Manolo Valdés. Pintura eta eskultura
Matisse aitzakiatzat, 1987
Avignongo andereñoak, 1989
Iruzkinak
Ribera aitzakiatzat, 1988
- Izenburua:
- Ribera aitzakiatzat, 1988
- Erakusketa:
- Manolo Valdés. Pintura eta eskultura
- Gaiak:
- Giza gorputza | Artea eta erlijioa | Artea eta emozioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materialtasuna | Equipo Crónica Taldea | Sentimenduak
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Valdés, Manolo
Ribera aitzakiatzat izena du Valdés-ek 1988an egindako margolan honek. José de Ribera espainiar artistak 1639an egindako pintura barroko ospetsu batean dago oinarritua; orain Madrilgo Pradoko museoan dago esekita beste koadro hori. Beste askotan bezala, Valdések margolan horren erreprodukzio bateko xehetasun bat hartu du. Gero, zati hori irudiaren eta sortze-prozesuaren bere esplorazio indibidual propioa egiteko abiapuntutzat erabili du. Valdési aitzakia eman dion Riberaren margolanak, krudeltasun, sufrimendu eta pathos eszena konplexu bat irudiztatzen du, teatralitate barroko aberatsarekin. Gaia San Feliperen martiritza da. San Felipe gurutzatu egin zuten, ez iltzeekin, baizik eta gurutzeari sokekin lotuta. Eszena horretan, exekutatzailez, adiskide nahigabetuz eta ikusle axolagabez eratutako talde batek santua inguratzen du; bien bitartean, santua gurutzera jasotzen dute, oinazetan.
Lan honetarako, Valdések pertsonaia osagarrietariko hamahiru ezabatu eta kanpoan utzi ditu, martiriaren gorputz tenkatua besterik ez nabarmentzeko. Geratzen diren beste xehetasun narratibo bakarrak bi dira: mihisearen goialdean dagoen gurutzearen barra, eta santuaren gerripeko beltzaren adierazpen bat. Gainera, Riberaren San Felipek aurpegiera dramatikoa du, hilzoriko debozioaz, begiak zerurantz eta gorputz osoa torturaren oinazeagatik tenkatua eta uzkurtua; eta Valdések, berriz, silueta tenkatuak estaltzen ditu pintura eta arropazko masa gordin eta zapaldu batean. Valdésen lanak margolaritzaren izaera materiala, fisikoa gogorarazten digu. Hemen esploratzen duen paradoxa esplizitua da, zeren eta Riberaren lana —aitzakia—, ikusleengan ilusio sinesgarria eta enpatia-sentimendu bortitza sorrarazteko pentsatua dago, besteak beste santuaren debozio aurpegierarekin. Valdések, berriz, aurpegiko ezaugarriak ezabatu ditu, orobat, erakusketa honetako beste lan askotan bezala. Kasu honetan, aurpegiko ezaugarriak ezabatu izanaren eraginetako bat da, pinturaren funtsetako bat ilusioa sortzea dela gogoraraztea.
Ez da Valdések Riberaren irudia hartu duen lehenengo aldia. 1973an, Equipo Crónica taldeko kidearekin batera lan eginez, Valdések San Felipe erreproduzitu zuen, XX. mendeko britainiar margolari Francis Bacon-ek margotutako gurutziltzaketa batetik hartu zuen goitik behera irekitako idi baten hilikiaren ondoan.