Chillidaren omenez
Miquel Barceló, Maskorrak hutsik (2005)
Mimmo Paladino‑ren, Richard Serra‑ren eta Eduardo Chillida‑ren kanpoko hiru eskultura
Iruzkinak
Manolo Valdes, Horta de Ebro (Chillidaren omenez), 2003
- Izenburua:
- Manolo Valdes, Horta de Ebro (Chillidaren omenez), 2003
- Erakusketa:
- Chillidaren omenez
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta kultura | Artea eta emozioa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Bolumena | Geometria | Materiala | Mugimendua | Paisaia
- Mugimendu artistikoak:
- Kubismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Chillida Juantegui, Eduardo | Valdés, Manolo
Eskultura hau Valentziako pintore eta eskultore Manolo Valdés-ek egina da. Haren izenburua Horta de Ebro (Chillidaren omenez) da. Eskultura bloke itxurako zatiez osatua dago. Halaber, plano angeluarrek konposizio erritmikoa sortzen dute, eta mendi muinoko herrixka bat iradokitzen du, etxebizitza-multzo pilatuak dituena. Erakusketa honetan parte hartzeko gonbidapena jaso eta berehala, Valdések bere obraren nondik‑norakoak zehaztu zituen. Chillidak alabastroarekin nola lan egiten zuen ikusita, material horrekin jardutea erabaki zuen. 1965az geroztik, eta hil zen arte, Chillidak alabastrozko 40 eta 50 eskultura bitartean egin zituen. Lan horietako asko leku jakinei, arkitektura-obrei, Goethe‑ri, Kandinsky‑ri eta kulturaren baitako antzeko pertsona jakinei eskaini zion, edota itsasoari berari. Eskultura honetan, harriaren itxura kubikoak eta bloke bakoitzaren arteko ebakidura sakonek Chillidaren beraren lanak gogorarazten dizkigute.
Halaber, obra hau Picasso-ren kubismoari eta Horta de Ebroko paisaiei egindako omenaldia da. Argiaren eta itzalaren arteko jokoa sortzen du, eta Chillidaren lanetan ere funtsezkoa zen efektu hori. Valdések omenaldi bikoitza egin dio Chillida artista handiari: alde batetik, haren teknika omendu du, baina bestetik, Chillidak beste artista batzuei obrak eskaintzeko zuen joera ere goraipatu du.
Harria ez dago erabat leundua. Izan ere, materiala makina bidez moztu dela adierazten duten zantzuak ikus daitezke, piezaren ertzetan markak geratu direlako. Valdések gustuko du bere lanei itxura industriala eta gordina ematea. Esaterako, motozerraz moztutako egurrarekin lan egiten du, enbor-zatiak errematxatuz.
Eduardo Chillidak honako azalpen hau eman zuen bere eskulturei buruz, eta hitz hauek eskultura honi ere aplika dakizkioke:
“Musikan, soinuaren bolumenak isiltasuna betetzen du tentsioaren bidez. Eskulturan ere, bolumenak ez lirateke posible izango espazioaren hutsunerik gabe. Eskulturan, formak bibratu egiten du eta bere mugak gainditzen ditu. Hala bada, bai espazioa bai bolumena euren azken formaren egitura posibleen ondorio dira”.
Valdések Chillida zaharra bisitatu zuen Zabalagan, eta hilzorian bazen ere, haren handitasunari antzemateko aukera izan zuen. Valdések honako hau adierazi zuen:
“Eduardok, bere ibilbide artistiko osoan zehar, arriskuak hartu ditu, eta munta handiko lanei aurre egin die. Orain, eldarnioak izanik ere, proiektu utopikoak bilatzen jarraitzen du”.