Manolo Valdés. Pintura eta eskultura
Burua I, 1997
Hostoa II, 1999
Iruzkinak
Margarita infanta, 1989
- Izenburua:
- Margarita infanta, 1989
- Erakusketa:
- Manolo Valdés. Pintura eta eskultura
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Gainazala | Materialtasuna | Testura | Erretratua eta autorretratua
- Mugimendu artistikoak:
- Akzio-Artea | Arte Garaikidea | Arte informala | Pop Artea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Valdés, Manolo
1989ko margolan honen izenburua Margarita infanta da. Valdés-i, bere obra guztian zehar, ardura handia izan dio XVII. mendeko margolari handiak, Diego Velázquez-ek, eta hori lan honetan ere islatzen da. Izan ere, Velázquezi hainbesteko estimua dio Valdések, lan egiteko aukera berriak ikusten baititu Madrilgo Pradoko museoan sartzen den aldiro. Felipe IV.aren gorteko margolaria zen Velázquez. Espainiako errege familiari egin zizkion erretratu ugariak, artearen historian izan diren nabarmenenetarikoak ditugu. Erretratu horiek, askotan, errege-familiako kideak erregearen Austriako Habsburgotar lehengusuekin ezkontzea sustatzeko asmoz egin ziren.
Areto honetan, uztaidun soinekoekin jantzitako printzesa gazteei eta erreginei erretratuak oinarri hartuta Valdések egindako beste lan batzuk ikus ditzakezu. Velázquezek gutxienez bost erretratu egin zizkion Margarita infantari, Felipe erregearen eta Mariana erreginaren alabari. Orobat, Margarita infanta da Velázquezen talde-erretraturik ospetsuenaren, Las Meninas koadroaren erdiguneko irudia; eta margolan hori ere funtsezkoa da Valdésen garapenean.
Lan honetan, Pradoko museoan dagoen infantaren erretratua bereganatu du Valdések. Baina Velázquezek printzesaren jantziaren ehundura konplexua eta printzesaren aurpegiaren xarma eta bizitasuna fintasun apartaz jaso zituen tokian, Valdések berriz lantzen du irudia, ezabatze-, sinplifikatze- eta hauste-prozesuen bidez. Hemen garbi ikus ditzakegu margotze prozesu fisikoaren arrastoak: pintura arrastatua, geruzaka jarritako materialak, eta pinturaren azal zahartua.
Valdések behin eta berriz gaiak bereganatzen dituela eta ematen dien tratamendu itxuraz zakarra ikusita, margolan hauek ikonoklastatzat jotzeko tentazioa izan genezake, hau da, maisu zaharren kontra nahita egindako erasotzat. Alabaina, hori ez da horrela. Pop Art‑aren, Akzio Pinturaren eta Espainiako Informalismoaren lezio modernoak barneratuta, Valdés saiatzen da, honelako lanetan, sormenerako aukerak zabaltzen, bai artegintza garaikiderako eta bai iraganeko arteari buruz dugun ikuspegirako. Artearen ikuspegi pasio gabea du, eta arte garaikidearen eta historikoaren arteko harremana berritzea du helburu.