Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Denboraren materia

katalogoa

Denboraren materiari buruzko oharrak

Izenburua:
Denboraren materiari buruzko oharrak
Argitalpena:
Bilbao: Guggenheim BIlbao Museoa eta Steidl Verlag, 2005
Neurriak:
30,5 x 24,5 cm
Orrialdeak:
255
ISBN:
84-95216-42-6
Erakusketa:
Richard Serra: Denboraren materia
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Perspektiba | Guggenheim Bilbao Museoa | Pertzepzioa | Subjektibotasuna | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea | Post-Minimalismoa
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Serra, Richard

Instalazio hau osatzen duten zortzi eskulturek topologia hiztegi bera lantzen dute. Topologia azaleraren eta norabidearen azterketa matematikoa da. Garapen-metodologia horrek bere ordena-zentzu propioa sorrarazten du. Altzairugintzaren teknologian izandako aurrerapenak bolumen desberdinak, hutsune desberdinak, pasabide desberdinak hedarazteko aukera eman dit. Elipse bihurrituak, espiralak, esferak eta bozelak grabitatearen beheranzko indarraren, beren pisuaren, eta grabitate ezaren egoera lortzen saiatzen den goratze horretan beren goranzko igoeraren arteko polaritatean daude. Instalazio honetako pieza guztien lotura formalak ahalbidetu egiten dio ikusleari eremu eskultoriko osoa hizkuntza koherentetzat hartzea eta bertan sartzea, eskulturaren izaerari buruz ezer gutxi jakin arren. Instalazio hau buruan nerabilenean koherentzia horrek garrantzi handia zuen niretzat.

Eskulturak ez dira espazioan bereizita dauden objektuak. Aitzitik, dauden ingurunearen jarraitasun espaziala sorrarazten dute. Espazio osoari forma ematen diote, ardatzetan, ibilbideetan eta pasabideetan zehar itxuratzen dute espazioa beren solidoen eta hutsuneen artean. Izan ere, Arcelor galerian barrena sartzean, instalazioa osatzen duten eskulturen eremuan sartzen gara. Oreka desberdinak aldi berean gertatzen dira. Aldiberekotasunak du garrantzia, ez hierarkiak.

Ikusleak aise ibiltzeko moduan ezarri nituen eskulturak. Denborak kokalekuak bezainbesteko garrantzia izan zuen ezarpen lana gidatzeko garaian. Esanahia, ikuslea espazioan zehar mugitu ahala bakarrik antzeman daiteke, hau da, eskultura indibidual bakoitzaren espazioan eta instalazioaren osotasunaren espazioan ibili ahala. Instalazioaren esanahia ikuslearen mugimenduaren erritmoak eragiten du, baita piztu ere. Esanahia, etengabe mugituz, aurrea hartuz, behatuz eta gogoratuz bakarrik sortzen da. Dena den, ez dago gomendatutako ikuspegirik, ezta lehentasunezko sekuentziarik edo ikuspegien lehentasunezko segidarik ere. Bakoitzak desberdin zehaztuko du nondik nora jo. Baina aukeratutako bidea edozein izanda ere, beti izango da eskulturen eremuaren jarraitasun horren barruan. Baina horrekin ez dut esan nahi ibiltzeko bideak mugimenduak aurreikusita ezarri ez nituenik.

Denborazkotasun anitzen edo geruzatuen ideian oinarrituta dagoelako eman nion instalazioari "Denboraren Materia" izenburua. Pieza bakoitza instalazioaren osotasunaren testuinguruan esperimentatu ahala denboran zehar izandako iraupen anitzez jabetu ahal izango gara. Esate baterako, espiral handienaren esperientziaren iraupena bestelakoa da Blind Spot Reversed-en (Puntu itsu alderantzikatua) esperientziaren aldean. Esperientzia, batetik, barrukoa, pribatua, psikologikoa eta estetikoa da eta, bestetik, kanpokoa, soziala eta publikoa.

Nire ustez artearen muina hauxe da, piezetan zehar esperientzia jakin bat bizitzea. Beharbada esperientziak ez du zerikusi handirik izango lanaren alderdi fisikoak aztertzearekin. Ibiltzean eta begiratzean dago nolabait oinarrituta, pieza bakoitzaren barruan, beraietan zehar eta inguruan ibiltzean ez ezik, instalazioak sortzen duen espazioan barrena eta zehar ibiltzean ere bai. Baina ni ez naiz inor nola ibili eta begiratu behar den inori esateko.

Instalazio honen esanahia ez da existitzen ikuslearen esperientziatik kanpo; beraz, pertsona bakoitza instalazioaren subjektu bilakatzen da. Esperientzia indibidualak anitzak eta mugagabeak dira, baina guztiak denboran zehar gertatzen dira. Denborari buruz hitz egiten dudanean, ez dut denbora "erreala", erlojuak markatzen duen denbora esan nahi. Esperientzia eskultorikoaren pertzepziozko denbora, denbora estetikoa, emozionala edo psikologikoa nahiko desberdina da denbora "errealarekin" konparatuta. Ez-narratiboa, etena, zatikatua, ez-zentratua, desorientatzailea da. Pertzepziozko esperientziaren zatikatze horri, ikuspegien aniztasun horri, eta ikusmen prozesuan sortzen diren eten horiei esker, instalaziotik jaso ahal izango duguna ez da irudi bakar hatera mugatzen, ezta forma berezi bakar hatera ere.

Ikusleak piezen egituraren logika orokorra antzematea espero dut. Hala ere, ingeniaritzaren tektoniken logika ez dagokio esperientzia eskultorikoaren edukiari. Egiturari sumatzen zaion logikaren eta esperientzia geruzatuaren eta denborazkoaren arteko tentsio interesatzen zait niri. Instalazio honetan, behaketa zatikatu eta eten bezainbat kurba etengabe topatuko dugu. Bidaiari ekin eta gure buruak bidaiak berak gidatzen utzi, hori da egin behar duguna. Norberak bere denbora eskaintzeko, bere oroitzapenak pertzepzioarekin bat egiteko, eta irizpenak eseki eta azaltzen diren neurrian bere esperientziekin moldatzeko duen borondatearen mende dago bertan aurkituko dugun guztia.

2005eko apirila

[Itzultzailea: Bitez Logos
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]