Asmamenaren ildoa
Sarrera
Irudikapen-moduak
Atalak
Tradizioari desafio egiten
- Izenburua:
- Tradizioari desafio egiten
- Erakusketa:
- Asmamenaren ildoa
- Gaiak:
- Eraikuntza-teknikak | Artearen historia | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Espazioa | Mugimendua | Guggenheim Bilbao Museoa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Ikus-entzunezkoa
- Aipatutako artistak:
- Fischli, Peter | Holzer, Jenny | Iglesias, Cristina | Ono, Yoko | Shotz, Alyson | Weiss, David
Areto honetako eskulturak zeharo desberdinak dira elkarrengandik eta, hala eta guztiz ere,
modu berritzaile batean arakatzen dituzte guztiek diziplina honek eskaintzen dituen aukerak.
Teknika tradizionalen ordez —besteak beste, moldekatzea eta egitura baten erabilera hiru
dimentsioko formak eraikitzeko— eskulturarekin normalean zerikusirik ez duten euskarriak
erabiltzen dituzte. Jenny Holzerren Gerra bat egon zen (2019) pieza kezkagarria dugu
eskulturaren erroetatik aldentze horren adibide. Kasu honetan, bost aldeko led errotulu
bat erabili du, eta elkartu egiten ditu artista hau definitzen duten bi adierazpide: hitza
eta argia. Alyson Shotzek, berriz, Gogoeta-objektua (2017) obran, zalantzan jartzen du
eskulturak berezkoa duen espazioaren okupazioaren nozioa; obra hau altzairuzko uztaiez
elkartutako aluminiozko pieza zulodun ugarietatik abiatuta itxuratu baita. Urrutitik, eskultura
trinko eta handi bat dirudi objektuak; ordea, arreta handiagoaz begiratuta, materialaren
zeharrargitasuna eta moldagarritasuna antzemango ditugu. Bolumenaren eta masaren ordez,
tentsioak eta grabitateak eraldatzen dute xafla metalikoa, eskultura bihurtzeko. Cristina
Iglesiasen Titulurik gabea (Alabastrozko gela) (1993) obrak erakusketa-aretoko txoko bat
hartzen du. Eskulturaren eta arkitekturaren mugak lausotuta, obraren alabastro zurizko panel
zeharrargi finak, markesina formarekin, sotiltasunez ageri dira esekita, eta aldarazi egiten
dituzte inguratzen dituen argia eta espazioa.
Estudioan bakarlanean arituta inspirazioa lortzen duen artistaren ideia ezeztatu egiten
da areto honetan ageri diren obretan, zeinak nabarmendu egiten baitituzte sorkuntzaren
ikuspegi ez oso ortodoxoak. Performancea, esperimentazioa, kolaborazioa eta jolasa
funtsezkoak dira pieza hauek sortu izan ziren testuinguruetan. Adibidez, Hichiko Happo
(2014) obrak, publikoa aurrean zela Bilbon egindako ekintza batean Yoko Onok margotuak,
egile honen praktika performatiboa eta bere alderdi plastikoa uztartzen ditu. Keinu bidez
egindako pintura hau 2014an Guggenheim Bilbao Museoak Yoko Onori eskaini zion atzera
begirako erakusketaren esparruan artistak egindako performance zirraragarriaren ahalmen
handiko aztarna bat da.
Peter Fischli eta David Weiss artistek batera egindako Gauzen norabidea (1987) obra
asmamenaren erakusgarri argi bat da. Filmak kateko erreakzio zinematografiko bat aurkezten
du: mugimendu etengabe baten irudipena sortzen du elementu arrunt batzuen bidez, besteak
beste, pneumatikoak, su artifizialak eta globo bat erabilita. Itxura sinple batekin aurkeztuta,
hutsegite orkestratuen sekuentzia batez osatutako filma da, besteak beste, erorikoak, isuriak
eta eztanda txikiak jasotzen dituena, kaos kontrolatu baten continuum bat osatzeko. Jolasaren
eta esperimentazioaren asmamen handiko konbinazio zoragarri baten bidez, eguneroko
objektuak eta absurdua elkartzean, Gauzen norabideak zalantzan jartzen ditu goi-mailako
kulturaren oinarriak.