Edukira zuzenean joan

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

katalogoa

Erretratuak

Izenburua:
Erretratuak
Argitalpena:
Madril: Turner Publicaciones, 2018
Neurriak:
24 x 30 cm
Orrialdeak:
224 or.
ISBN:
978-84-17141-72-1
Erakusketa:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Gaiak:
Gizakia | Erretratua eta autorretratua
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Giacometti, Alberto

Annette Arm-ek, artistak Genevan gerra bitartean ezagutu duen neskak, tailerrean hartuko du bizilekua 1947an. Bikotea 1949an ezkonduko da, eta data horretatik aurrera neska gazteak egunero posatzen du artistarentzat, Diegorekin txandaka. Bi modelo horien silueta eta hazpegiak biluzi handietan aurkitzen dira, bai eta buru generikoagoetan, zeinei Giacomettik hainbat deformazio, luzapen, txikitze edo lautze jasanarazten baitie. Errealitatetik kopiatuta lan egiten du, baina batzuetan buruz bukatzen ditu bere erretratuak. Gerra amaitu osteko garaiko shockaren ondoren, Giacomettiren buruek beren adierazkortasuna galtzen dute, eta begiradan kontzentratzen da artista. Maiz antzematen zaizkio haren lanei Diegoren aurpegiaren hazpegiak, hura baita orduan Giacomettiren gizonezko modelo nagusia.

Erretratuaren generoa, familiako haren modeloei eta haren adiskide intelektualei eskainia, da nagusi haren pinturan. “Antzekotasunaren” bilaketa obsesiboak bultzatuta, Giacomettik pose-saio luzeak jasanarazten dizkie, erabateko gelditasuna eskaturik, elkarrizketa biziari ekinez aldi berean. Betiere kontentagaitz, bere lanean tematzen da, buruz ekinez lanari eta batzuetan hura suntsituz.

Eszena artistikoan agertu orduko, Alberto Giacomettik Saint-Germain-des-Prés-eko intelektualen arreta erakartzen du: Jean Cocteau, Jacques Prévert, Michel Leiris, André Breton, Louis Aragon, Paul Éluard dira, besteak beste, haren lehen miresleak. 1945ean Parisa itzuli zenean, bere adiskide gehienekin elkartu zen berriro ere, Jean-Paul Sartre eta Simone de Beauvoir bikotea tartean, eta haien hainbat erretratu egiten du. Jende berri asko ere ezagutu zuen, bereziki Jean Genet idazlea, hainbatetan irudikatu zuena marrazkian eta pinturan. Pose-saio haietatik, Genetek testu enblematiko bat plazaratuko du, L’Atelier d’Alberto Giacometti, 1957an argitaratua.1956tik 1961era, Giacometti liluratuta dauka Isaku Yanaihara filosofo japoniarraren aurpegiak, eta haren hogeita bi bat erretratu pintatzen eta bi busto zizelkatzen ditu. Yanaiharak ordu askoan gogo onez posatzen du, baina haren pazientzia ez zaio artistari aski, eta Frantziako haren egonaldiak luza ditzala erregutzen dio eta hura posarazteko bidaia berriak antolatzen dizkio. Adiskidetasun bat sortzen da bi gizonen artean, eta Yanaiharak egunkari bat plazaratuko du hortik.

[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]