katalogoa
“Hobeto ikusteko" pintatzea eta marraztea
Mathilde Lecuyer-Maillé
- Izenburua:
- “Hobeto ikusteko" pintatzea eta marraztea
- Egilea:
- Mathilde Lecuyer-Maillé
- Argitalpena:
- Madril: Turner Publicaciones, 2018
- Neurriak:
- 24 x 30 cm
- Orrialdeak:
- 224 or.
- ISBN:
- 978-84-17141-72-1
- Erakusketa:
- Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta espazioa | Artea eta literatura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Geometria | Lan-prozesua | Perspektiba | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Natura hila | Paisaia | Subkontzientzia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Figuratiboa | Kubismoa | Surrealismoa
- Teknikak:
- Marrazkia
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Giacometti, Alberto
1915–22, Lehenengo obrak
Alberto Giacomettik 1914tik 1915era egiten ditu bere lehenengo obrak, haien artean Natura hila sagarrekin (Nature morte aux pommes) delakoa, aitaren tailerrean kartoi gainean pintatzen duena. Giovanni Giacomettik, Suitzan ezaguna zen pintore postinpresionistak, Cézannerenganako zaletasuna transmititzen dio1 eta errealitatetik marrazten eta maisuengandik kopiatzen irakasten dio. Garai honetan finkatzen dira artista gaztearen etorkizuneko obren gai nagusiak. 1915ean, Giacometti familiaren etxetik urrun ez dagoen institutuan eskolatzen da, Stampa-n, suitzar Alpeetan. Kartoi gaineko olio-pinturak pintatzen ditu gehienbat, erretratuak batik bat, eta paisaien akuarelak. Aitaren gama kromatikoak inspiratzen dizkio obra horiek, eta aitak inspiratuak dira orobat senideak irudikatzen dituzten haren marrazkiak.
1919an institutua utzi ondoren, Arte Ederren Eskolan ematen du izena eta, gero, Genevako Arte Industrialen Eskolan, baina goiz uzten ditu biak. Haren talentuaz konbentzituta, aitak Veneziako Bienalera eramaten du 1920ko udan. Italia errebelazio bat da, eta hara itzultzen da hilabetez udazkenean, eta gero berriz 1921eko ia urte osoan. Maiz joaten da akademia libreetara, eta bere sentiberatasuna zorrozten du Tintoretto-ren pinturarekin, “mundu berri batera irekitako errezel bat”, eta Giotto-renarekin, “ukabilkada gogor bat bularraren erdian”2. Egiptoko estatuek liluratuta daukate Giacometti, Florentziako museo batean ikusi baititu lehendabizikoz: “errealitatearen antza zuela iruditu zitzaidan lehenengo burua”3. Harrezkero mihise gainean pintatzen du eta hango egonaldian hirurogei bat erretratu eta pasaia egiten ditu. Haren estilo pertsonala sendotu egiten da, eta, 1921ean, begirada ziurreko margolari gisa irudikatzen du bere burua aitaren tailerrean.
1922–25, Bourdelle-ren urteak
1922ko urtarrilean, aitaren aholkuei jarraiki, Giacomettik Parisen hartzen du bizilekua, eta Antoine Bourdelleren ikastaroetan ematen du izena, Académie de la Grande Chaumière-n. Eskultura gutxi iritsi zaizkigu urte haietatik, baina Giacomettik marrazki asko gordeko ditu, prestakuntza horren garrantziaz gerora egin zuen arbuioa gezurtatzen dutenak4. Bourdelleren irakasteko erak bi ariketa mota eginarazten dizkio, txandaka: modelo biziduna kopiatuz momentuan egindako lana eta buruz eginiko lana. Italian eta Genevan herabeki ekin bazion biluziari, orain biluzia nagusitzen da haren marrazkietan. Perspektibaren ilusioa irudikatzeko argilun klasikoaren ordez, Giacomettik eskultore gisa lantzen du bolumena, alde geometrikoka, neokubismoaren formekiko duen interesa ere agerian utzirik. Garai honetako haren pintura bakanek —Suitzan eginak— gerraondoko haren pinturaren eboluzioak iragartzen dituzte, bereziki, Valérie Fletcher-ek “perspektibaren efektu aztoratzailetzat”5 jo dituenak, Diego zutik egongelan, Stampa (Diego debout dans le salon à Stampa) erretratuan aise antzematen direnak.
1926–35, Postkubismotik surrealismora
1926an, Giacomettik uko egiten dio errealitatearen errepresentazioari eta alde egiten du Grande Chaumièretik. Hurrengo hamarraldian oso gutxi pintatuko du, eskulturan eta marrazkian kontzentraturik. 1929–30 arte, ikur abstraktuak eta motibo figuratibo estilizatuak bateratzen dituzte haren bilaketa grafikoek; abangoardiako aldizkariek ezagutarazi dituzte idazketa exotikoen edo antzinakoen sinboloetan inspiratutako ikur eta motibo horiek, Cahiers d’Art eta Documents kazetek, adibidez6. Iturri eklektiko horien eraginez, Giacomettik konplexuagoatu egiten du bere adierazpen sistema sinbolikoa, elkartzen baititu organo estilizatuak irudikatzen dituzten piktogramak estilo lineal txukun-txukun batean, non papereko zuriunea ezaugarri estilistikotzat tratatua baita. Marrazkiak marko batez inguratzen ditu eta marra horrek batasun artifizial bat ematen die sinbolo flotatzaile horiei: hieroglifikoen kartutxoen antzera, figurazioaren alorrean mantentzen ditu obra horiek, giza gorputz baten identifikazioa uzten baitu.
1930ean, Giacomettik ofizialki bat egiten du surrealistekin. Psikoanalisiak eta subkontzientearen aurkikuntzak irekitako bideak esploratzen ditu taldeak, eta ametsen imaginarioan, marrazketa automatikoaren esperientzietan eta psikiatrikoetan sartutakoek eta umeek sortutako irudietan interesatzen dira taldekideak. Bilaketa horien eraginez, Giacomettik kalean umeek egindako marrazkiak kopiatzen ditu; azkar-azkar zirriborratzen ditu arkatzez koaderno batean7, eta gero berrinterpretatu egiten ditu tintaz eginiko marrazki batean: Villemain bulebarreko espaloian haurrek klarionaz egindako marrazkien kopia (Dessins d’enfants faits à la craie sur le trottoir du Boulevard Villemain, 1932). Irudi bidez adierazpen poetikoa berritzeko bilaketa surrealistak artistaren sentiberatasuna elikatzen du, bere inspirazio literarioaren itzulpen plastiko baten bila ari baita: “Objektuek, eskulturek, marrazkiek (eta, beharbada, pinturak) bakarrik asebetetzen naute, akaso poemek ere”8. Bretonek akuilatuta, “poema bisualak” idazten ditu (1933an argitaratuak), literarioa baino grafikoagoa den konposizio poetikorako metodo baten bitartez, perpaus eta piktograma zatiak markoetan bildurik9.
Surrealistek landutako lilurak eta anbiguotasunak Giacometti ere seduzitzen dute, eta borondatez enigmatikoa egiten du bere obra eta haren iturriei buruzko diskurtsoa10. Objektu mugikorrak eta mutuak (Objets mobiles et muets) marrazkia —aldizkari surrealista batean 1931n erreproduzitua eta haren lehen “eskultura-objektuak” biltzen omen dituena— da obra errealen errepresentazioen erdian lerratutako “eskultura faltsuen” lehenengo adibidea11.
Hurrengo urtean, Giacometti bere beste eskultura batean inspiratzen da, Jauregia goizeko 4etan (Le Palais à 4 heures du matin), bi marrazkitan eta haren pintura surrealista bakanetako batean. Interpretazio berrasmatuen kontua dago berriz ere hor. Margolanak Joan Miróren eragina erakusten du, Giacometti haren hurbilekoa baitzen garai hartan, eta haren beste bi obra ere ukitzen ditu eragin horrek: 1932ko ballet baterako dekorazio-estudio bat (sekula egin gabea) eta Pertsonaia estilizatua (Personnage stylisé, 1931–32)12, ikur grafikoari buruzko haren ikerketak luzatzen dituena.
1933–34 inguruan, Giacomettik hiru marrazki berri egiten ditu lumaz, grabatua imitatzen duten teknika ilusionista batean, haren adiskide Max Ernst-ek aspaldiko grabatuetan oinarrituta egiten zituen collage surrealistak gogorarazten dituztenak. Argi-ilun sakonek, haren marrazkietan ezohikoak direnek, giro oniriko eta gautarra sortzen dute, Odilon Redonen “beltzak” oroitarazten dituena. Lehenengo marrazkiak, Ilargikoa (Lunaire)13 bere benetako eskultura bat ekartzen du gogora, Kuboa (Cube, 1933–34), izenburuak nahiz motiboaren aukeraketak, berriz, Alberto Dureroren Malenkolia I grabatuaren aipamena egiten dute. Bigarren marrazkiak Konposizio surrealista (Composition surréaliste) bat irudikatzen du, asmatua, ziur asko, eta bere altzarietako eta eskultura-objektuetako zatiak konbinatzen ditu. Hirugarrenak bere beste eskulturetako bat berreskuratzen du, Mahaia (Table, 1933), elementu errealak eta irudimenezkoak elkartzen dituena14.
Konposizioa I (Composition I) estanpa garrantzitsuak, 1934 amaieran beranaz grabatuak, abstrakzio geometrikoan egindako aldi bateko sartu-irten bat dirudi. Berez, haren lan surrealistako motiboen enkriptatze batetik sortzen dira formak, abstrakziora hurbilduz, hartatik hobeto urrutiratu ahal izateko. Bola zintzilik (Boule suspendue) eskulturari eginiko aipamen batek multzo osoaren irakurketa argitzen badu ere, marrazki geometrikoaren hoztasuna aurreko bi marrazkien aipamenek “berotzen” dute, horietan forma geometrikoko pertsonaia antropomorfoak ageri baitira: Figura horma baten aurrean (Figure devant un mur, ca. 1932–33)15 eta Konposizioa (Composition, ca. 1932–33, 33. or.). Estanpa hori egiten duen unean —berandu argitaratuko da, surrealistekin hautsi orduko—, André Bretonen Air de l’eau libururako grabatuetan ari da oraindik lanean artista: itxurak gorabehera, Konposizioa obra surrealista bat da, izatez, Giacomettik abstrakzioaren tentaldiaz eginiko iruzkin ironikotzat har daitekeena, eta halaxe baieztatuko zuen, berak, atzera begira, 1962an: “Hura izan zen azken urratsa, ‘hormara’ iritsi aurretik!”16.
Aldi horretan Giacomettik Suitzara erregulartasunez egiten zituen bidaiak azken eboluzio estilistikoak gaztaroko gaietara —batik bat paisaiak eta erretratuak— eramateko probesten zituen, horrelakoak egiteari ez baitzion inoiz utzi. Orduan egindako hamar bat erretratu eta paisaietan, esate baterako Mendia (La Montagne) margolanean, aldi neokubista ezaugarritzen duen geometria eta linealtasun surrealista uztartzen ditu.
1935–40, Pinturara itzultzea
1935ean, Giacomettik surrealistekin hausten du eta errealitatearen araberako lanera itzultzen da. Rita Gueyfier modeloa eta bere anaia Diego posarazten ditu buruetarako, gero Isabel Nicholas marrazten du, ingeles artista gazte bat, zeinarekin adiskidetasun kartsu bat bizi izan baitzuen 1935 eta 1940 artean.
Haren marrazkiek ingeradak azpimarratzeko lerroekiko eta paperean zuriuneak erreserbatzearekiko zaletasuna gordetzen dute, baina Giacomettik nekaezin errepasatzen ditu trazadurak bere ikuspenak finkatzen ahalegintzeko. Gomarekin lan egiten hasten da bere gaien inguruko giroa lausotzeko eta trinkotzeko, edo ezabatzeko eta berriz egiteko, palinsepsto baten tankeran, gerraondoko haren pinturan aurkituko den bezala. Abangoardiaren espirituarekin hautsi badu ere, uko egiten dio, hala ere, errealismo akademikoari. Iturri desberdineko obra figuratiboen kopia ugari egiten ditu, tintaz edo arkatzez: Afrika, Ozeania, ekialdeko eta Egiptoko zaharkinak, baina baita Cézanneren pinturak ere. Espazioaren auziarekiko sentibera denez, natura hilaren eta barne paisaiaren artean dabiltzan tailerreko ikuspegiak marrazten ditu. Bere obra surrealisten urruntze hotza gainditurik, modeloaren araberako emakumezko biluzira itzultzen da Giacometti. Ikasketa garaian egiten zituen estudioetatik hurbilak lehenik eta behin, marrazki horiek eboluzioan ari dira gerra ondoren nagusituko den eredu frontal eta hieratikorantz. Isabel biluzik ohe baten gainean etzanda irudikatzen duen marrazki sail intimoago batek (1940) ñabartu egiten du emakumezko gorputzarekiko urruntze hori.
1935ean, René Crevelek et Louis Aragonek Commune17 egunkari komunistan argitaratutako “Nora doa pintura” galdeketari erantzuten dio Giacomettik eskuan bandera bat daukan manifestari bat eskematikoki irudikatzen duen marrazki baten bitartez. Urrun gelditzen da, hala ere, errealismo sozialistatik, eta hurbildu egiten zaio, aitzitik, André Derain-ek, Balthus-ek eta Francis Gruber-ek esploratutako bide figuratiboari. Urte hartan bertan, Parisek berraurkitu egiten ditu errealitatearen eta egunerokoaren pintoreak Les Peintres de la réalité en France au XVIIe siècle Orangerie-ko erakusketan18. 1936an, “atzealde beltz handi-handi batean nabarmentzen diren mahai baten gaineko hiru udare” irudikatzen dituen Derainen natura hil batek gauzatu egiten du artearen haren ikuspegi berria19. Derainengandik “Cézannekiko haren harremana eta kontraesana” miresten ditu, urte hartan bertan atzera-begirako handi bat egin zitzaion Aix-en-Provenceko maisuarekikoa, alegia20. Cézanneren eta Derainen bide beretik abiatzen da Giacometti, errealitatea haiek sumatu bezala nola irudikatu nekaezin bilatzen baitute: “Derainen merezimenduak porrotetik harago baizik ez dira existitzen. […] Obra oro porrota zen harentzat hari ekin ere baino lehenago”21. 1937an, Stampan, Giacometti pinturara etortzen da berriz Artistaren ama (La Mère de l’artiste), Sagarra (La Pomme) eta Sagarra ontzitegiaren gainean (La Pomme sur le buffet) margolanekin, gerraondoko haren pintura-estiloaren iragarle direnak.
1940–45, Geneva
1941eko abendutik 1945eko udazkenera, Giacometti Suitzan dago. Genevan, tailer bihurtutako hoteleko gelatxo batean, 1937tik hasitako bere eskulturen txikiagotzea jarraitzen du. Emakumea gurdian (Femme au chariot) da haren lehenengo eskultura handia Emakumea oinez (Femme qui marche) eskultura egin zuenetik. Emakumezko biluziaren errepresentazioaren haren eredua finkatuko duen obra horrez gainera, biluzi baten margolan bakarra egingo du, Malojako lantokiko horma baten gainean.
“Ez dut besterik egin, ez erakutsi ez saldu, duela urtebete edo gehiago hasitako erretratu-pintura bat eta bi artikulu izan ezik”, oroituko du Giacomettik garai hartaz22. Emakumezko silueten eskulturak marrazten ditu, idulkien eta proportzioen bariazioak aztertuz, eta Albert Skira editorea irudikatzen duten marrazkiz eginiko estudio batzuk ere bai, eta, batez ere, kopiak egiten ditu, haietariko asko Labyrinthe aldizkarian argitaratuak.
1946–54, “Sagar bat kopiatzetik hasi”
1945eko irailean, Giacometti Parisko bere tailerrera itzultzen da. Bere egoera ekonomiko larria gorabehera, zizelkatzeko eta pintatzeko premia konpultsiboa sentitzen du. Lantokiko paretan txintxetaz itsatsitako oihalen gainean bata bestearen ondoan ipinitako pintura txikiak eginez berdintzen du materialen gabezia; obra independetetan ebakiko ditu gero. 1950etik aurrera, boligrafoz ariko da, erabili eta botatzeko tresna merkea, Frantzian merkaturatu berria zena. Boligrafoaren tinta likinak eta isuri jarraituak euskarri guztietan marrazteko haren beharra asetzen dute, urdinez edo beltzez, batik bat.
Haren sagar koadroek —pinturak berezkoa duen gaietako bat—, berretsi egiten dute orobat 1937an irekitako bidetik itzuli dela pinturara: “Pintore gazte bati aholku bat eman behar banio, sagar bat kopiatzetik hasteko esango nioke. Eta atzerakoitzat hartuko naute berehala, gaur egun errealitatearen debaluazio-prozesu bat baitago”, aldarrikatu zuen 1962an23.
1945eko abenduan, Giacomettik arreta handiz azpimarratzen du Maurice Merleau-Pontyren “Le Doute de Cézanne” artikulua24. Bere egiten du artearen pentsamendu fenomenologiko hori, pertzepzioaren esperientzian oinarritua, eta uste du “errealitatearen” bilaketak bere ikuspegiaren dimentsio guztiak adieraztea inposatzen diola. Errealismo “fotografikoaren” mugak salatzen du, mendebaldeko akademizismoak berezkoa duen lilura bat delakoan: “Cézannek zehatz kopiatu nahi zuen natura, subjektibotasunaz libraturik. Eta, hala bada, ez dago ezer Cézanneren pintura baino indibidualagorik”25.
Mihisearen bidimentsionaltasunaren eta espazioaren pertzepzio fisikoaren harreman bateraezina aztertzen dihardu Giacomettik: “Pinturatik gauzetara pasatzen naiz; batera sortzen dute ni nagoeneko gela, non irten eta sartu egiten bainaiz, begira ari naizen pinturaren arabera”26. Bere natura hilen gaiak tailerreko objektu ugarietara hedatzen ditu. Obra horietan, erretratuetan bezala, atzealdearen eta objektuen lana oso zehaztua dago. Mihisearen barruan marratutako koadro batek zehatz-mehatz mugatzen du pintorearen ikus-eremua, eta haren pintatzeko teknikan —ukitu lineal finez egina— kolore biziko distirez nabarmendutako grisak nagusitzen dira.
1952ko udaberrian, Giacomettik goraipatu egiten ditu Georges Braqueren margolanetako lore sortak: “Gu eta margolanak gara hauskorrenak. Loreek, berriz, hazten jarraitzen dute, eta haien beltza ez da gurea”27. Handik hilabete batzuetara, azaroan, lore sorta sail luze bat marrazten du, “Paul Éluard gogoan izanik”, haren adiskide poeta hil berriari eginiko omenaldi diskretua eta hunkigarria. Urte hartan bertan, bere haurtzaroko paisaien izate “aldaezina eta beti aldakorra”28 berraurkitzen du, eta paisaia horren hainbat koadro pintatzen du tonu ilunetan, goizago —1949 inguruan— egindako buruen eta barruko ikuspegien beste “pintura beltz” batzuekin kideturik. Parisa itzultzen denean, kaleak irudikatzeko interesa pizten diote paisaia horiek, eta 1959tik aurrera ustiatuko du gehienbat gai hori, Paris amaierarik gabe (Paris sans fin, 1959–65) obrarako bere litografietan. 1960ko urteetan helduko dio berriz paisaien gaiari, lore sortenari gero, eta motibo hori, atzealde zuri batean pintura beltzaz marratua besterik gabe, ondo lotzen zaio bere beranduko obren joera malenkoniari.
1946–54, Erretratuak
Parisa itzultzen denean, zirkulu intelektualekiko haren bilerek erretratuarekiko haren interesa akuilatzen dute29. Saint-Germain-des-Prés-eko kafetegietan, Les Temps modernes aldizkarian argitaratutako artikuluak eztabaidatzen aritzen da Sartrerekin eta Simone de Beauvoirekin, haiek sortu baitzuten aldizkari hura Frantzia askatzean. 1947an, Giacomettik katalogoko hitzaurrea idazteko eskatu zion Sartreri Pierre Matisse galeriak New Yorken antolatutako bere atzera-begirako lehen erakusketarako. “La Recherche de l’absolu” (absolutuaren bilaketak)30 izenburua duen testu horretan Sartrek artistaren eskulturen irakurketa existentzialista egiten du; Giacometti haren egilearekin luzaz aritu zen testu hori zuzentzen eta iruzkintzen, eta Sartreren hainbat erretratu nabarmenkiro biziak marraztuko ditu 1949 inguruan. Idazleen erretratuak ere nagusitzen dira liburu ilustratuetarako bere grabatuetan, Georges Bataille, Tristan Tzara eta Charles-Ferdinand Ramuz-en erretratuak egin zituen, baita Michel Leirisen akuaforteak ere, 1957–58an grabatu zituenak31. 1946an, Teriaderen erretratu pintatu bat gogo beroz aipatzen dio Giacomettik gutun batean amari32. Ama ere modelotzat erabiliko du hainbatetan. 1947an, Stampako egongelan eserita pintatuko du ama. 1937an bezala, 1934 inguruan kopiatu zuen Cézanne andrearen erretratu bateko pose batean inspiratzen da Giacometti, andrea eskuak belaun gainean gurutzatuta irudikatzen duena33. Zoruko alfonbraren kolore biziak eta motiboaren langintza xehea 1947–55eko haren pinturen berezko ezaugarriak dira. Marra beltzez pintatutako buruak geroztikako haren erretratuen garapena iragartzen du, eta gelaren perspektiba esajeratuak ere bai, gorputza atzera kulunkatzen ari deneko efektu txundigarri bat sortzen baitu. Diego eta Annette, haren bi modelo nagusiak, bakoitza berrogeita hamarna margolanetan irudikatuta daude 1947tik 1964ra. Giacomettiren “antza”ren bilaketaren eta giza irudian zuen interes kontzeptualagoaren arteko kontraesana erakusten dute koadro horiek. 1948tik aurrera, Giacomettik buruak pintatzeko posarazten du bere anaia eta era naturalistan pintatzen du. Aldi berean, buru txiki identifikatu gabeak baina oso adierazkorrak ere pintatzen ditu Burua hagatxoaren gainean (Tête sur tige) gogorarazten dutenak, ahoa zabalik duen burezur baten eskultura, alegia. Obra horrek, buru pintatuek bezala, testu baten oihartzuna dira, “Le Rêve, le Sphinx et la mort de T.”, objektu soil bihurtutako gorpu baten buruaz Giacomettik zuen oroitzapen ikaragarria deskribatzen duena34. 1950eko hamarkadako urteetan, buruen errepresentazioak aurpegierarik gabeko aurpegi-motaren eredurantz eboluzionatzen du, arkatzez eta boligrafoz egiten dituen marrazki konpultsiboetatik oso gertu. Diegoren aurpegia sumatzen da hor ia beti: “Zizelkatzen, pintatzen edo marrazten dudanean, hura daukat beti buruan”35, onartu zuen artistak 1953an.
Genevan, Giacomettik neska gazte bat ezagutzen du, Annette Arm, 1946an Parisen berarekin elkartuko dena. Neskaren erretratu bat zizelkatzen du kolore biziz nabarmendutako igeltsuz. 1949an ezkondu ondoren, emazteak egunero posatzen du marrazkietarako eta pinturetarako, Giacomettiren emakumezkoen erretratuen ohiko jarreran. Aurretik ama irudikatu zuen lekuan ere posarazten du neska, Stampako egongelan, eta irakurtzen edo josten marrazten du. Marrazki horiek, erretratu pintatuak baino bizkorrago eginak, Suitzan eginiko natura hilen sosegu bera dakarkiote. Diegoren buruekin gertatzen zen bezala, Anetteren errepresentazioak naturalismoaren eta emakumezkotasunaren gorpuzte intelektualizatuaren artean ibiliko dira. 1946tik aurrera, Giacomettik biluziak marraztu eta pintatuko ditu zirriborroen estiloan. Errepresentazio horien kanon luze-meharra urrundu egiten da Emakumea gurdian (Femme au chariot) obrarenetik, baina modeloaren hieratismoa eta aurrez aurre egotea gordetzen dute. 1949tik aurrera, Annettek biluzik posatuko du, eta haren morfologiak artistaren emakumezko gorputz gehienak markatuko ditu. Biluzia zutik (Nu debout, 1950) obran, egurrezko panel baten gainean Stampan pintatuak, bat egite estilistikoa lortzen du Giacomettik ezagut daitekeen Anetteren gorputzaren eta haren eskulturen eboluzioaren artean; beti ere Egiptoko estatuek beregan duten eragin iraunkorra ahaztu gabe. Pinturen formatua garatu egiten da Biluzi handia (Grand nu) bezalako obretan: Annetteren gorpuzkera irudikatzen du baina aurpegiak nahastu egiten ditu, Annetteren hazpegiak Carolinerenekin, Giacomettik 1959. urteaz geroztik zeukan maitale gaztearen hazpegiekin, alegia. Pintura askok, hala, Annetterenarekin edo Diegorenarekin elkartzen dituzte beren modelo desberdinen aurpegiak: “Diegok posatzen duenean, ez dut jadanik ezagutzen. Emazteak niretzat posatzen duenean, handik hiru egunera, ez du jadanik antzik […] Besteentzat bihurtzen dira ezagutzeko modukoak36”.
1954–65, “Pintura egiten dut, bai horixe…”37
1954an, Sartrek beste saiakera bat eskaintzen dio Giacomettiri, Maeght galeriak Parisen egin dion erakusketaren aurkezpenerako. Gertaera horrekin batera argitaratutako aldizkariaren azalak erakusketako pinturetako bat erreproduzitzen du, Sagarra tailerreko taburete baten gainean (Pomme sur un tabouret de l’atelier, 1953), Cézanneren herentziak irauten duela erreibindikatzen duena38. “La Recherche de l’absolu”tik zazpi urtera idazten du Sartrek testu berri hau: “Les Peintures de Giacometti”39. Testuan XX. mendeko pintore-eskultore handienetariko baten artean sailkatzen du Sartrek Giacometti. 1950eko hamarkadako erdialdetik aurrera, Giacomettiren nazioarteko arrakastak haren tailerraren ospe gogoangarria ekartzen du, eta bisitari ugari hara joan izanak erretratuaren jarduera bultzatzen du artistarengan40. Haren teknika piktorikoa sendotu egiten da: zirriborratu besterik ez ditu egiten modeloen gorputzak eta haien inguruko elementuak, baina gogotik lantzen ditu aurpegiak pintura beltzeko marra finen bitartez, ukitu koloredunez edo txuriz nabarmenduak, begirada oihalaren erdira erakartzen dutenak. Haren pinturak eboluzionatu egingo du orduan haren marrazkiarekin bat egingo duen ikuspegi sintetiko baterantz. Atzealdeak pintzel lodiarekin tratatzeak, pintura mehetuarekin egindako lausotzeetatik hurbil, aurreko hamarkadako obren lan zehaztua ordezkatzen du.
Garaiko konbentzio sozialek eta janzkerek jarrera jakin batzuk inposatzen dizkie gorputzei, aise sumatzen denez, bereziki, Giacomettik eginiko gizonen erretratuen estutasunik ezan, baina artistak gelditasun bera exijitzen die bere modelo guztiei. Pertsona desberdinek, hala nola James Lord estatubatuar kazetariak, Isaku Yanaihara japoniar filosofoak edo Jacques Dupin poetak, lekukotasun ospetsuak eman dituzte pose-saio horiek izatez ziren esperientzia liluragarriaz. Asegaitz betiere, Giacomettik obsesioz kontrolatzen ditu bere astoaren eta modeloaren aulkiaren arteko distantziak. Uko egiten die bere margolan askori, gero buruz berrekiten die, harik eta maiz suntsitu egiten dituen arte. Antz absolutuaren bilaketan ezinbestekoa zaion maieutika baten gisara ekiten dio pintoreak erretratuari. 1954 eta 1957 bitartean, ezin hautsizko adiskidetasuna eta elkarrenganako eragina sortuko dira Jean Genetekiko pose-saio bitarteko haien elkarrizketetatik: artistak hiru pintura eta hainbat marrazki aterako ditu hortik, eta idazleak, berriz, XX. mendeko artista-erretratu bikainenetako bat: L’Atelier d’Alberto Giacometti41.
Haren karrerako azken hamarraldia erretratu pintatuen bi sail handik markatuko dute: Yanaihararenak eta Carolinerenak. 1956tik 1961era, Giacomettik berak Japoniatik etortzeko bidaia asko finantzatzen dizkio Yanaiharari, hark beretzat posatzeko behar bizia baitu. Hogeita bi pintura, bi eskultura eta marrazki andana eskainiko dizkio. Giacometti zeharo maiteminduta dago Carolinez, baina neska gazte suharrari ez zaio batere gustatzen posatzea, eta tartean behin etenaldiak egitera behartzen du artista eta derrigortzen du, hala, neskaren gorputza buruz lantzera, bere emakumezko erretratuetako kodeen arabera. Aurpegia errealitatetik kopiatuz landua dago, tonu gris izugarri sotiletan, non ukitu txuri batzuek begien distira sakona nabarmentzen baitute. 1960tik 1965era, Carolineren hogeita zazpi erretratu egiten ditu, inoiz egin dituen handienak, haren pinturarik lortuenaren laburpen paregabea eskaintzen dutenak.
[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
- Giovanni Giacometti eta Cuno Amiet Parisa joaten dira 1907an Salon d’Automne-ko Cézanneren atzera-begirakoa bisitatzera; Giovannik Cézanneri buruzko hainbat liburu dauka bere liburutegian (Fondation Giacometti-ren artxiboak, Paris). [itzuli]
- “Mai 1920”, Verve, III. liburukia, 27–28 zk., 1952ko abendua, 33–34. or. [itzuli]
- Ibid. [itzuli]
- Gerra ondoren esango duenaren kontra, artista gaztea Bourdelleren iritziaz kezkatua agertzen da aitarekiko bere gutun--trukaketan (Giacometti-ren artxiboak, Paris). [itzuli]
- Valérie Fletcher “Quelques réflexions sur les peintures de la Fondation Alberto et Annette Giacometti”, hemen: L’Atelier d’Alberto Giacometti, Éditions du Centre Pompidou, Paris, 2008, 172. or. [itzuli]
- Tepano Janssen, “L’Écriture de l’Île de Pâques”, Cahiers d’Art, 2–3. zk. 1929ko martxoa–apirila, 115. or. Documents argitalpenak, hau da, Georges Bataille “disidenteak” sortutako aldizkariak, bi artikulu eskaintzen dizkie sinbolo numismatikoei eta Nicolas Flamel alkimistaren harri filosofalaren sekretua ustez daukaten “hieroglifikoen mitoari”, Robert Desnos-ek bezala (“Abraham juduaren misterioa”, Documents, 5. zk., 1929); André Bretonengan ere agertzen da erreferentzia hori “Second manifeste du surréalisme”n, La Révolution surréaliste, 12. zk., 1929ko abenduak 15, 13. or. [itzuli]
- Carnet, ca. 1932, Fondation Giacometti, Paris, inb. 2000–0059. [itzuli]
- Carnet, ca. 1931–32, Fondation Giacometti, Paris, inb. 2000–0052. [itzuli]
- “Le Rideau brun, Poème en 7 espaces, Charbon d’herbe”, Le Surréalisme au service de la révolution, 5. zk., 1933ko maiatzak 15, 44–45. or. [itzuli]
- “Je ne puis parler qu’indirectement de mes sculptures…”, Minotaure, 3–4, 12. zk. 1933ko abendua, 46. or. [itzuli]
- “Objets mobiles et muets”, Le Surréalisme au service de la révolution, 3. zk. 1931ko abendua, 18. eta 19. or. [itzuli]
- Dekoratu-proiektua Boris Kochnoren “Jeux d’Enfants” balleterako (Projet de décor pour le ballet “Jeux d’Enfants” de Boris Kochno), olio-pintura kartoi gainean, 41 x 51 cm, bilduma pribatua, Paris; Pertsonaia estilizatua (Personnage stylisé), ca. 1931–32, olio-pintura mihise gainean, 47,5 x 37 cm, Fondation Giacometti, Paris, inb. 1994-0676. [itzuli]
- Ilargikoa (Lunaire), ca. 1933–34, luma eta tinta, bilduma pribatua, Paris. [itzuli]
- Mahaia (Table), ca. 1933–34, luma eta tinta, bilduma pribatua. [itzuli]
- Pareta baten aurreko figura (Figure devant un mur), luma eta tinta, 1933–34, Centre Pompidou, Musée national d’art moderne, Paris, inb. AM 1975-93. [itzuli]
- André Parinaud-ekiko elkarrizketa, “Biennale de Venise- Entretien avec Giacometti - Pourquoi je suis sculpteur”, Arts, 873. zk., 1962ko ekaineko 13tik 19ra, 1. or. [itzuli]
- “Où va la peinture”, Commune, 22. zk., 1935eko ekaina, 1118tik 1135ra bitarteko or., Alberto Giacomettiren erantzuna 1135. or. (marrazki erreproduzitua). [itzuli]
- Les peintres de la réalité en France au XVIIe siècle erakusketa, Musée de l’Orangerie des Tuileries, 1934ko azaroa–1935eko martxoa. [itzuli]
- “Derain”, Derrière le miroir, 94–95. or., 1957ko otsaila–martxoa, zenbakitu gabea. [itzuli]
- Cézanne, exposition, Musée de l’Orangerie des Tuileries, Paris, 1936. [itzuli]
- “Derain”, obra aipatua, zenbakitu gabea. [itzuli]
- Alberto Giacomettik Isabel Nicholasi, 1945eko uztailak 30, Tate Gallery-ko artxiboak, Londres, hemen: Alberto Giacometti, Isabel Nicholas. Correspondance, Fage et Fondation Giacometti, Paris, 2007, 83–84. or.; 1944an, Giacomettik Madame D.ren erretratuak (Portraits de Madame D.) saileko bi margolan pintatzen ditu, (Albert Skira-ren ezagun bat zen), bilduma pribatua, Erresuma Batua. [itzuli]
- Antonio del Guercio-rekiko elkarrizketa, “L’arte nella società d’oggi. Intervista con Alberto Giacometti”, Rinascita, 8. zk., 1962ko ekainak 23, 32. or. [itzuli]
- Maurice Merleau-Ponty, “Le Doute de Cézanne”, Fontaine, revue mensuelle de la poésie et des lettres françaises, 47. or., 1945eko abendua, testu azpimarratua, 82. or., Fondation Giacometti bildumako alea, Paris, inb. 2003–7237. [itzuli]
- Alberto Giacometti Isaku Yanaiharak aipatua, hemen: Avec Giacometti, Paris, Allia, 2014, 82. or. [itzuli]
- “Gris, brun, noir”, Derrière le miroir, 48–49 zk.,1952ko ekaina, zenbakitu gabea. [itzuli]
- Ibid. [itzuli]
- “Depuis 15 jours…”, 1952 inguruan, koaderno batean idatzitako eskuizkribua, Fondation Giacometti, Paris, inb. 2000–0089. [itzuli]
- Giacomettik hainbat jende ospetsuren erretratuak egin zituen, Marie-Laure de Noailles-ena, Louis Aragon-ena, Francis Gruber-ena, besteak beste, teknika guztiak erabiliz: eskultura (pintatua batzuetan), pintura eta marrazkia eta grabatua (litografia eta akuafortea). [itzuli]
- Jean-Paul Sartre, “La Recherche de l’absolu”, Alberto Giacometti. Exhibition of sculptures. Paintings. Drawings., New York, 1948ko urtarrilak 19–otsailak 14. [itzuli]
- Georges Bataille, Histoire de rats, (Journal de Dianus), Éditions de Minuit, Paris, 1947; Michel Leiris et Alberto Giacometti, Vivantes Cendres, Innommées, Jean Hugues, Paris, 1961. [itzuli]
- Alberto Giacomettik bere amari, 1946ko urtarrila edo otsaila, Alberto Giacometti Stiftung-eko artxiboak, Zürich. [itzuli]
- Paul Cézanne, Cézanne andrea besaulki horian (Madame Cézanne au fauteuil jaune, 1888–1990), olio-pintura mihise gainean, 116,5 x 89,5 cm, The Metropolitan Museum of Arts (The Mr. and Mrs. Henry Ittleson Jr. Purchase Fund, 1962), inb. 62.45; Alberto Giacometti, Cézanneren arabera: Cézanne andrea besaulki horian (D’après Cézanne: Madame Cézanne au fauteuil jaune), 1934 ondoren, luma eta tinta, 22,5 x 14 cm, bilduma pribatua, Suitza (AGD 551). [itzuli]
- “Le Rêve, le Sphinx et la mort de T”, Labyrinthe, 22–23. zk., 1946ko abendua, 12 eta 13 orrialdeak. [itzuli]
- Gotthard Jedlickarekiko elkarrizketa, “Fragmente aus Tagebüchen” (Egunerokoen zatiak), martxoak 30, 1953ko apirilak 1 eta 3, Neue Zürcher Zeitung, 1114 zk., 1964ko apirilak 5, 4. or. [itzuli]
- Pierre Dumayetekiko elkarrizketa, “Le drame d’un réducteur de tête”, Le Nouveau Candide, 110 zk., 1963ko ekainak 6–13, 9. or. [itzuli]
- “Je fais certainement de la peinture…”, XXe siècle, 9. zk., 1959ko ekaina, 35. or. [itzuli]
- Formatu txikiko (24 x 19tik 46 x 38 cm-ra) antzeko hainbat pintura ikusgai zeuden erakusketan. [itzuli]
- Jean-Paul Sartre, “Les Peintures de Giacometti”, Derrière le miroir, Giacometti, 65. zk., 1954ko maiatza, Maeght galerian antolatutako erakusketa, 1954ko ekainak 14–15. [itzuli]
- Haren pinturen eta marrazkien nazioarteko modeloen artean hauek aipatuko ditugu: Peter Watson (1953), James Lord (1954), Douglas Cooper (1956), Oscar Meyer (1959), Robert eta Lisa Sainsbury (1955 eta 1958), John eta Alice Rewald (1959), David Sylvester (1961), Jean Stein (1962). [itzuli]
- Jean Genet, L’atelier d’Alberto Giacometti, L’Arbalète, Paris, 1958. [itzuli]