Chillidaren omenez
Erakusketako sarrera
Georg Baselitz, Linker Fuss (für Chillida) (2001)
Iruzkinak
Markus Lüpertz, Chillida I (2003)
- Izenburua:
- Markus Lüpertz, Chillida I (2003)
- Erakusketa:
- Chillidaren omenez
- Gaiak:
- Sorkuntza artistikoa | Gainazala | Kolorea | Materiala | Erretratua eta autorretratua | Herri-kultura | Alemania
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Chillida Juantegui, Eduardo | Lüpertz, Markus
Markus Lüpertz artista alemaniarrak lan handia egin du eskulturan 1980ko hamarkadaz geroztik. Baina ezagunagoa da Alemaniaren iraganeko gai eztabaidagarriak eta antzinaroa gogorarazten dituzten pintura espresionistengatik. «Pintura ditiranbikoak» deitu zien horiei, Dioniso omentzeko estasizko himnoengatik.
Brontzezko buru sendoa, gainazala pintatua duena, Chillida-ren erretratua da. Buru etrusko handi honekin, Lüpertzek euskal artistaren indar fisikoarekin liluratua zegoela adierazten du.
Erretratu-eskulturaren ohitura errotuenetako batzuk eraldatzen eta aurrez aurre ipintzen ditu. Adibidez, Lüpertzen eskultura gehienak bezalaxe, kolore bizi eta nahastu gabeekin pintatua dago. Pigmentuak ez daude era naturalistan ezarriak, hots, gainazalaren gaineko orban landugabeak dira. Lüpertzi elkarrizketa batean galdetu ziotenean zergatik ez dituen eskulturak pintatzen, honako hau erantzun zuen:
“Errepikakortasunari ezinikusia diodalako. Brontzezko eskulturak sei aldiz ur daitezke, patina izan dezaten uzten badiezu, eta sei aldiz eskultura patinatu bera ikusten duzu. Orduan, ezereza bezain kaskarra iruditzen zaizu. Pintatuak egonez gero, indibidualtasuna eskuratzen du, berezko hizkuntza hitz egiten duelako berriro. Pinturak bikoiztearen anonimotasunetik salbatzen du eskultura”.
Artistaren eskulturako tradizio ausartaren beste adibide bat da bustoen erretratu klasikoen euskarri gisa erabiltzen den idulkiaren ordez, itxura industrialeko bloke zakarra dagoela. Eta zehaztasunez zizelkatutako inskripzioaren ordez, sinpleagoa, pertsonalagoa eta gertukoagoa den bat dago, hots, Chillidaren izena, Eduardo, graffiti‑egile baten izena gainazalean grabatu izan balitz bezala. Lüpertzek hau esan zuen bere pinturei buruz:
“[Antzinate klasikora] hurbildu naiz ideala balitz bezala. Izaera ukiezina esplotatu dut, eta kaosaren eta suntsipenaren zentzua eraiki dut hor”.