Edukira zuzenean joan

Artea eta espazioa

katalogoa

Konbertsioak

Agnieszka Kurant

Izenburua:
Konbertsioak
Egilea:
Agnieszka Kurant
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
31,5 x 23 cm.
Orrialdeak:
228
ISBN:
978-84-95216-81-6
Lege gordailua:
BI-1783-2017
Erakusketa:
Artea eta espazioa
Gaiak:
Artea eta espazioa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Mugimendua | Ekonomia | Karl Marx | Philip Mirowski | Sergei Podolinsky | Zientzia
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura

Gaur egungo ekonomia, zeinetan dirua eta lana mailaz maila desmaterializatzen ari diren, gero eta gehiago dago energiaren zirkulazioaren eta energiaren eraldaketaren mende, formaren aldera eta formatik abiatuta. 1971. urtean urrearen eredua alde batera utzi zenetik, alegia Ameriketako Estatu Batuek dolarrak tasa finko baten arabera urre bihurtzeari utzi ziotenetik, ikusten da energiak gero eta zeregin handiagoa betetzen duela diru gisa. Energia, azken batean, informazio bihurtzen da1, eta informazioa, berriz, kapital. Etorkizun hurbilean, litekeena da konbertsio energetikoen bitartez sortzea kapital gehiena. Kapitalaren jatorrizko eta azken buruko forma eguzkia da, eta eguzkia, gaur egun, naturari energia emateaz gainera, energia-iturri gisa ustia liteke. Urrearen, petrolioaren eta tantalioaren jatorri estralurtarrari buruz egin diren azken aurkikuntzei esker, etorkizuna kapital estralurtar bati, beste planeta bateko bati, lotua egongo dela imajina dezakegu.

Gure ekonomia modernoaren zati handi bat digitala da. Ekonomia digitala, bere izaera bera dela eta, elektrizitate eskuragarriaz elikatzen da. Deigarria da nola utzi dioten gaur egun erregai fosilek energia-iturri izateari eta nola ordeztu diren, mailaz maila, beste energia berriztagarri batzuengatik eta, aldi berean, nola ordeztu den dirua dibisa birtualengatik, zeinaren ekoizpena energiak bultzatua den eta soil-soilik haren mendekoa. Erregai fosilen eta mineralen erauzketa tradizionala kriptodibisen ekoizpenaren bitartez osatzen da gaur egun, esate baterako Ethereum sistemaren bitartez, zeinak blockchain teknologia eta modu esanguratsuan “gas” izeneko dirua dituen oinarri. Bitcoin2 delakoak (arazo matematikoak ebazten dituzten ordenagailu bidez sortutako diru digitala) ekoizteko behar den gauza bakarra ordenagailua elikatzen duen korrontea da, bitcoin-en bankuaren kudeaketa bera ere automatizatua baitago. Era horretara, bitcoin kapitalaren ekoizpena ordenagailuei eta zerbitzarien instalazioei korrontea emateko energia-iturri merkeenak bilatzeko lasterketa bihurtu zen une jakin batean. Orain dela gutxi, bitcoin-sukurtsal asko Venezuelara joan dira, energia oso merkea delako herrialde horretan, eta, bien bitartean, bitcoin-instalazio berriak, munduko handienak, Txinan eraikitzen ari dira, eraitsitako urtegiek sortutako energia berreskuratzen baitute blockchain-enpresek bertan. Energia-iturri merkeenen bilaketa horrek espazio birtualetik espazio errealera itzultzera behartzen gaitu.

Espazio birtualaren eta errealaren artean dabil aire-eskubideen kontzeptua. Hori ere luxuzko produktu bihurtu da, eta baita espekulazioaren helburu ere, Marcel Duchamp-ek saltzeko botilan gordetako Parisko airearen gauza bihurtzea edo reifikazioa. Aire-eskubideen merkatuak New Yorkeko eta mundu osoko beste hiri handi batzuetako hiri-ondasun higiezinen merkatuaren garrantzizko parte bat osatzen du gaur egun. Lursail bat edo eraikin bat edukitzearen edo alokatzearen barruan sartzen da lursail horren gainetik dagoen espazioa erabiltzeko eta garatzeko eskubidea, beste inork bertara sartu ahal izan gabe. Edonola ere, lurraren atmosferatik haratagoko bidaia espazialak egiten hasi zirenetik, eztabaidagaia bihurtu da, askotan, subiranotasun nazionala zer altuerara zabaltzen den eta, hortaz, zer altueratara arau dezaketen nazioek joan-etorria. Aire-eskubideek dirua egiteko eskaintzen zuten aukeraz ohartu ziren lehenak trenbide-arloko enpresak izan ziren. Zenbait jurisdikziok mugatu egiten dute garapen bertikala, baina onar dezakete eraikinen dimentsio bertikalarekin zerikusia duten eskubideak inguruko eraikinetara eramatea. Era horretara, bizitoki-eremu trinko batean, inguru horretako eraikin bakoitzak, esate baterako, aire-espazioaren hogeita hamabost solairutarainoko eskubidea izan dezake. Alderdi historikotik garrantzizkoak diren baina altuegiak ez diren eraikinak eraitsi ez daitezen, gerta liteke gobernuek ustiatu gabeko inguruko lursailen aire-eskubideak erosteko aukera ematea sustatzaileei. Kasu horretan, etxe orratz baten sustatzaileak aipatutako eraikin historiko horren jabeei erabili gabeko 32 solairuen aire-eskubideak erosiko lizkieke, eta horrela, etxe orratz bat eraiki ahalko luke. 2005eko azaroan, New Yorkeko Christ Church elizak garapen bertikaleko eskubideak saldu zituen, oin karratuko 430 dolarren truke; errekorra izan zen kopuru hori, eta 30 milioi dolarretik gorako etekina lortu zuen salmenta horrekin.

Aire-eskubideak (Air Rights) izenburuko nire eskultura-saila modu magikoan igotzen diren meteoritoez osatua dago; idulkiaren gainetik bi zentimetro eta erdiko distantziara egiten dute hegan, eta, horrela, pisu bisuala ematen diote ondasun baten gaineko espazio hutsaren higiezinen kontzeptuari, hau da, balioa airetik abiatuta sortzeko aukera ematen duen ondare ukiezinari. Zenbaitetan, museoko atea irekitzean bisitariek sortzen zuten energiak elikatu zuen lana. Atea zabaltzean eta ixtean energia zinetikoa sortzen zen, eta energia hori korronte elektriko bihurtzen zen, eta, horrela, etenik gabe kargatzen zuen Aire-eskubideak eskultura funtzionatzeko bateria. Lana bisitatzera joaten ziren pertsonen energia eta museoko ikusleen lan-indarra isilpean bildu eta harri bat jasotzeko baliatzen zen. Orain dela gutxi asteroideak ustiatzeko proposatu diren proiektuak ere izan dira Aire-eskubideak lanaren inspirazio-iturri. 2012an, Planetary Resources konpainiako enpresaburu dirudunek asteroideak ustiatzeko plan bat iragarri zuten, horien baliabideak erabili ahal izateko helburuarekin. Asteroideen eta kometen barruan dauden lehengaien ustiapenean oinarritzen da asteroideen meatzaritza; lehengai horien artean aipatzekoak dira urrea, zilarra, platinoa, tungstenoa eta baita ura ere. Lurraren baliabideak gero eta eskasagoak direnez, asteroideen meatzaritzak potentzial handia eskaintzen du etorkizuneko inbertsioetarako.

Teorialari garaikide askok, hala nola Philip Mirowski-k, adierazten dute zientzia fisikoek darabilten energiaren kontserbazio printzipioak funtsezko eragina izan dutela ekonomiaren historian, balioaren teoriari dagokionez bereziki. Kontserbazio-lege horiek berak presente daude, hain zuzen ere, termodinamika klasikoan zein ekonomia neoklasikoan. More Heat than Light3 liburuan, Mirowskik kontatzen du nola inspiratu den fisika ekonomian eta nola saiatu den ekonomia fisikaren mailara iristen, bereziki balioaren teoriari dagokionez. Energiaren kontzeptuak mendebaldeko fisikan izan duen garapena eta horrek ekonomia neoklasikoaren asmamenean eta aldarrikapenean izan duen eragina aztertzen ditu. Mirowskiren arabera, ekonomiako balioaren teoria osorik ulertzeko modu bakarra dago, hain zuzen ere, energiaren, mugimenduaren, gorputzaren eta balioaren “simplex metaforikoaren”4 testuinguruan kokatzea eta orobat hartzea mendebaldeko fisikaren oinarri diren egituren beren parte osagarritzat.

Energiaren kontzeptu fisikoaren eta balioaren kontzeptu ekonomikoaren artean identitate literal bat dagoelako usteak historia luzea eta ospetsua izan du, 1860. urterainokoa. Era horretara, 1880ko hamarraldian, esaterako, Sergei Podolinsky5 ukrainar sozialista —eraldatzen ari den energia-fluxuak (energia energetikoa) aztertu zituen energetikaren sortzaileetako bat— saiatu zen Marx eta Engels konbentzitzen gizakiaren lana baino balio zehatzagoa duen printzipio bat dela energia.

Ekonomiarentzat balioaren kontzeptua dena horixe da mekanikarentzat energiaren kontzeptua. XVII. mendeaz geroztik XIX. mende erdira arte, mendebaldeko pentsamendu ekonomikoan nagusi izen zen balio ekonomikoa mugimenduan kontserbatutako substantzia batera murrizteko asmoa, ekoizpenean sortua eta handitua, baliokideen trukean gordea —zirkulazioa, merkataritza, Marxen formen metamorfosia— eta kontsumo inproduktiboaren bitartez hondatua. Edonola ere, Marxek oso modu zorrotzean bereizten zituen substantzia hori eta dirua, zeina bazterrera utzi ahalko litzatekeen etorkizuneko ekoizpen-moduetan. Marxek mugimenduan den balio substantzia baten metafora mugimenduan den gorputzaren metaforarekin bateratu zuen lanaren kontzeptuan. Marxen teorian, balioa ekonomia osoan mantentzen da, salbuespen bakarrarekin, hau da lan-prozesuaren salbuespenarekin, horretan sortzen baita esku lanaren soberakina, “substantzia”. Lan-balioa gorde egiten da eta horrek bihurtzen ditu ondasunak balio, hori da bere substantzia komuna. Ekonomia politiko klasikoan, balio substantzia ezinbestean kontserbatzen da trukean, baina balioa input eta output produktiboen artean kontserbatzen dela erantsi zuen Marxek.

Balioaren teoria energetikoak izugarrizko goraldia izan zuen 1973ko LPEEren petrolioaren krisiaz eta ondorengo bahituraz geroztik. Hari jarraitu zion histeria-giroaren erdian, hainbat pertsonaia publikok aldarrikatu zuten hasteko modu bat izan zitekeela gobernuei eskumenak ematea beren aurrekontuak energia-fluxuen arabera finkatu ditzaten, diru-fluxuetan finkatu beharrean.

Teorialariek termodinamikaren legeak ekonomian aplikatzeko ahaleginen argitan, garrantzi berezia hartu du Deleuze-ren eta Guattari-ren “phylum makinikoa” kontzeptuak, zeina berriki Manuel Delanda-k azaldu duen formaren genesia ulertzeko ahalegin gisa (egitura geologikoetan, biologikoetan eta kulturaletan). Makina desiratzailearen kontzeptuak bere gain hartzen du leinu filogenetiko bakar baten izatea, etenik gabe aldatzen ari den materia-energia-informazioa mugimenduaren fluxuan oinarritua. Gaur egungo ekonomia globala fluxu horietan eta energia-informazioa-kapitala konbertsioetan oinarritzen da.

Bien bitartean, zientzia naturalak, geometria ez euklidearrarekin, kontserbazio-printzipioaren eskema desegiten hasi ziren poliki-poliki. Mekanika kuantikoaren garapenak energiaren kontserbazioaren legea simetria-printzipio bihurtu zuen, berariaz egokituak dagoeneko osotasun bateratzailea osatzen ez duten hainbat teoria fisikoetarako. Energiaren kontserbazioak bere balio orokorra galtzeaz gainera, E=mc2-k iradokitzen zuen energia beharbada ez zela kontserbatzen, baizik eta materia bilaka zitekeela eta alderantziz. Erlatibitatearen teoriaren ondorengo garapenek iradoki zuten energiaren kontserbazio-legearen —ezer ez dator ezerezetik— atzean dagoen etxeko pentsamendua okerrekoa izan zitekeela, eta zerbait ezerezetik etor litekela oinarri hartzen duen kontzeptua babesten du fisika modernoak. Antza denez, litekeena da unibertsoan ezeren truke zerbait lortu ahal izatea. Londresko Imperial College-eko Blackett Physics Laboratory-ko fisikariek orain dela gutxi frogatu dute materia zuzenean lor daitekeela argitik abiatuta, bi argi-partikula (fotoi) talka eginaraziz gero, elektroi eta positroi bana sortuz.

Zientzialari fisiko garaikideek konbentzitu gaituztelarik behatzailea ezin bereiz daitekeela behaketa-objektutik, galde dezakegu, zilegitasunez, zer geratzen den “energia behatuaren” probabilitate objektibotik, horixe baita zientzia esperimentalaren neurketa guztien funtsa; edonola ere, behaketaren energiarekin ari da hura osatzen. Gaur egungo teoria ekonomikoak fisikaren garapena islatzen du berriro ere, eta agerian jartzen du, aldi berean, posible dela eta beti izan dela posible hutsetik abiatuta balioa sortzea. Marxen balioaren lan-teoria ez da balioa ex nihilo sortzeko gaitasuna ulertzeko gauza. Marxentzat, mailegua, “kapital birtuala” eta horren gainean eraikitako espekulazioa, “eromen forma muturrekoena” zen. Bien bitartean, kapitalismo global garaikidean, finantza-tresna abstraktuek, maiztasun handiko negoziazioak eta aire-eskubideen merkatuek hori sortzeko aukera ematen dute, hain zuzen ere. Espekulazioa ekoizpen-modu bihurtu da.

Informazioa ia-ia doakoa den munduan, gizarte-kapitalak finantza-kapitalak baino zeregin askoz ere garrantzitsuagoa betetzen du. Ikatzetik, petroliotik, gasetik eta eguzkitik datozen energien antzera, gizarte-energiak zehaztasunez ateratzen, kuantifikatzen eta baloratzen dira gaur egun, algoritmoen bitartez.

[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. 2010ean Tokioko Chuo Unibertsitatean egindako hainbat erakustaldi esperimentaletan, zientzialari-talde batek, Shoichi Toyabe buru zutela, informazioa energia bihurtu zuten, termodinamikaren legeak urratu gabe. Horrek aukera eman zien “informazio-motor termikoaren” funtsezko printzipio berria egiaztatzeko, zeinak informazioa energia aske bihurtzen duen, feedback-aren kontrolaren bitartez. Shoichi Toyabe et al., “Information heat engine: converting information to energy by feedback control”, https://arxiv.org/abs/1009.5287; https://www.technologyreview.com/s/420996/physicists-convert-information-into-energy/ [itzuli]
  2. Bitcoin diru birtuala da, Internet bidez bi pertsonen artean zuzeneko ordainketa egiteko aukera ematen duena, edozein bitartekari baztertuz, hala nola banku bat edo mailegu txartelen konpainia bat. Bitcoin-ekin egindako transakzioek —horien komisioak finantza-erakundeek zorduntzen dituztenak baino askoz ere txikiagoak dira— kriptografia baliatzen dute gastu bikoitza, faltsifikazioak eta lapurretak saihesteko. Bitcoin-ak problema matematiko konplexuak ebazteko ordenagailuak erabiltzen dituzten enpresei zein norbanakoei ematen zaizkie. Prozesu horri “meatzaritza” esaten zaio. Bitcoin-ak hornitzaileei online erosteko erabil litezke eta inbertsio gisa erosten eta saltzen dira. [itzuli]
  3. Philip Mirowski, More Heat than Light: Economics as Social Physics, Physics as Nature’s Economics, Cambridge University Press, 1989. [itzuli]
  4. Philip Mirowski, ibid. [itzuli]
  5. Sergei Podolinsky (1850–1891) edo “Serhii Podolynsky” ukrainar medikua eta sozialista izan zen. Termodinamikaren ikuspegitik prozesu ekonomikoaren azterketa esplizituaren aitzindaritzakotzat hartzen da, berak azaldu bezala “Giza lana eta indar fisikoen unitatea” 1883ko artikuluaren bi zatietan. Podolinsky saiatu zen balioaren lan-teoria prozesu ekonomikoaren azterketa termodinamikoarekin bateratzen. Berak ateratako ondorioetan, Engelsi behin baino gehiagotan azaldu zizkionak, Podolinskyk zioen eredu sozialista ez zela perfektua, segurutzat ematen baitzuen sozialismo zientifikoa gai izango zela baliabide naturalen eskasia egoera oro gainditzeko eta zabalkunde material mugagabea ahalbidetuko zuela. Azterketa biofisikoaren eraginez, Podolinskyk ondorioztatu zuen hazkunde ekonomikoaren azken mugak ez zeudela produkzio-harremanak ezarritako uztarrian, baizik eta lege fisiko eta ekologikoetan. [itzuli]