Edukira zuzenean joan

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

katalogoa

Figuraziora itzultzea

Izenburua:
Figuraziora itzultzea
Argitalpena:
Madril: Turner Publicaciones, 2018
Neurriak:
24 x 30 cm
Orrialdeak:
224 or.
ISBN:
978-84-17141-72-1
Erakusketa:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Gaiak:
Gizakia | Artea eta psikologia | Proportzioa | Introspekzioa
Mugimendu artistikoak:
Existentzialismoa
Aipatutako artistak:
Giacometti, Alberto

1935an, Giacometti urrundu egin zen mugimendu surrealistatik, modeloaren araberako lanera itzultzeko. Rita Gueyfier modelo profesionalak eta haren anaia Diegok egunero posatzen dute Giacomettirentzat. Eskultoreak hainbat modelatze-teknika esploratzen du, aurpegietan zatikatutako lanetatik estilo adierazgarriago batera, helduaroko haren estiloa iragartzen duena. Modeloarenganako haren interesa pinturara itzultzearekin ere adierazten da. 1940an, Frantziatik alde egin eta Suitzara joan zen Giacometti. Genevan, tailer bihurtutako hotel-gela batean, eskultura txiki-txikiak egiten ditu, aldaka biribileko emakumezko figurak irudikatzen dituztenak, idulki trinkoen gainean zutik, urrunetik ikusitako emakume baten siluetaren oroitzapenak inspiratuta. Aldi horretan, tamaina handiko figura bakarra zizelkatzen du, Emakumea gurdian (Femme au chariot). Familiako etxeko tailerrean, Suitzako mendietan, eginiko obra horrekin batera, artistak bere lehen biluzia pintatzen du, eskulturatik oso gertukoa, tailerreko egurrezko pareta batean. 1945eko irailean, Giacometti pozik bueltatu zen Parisko bere tailerrera, eta bere karrerako aldirik emankorrenari ekiten dio. Pintatzeko premia konpultsibo bat sentitzen du, eta material gabezia berdintzeko, pintura txiki batzuk egiten ditu bata bestearen ondoan, oihaletan, gerora ebaki egingo dituenak obra independente gisa. Sagarren hainbat koadro pintatzen du, Cézanneren omenez, haren pintura miresten baitu. 1946an, Labyrinthek “Le Rêve, le Sphinx et la mort de T.” argitaratzen du, kontakizun oniriko bat, non artistak heriotzaren bere esperientzia kontatzen baitu; trauma horrek adierazpen bereziki indartsua aurkitzen du Burua hagatxoaren gainean (Tête sur tige) obran eta buruen pintura txiki oso adierazgarri batzuetan. Giacomettik gerra bukatu eta berehala esploratutako gaiak existentzialismoan eta absurdoaren filosofian inspiratuta daude, zirkulu intelektualetan puri-purian zebiltzan gaietan, izan ere. Kalean begiratutako jendetzaren mugimenduak konposizio berriak inspiratzen dizkio, hala nola Hiru gizon oinez (Trois hommes qui marchent), motibo hori haren eskulturan agertu izana markatzen duena. Hainbat emakumezko figura totemiko gizon baten buruarekin erretilu handien gainean elkartzen dituzte haren hurrengo obrek. Kaiolaren motiboa berriz agertzen da Sudurra (Le Nez) eta, gero, Kaiola (La Cage) obretan, zeinek eskulturaren hiztegian sartzen baitute erakusteko dispositiboa. Garai bereziki emankor horren ondoren, Giacomettik gai kopuru mugatu bat esploratzen jarraitzen du, proportzio-aldeen bitartez bere ikuspena distantzia zehatz batera berriz ekarri nahian.

[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]