Asmamenaren ildoa
Tradizioari desafio egiten
JEAN-MICHEL BASQUIAT
Napoliko gizona (Man from Naples), 1982
Atalak
Irudikapen-moduak
- Izenburua:
- Irudikapen-moduak
- Erakusketa:
- Asmamenaren ildoa
- Gaiak:
- Artearen historia | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Teknikak:
- Olio-pintura | Pintura (pintura akrilikoa)
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Baselitz, Georg | Basquiat, Jean-Michel | Katz, Alex | Michaux, Henri | Saura, Antonio
Atal honetako obra figuratiboek ondo irudikatzen dituzte artisten askotariko ikuspegiak
giza irudikapenaren gaiari heltzean. Egile hauentzat, esperimentaziorako gonbidapen
bat da erretratua. Batzuek ikuspegi intuitibo eta berritzailea darabilte zeharo espresiboak
diren pinturak sortzeko; beste batzuek, berriz, modu errealistago batean heltzen diote
gaiari. Figurazioak eta abstrakzioak ezarritako elkarrizketa-modu desberdinak kontuan
hartzen ditu instalazioak; bi bide horiek zenbaitetan artista zehatz batzuen lanean daude
integratuta, esaterako, Georg Baselitzen Lenin andrea eta Urretxindorran (2008) eta Henri
Michauxen Titulurik gabean (1981); bi obra hauetan nolabaiteko abstrakzio-maila lortu da
eta, aldi berean, osagai figuratiboa mantentzen da.
Serieko errepikapena, mihise bat baino gehiago erabilita edo konposizio bakar baten
barruan, areto honetan bildutako egileetako batzuek erabilitako estrategia da. Alex Katzen
Irribarreak (1993–94) sailak artista horren azterketa formala eta kontzeptuala erakusten
ditu figuraren motiboa baliatuta, figuraren eta hondoaren arteko erlazio tradizionala
arakatzeko tresnatzat erabilia. Artistaren helburua ez da modeloen nortasuna erakustea,
irudikapenaren izaerari eta irudien pertzepzioari buruzko hausnarketa sakonago bat
eskaintzea baizik. Konposizioan, enkoadraketa bera, figuraren eta hondoaren tratamendua,
eta keinua —irribarrea—errepikatuz, pertsonaia zehatzean baino, erretratu desberdinetatik
sortzen den esperimentazio piktorikoan arreta jartzera eramaten du Katzek behatzailea.
Bere ibilbidean zehar, Antonio Saurak sail tematikoetan jardun zuen lanean, areto honetan
hautatutako obrek osatzen dituzten hiruak barnean direla: Gurutziltzaketak, Jendetzak eta
Alegiazko erretratuak. Informalismoari lotua, Saurak keinu-trazu espresiboak darabilzki figurak
irudikatzeko orduan eta emozio biziak azaleratzen ditu mihisean, paleta murriztu bat erabili
arren. Halako kutsu sarkastikoa darion Napoliko gizona (1982) Jean-Michel Basquiaten obra,
berriz, artistaren mezenasetako baten erretratu zorrotz bat da. Koadro honetan figurazioa
eta testua, sinboloak eta kolore-orbanak elkartu zituen, gaurdaino indarrean jarraitzen
duten botere-egiturei buruzko kritika soziopolitiko sendo bati bide emateko.