Edukira zuzenean joan

Artea eta espazioa

katalogoa

Testu hautatuak, Lee Ufan 1970-1996

Lee Ufan

Izenburua:
Testu hautatuak, Lee Ufan 1970-1996
Egilea:
Lee Ufan
Argitalpena:
Bilbo: Guggenheim Bilbao Museoa, 2017
Neurriak:
31,5 x 23 cm.
Orrialdeak:
228
ISBN:
978-84-95216-81-6
Lege gordailua:
BI-1783-2017
Erakusketa:
Artea eta espazioa
Gaiak:
Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Sorkuntza artistikoa | Denbora | Espazioa
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea

“Espazioak”, funtsean, ez du existentziarik forma gisa. Egin dezakegun onena da esatea gainalde bat inork sortutako espazio bat dela. Har dezagun, adibidez, mihise bat: ez du, bere horretan, aparteko garrantzirik, baina xede jakin baterako erabilia izatearen ondorioz, espazio izendatua da. Mihisea marko batean ipiniz gero, izendapen horrek nabarmentasun handiagoa bereganatzen du. Norbera errealitatetik hain urrun dagoen zerbaiten kontra trakeski oldartzea norberaren ahalmenetatik kanpo dagoen gauza da. Mihisea bezalako espazio hain anbiguo bati aurre emateko, gero eta gehiago saiatu beharra dago gogoaren eta gorputzaren sintesia sendotzeko bidean.

Zoruak postulatutako espazioak dira; lurra, berriz, eremu erreal bat. Kontzeptualki, hiri bat zoru baten gainean kokatzen da; eta herri bat, lur gainean. Arkitektura, egun, zoruan oinarri hartzen duen ideia bat da, zoru hori laua izan zein aldapan egon; lurra, berriz, naturaren errealitatearekin loturik dauden hainbat errealitatek lagundutako tokia da. Zorua idealtasun bizi-biziko gunea da, halako masa arkitektoniko ikusezin batez hornitua.

Gaur egungo eskultura ez da lurrekoa, zorukoa baizik, hormez inguratuak egon edo ez egon. Obra baten esanahia eta itxura obra hori zoruan kokatua edo lurrean kokatua egotearen baitan egongo da. Zoruan, erraz ikusten dira ideiak; lurrean, erraz ikusten dira gauzak. Zoruek —postulatutako espazioak diren neurrian, hormak bezala— sendotasuna daukate funtsean, berez lauak badira ere. Horizontalean jarrita ere, obra baten kontzeptua edo ideia hiru dimentsioko itxuran agertuko zaigu. Haren idealtasun nabarmen hori da agian arte garaikideak zorua (edo horma) nahiago izatearen arrazoia.

Zorua idulki espazializatua da, nolabait esateko; eskultura garaikidea idulki espazializatu horri esker da eskultura. Zorutik lurrera lekualdatzean, errealitate ohiko bat bihurtzeko arriskua du eskulturak. Eta, artistak egin asmo duenaren kontra, agerian uzten du bere oldarkortasun bazter-nahaslea, eta txantxen eta erasoen jomuga bihur daiteke. Artistak zorutik lurrera —eremu erreal batera, alegia—, hegaldatzeko tentazioa izan ohi du sarritan: eskultorearen hil-nahia ote da akaso?

Nire aurrean edo nire atzean egonda ere, neronengandik aparteko toki batean bukatzen dut beti. Eta izan ere, desadostasun horrek eragiten duen dardara zabalaren punturen batean, hortxe nago ni. Higidura erlatibo horrek eratzen du, hain zuzen, denbora eta espazioa.

Harrigarria bada ere, izateko modu horrek ondorio berbera du kanpoko munduan. Bada kanpoko munduan dardara bat, neure barne-dardararekiko proportzionala dena, eta ukipen horretan dago, hain zuzen, munduaren esperientzia. Labur esateko, ez naiz ni gauzekin behaztopa egiten duena. Ni inguratzen nauten dardara handiek eta gauzak inguratzen dituzten dardara handiek, elkarren gainka jarriak, egoera bat sortzen dute.

Pintura-artea, sarritan, espazioa kontzeptu indartsu baten moduan adieraztean datza, edo barne-tentsio eutsi bat askatzean. Pintura, zentzu horretan, gardena da. Bestetik, eskultura, zeinak objektu fisiko bat eskaintzen baitigu, delako objektu hori dagoen lekuari, haren kokaguneari eta denborari eragiten dien osmosi baten bidez sortzen da. Horregatik, eskultura —bere barne-irudikapenarekin eta bere kanpo-irudikapenarekin— erdi-gardentzat jo beharko litzateke.

Sorkuntza-lanak —eta ez arteak— bereganatzen du gure arreta. Artea ezin da ikusi; bai, ordea, sentitu. Zergatik? Hori ez da hala artea tasun hunkibera delako, baizik eta ezerezaren —gu ere barnean gauzkan eta bere gaitik haratago existitzen den ezdeustasunaren— bilgarria delako.

Azken hogei bat urteotan, eskultura ez-beregainak egin ditut, beren presentzia nolabait ezabatzen dutenak eta espazioari eurekin batera mugitzen uzten diotenak; naturako materialak, gutxi eraldatuak, edo industria-material arruntak erabili ditut horretarako: kristala, harriak, lurra, bonbillak, sokak, burdin xaflak, oholak, papera, kotoia, trenbide-trabesak, kableak, goma eta ura. Nire lanak moldatzeko moduari dagokionez, hainbat dira hartutako ereduak eta jorratutako bideak: korrelazio-legeak eta interakzio-metodoak beren egiten dituztenak, oroimenaren eta esperientziaren bitartekaritza baliatzen dutenak, eta irudi iradokitzaileen baliabidea erabiltzera jotzen dutenak. Lan mota bakoitzak bere moldeak ditu eta interpretazio desberdinetarako bidea ematen du. Dena dela, badira guztiek batera dituzten ezaugarri batzuk: objektuei berez ez dagokien hedadura, inguruko espazioarekiko elkar-lotura, eta artista bera barne hartzen duen toki baten presentzia, nolabait esateko. Konposizio-metodoa eta haren garapenaren logika posizioaren eta distantziaren arteko dinamikan eta objektu heterogeneoak muntatzeko, espazioa itxuraldatzeko eta entitate handiak eta txikiak elkarrekin konbinatzeko moduan datzate. Gauza bizidunen arnasketaren sekretua ikus dezakegu objektuak elkarrekin komunikatu daitezen laguntzen eta brisa sar dadin uzten duen eskulan xumearen barruan; edota espazioaren hatsaldiak, erritmoak eta azentuak elkarrekin koordinatzen diren moduan. Eskultura benetako topalekua dela esan dezakegu, non airea aieruz betea baitago. Ez da dudarik nik eremu aske eta arraro horrekiko minez moldatu ditudala beti nire eskulturak.

Marrazten ari naizelarik, zer ari den gertatzen jakin baino lehen, ohartzen naiz irudiak berak nauela behartzen ni hura marraztera. Orduan, marrazteari ekiten diot berriro, eta une baten buruan irudiak berak behartzen nau berriro bera marratzera, eta horrela behin eta berriro, eta horrela hurrenez hurren: nik irudia zertu bitartean, ni zertzen nau irudiak; alde biek elkar suspertu eta estimulatu ahala, mamituz doa obra.

Pintzela bitarteko dudala, erabat engaiatua nago sekula amore ematen ez duen margolan zail baten aurkako borrokan. Eta erreakzio-mugimendu horrek eraginda, irudiaren aurpegi tenkatua mihisean agertzen da; eta era berean, irudiaren aurpegia irarrita geratzen da nire barruan, jaiotze-orban baten moduan. Artelan batean zirrara eragiten duen zerbait bat badago, mekanismo horri eta haren fisiologiari esker da hala. Hortaz, artelan baten aurrean dagoen pertsonak behar beste energia behar du izan artelanak botatzen diona hartu eta hari bueltan jaurtitzeko.

Mihisea postulatutako espazio bat da: erreala denaren eta ideala denaren arteko gauza zehaztugabea, eta koadro bat margotzeak espazio zehaztugabe horrekin erlazioa sortzea dakar. Alde horretatik, amaitutako obra batek bitartekari izaera bereganatzen du. Baina artista baten ideiek mihise bat estaltzen badute, mihise hori haren ideien irudikapen bihurtuko da ezinbestean.

Mihisearen “raison d’être” eta interesa haren espazialtasun zehaztugabean eta bitartekarian datza. Hala ere, ezer marraztua edo margotua izan baino lehen, “mihise” deitzen den material hori da dagoen bakarra, ez izatasunik ez ezereztasunik adierazten duen gauza bat. Artista batek mihisean pintzelkada bat ematen duen unean, mihisea, bat-batean, margolan baten moduan jokatzen hasten da. Margotutako aldeak eta margotu gabe utzitakoak beren burua erreibindikatzen hasten dira. Margolana ere material baldintzatu eta zehaztugabe bat da, baina bere alderdi ideazionalak dira erabilera adierazkor hori ematen diotenak.

Hala ere, elementu ideazional eta material zehaztugabe horiek gauza bizidun eta arraro bihurtzen dira, ez materialtzat ez ideazionaltzat hartu ezin direnak behin mihisean ezarriak izanez gero. Margotu gabeko atalak espazio hutsak bihurtzen dira eta hutsarte horiek eragiten duten giroak halako tentsio bat sortzen du margotutako atalekin. Tirabira horren ondorioz, mihisea goragoko mundu bat bihurtzen da: margolanak bizitza hartzen du, artelanak postulatutako espazioaren gainetik jauzi egitean.

Jauzi horren sekretua hutsarteen dinamikan datza. Hutsarte horiek arakatzeko gogo aseezinak margotzera eramaten nau ni. Hutsarte horiek eremu bat osatzen dute, beste inor bizi ez den eta margolaneko irudien distirek eta aieruek gogora ekartzen duten lurralde anbiguo bat, “errealitatea” edo “ideiak” bezalako hitzak uxatzen dituena.

Ez dago esaterik artista baten ekintzak eta obrak autonomoak direnik. Oro har, ez genuke espaziotik eta denboratik bereiz dagoen ezeren existentziarik onartu behar. Lan batek, nahiz distantzia batzuk mantendu, sustatu egiten du, edo harmoniaz bete, bere ohiko ingurunea: bitartekaria da, mesoia. Hala ere, bizitzaren esparruan eskua sartzen saiatzen bada, artelan bilakatzeko gurariaz eta burugabeki, egunerokotasunaren arloaren inbasioa izango du emaitza. Artista batek eta haren lanek alferreko bazter-nahasle baten nolakotasuna dute, funtsean. Munduko arazoetan muturra sartzeko daude, eta baita —oroitzapenari nahiz afinitateari dagokionez— koordinatzaile eta katalizatzaile gisa jarduteko ere. Batzuetan diskordantziak eragiten badituzte ere, denbora eta espazioa aktibatzean eta garbikuntzarako bidean jartzean datza artisten ondorio ideala: obra egitura biziduna da, nola artearekin hala bizitzarekin harremanetan dagoena.

Hurbiltzen gatzaizkiolarik, materia itxura hartzen du artelanak. Aldentzen garenean, ideia-sistema bat uzten digu agerian. Artearen misterioa distantziaren dinamika horretan datza.

Artelan bat sortzen dugunean, posible dugu gauzetatik hastea, baina baita hitzetatik ere. Nolanahi dela, jarrera bat finkatzerakoan —une horretan preseski— bihurtzen da obra bizitzaren gauzapen bat.

Haragian sarturiko arantza bezala, arbuioa beti dago obra baten baitan, are bizi-pilpira txinparta-euria bezala ernatzen duen obra batean edota onespenaren samurtasunean bertan ere.

Heriotzak, bizitzak berak baino haratago, sortzera bultzatzen du artista. Bizitzan soilik erakusten du bere burua heriotzak; hala, heriotza bizitzan biziarazteko, bizitzaren etxea eraiki beharra dago heriotzaren barruan.

Unibertsoko gauza guztiak puntu batean sortzen omen dira eta puntu berorretara itzultzen. Puntu bat beste batekin batera lerro bihurtzen da. Puntu eta lerroen sakabanaketa edo elkarketa dira, beraz, gauza guztiak. Izatasunaren jabe gertatzea puntu bat da eta bizitzea, lerro bat. Hortaz, ni neu ere puntuak eta lerroak naiz. Sorkuntza oro neronen erreprodukzioa ez den modu berean, sortzen ari naizen puntuak bizitza berria zertu beharko luke.

Puntuak eta lerroak, kaligrafia batean, ia osotasun bat erdiesten dute euren baitan puntu eta lerro gisa, eta haietako batzuek —bakan batzuek bakarrik— forma osoa nabarmendu ondoren, bakarturik bizitzeko hautua egiten dute. Bestalde, margolan bateko puntuak eta lerroak, espazioarekiko erlazio bateko parte izanik, etengabe aritzen dira espazioaren intentsitatean inpresioren bat sortzeko ahaleginean.

Pintzelak mihisean hara-hona nola
Erabil ditzagun halaxe gure oinak lurrean
Lur-eremu zabal honetan, nire oinak non finkatu bila nabilela
Joan da denbora eta nik ataka txarrean segitzen dut oraindik
Honekin lanpetua
Mihisean, laprastada arraroak egin dizkit pintzelak.

[Itzultzailea: Rosseta Testu Zerbitzuak S.L.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]