Edukira zuzenean joan

Artea eta espazioa

katalogoa

Geometrikoa denaren zabalkundea, 1986

Peter Halley

Izenburua:
Geometrikoa denaren zabalkundea, 1986
Egilea:
Peter Halley
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
31,5 x 23 cm.
Orrialdeak:
228
ISBN:
978-84-95216-81-6
Lege gordailua:
BI-1783-2017
Erakusketa:
Artea eta espazioa
Gaiak:
Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Artearen historia | Espazioa | Geometria
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Aipatutako artistak:
Halley, Peter

Lehen aldiz hemen argitaratua: 
Effects Magazine for New Art Theory, 3. zkia., 1986ko negua

Hemen jasoa: Peter Halley: Selected Essays, 1981–2001,
Richard Milazzo (arg.), New York: Edgewise Press, 2013

 

Geometrikoa denaren zabalkundea nagusi da paisaian. Espazioa gelaxkatan zatitua dago, beren zabaleraren eta funtzioaren arabera esplizituki zehaztuta dauden gelaxka bereiz eta bakartuetan banatua. Gelaxka horietara iristeko, korridore- eta errepide-sare konplexuak zeharkatu behar dira, ezarritako abiaduran eta ezarritako denboran zeharkatu ere. Geometria horien konplexutasuna eta eskala etengabe areagotzeak behin eta berriro eraldatzen du paisaia.

Hodiek hainbat baliabidez hornitzen dituzte gelaxkok: argi-indarra, ura, gasa, komunikazio-lineak eta, zenbait kasutan, airea bera ere tutuen bidez bideratzen dira. Hodi horietako gehienak lur-azpian sartuak egoten dira, ez ikusteko moduan. Garraio-sare handiek mugimendu eta interakzio izugarri baten ilusioa sortzen dute. Baina hodi-sareek minimora gutxitzen dute gelaxkak uzteko beharra.

Giza jardueraren, pertzepzioaren eta mugimenduaren arautze-prozesua espazioaren zatiketa geometrikoarekin batera doa. Denbora kontrolatzeko gailuen erabilerak, normaltasun-estandarren aplikazioak eta polizia-aparatuak gobernatzen dute. Lantegian, giza mugimendua geometria espazial eta tenporal zorrotzetara egokitzen da. Bulegoan, datuak eta estatistikak erregistratzeko zeregin amaiezina bulegarien bizkar geratzen da.

Paisaiaren geometrizazioarekin batera, pentsamenduaren geometrizazioa gertatzen da. Indarrean dagoen ereduaren nagusitasunak bazter uzten du tokian tokiko errealitatea. Eta eredua, halaber, paisaiaren gainetik ezartzen da, eta areago baztertzen du oraindik errealitatea, zirkulartasun gero eta beteagoko prozesu baten barruan.

Artea bera ere, edo artetik geratzen dena, geometrizatua dago. Artearen munduan, baina, geometrikotasuna transzendentziarekin lotu izan da. Mondrian-en eta Newman-en kasuan, adibidez, baina baita Noland-en kasuan ere, intenporaltzat, heroikotzat eta erlijiosotzat aldarrikatzen da geometriko den oro. Ironiaz, ordezkatzen duen natura horrekiko lotura pribilegiatu gisa ulertzen da geometria.

Hala, arte geometrikoa geometriko denaren zabalkunde hori justifikatzeko asmatu da: klasikoen jakinduriarekin, erlijio-egiaren tradizioarekin eta kultura ez-mendebaldekoen meditazio-praktika esoterikoekin lotu du geometriaren zabalkunde modernoa. Arte geometrikoak ezertarako balio izan badu, geometriaren zabalkunde modernoa gizarte tradizionaletako mito bitxiak baino bitxiagoa dela ezkutatzeko izan da. Arte geometrikoa gu konbentzitzen saiatu da, froga guztiak kontra izan arren, geometriaren aurrerabidea humanista dela, “zibilizazioaren martxa”-ren parte dela, eta iraganaren eta orainaren arteko jarraitutasuna irudikatzen duela. Alde horretatik, arte geometrikoak erabat bete du bere helburua. Horrek geometrizazioaren bigarren fasea —gerraostekoa— gauzatu dadin lagundu du; fase horretan lilurapenak ordezkatzen du hertsadura.

Sinetsita gaude. Boluntario eskaintzen dugu geure burua. Gaur egun, Baudrillard-en disuasioak hartu du Foucault-en konfinamenduaren lekua. Jada ez dago zertan behartu langilea lantegian egotera. Gimnasiora joaten gara gure gorputza lantzera. Presoak jada ez dauden zertan espetxeratu. Apartamentuetan inbertitzen dugu gure dirua. Zoroek jada ez dute zertan gora eta behera ibili zoroetxeetako korridoreetan. Estatu arteko errepideetan zehar zirkulatzen dugu.

Garai batean diziplina hertsatzailea irudikatzen zuten geometria berberek liluratzen gaituzte gaur. Egun, haurrek orduak ematen dituzte bideo-jokoetako erakustaldi geometriko fosforeszentearen aurrean. Nerabeak txoratuak daude beren ordenagailuetako misterio aritmetikoekin. Heldu gisa, guk ere lortu dugu, azkenean, geure hiperrealitate zibernetikoan —bere kreditu-txartel, erantzungailu automatiko eta hierarkia profesionalekin— parte hartu ahal izateko beharrezko “sarbidea”. Egun, “auzo espektraletan” edo hiri simulatuetan bizi gaitezke. Korporazio-jokoan, enpresa-jokoan, inbertsio-jokoan edota arte-jokoan ere jolas gaitezke.

Orain, geometriak zeharo liluraturik gauzkan honetan, arte geometrikoa desagertu egin da. Jada ez dugu Marden edo Ryman gehiagoren beharrik eremu geometrikoaren edertasun esentzialaz —telebistaren irudi ñirñirkariak irudikatzen duen horrez— konbentziturik egoteko. Egun, “arte figuratiboa” dugu haren lekuan, gorputz humanista zahar hori desagertu ez dela konbentzitu gaitezen (nahiz eta zinez desagertua den). Arte geometrikoak orain du aukera, (gorputza) alde batera utzia izan denez gero, geometrikoa denaren zabalkunde hori deskribatzen hasteko.

[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]