Asmamenaren ildoa
Cristina Iglesias: Titulurik gabea (Alabastrozko gela) (1993)
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Asmamenaren ildoa
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Lan-prozesua | Teknika eta materialak
Erakusketa honek Museoaren Bilduma Iraunkorreko lanen hautaketa bat biltzen du, bai eta epe luzerako hainbat mailegu ere. Obra horiek guztiek, sorkuntza-prozesuetan esperimentatzeko joera ez ezik, material ez-ortodoxoen erabilera ere partekatzen dute. Egileak garai eta jatorri ezberdinetakoak dira, eta baliabide ezberdinekin lan egiten dute. Hori hala izanik ere, bada ezaugarri bat pieza guztiek partekatzen dutena: asmamena eta esperimentazioa baliatuz, denek ipintzen dituzte zalantzan konbentzio sozialak eta estetikoak.
Erakusketak hiru gai jorratzen ditu, eta gai bakoitzari areto bat eskaini zaio.
Lehenengo aretoan bildutako lanek tradizioari aurre egiten diote modu batera edo bestera, eta artistaren estudioaren testuinguru tradizionaletik kanpo eginak dira. Performanceak, lankidetzak zein esperimentazioak eginkizun garrantzitsua dute pieza horien sorkuntzan. Gainera, artista askok ikuspegi berritzaileak aplikatu dizkiote eskulturari, eta birpentsatu egin dituzte diziplina horren hainbat printzipio.
Bigarren galeria irudikapen-moduei eskainia da, eta figurazioaren mugak zalantzan jartzen dituzten obra ospetsuak biltzen ditu, XX. mendearen bigarren erdikoak denak ere. Esparru horretan, artista batzuek figurazioaren eta abstrakzioaren arteko erlazioaren gai garrantzitsua jorratzen dute. Beste batzuen planteamenduak, berriz, gehiago lantzen du irudikapena, erretratu-generoari buruzko hausnarketa egiten baitute.
Hirugarren aretoan, azkenik, artista horiek materialak eta sormen-prozesuak erabiltzean izaniko originaltasuna nabarmentzen da, eta, horretarako, pieza horien sorburu izandako azterketa formala erakusten da. Areto horretan ikusgai dauden lanen egileek ezohikoak diren materialak erabiltzen dituzte, edo, bestela, diziplina artistiko desberdinen mugak aztertzen dituzte.