Edukira zuzenean joan

Artea eta espazioa

Sarrera

Artea eta espazioa

Eduardo Chillida eskultorearen eta Martin Heidegger filosofoaren 1969ko kolaborazio historikoa abiapuntutzat hartuta, Artea eta espazioa erakusketak azken bost hamarkadetako nazioarteko artearen errepasoa egiten du. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako hainbat funtsezko lan hartzen ditu erakusketak, bai eta Guggenheim museoen Konstelazioetatik eta beste bilduma garrantzitsu batzuetatik hautatutako lanak ere. Halaber, Frank Gehry-ren eraikinaren gaitasun amaiezina goraipatu nahi du, elkarrizketa aktibatzeko haren espazioen eta aldi moderno eta garaikideak eman dizkigun funtsezko obren artean.

EAEko eskulturaren azken aldiko historiak hainbat mugarri utzi dizkigu, espazioa plastikaren motibo eta material gisa ikertzeari dagokionez. Zentzu horretan, Eduardo Chillidaren eta Jorge Oteizaren lanek garrantzia berezia dute; izan ere, beste mugimendu europar garrantzitsu batzuek, Espazialismoak edo Zero mugimenduak, antzeko gaiak esploratzeko estrategia propioak proposatzen zituzten une berean, artista euskaldun horien lanek nazioarteko aintzatespena jaso zuten. Chillidaren ibilbideko funtsezko une baten inguruan egituratuta dago Artea eta espazioa, eta elkarrizketa kultural hori zabaltzea da bere asmoa, zentzu geografikoan nahiz historikoan, praktika garaikideetan duen jarraitasuna esploratuz. Modernotasunaren baitan pertzepzioaren eta espazioaren ezagutzaren inguruan egondako eztabaidak islatzen ditu erakusketak, Chillidaren eta Heideggerren enkontrutik ateratako dokumentazioaren, eta publikoaren aurrean oso gutxitan ikusgai egon diren materialen bitartez; esaterako, filosofoak sinatutako harriak eta honako artista hauen lanak, Chillidaren sormen handiekin batera: Sir Anthony Caro, Agostino Bonalumi, Lucio Fontana, Sue Fuller, Naum Gabo, David Lamelas, Sol LeWitt, Richard Long, Anna Maria Maiolino, Pablo Palazuelo eta Robert Smithson. Pieza historikoek bide egiten diote kontuz hautatutako lan-multzo bati: gaur egungo artisten lanak dira azken horiek, azken hiru hamarkadetan eztabaida hori gaurkotu eta berpiztu dutenak, intentsitate sentsorial handiko obren bitartez, zeinek inspirazio-iturritzat dituzten dibulgazio zientifikoa eta filosofia, arkitektura eta historiarekiko jarrera berriak. Hala, erakusketa honetan honako artista hauek egongo dira, besteak beste: Olafur Eliasson, Marcius Galan, Robert Gober, Peter Halley, Cristina Iglesias, Anish Kapoor, Agnieszka Kurant, Julie Mehretu, Asier Mendizabal, Bruce Nauman, Jean-Luc Moulène, Iván Navarro, Rivane Neuenschwander, Damián Ortega, Nobuo Sekine, Alyson Shotz, Susana Solano, Lee Ufan eta Zarina.