katalogoa
Gaztaroko obretatik surrealismora
- Izenburua:
- Gaztaroko obretatik surrealismora
- Argitalpena:
- Madril: Turner Publicaciones, 2018
- Neurriak:
- 24 x 30 cm
- Orrialdeak:
- 224 or.
- ISBN:
- 978-84-17141-72-1
- Erakusketa:
- Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
- Gaiak:
- Gizakia
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Figuratiboa | Kubismoa | Surrealismoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Giacometti, Alberto
Alberto Giacometti 1901ean jaio zen, Suitza italiarrean. Haren aita, Giovanni, pintore neoinpresionista bat da, pintura eta eskulturaren hastapenak irakasten dizkiona. Parisen hartzen du bizilekua 1922an, Académie de la Grande Chaumière-n Antoine Bourdelle eskultorearekin ikasteko. Jacques Lipchitz, Henri Laurens, Constantin Brancusi eta Pablo Picassoren obra neokubistak ikusteak berehala eramaten du Giacometti irakaskuntza klasiko horretatik urruntzera. Kubismoaren dekonstrukzio geometrikoaren printzipioez jabetzen da, eta hiztegi formal oso pertsonal baten zerbitzura jartzen ditu, giza irudiaren gaia nagusi zaiolarik.
1926ko abenduan 23 m2-ko tailer bat hartzen du lantoki, Hippolyte-Maindron kaleko 46. zenbakian, artisten auzoan, Montparnassen. 1929tik aurrera haren anaia Diego etorriko zaio, eta haren laguntzaile bihurtuko da. Batere erosotasunik gabeko espazio txiki-txiki horretan ekoitziko du Giacomettik bere obraren zatirik handiena.
Louvre museoan ikusitako Zikladen greziar eskultura arkaikoek eskulturak planoarekin duen harremana esploratzera bultzatzen dute. Maiz joaten da, baita ere, Etnografiako Museora eta sarri irakurtzen ditu Cahiers d’Art eta Documents bezalako abangoardiako aldizkariak, mendebaldekoak ez diren arteetarako garaiko zaletasunaren ispilu zirenak. 1927an, eragin horien sintesi bat proposatzen du Emakume koilara (Femme cuillère) obran.
Haren eskulturaren abstrakzio gero eta sofistikatuagoa 1929an bukatzen da, “xaflak” deritzanekin, gainalde leundua zertxobait grabatua edo zizelkatua duten xaflekin, alegia. Haien izenburuagatik, Gizona (Homme), Emakumea (Femme) edo Burua begira (Tête qui regarde), eta giza gorputzaren ebokazio sintetiko bat egiten dutelako, Giacomettik figurazioaren alorrean mantentzen ditu. 1929an haien erakusketa bat egin ondoren, kritikaren lehen arrakastak eta abangoardien interesa ekartzen diote. Giacomettik bere egiten ditu surrealistek sustatutako hizkuntzari eta ametsari buruzko bilaketak. Maiz ibiltzen da Georges Batailleren inguruan bildutako “disidenteekin”, 1930an André Bretonen inguruan osatutako taldearekin ofizialki bat egin aurretik. Haren estilo oso pertsonalak garaiko artista eta intelektual eragin handikoen arreta erakartzen du, adibidez, Salvador Dalírena, zeinak eskultura eduki erotikoko edo biolentoko “funtzionamendu sinbolikoko objektuen” prototipo gisa ikusi baitzuen Bola zintzilik (Boule suspendue). 1934 arte jarraituko du Giacomettik eskultura-objektuaren jardun horretan, abstrakzioaren mugan maiz, giza irudirako bere interesari betiere eutsiz.
Aita 1933an bat-batean hil izanak kutsu manlenkoniatsuago bat sartzen du haren obretan, 1934an, Buru garezurra (Tête crâne) eta Kuboa (Cube) eskulturetan agertzen den bezala, haien poliedro tankerako egiturek Alberto Dureroren Malenkolia I grabatu ospetsuaren eraginaren lekukotasuna ematen dutelarik.
[Itzultzailea: Jon Muñoz;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]