katalogoa
Zergatik naizen eskultorea
Alberto Giacometti
- Izenburua:
- Zergatik naizen eskultorea
- Egilea:
- Alberto Giacometti
- Argitalpena:
- Madril: Turner Publicaciones, 2018
- Neurriak:
- 24 x 30 cm
- Orrialdeak:
- 224 or.
- ISBN:
- 978-84-17141-72-1
- Erakusketa:
- Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Ibilbide artistikoa | Lan-prozesua
- Mugimendu artistikoak:
- Kubismoa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Argazkia | Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Giacometti, Alberto
André Parinaud-ekiko elkarrizketa 1
Gogoratzen al zara, Giacometti, zein eratara etorri zinen eskulturara?
Hain kontu urruna da hori! 1914an izango zen, 13 urte nituen. 1914an egin nuen errealitatetik hartutako nire lehen bustoa. Anaiak posatzen zuen. Aita pintorea zen. Idulki gaineko busto txiki batzuen erreprodukzioa ikusi, eta berehala izan nuen hori bera egiteko gogoa. Aitak plastilina erosi zidan, eta hala hasi nintzen. Hasieran, sekulako plazerra sentitzen nuen eta irudipena nuen hura oso erraz etorriko zela, lortuko nuela ikusten nuena gutxi gorabehera egitea; etxean daukat oraindik busto txikia. Handik berrogeita hamar urtera, ez dut lortu! Bitxia da zuri aitortzea bi egun daramatzadala orduko buru hura egiteko ahaleginean, 1914an bezala, lehenengoaren dimentsio berekoa, gutxi gorabehera, eta 1914an nahi nuena egiten ari nintzelako irudipena banuen, orain, berriz, ez dut lortzen. Gaur goiza arte lan egin dut, gau osoan. Buru bat egiten saiatzen nintzen lehen aldia zelako irudipena nuen. Hamabost egun barru ikusiko dut emaitza.
1914an, ikusten zenuena imitatu nahi zenuen? Anaiaren argazki bat eskulturan egin nahi zenuen? Zure obra ahalik eta antzekoena izatea, ahalik eta egiazkoena izatea nahi zenuen —zentzumenen eta itxuren egia—? 1962an, zer lortu nahi duzu eskulturaren bidez?
1914an bezala, zehatz kopiatzea —antza—. Kezka bera, zehatz-mehatz.
Nondik dator zailtasuna?
Zergatik dut betidanik buruak egiteko gogoa? Zergatik naiz pintorea? Zergatik naiz eskultorea? Auskalo.
Txandaka jarraitzen duzu pinturan eta eskulturan?
Bai, egunero paisaiak egin nahiko nituzke, baina buruetara mugatuta nago, oraingoz. Zeren eta, buru bat “edukiko bagenu”, gainerako guztia edukiko baikenuke; bururik ez badaukagu, ez daukagu ezer; niretzat, behinik behin.
Nondik dator, ordea, zu pozik zintuzkan eskultura bat egiteko 1914an zenuen erraztasuna? Eta nondik dator 1962an duzun zailtasuna?
Oso zaila da esaten… Seguru asko, ez zegoen batere zailtasunik ikusten nuenaren eta hura egiteko aukeraren artean. Gaur egun, horrek guztiz ezinezkoa dirudi. Hasteko, ez daukat jadanik bolumenaren eta espazioaren nozioa. Esan beharra dago hura 1920 arte joan zela ondo. Nire ikuspena eboluzionatzen ari zen, baina egin nezakeen. Eta orduan, 1920an, Erroman nengoen, eta emakumezko adiskide bat posarazi nuen negu osoan, sei hilabetez, beharbada, eta, gero, alde egin nuenean, zakarrontzira bota nuen burua. Buru baten osotasuna atzemateko erabateko ezintasuna.
Zein da erreakzio horren abiapuntu psikologikoa?
Psikologikoa al da? Ez dakit. Baina, harrezkero, ez dut sekula lortu neuk ikusten dudan bezalakoxe bururik egitea, zentzurik primarioenean. Baldin eta urrutitik ikusten badut buru bat, esfera baten ideia dut. Baldin eta oso gertutik ikusten badut, esfera bat izateari utzi, eta erabateko konplikazioa hartzen du sakonean. Izatean sartzen gara. Itxura gardena du guztiak, eskeletoan zehar ikusten dugu. Osotasuna eta xehetasunak dei geniezaiekeena antzematea da ezintasun nagusia. Hala, begietan baizik ez dut pentsatzen! Lortu beharko litzateke eskultura batean atzematea bai burua, bai gorputza eta bai hark azpian daukan lurra, eta, aldi berean, espazioa legoke, eta barruan nahi den guztia sartzeko aukera. Bai, osotasun hori zizelkatzeko aski litzateke begiak zizelkatzea.
Begiengatik zizelkatzen duzu?
Begiengatik. Begiengatik besterik ez. Irudipena dut ezen baldin eta lortuko banu begi bat —gutxi gorabehera— zertxobait kopiatzea, buru osoa edukiko nukeela. Ez dago zalantzarik, izan ere. Ezinezkoaren itxura du horrek, ordea. Zergatik? Auskalo!
Esan al daiteke, Giacometti —esajeratu gabe— buru baten zure eskultura osoaren helburua ez dela begirada finkatzea baizik? Hura ulertzen eta zureganatzen saiatzea?
Ez dut begiradan zuzenean pentsatzen, begiaren forman beran baizik… formaren itxuran. Baldin eta begiaren forma atzemango banu, begiradaren antza izango lukeen zerbait emango luke horrek, ziur asko! Bai, begi-ninia kokatzen lortzean datza, beharbada, arte osoa… Begiaren inguruak egiten du begirada. Itxura hotza eta urruna du beti begiak. Edukitzaileak baldintzatzen du begia. Baina “xehetasun” hori benetan adierazteko zailtasuna osotasuna itzultzeko eta ulertzeko zailtasun bera da. Aurpegira begiratzen badizut, profila ahaztuko dut. Profilari begiratzen badiot, aurpegia ahazten dut. Etena bihurtzen da dena. Hori da kontua. Ez dut jadanik lortzen osotasuna neureganatzea. Aldi gehiegi! Maila gehiegi! Gizakia konplexuagotu egiten da. Eta maila horretan ez naiz jadanik hura atzemateko gauza. Misterioa etengabe trinkotzen da lehenengo egunetik…
Bourdelleren tailerrean aritu zinen zeure karreraren hasieran. Zer irakaspen jasotzen zenuen Bourdellerengandik?
Horrek ez zidan askorik eman. Figura oso bat modeloaren arabera lantzea zen kontua. Konturatu nintzen nire ikuspena egunero aldatzen zela. Edo bolumen bat ikusten nuen, edo mantxa bat bezala ikusten nuen figura, edo xehetasun bat ikusten nuen, edo osotasuna ikusten nuen. Modeloak oso denbora mugatuan posatzen zuenez, joan egiten zen ni zernahi ere dela atzematen hasi baino lehen… 1925ean, gutxi gorabehera, hasi nintzen ulertzen ezinezkoa zela pintura bat edo eskultura bat nik ikusten nuen bezala egitea, eta errealtasuna bertan behera utzi beharra zegoela. Buruz sortu nuen, beraz, —egiatik at— hamar urtez. Eraikitzeko saio posible guztietan ahalegindu nintzen 1935 arte, gutxi gorabera. Abstrakziora arte.
Abstrakzioak zer berritasun ekarri zion zure ahaleginari?
“Paretara” iritsi aurreko azken urratsa izan zen hura! Objektuak baizik ez ziren bolumenak fabrikatzea. Bada, objektua ez da eskultura bat! Ez zegoen jadanik aurrerapen posiblerik.
Esan nahi duzu mundua ulertzea lortzeko zure ahaleginak, ez mundua imitatuz, baizik eta hura irudimenez, adimenez, oroimenez, sentiberatasunaren alorreko datuen gainean berreginez atzematen ahaleginduz, porrot egin zuela, eta porrot haren froga zure eskulturak zirela, ez baitziren obra bizidunak, objektuak baizik? Baina nola ulertu zenuen hori?
Bizimodua ateratzeko, garai hartako dekoratzaile batentzat, Jean-Michel Frank, objektu erabilgarri anonimoak egitea. Hura zen, inondik ere, garai hartako dekoratzailearik onena, eta nik asko maite nuen haren lana. Objektu anonimoak egitea onartu nuen, beraz. Garai hartan, nahiko gaizki ikusia zegoen. Gainbehera moduko baten gisara ikusia zegoen. Saiatu nintzen, hala ere, lore-ontziak ahalik eta hobekien egiten, adibidez, eta konturatu nintzen eskultura bezalaxe lantzen nuela lore-ontzia eta ez zegoela batere alderik nik eskultura deitzen nionaren eta objektu bat, lore-ontzi bat, zenaren artean! Nire asmoetan, eskultura objektua ez beste gauza bat zen, ordea. Porrot bat zen, beraz. Misterioaren ondotik pasea nintzen, nire lana ez zen sorkuntza bat, ez zen mahai bat eraikitzen duen arotzaren lanaren desberdina! Jatorrietara itzuli, eta dena berriz hasi beharra zegoen. 1925ean errealitatetik kopiatuta lan egiteko ideia abandonatu egin nuela ahazturik —ezinezkoa iruditzen zitzaidalako—, modelo bat hartu nuen berriz ere, berehala estudio bat egin nahian, gero eskulturak egiteko. 1935 zen. Handik hamabost egunera, berriz aurkitu nuen 1925eko ezina… eta modelo berari eutsi nion 1935etik 1940ra. Egunero, BURUA egunero berriz hasiz.
Izugarria izan behar zuen.
Bai. Eskolan banengo bezalaxe zizelkatzen nuen. Modeloari zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta gehiago trinkotzen zen haren errealitatearen eta nire artean zegoen ikusteko eragozpena. Posatzen duen pertsona ikustetik hasten zara, baina pixkanaka-pixkanaka, eskultura posible guztiak tartean sartzen dira… haren eta zure artean. Haren ikuspen erreala zenbat eta gehiago desagertu, orduan eta ezezagunagoa bihurtzen da burua. Ez zaude jadanik ziur ez haren itxuraz, ez haren dimentsioaz, ez ezertaz ere ez! Alegia, 1940an, buruak hainbeste txikiagotzen ari ziren, non desagertzeko joera baitzuten. Xehetasun pila bat baizik ez nuen bereizten. Osotasuna ikusteko, gero eta gehiago atzeratu behar zen modeloa. Hura zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta txikiagoa bihurtzen zen burua, eta horrek izutu egiten ninduen. Gauzak desagertzeko arriskua…
1935etik 1940ra, aurpegi bat konkistatzen ahalegindu zinen?
Eskultura gehiegi zeuden nire modeloaren eta nire artean. Eta eskultura gehiagorik ez zegoenean, ezezagun bat zegoen, nik dagoeneko nor ikusten eta zer ikusten nuen ez jakiteraino.
Nola biziberritu ziren eskulturak bat-batean?
Zergatik maitemintzen gara? Fenomeno berriak ulertu nituen edo modu berri batez ulertu nuen oso fenomeno zahar bat. Nola esango nizuke? Konturatu al zara nola zenbat eta egiazkoagoa izan obra bat, orduan eta estilo gehiago duela? Hori bitxia da, zeren eta estiloa ez baita itxuraren egia, eta, hala ere, nire iritzian kalean topo egiten dudan auskalo noren buruen antz handiena duten buruak errealismotik urrunen dauden buruak dira, eskultura egiptoarrak, txinatarrak edo Grezia arkaikokoak, edo kaldearrak. Niretzat, asmamenik handiena bat dator antzik handienarekin; horrek udan egiten dit zirrara, emakume biluziak ikusten ditudanean, egiptoar pinturen antza dute, alegia, arterik sinbolikoenaren eta birsortuenaren, irakurketa zuzenetik urrutien denaren antza… Imajina daiteke errealismoa kopiatzea dela… edalontzi bat, mahai gainean, den bezala kopiatzea. Izan ere, sekula ez da kopiatzen une oro gelditzen den ikuspena baizik, kontzientzia bilakatzen den irudia… Ez duzu sekula mahai gaineko edalontzia kopiatzen; ikuspen baten hondarra kopiatzen duzu. Pixkanaka-pixkanaka ulertu dut eskultura deitzen zaion fenomeno jakin baten errealitatea. Edalontziari begiratzen diodanean, haren margotik, haren formatik, haren argitik, ez zait une bakoitzean iristen zehazten oso zaila den gauza txiki-txiki bat baizik, itzul daitekeena marratxo txiki batez, mantxa txiki batez; edalontziari begiratzen diodan bakoitzean, berregiteko itxura du, alegia, haren errealitatea zalantzazkoa bihurtzen da, hark nire garunean duen proiekzioa zalantzazkoa delako, edo zatikakoa. Desagertu egingo balitz bezala… berregingo balitz bezala… ikusten dugu edalontzia; alegia, izatearen eta ez izatearen artean dagoela beti, izan ere. Eta horixe kopiatu nahi da… Artista modernoen ekinaldi guztia etengabe ihesian doan zerbait atzemateko, edukitzeko, borondate horretan dago. Errealitateaz duten sentipena eduki nahi dute, errealitatea bera bainoago. Nolanahi ere, ezin da dena eduki… Eduki daitekeena ez da itxura baizik. Errealitatetik ez da itxura baizik geratzen. Pertsonaia bat 2 metroko distantziara baldin badago —edo 10 metrora— ezin dut jadanik hura ekarri errealitate positiboaren egiara. Kafetegi baten terrazan banago eta beste espaloian dabilen jendea ikusten badut, txiki-txikiak ikusten ditut pertsonak. Haien tamaina naturala ez da jadanik existitzen!
Artista batentzat baliteke, baina gizaki batek ez dio bere buruari galdera hori egiten, hori da normaltasuna.
Lanean ari naizela edo ez, itxuraren bidez baizik ez dut ikusten. Ez dago bereizkuntzarik. Halako moduan, non ikusten dudan paisaia, etxetik kafetegira noanean ikusten ditudan zuhaitzak zertxobait desberdinak baitira egunero, eta hori berria da niretzat. Gerra aurretik, gauzen egonkortasun baten irudipena nuen. Gaur egun, inolaz ere ez. Munduak gero eta gehiago harritzen nau egunetik egunera. Bilakatzen da edo zabalago edo miragarriago, atzemanezinago, ederrago. Xehetasunak grinatu egiten nau, xehetasun txikiak, begia aurpegian bezala, edo goroldioa zuhaitz baten gainean. Baina ez osotasunak baino gehiago, zeren eta nola egin xehetasunaren eta osotasunaren arteko aldea? Xehetasunek berek egiten dute osotasuna… egiten dute forma baten edertasuna.
Zeri deitzen diozu zuk “ederra”, Giacometti?
Zergatik iruditzen zaigu gauza bat ederra? Zergatik iruditzen zaigu zuhaitz bat ederra? Edo zerua? Edo aurpegiak? Eta ez hutsala? Alegia, badago, izan ere, jendea errealitatea hutsala eta arrunta iruditzen zaiona, artelanak ederragoak direla uste duena. Niretzat, galdera horrek ez du zentzurik! Garai batean, Louvrera joaten nintzen, eta koadroek eta eskulturek zirrara sublime bat egiten zidaten… Maite nituen, errealitatetik ikusten nuena baino gehiago ematen zidaten neurrian. Ederrak iruditzen zitzaizkidan eta errealitatea bera baino ederragoak. Gaur egun, Louvrera joaten banaiz, ezin diot eutsi artelanei begira dagoen jendeari begiratzeari. Sublimetasuna, gaur egun, niretzat, aurpegietan dago obretan baino gehiago… Halako moduan, non Louvrera joan naizen azken urteetan, ihes egin baitut, ihes egin dut, literalki. Obra haiek guztiek hain itxura miserablea zuten —hain ekinaldi miserablea, hain eskasa, mendeetan zeharreko hurbiltze zezela, ahalik eta norabide guztietan, baina izugarri laburra, primarioa, inozoa, neurritasun itzel bat zertzeko—; etsipenez begiratzen nien pertsona bizidunei. Ulertzen nuen inork ez zuela sekula zeharo atzemango bizitza hura… Tragikoa eta irrigarria zen saiakera hura.
Orduan, zergatik zizelkatzen jarraitu?
Ez dut sortzen pintura ederrak edo eskultura ederrak egiteko. Artea ez da ikusteko modu bat baizik. Zernahiri begiratzen diodala ere, guztiak gainditu eta harritu egiten nau, eta ez dakit ziur zer ikusten dudan. Konplexuegia da. Orduan, kopiatzen ahalegindu beharra dago, besterik gabe, norberak ikusten duenaz pixka bat jabetzeko. Iduri luke erauzten diren errezelen atzean etengabe dagoela errealitatea… Badago beste errezel bat… beste bat beti. Baina irudipena dut, edo lilura, ezen aurrerapenak egiten ditudala egunero. Horrexek ekinarazten nau, bizitzaren muina ulertzera iritsi behar banintz bezala, hain zuzen ere. Eta jarraitu egiten du norberak, jakinik ezen “gauzara” zenbat eta gehiago hurbildu, hura orduan eta gehiago urruntzen dela. Nire eta nire modeloaren arteko distantziak etengabe handitzeko joera du: zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta gehiago urruntzen da gauza. Amaierarik gabeko bilaketa bat da. Lan egiten dudan bakoitzean, prest nago segundo batez zalantzarik egin gabe bezperako lana desegiteko, zeren eta, egunero, urrunago ikusten dudalako irudipena dut. Funtsean, ez dut lan egiten lanean ari naizen bitartean dudan sentsaziorako baizik. Eta gero hobeto ikusten baldin badut, irteten naizenean, errealitatea zertxobait desberdin ikusten badut, funtsean, koadroak zentzu handirik ez badu ere edo suntsitu egiten badut, nik irabazi egin dut, nolanahi ere. Sentsazio berri bat irabazi dut, sekula izan ez dudan sentsazio bat.
Obra ez zaizu iruditzen sentitzen duzun sentsazioa bezain garrantzitsua?
Sentsazio horrek ez du parekorik.
Geroa —zeinuak uztearen ideia— ez al zaizu interesatzen?
Hori bost axola zait. Zeinuak, baita iraganeko zeinuak ere, ez dira sekula egonkortzen. Sortu egiten dira. Ezkutatu egiten dira. Badira, ustez, artelan batzuk egonkortasun bat bereganatu dutenak; ez da egia. Laokonte maisulanetan maisulanena zen duela ehun urte; gaur egun, mespretxatu egiten da. Itzalean jarri dute, leiho baten kontra, eta inork ez dio begiratzen. Bitxia da egiaztatzea zenbateraino, mundu guztiak artean interesatu beharra daukan garai batean, mundu guztiak gauza berak maitatzen edo arbuiatzen dituen. Artean diharduen edozein neskak esango dizu arkaikoak gustatzen zaizkiola, mundu guztiari bezala. Eta lotsa emango lioke Laokonte gustatzen zaiola esateak, gauza arkaikoak bezain ederra izanda ere. Beraz, geroa gezurra da, ezer ez da sekula egonkortzen.
Nola esplikatzen duzu milurte askoan zehar eskultoreek mundua imitatu nahi izana? Eta zuk sortzeko duzun zailtasun hori haiek, ustez, ez sentitu izana?
Hasteko, hemezortzigarren mendea arte, artea gizartearen edo erlijioaren zerbitzura zegoen; bera bizi zeneko gizartearen premia baten gisara baizik ez zuen artistak ulertzen bere ekintza. Haren obra jariakin sozial bat zen. Askatasuna eman zaio gaur. Alde batetik, argazkia asmatu izanak eta handik etorri denak —zinema, telebista, X izpiak, eta errealitatea mikroskopioz handitzea— errealitatearen ikuspegia alderantzikatu dute. Garai batean, kanpoko munduaren ideia bat izateko bide bakarra, izan ere, pintura edo eskultura ziren. Ez zegoen zalantzarik buru baten osotasunaz. Guretzat, horrek eztanda egin du. Argazkiak kanpoko munduaz ikuspegi nahikoa ematen du; ondorioz, artistak nahi duena egin dezake eta bere barnea, bere inkontzientea edo bere sentsazioak pintatzeko libre da.
Beraz, nolabait, irudiak mundutik bota zaitu eta zu babestu egin zara, zilegi bekit hau esatea, zeure baitan, zeure sentsazioetan, zeure luzidotasunean.
Funtsean, 1945 inguruan hasi nintzen argi eta garbi errealitatetik kopiatuta lan egin nahi izaten. Erabateko zatiketa izan zen niretzat munduaren ikuspen fotografikoaren eta neure ikuspen propioaren artean, zeina onartu egin bainuen. Inoiz ez bezala harritu ninduen errealitateak orduan. Lehen, zinematik irteten nintzenean, ez zen ezer gertatzen, hau da, pantailaren ohitura errealitatearen ikuspegi arruntean proiektatzen zen. Gero, bat-batean, haustura bat izan zen, alegia, pantailan gertatzen zenak ez zuen jadanik ezeren antzik, eta sekula ikusi izan ez banitu bezala begiratzen nion nik aretoko jendeari. Eta une hartan berriz sentitu nuen pintatzeko premia, eskultura egitekoa, argazkigintzak ez zidanez inolaz ere ematen errealitatearen funtsezko ikuspegirik. Beraz, nola ikusten nuen jakiteko, pintatzen ahalegindu beharra neukan. Artista askok errealitatearekiko izu gisako bat sentitzen dute, imajinatzen baitute argazkiaren azpitik geratuko direla beti, harengan sinesten baitute, izan ere; edo, okerrago jota, baldin eta kopiatzen badute, beren pintura hutsala izango dela uste dute, edo, onenean, inpresionismoa, bestela; alegia, jadanik egindako zerbait. Hortaz, ez du merezi berriz hasteak. Haientzat mundua hutsik dago!
Zer da, bada, pintatzeko edo zizelkatzeko abentura gaur zuretzat?
Mundua ikustea, ulertzea, sakon-sakon hura sentitzea eta gure esplorazio-ahalmena ahalik eta gehiena zabaltzea, baina koadroa hiru mantxara murrizten badugu, munduaren ulermena aski mugatua da, areago kontuan harturik ezen ia pintura osoan —horrek atentzioa eman dit azken garaiotan—, izan abstraktua, tachista edo informala, funtsean, ikusmena koloreei dagokiela batik bat. Hortaz, koloreen ikuspena inpresionistek ekarritakoaren bertsua da gaur egun ere. Esan daiteke, beraz, ez dugula askorik aurreratu munduaren ikuspegian. Kubismoak, garai batean, lilura sortu ahal izan zuen; baina orain sumatzen dugu kubistak inpresionisten ikuspegitik oso hurbil dagoen batera itzuli direla. Hori da, beraz, oraindik nagusi dena.
Inpresionisten ikuspena eta kubisten ikuspena ez al dira funtsean desberdinak?
Kubismoak papier collé-ak egiten amaitu zuen, hau da, artelana bera ezeztatzen. Aski zen aulki bat edo objektu bat hartzea eta haiek aurkeztea hura artelan bilakatzeko, baina, bat-batean, artelanak sortzeari uzten zitzaion; artelana deuseztatu egin da. Beraz, jatorrietara itzuli beharra zegoen. “Itzuli” hitza porrot bat da jadanik… Eta ez gara “itzuli” baino askoz ere gehiago egin, hain zuzen ere.
Gogoeta horrek azaltzen du zergatik hautsi zenuen kubistekin eta surrealistekin?
Surrealismoak asko erakarri ninduen haren garai ederrean. Artistak interesatzen zitzaizkidan, baina, berez, talde surrealistako kidea nintzen garaian ere, nik iragankortzat sentitzen nituen esperientziak egiten nituen. Baina izututa imajinatzen nuen egunen batean, izan ere, modelo baten aurrean taburete batean esertzera behartua ikusiko nuela nire burua. Sentitzen nuen hara iritsi beharra neukala, nola edo hala. Iritsi naiz, izan ere. Eta, hala ere, badakit artea ez dela baliabide bat baizik. Zer dela eta ikusten dugunaz konturatu nahi izateko mania hori? Zeri dagokio pintatzen edo buru bat zizelkatzen saiatzeko premia hori, mania bat baizik ez da, besterik gabe!
Artista izaki anormal bat dela esan nahi duzu?
Tira ba! Nolabait, anormal samarra da denbora pasatzea, bizi ordez, buru bat kopiatzen saiatuz, bost urtez arratsero pertsona bera aulki batean geldiaraztea, hura kopiatzen saiatzea, lortu gabe, eta jarraitzea. Ez da zehatz-mehatz normala izenda daitekeen jarduera bat, ezta? Jendarte jakin batekoa izan beharra dago hori onartua ere izateko, zeren eta, beste batzuetan, ezingo bailitzateke onartu. Gizarte osoarentzat alferrikakoa den jarduera bat da. Pozbide erabat indibiduala da. Horregatik beragatik izugarri berekoia eta gogaikarria, funtsean. Artelan oro guztiz ere ezertarako erditua da. Horretan emandako denbora guztia, jenio horiek guztiak, lan hori guztia, azken batean, absolutuaren alorrean, ezertarako ez da. Errealitatea atzematen saiatuz orainaldian sentitzen den sentsazio berehalako hori ez bada. Eta abentura, abentura handia, aurpegi berean egunero zerbait ezezaguna sortzen ikustea da, munduaren inguruko bidaia guztiak baino handiagoa da.
Definizio hori bat dator atomoaren egitura edo printzipio matematikoak aurkitu nahi dituen jakintsuaren abenturarekin.
Ikusten duguna ahalik eta hobekiena atzeman nahi izateari atxikitzen bagatzaizkio, zientzia egin edo artea egin, urrats bera da. Berdin dio zein alorretan espezializatzen den, jakintsuak horretaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago du jakiteke, eta ez du sekula izango erabateko jakintza batera iristeko inolako itxaropenik. Izan ere, erabateko jakintza heriotza bera litzateke. Ulertzen saiatzea da bai artea eta bai zientzia. Porrota eta arrakasta guztiz ere bigarren mailakoak dira. Abentura hori oraintsukoa da, hemezortzigarren mendean hasi zen, gutxi gorabehera, Chardin-ekin, gehiago hartu zenean kontuan artisten ikuspegia elizen zerbitzurakoa edo errege-erreginen atseginerakoa baino. Gizakia, azkenean, bere buruari emana!
[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]
Oharrak
- Veneziako Bienala zela eta argitaratutako elkarrizketa, hemen: Arts, 873. zk., 1962ko ekainaren 13–19, 1–5. or. [itzuli]