Tamacine-ko (Argelia) Sidi Ahmet Ben Tidjani marabutaren erretratu bat egin zuen. Ondoren, Marokon, Sevillan eta Madrilen ibili zen, eta geroago Londresen, Irlandara abiatu aurretik.

1929

Udaberrian, kanpora jo zuen berriro, Albert Ehrenstein lagunarekin batera, oraingo honetan Egipto ezagutzeko asmoz. Hilabete eman zuen han, eta, segidan, Palestina, Jerusalem, Jeriko eta Tel Aviv bisitatu zituen. Handik aurrera, bakarrik jarraitu zuen bidaia, Grezian eta Turkian barna. Abuztuan, Eskoziaraino iritsi zen, Cassirer galeriako Walter Feilchenfeldt-ekin. Parisen amaitu zuen urtea, Rue Boissy-d’Anglas- eko Vouillemont hotelean.

1930

Urtarrilean, Berlingo Preußische Akademie der Künste-ko (Arteen Akademia Prusiarra) kide hautatu zuten. Ondoren, Tunisiara bueltatu zen, Djerbara, zehazki. Udazkenean, Alderdi Nazionalsozialistaren goraldia ondorioak izaten hasi zen Alemanian, eta Weimarko agintariek margolariaren lan bat konfiskatu zuten. Paul Schultze- Naumburg-ek Kunst und Rasse (Artea eta arraza) liburua argitaratu zuen, Kokoschkaren pintura gaixo mental batek egin lezakeen lanarekin parekatuz. Irailean, Parisa jo zuen. Ia urtebete eman zuen han. Delambre kaleko 9. zenbakian hartu zuen estudioa.

1931

Urtarrilean, Mannheimen-eko Kunsthallen egindako atzera-begirako batean, artista germaniar handienetakotzat jo zuten. Handik hilabetera, Parisko Jacques Bonjean galerian, arte alemanari buruzko erakusketa batean, haren sei lan jarri zituzten ikusgai. Martxoaren 18an, erakusketa monografikoa eskaini zioten Parisen, Georges Petit galerian, berrogeita lau margolan ikusgai jarrita. Nolanahi ere, Kokoschkaren egoera ekonomikoa gero eta okerragoa zen. Cassirer galeria bere ordainsariak murrizten saiatu zen, eta Kokoschkak, azkenik, kontratua deuseztatu zuen. Ekainean, Parisko Villa des Camélias-en jarri zen bizitzen, Jules Pascin-en estudioa izandako etxean. Han, Iturburua (Die Quelle) koadroan jardun zuen lanean; 1922an hasia zen hura margotzen, Dresdenen. Irailean, Vienara itzuli zen, bere diru-sarrerak handitzeko asmoz, eta udal sozialistak oturuntza-areto bat dekoratzeko enkargua eman zion. Han margotu zuen Wilhelminenberg jauregia Vienako ikuspegiarekin (Schloss Wilhelminenberg mit Blick auf Wien) obra.

1932

Udan, Veneziako Bienaleko Austriako pabilioian erakutsi zituen bere lanak, eta Max Liebermann margolari eta Preußische Akademie der Künsteko zuzendariaren zorionak jaso zituen. Kokoschka, bere aldetik, maisu aleman handiari buruzko atzera begirako erakusketa bat antolatzen saiatu zen Parisen.

1933

Adolf Hitler boterera igo ondoren, Akademietik dimisioa ematera behartu zuten Max Liebermann, eta Kokoschkak, erreakzio gisa, haren aldeko artikulu bat argitaratu zuen Frankfurter Zeitung egunkarian. Alemaniako prentsak estu hartu zuen Kokoschka, eta Dresdeneko bilduma publikoetako bost lan konfiskatu zizkioten. Abuztuaren 23an, Adolf Loos laguna hil zitzaion, eta haren hiletan izan zen, Vienan. Garai hartan idatzi zuen Totema eta tabua, ziniko baten ariketa intelektualak (Totem und Tabou, Denkübungen einez Zynikers) saiakera, nazismoak asmatutako mito kulturalen kontra.

Pragako erresistentzia, 1934–1938

Kokoschkak egoera ekonomiko zaila zuen. 1932an, Vienara itzuli zen, eta faxismoaren goraldiak eragindako krisi politiko larrian sartuta aurkitu zuen hiria. 1934an, faxisten eta sozialisten arteko gerra zibila piztu zen. Margolariaren amaren osasun- egoerak okerrera egin zuen. Aste batzuk geroago hil zen. Kinka horretan, Pragara jo behar izan zuen, aitaren jaioterri eta Berta arrebaren bizileku zen hirira, alegia.

Txekoslovakian zegoela, nazismoaren itzal iluna Europan barrena zabaltzen ikusi zuen. Horren aurrean, artikulu ugari idatzi eta hitzaldiak antolatu zituen, zetorren arriskuaz ohartarazteko. Alemaniako agintariek 1937an antolatutako “arte degeneratua” delakoari buruzko erakusketa ibiltariak haren bederatzi margolan erakutsi zituen Europako abangoardiako beste maisulan askorekin batera. Kokoschkaren erantzuna beste maisulan bat izan zen: Artista degeneratu” baten autoerretratua (Selbstbildnis eines “entarteten Künstlers”). Egoera horri nolabait aurre egin nahiz, margolan distiratsuagoak eta bukolikoagoak egin zituen. Mihisea inbaditzen eta eszena enigmatikoak eratzen zituen natura joria deskribatzen zuten, xehe-xehe, haren pintzelkadek.

1934

Kokoschka Vienara itzuli eta gutxira, Dollfuss kantzilerraren gobernuaren ezarpenak gatazka zibila piztu zuen herrialdean, eta demokraziaren amaiera ekarri. Maria Romana, Kokoschkaren ama, guztiz ahuldua, uztailaren 4an hil zen. Irailean, Kokoschka Pragara joan zen. Aste bat edo bi igaro nahi zituen han, bere ametsa betez Errusiara bidaiatzeko behar beste diru bildu bitarte, baina, azkenean, zenbait urtez gelditu zen. Han ezagutu zuen gerora emazte izango zuena, Oldriska-Aloisie Palkovskà, ezizenez Olda, bildumagile txekiar baten alaba, eta zuzenbide ikaslea orduan.

1935

Alemanian erregimen nazia ezarrita, Europako egoera politikoak okerrera egin zuen. Kokoschka erregimenaren aurka eta askatasunaren alde agertu zen zenbait saiakera eta hitzalditan. Otsailean, Max Liebermann hil zen, eta Kokoschkak haren omenezko artikulu bat idatzi zuen, “Arte bizia eta arte hila. Max Liebermanni buruzko solasak”, Pravda egunkari txekiarrean argitaratu zena. Apirilean, bere bidaia- koadroak erakutsi zituen, Zuricheko Kunsthaus-ek antolatutako erakusketa batean. Udan, Txekoslovakiako Errepublikaren lehen presidente Tomáš Masaryk-en erretratua egin zuen. Haren bitartekaritzari esker, txekiar herritartasuna lortu zuen, herrialdean atzerritarren aurkako legeak aldarrikatu zirelarik. Udazkenean, Pragan bertan, Justiziaren eta Askatasunaren aldeko Batasuna sortzen lagundu zuen, kultura suntsiketaren aurka eta giza eskubideen alde elkartutako intelektualen erakunde bat.

1936

Bere konpromiso politikoari leial, Bakearen Kongresu Unibertsalean parte hartu zuen, Bruselan, Txekiako ordezkaritzako kide gisa, eta hitzaldi bat eman zuen, martxoan Pragan argitaratu zena. Alemaniak eta Austriak uztailaren 11n sinatutako akordioak Alemaniaren posizioa eta nagusitasuna indartu zituen. Kokoschkak erregimen naziaren ankerkeriak salatu zituen Pravda egunkarian argitaratu zen “Domine, Quo Vadis?” artikuluan. Bestalde, Comenius antzerki-lana idazten hasi zen.

1937

Maiatzean, Vienako Museum für Kunst und Industrie-k Kokoschkaren obraren atzera-begirako bat antolatu zuen, Austriako artearen balioa goratzeko ahalegin politiko batean. Erakusketaren burua Carl Moll izan zen, Ferdinand Bloch-Bauer bildumagile vienar garrantzitsuaren babesarekin. Hala ere, erakusketa Austriako gobernu faxistaren kontrolpean geratu zen, eta, ondorioz, Kokoschkak ez zuen zerikusirik izan nahi izan antolakuntzarekin, eta uko egin zion inauguraziora joateari.  Alemanian, bilduma publikoetan zeuden Kokoschkaren lanak konfiskatu zituzten. Uztailean, naziek “arte degeneratuari” buruzko erakusketa bat antolatu zuten Munichen, geroago Alemaniako hainbat hiritan eta Vienan ere aurkeztu zutena. Erakusketan, Kokoschkaren bederatzi margolan —Haizearen andregaia, besteak beste— eta zenbait marrazki zeuden. Egoera horren aurrean, Pragan bizi ziren zenbait artistak —John Heartfield, Theo Balden— margolariari laguntzea erabaki zuten, Oskar-Kokoschka-Bund artista erbesteratuen kolektiboa sortuta. Gernikako bonbardaketaren ondoren, Kokoschkak Lagundu euskal haurrak! (Pomozte baskickým dětem!) kartela sortu zuen, eta Pragako kaleetako hormetan itsatsi, Bizkaiko herri horretako herritar zibilen sufrimendua agerian jartzeko eta salatzeko. Udazkenean, Oldaren aitona-amonen etxean zegoela, Ostravako hirian, “Artista degeneratu” baten autorretratua lana margotzen hasi zen.

1938

Alemaniako armadak Austria inbaditu zuen martxoaren erdialdean. Reicheko Hezkuntza eta Propaganda Ministerioak Kokoschkaren hogeita lau lan eman zizkien opari Alemaniako eta atzerriko arte-merkatariei, gerra-gastuetan laguntzeko sal zitzaten. Horietako bat da Trantzelaria (Ernst Reinhold) [Der Trancespieler (Ernst Reinhold)]. Kokoschka Preußische Akademie der Künste-tik bota zuten. Gestapok Vienan egindako sarekada batean, hark margotutako erretratu bat (Robert Freund I) zatikatu zuten, eta koadroaren zati elkar itsatsiak nazien kultura-basakeriaren irudi bortitzenetako bat bihurtu ziren. Uztailan, New Burlington Galleries-ek Twentieth Century German Art erakusketa antolatu zuen, estatu naziak degeneratutzat jotzen zituen artistei laguntzeko. Kokoschka bere “Artista degeneratu” baten autorretratua koadroaren bidez ordezkatuta egon zen. Parisen, Paul Westheimek bigarren kontra-erakusketa bat antolatu zuen, Maison de la Culture-n, L’Art allemand libre izenekoa, eta Kokoschkaren zenbait lan erakutsi ziren han, Freund-en erretratua, besteak beste. Municheko Itunak, irailean sinatuak, bide librea utzi zien naziei Txekoslovakia inbaditzeko. Oldaren ekimenari esker, bikoteak naziengandik ozta-ozta ihes egitea lortu zuen, eta Ingalaterrara jo zuen babes bila. Ekipajean, Kokoschkak amaitu gabeko koadro bat eraman zuen, Pragako hiriaren ikuspegi bat, eta Londresen amaitu zuen.

Ingalaterrako erbestealdia, 1938–1946

Kokoschka 1938an iritsi zen Ingalaterrara, baina han ere, erbestealdian, ez zen geldi egotekoa izan. Lehenik eta behin, bizimodua berregin behar izan zuen, bere arteak oraindik osperik ez zuen herrialde batean. Olda emaztea eta biak baliabide gutxirekin bizi ziren, Londres eta Polperro (Kornualles) artean. Kornuallesko herri horretan, Europa gerran sartzeari buruzko lan alegoriko batzuk egiten hasi zen margolaria: formatu txikiko lanak ziren (ezinbestean, hornidura-arazoak zirela eta), garai dramatiko haren testigantza paregabeak. Kokoschkak hainbat arte-erregistro baliatu zituen haietan, mitologikotik hasi eta satiriko edo herrikoiraino. Lan horietan, kanon tradizionalak deseginda geratu ziren, eta pintura historikoaren nobletasunari etsipenezko umore ukituekin ondutako irudikapen arruntak gailendu zitzaizkion. Kokoschkak, orduko egoera salatzeaz gain, kartelak diseinatu zituen kaleetan itsasteko, eta hainbat artikulu argitaratu zituen bere bakezaletasuna berresteko eta adiskidetasun beharra aldarrikatzeko.

1938-39

Behin Londresen finkatuta, Kokoschka berehala jarri zen harremanetan beste artista errefuxiatu batzuekin. 1939ko martxoaren 1ean, Freier Deutscher Kulturbund in Großbritannien (FDKB, Alemaniako Kultur Elkarte Librea Britainia Handian) sortu zuen. Erakundeak mila kide baino gehiago bereganatu zituen denbora gutxian, besteak beste John Heartfield artista, Alfred Kerr kritikaria eta Stefan Zweig idazlea. Zuzendaritza Batzordeko kide gisa, Kokoschkak taldeko jarduera guztietan parte hartu zuen, hala nola aldizkaria argitaratzen eta erakusketak eta bestelako ekitaldiak antolatzen. Halaber, Austrian Center–Association of Austrians (Austriar Zentroa–Austriarren Elkartea) erakundean sartu zen. Ekainean, Luzernako Theodor Fischer galeriak enkantera atera zituen haren lan asko, Alemaniako bilduma publikoetan konfiskatuak. Abuztuan, Olda eta biak Polperron finkatu ziren, Kornuallesko herri batean. Kokoschka han hasi zen Karramarroa (Die Krabbe) margotzen, Europako egoera politikoa kritikatzen zuten mihise alegorikoen sorta bat. Irailaren 3an, Erresuma Batua gerran sartu zen Alemaniaren aurka.

1940

Txekoslovakiar herritartasuna zuenez, Kokoschka ez zuten inon barneratu, gainerako errefuxiatu alemaniarrak eta austriarrak ez bezala, Erresuma Batuaren etsaitzat hartuak izan baitziren automatikoki. Uztailean, Londresera itzuli zen, eta FDKBk eta Austriar Zentroak barneratze- eremuetako presoak askatzearen alde egindako ekintzak babestu zituen. Urtearen amaieran, Arrautza gorria (Das rote Ei) koadro politikoa margotzen hasi zen, Municheko Ituna eta Txekoslovakiaren desegitea (1938) salatzeko.

1941

Maiatzaren 15ean, Oskar eta Olda ezkondu egin ziren une hartan administrazio-zerbitzuetara bideratuta zegoen babesleku antiaereo batean. Kokoschka FDKBren presidente izendatu zuten, eta 1946. urtera arte aritu zen karguan. FDKBren Children’s Art from All Countries (Herrialde orotako haur-artea) erakusketa inauguratu zuen, non hamabost herrialdetako haurrek —horietako asko errefuxiatuak— egindako laurehun obra baino gehiago aurkeztu ziren. Irekiera-hitzaldian, Comeniusen humanismoa hartu zuen ahotan, eta hezkuntzarako eskubidea herrien askatasunerako bide gisa defendatu zuen. Era berean, bat egin zuen Free Austrian Movement (Austriar Mugimendu Librea) delakoarekin, Austria libre eta independente bat berrezartzeko helburuz. Bestalde, Loreley obra margotu zuen, Britainia Handiaren estrategia militarra, bere ontzidian oinarritua, barregarri uzten zuena. Udazkenean, Eskoziako hego-mendebaldera jo zuen, Oldarekin batera, eta inguruko paisaien koloretako marrazki asko egin zituen.

1942

Urtarrilean, artikulu bat argitaratu zuen FDKBren aldizkarian, “Die Wahrheit ist unteilbar” (Egia zatiezina da), errefuxiatu alemaniarrak faxismoaren aurka eta demokrazia berri baten alde borrokatzera deitzen zituena. Garai hori, gainera, Kokoschkak sobietar boterera egin zuen hurbilketak markatuta ageri da, baina aurrerago, gerraostean, artistak garrantzia kendu zion jarrera-hartze horri. Ivan Maïski Londresko enbaxadore sobietarraren erretratua margotu zuen, eta Stalingradeko frontean zauritutakoei laguntzeko eman zuen eskuratutako ordainsaria. Urrian, SESB sortu zeneko hogeigarren urteurrenaren kariaz, sobietar gizarte-sistema berriari buruzko panegiriko bat egin zuen, Conway Hall-en eman zuen hitzaldi polemiko batean. Pintura politikoen zikloak aurrera jarraitu zuen: Marianne – Makiak – “Bigarren frontea” (Marianne – Maquis – “Die zweite Front”) eta Anschluss – Alizia Lurralde Miresgarrian (Anschluss – Alice im Wunderland).

1943–44

Bakearen aldeko bere ahalegin horretan, Kokoschkak ongintzako ekimen ugari sustatu zituen. FDKBn, The War as Seen by Children (Gerra, haurren begietan) erakusketaren antolaketan parte hartu zuen. Obren salmentarekin lortutako diru- sarrerak hainbat elkarteren artean banatu ziren gero. Gerrako umezurtz txekoslovakiarrentzako funts bat ere sortu zuen, Tomáš Masaryk Txekoslovakiako Errepublikaren presidente ohiaren erretratuaren salmentarekin New Yorken irabazitako diruarekin. Honexen alde ari gara borrokan (What We Are Fighting For) obra alegorikoa margotu zuen, Artists’ International Association-ek (Artisten Nazioarteko Elkartea) orube bonbardatu batean antolatu zuen Pour la liberté erakusketarako.

1945

Maiatzaren 7an, Alemania naziak baldintzarik gabeko kapitulazioa onartu zuen. Gabonak baino hilabete  lehenago, Kokoschkak Eguberriotan gosez eta hotzez hilko diren Europako haurren omenez (In Memory of the Children of Europe who Have to Die of Cold and Hunger this Xmas) kartela diseinatu zuen. Bost mila kopia itsatsi zituzten Londresko metroan. Hitzaurre bat idatzi zuen Edith Hoffmann arte-historialaria haren lanari buruz prestatzen ari zen libururako, aurrerapen teknologikoen mendeko mundu batean balio kulturalak eta moralak galtzearen edota bonba atomikoak berekin zituen arriskuez ohartaraziz.

1946

Kokoschka garai hartako azken koadro alegorikoa pintatzen hasi zen, Energia atomikoaren askapena (Entfesselung der Atom-Energie), gerra nuklearraren mehatxua salatzen zuena. Artistak hirurogei urte bete zituela eta, Theodor Körner Austriako presidente izango zenak telegrama luze bat bidali zion, Vienara itzultzeko eta Kunstgewerbeschule (Arte Aplikatuen Eskola) berrantolatzen laguntzeko eskatuz. Azaroan, haren lau obra erakutsi ziren Unescok Parisko Musée d'Art Modernen antolatutako nazioarteko erakusketan.

Artista europar bat Suitzan, 1946–1980

Kokoschkari eskainitako atzera begirako erakusketek haren lanaren nazioarteko izaera berretsi zuten, baina hori ez zen eragozpena izan hark beste proiektu askotan parte hartzen jarraitzeko eta bere buruari erronka berriak jartzeko. Arte abstraktuaren aurkari sutsua izanik, 1953an Begiradaren Eskola ireki zuen Salzburgon, irudiaren eta behaketaren bidezko irakaskuntza bultzatzeko, Comenius hezitzailearen (1592–1670) idazkiak oinarri hartuta. Friedrich Welz austriar galeristak (1903–1980) finantzatu zuen eskola. Welz nazien erregimenaren hurbilekoa zen, baina Kokoschkak bere espiritu humanista eta bakegileak bultzatuta onartu zuen harekin lan egitea.

Azken urteetako obrek, irudikapenen gordintasunagatik eta trazuaren presagatik, lehen garaiko lanak gogorarazten zituen erradikalismo piktoriko bat zuten, margolari-belaunaldi berriei bidea ireki ziena. Kokoschkak pinturaren ahalmen iraultzailean zuen fedea bere hartan mantendu zen beti, 1980an hil zen arte.

1948

Veneziako Bienalerako erakusketa bat tarteko, Italian igaro zuen urtearen zati handi bat. Lehen atzera begirako handia eskaini zioten AEBn, Bostongo Institute of Contemporary Art erakundean. Ondoren, Washingtonen, San Luisen, San Frantziskon, Wilmingtonen eta New Yorken egon zen ikusgai erakusketa.

1949

Apirilean, Vienan, Austriako presidente izango zen Theodor Körner alkatearen erretratua margotu zuen. Erroman egonaldi bat egin ondoren, Tanglewood Summer School udako eskolaren zuzendari izan zen Bostonen. Ondoren, Minneapolisera eta New Yorkera joan zen, eta New Yorkeko Museum of Modern Art-en eskaini zioten erakusketa bisitatu zuen.

1950

Urtarriletik uztailera, Antoine Seilern kondeak Londresko etxeko sabairako enkargatu zizkion pinturetan egin zuen lan: Prometeo (Prometheus) izeneko triptikoa margotu zuen. Salzburgoko egonaldi batean, nazioarteko udako pintura akademia bat sortzeko asmoa ibili zuen buruan, Friedrich Welz galeristaren laguntza izango zuena. Bestalde, Theodor Heuss Alemaniako Errepublika Federaleko presidentearen (1949–59) erretratua ere margotu zuen.

1951–52

Lursail bat erosi zuen Suitzako Villeneuve udalerrian, Leman aintziraren ertzean, eta etxe bat eraikiarazi zuen bertan, Dauphin. 1953an, hara joan zen bizitzera Oldarekin batera. Emil Buhrle industria-gizon eta arma-saltzailearen erretratua egin zuen. 1952ko azaroan, AEBra joan zen, Minneapolis School of Art-en irakasle bisitari gisa lan egitera

1953

Begiradaren Eskola izeneko nazioarteko arte-eskola sortu zuen Salzburgon. Hamar urtez, udako ikastaroak eman zituen bertan.

1954–55

Abuztuan, Termopilak (Thermopylae) triptikoa amaitu zuen, Hanburgoko Unibertsitaterako. Begiradaren Eskolak hirurogei ikasle zituen ordurako. 1955ean, Mozarten Txirula magikoa obraren eszenografia sortu zuen, Salzburgoko Zinemaldirako. Udazkenean, beste Begiradaren Eskola bat inauguratu zen, Sion-en (Suitza).

1956–57

Greziara joan zen bidaian. Zenbait obra margotu zituen Korinton, Atenasen eta Delfosen aurkitutako hondakinak gaitzat hartuta. Spur im Treibsand (Arrastoa harea mugikorretan) izeneko kontakizun- bilduma argitaratu zuen.

1958–59

Municheko Haus der Kunst-ek eskaini zion atzera begirakoa bisitatu zuen. Axel Springer kazetari eta enpresariak Hanburgo hiriaren ikuspegi bat enkargatu zion, hark sortutako talde mediatikoaren egoitzatik ikusten zen ikuspegia, hain zuzen. 1959ko udazkenean, Londresera joan zen berriro, Britainiar Inperioko komandante titulua jasotzera.

1960–63

Antzerkirako eszenografiak eta litografia-zikloak sortu zituen. 1960ko azaroaren 8an, Berta arreba hil zitzaion. 1961eko udazkenean, bidaia luze bat egin zuen Grezian barna, Heleniar lurrei omenaldia litografia-sorta egiteko baliatu zuena. 1962an, haren obraren atzera begirako erakusketa bat antolatu zuten Londresko Tate Galleryn. 1963an, Florentzian, Giuseppe Verdiren Mozorro-dantza (Un ballo in maschera) operarako jantzi eta dekoratuetan lan egin zuen. Uda horretan eman zituen azken eskolak Begiradaren Eskolan.

1966

Apirilean, Axel Springerren enkarguz, Konrad Adenauer Alemaniako kantziler ohiaren erretratua egin zuen Italiako Cadenabbia herrian. Abuztuan, ostera ere Springerren enkarguz, Berlin erdigunea —artean hesiak banatuta eta oraindik ere erdi suntsituta zegoela— margotu zuen haren prentsa-taldeko etxe orratz baten goikaldetik.

1970–74

Bere autobiografia idatzi zuen, Mein Leben (Nire bizitza), 1971ko uztailean argitaratua. Negu horretan, 86 urterekin, Time, Gentlemen Please egin zuen, bere azken autoerretratua, alegia. Hurrengo urtean, Municheko Olinpiar Jokoak zirela eta, kartel ofizialetako bat diseinatu zuen, eta kouros bat irudikatu, kirol-ekitaldiaren greziar jatorriaren omenez. 1973an, Jerusalemera joan zen, eta pertsonaia politiko eta erlijioso garrantzitsu askoren erretratuak egin zituen. 1974an, Austriako ohorezko herritar izendatu zuten. Haren Comenius antzezlana telebistarako egokitu eta 1975ean emititu zuten, ZDF eta ORF kanalen bidez.

1975–76

1975eko urtarrilean, katarata-ebakuntza egin zioten Lausanako erietxe batean. Horrek erabat baldintzatu zuen haren ondoko lan- jarduera. 1976ko urtarrilaren 12an, anaia gazteena hil zitzaion, Bohuslav. Anaiaren galerak sekulako atsekabea eragin zion.

1980

Urtarrilaren 4an, garuneko isuri bat izan zuen. Otsailaren 22an hil zen, Montreux-en. 1988an, Olda Kokoschkak Oskar Kokoschka Fundazioa sortu zuen, Vevey-ko (Suitza) Jenisch Museoan, berak zeuzkan obra guztiak dohaintzan emanda. Halaber, Zuricheko Zentralbibliothek-en esku utzi zituen haren eskuizkribu guztiak, eta Vienako Oskar Kokoschka Zentrum-en esku argazki biografikoak eta biblioteka. Pöchlarn hiriak, berriz, museo bihurtu zuen artistaren jaiotetxea.