Edukira zuzenean joan

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

katalogoa

Azken obrak

Izenburua:
Azken obrak
Argitalpena:
Madril: Turner Publicaciones, 2018
Neurriak:
24 x 30 cm
Orrialdeak:
224 or.
ISBN:
978-84-17141-72-1
Erakusketa:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Gaiak:
Heriotza | Eragin artistikoa | Erretratua eta autorretratua
Aipatutako artistak:
Giacometti, Alberto

Giacomettiren bizitzako azken urteak modelo berri batek markatuta daude, Caroline, zeinarekin maitasun-harreman gorabeheratsu bat baitu. Artista liluratuta dauka lasaikeriazko bizimodua duen eta gaueko taberna batean ezagututako neska gazte hark. Hogeita zazpi erretratuko sail liluragarri bat egiten du, haren pintura-estiloaren azken eboluzioen berri ematen duena eta hark pintatutako margolanik handienetakoak eta indartsuenetakoak direnak. Suitzan egiten dituen egonaldiak bere haurtzaroko paisaiaren izaera “aldagaitz eta beti aldakorra” berreskuratzeko aukera dira. 1950eko eta 1960ko urteetako pinturetan, haren gama kromatikoa grisaren tonalitateetan kontzentratzen da. “Pintura beltzak” gerraondoko pintura figuratiboaren historiako enigmatikoenetakoak eta originalenetakoak dira. 1960tik aurrera, lore sorta sail bat ere pintatzen du, marrazkiaren hurbileko teknikaz. Garai horretako eskulturaren izaera espresionista ez badute ere, pintura hauetako aszesi horrek badu, hala ere, malenkoniarako joera bera.

1963an urdaileko ebakuntza bat egiten diote eta 1964an ama hiltzen zaio, eta harrezkero Giacomettiren obra heriotzaren obsesioak markatuta dago. Parisen eta Suitzan zizelkatutako gizonezko hainbat bustok Diegoren aurpegiko hazpegiak eta Eli Lotar argazkilariarenak, haren gizonezko azken modeloarenak, elkartzen dituzte. Kokotsa aurrerantz proiektatua duten eskultura horien buruak busto magmatikoetatik sortzen dira, hala argal-argalak, nola mendiak bezala puztuak.

Gizona oinez (L’Homme qui marche) da Giacomettiren obrarik ikonikoena eta XX. mendeko eskulturetatik ospetsuena. 1930eko hamarkadako urteetatik aurrera Emakumea oinez (Femme qui marche) obran figurak aurrera egiten duen pausoa oso modu delikatuan irudikatu ondoren, Giacometti mugimendu horren errepresentazioan interesatzen da, egiptoar estatuagintzaren eraginez. Gerra bukatu eta berehala, oinez dabiltzan tamaina txikiko emakume eta gizonen hainbat bariazio desberdin egiten zituen, eta gero giza eskalako lehen bertsio bat zizelkatzen du, 1947an.

1960an, bi bertsio berri sortu zituen New Yorkeko Chase Manhattan Bank-en etxe-orratzaren aurreko plazan kokatzeko enkargu monumentalerako. Proiektu horretan, Giacomettik zoruan zuzenean jarritako hainbat motibo elkartzen du: Gizona oinez (L’Homme qui marche), Buru handia (Grande tête) eta Emakume handia (Grande femme), eta lan horien hainbat bertsio egiten du. Kontentagaitz, uko egiten dio azkenean enkargu horri, nahiz, hala ere, bere obrarik enblematikoenetako batzuk egiteko aukera eman dion.

[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]