Edukira zuzenean joan

Espresionismo Abstraktua

katalogoa

Kronologia

Edith Devaney | Christian Wurst

1929

Abby Aldrich Rockefeller-ek (John D. Rockefeller Jr-en emaztea), Lillie P. Bliss-ek eta Mary Quinn Sullivan-ek Museum of Modern Art (MoMA) fundatu zuten New Yorken. Museoaren zuzendariak, Alfred H. Barr Jr-k, ia lau hamarkadaz jardun zuen MoMAn.

Wall Street-ek porrot egin eta, ondorioz, Depresio Handia hasi zen AEBn (1929–39).

1930

Jackson Pollock-ek José Clemente Orozco-ren Prometeo (Prometheus, 1930) murala ikusi zuen Pomona College-n, Kalifornian. Udazkenean, New Yorkera iritsi zen Pollock eta Arts Students League-n sartu zen. Bertan, Thomas Hart Benton pintore erregionalistaren eskolak jaso zituen.

1931

Gertrude Vanderbilt Whitney-k Whitney Museum of American Art fundatu zuen bizi ziren artista estatubatuarren artea babestea helburu hartuta. Greenwich Village-ko West Eighth-en zabaldu zuten, New Yorken. Whitney Museum-en lehenengo urteko erakusketa hurrengo urtean egin zen.

1933

Black Mountain College (Ipar Carolina) zentroa ireki zen. Alemaniako nazismoaren goraldiak eta Berlingo Bauhaus eskolaren itxierak eraginda, jazarpenetik ihesi, hainbat artista eta intelektual hartu zituen zentroak.

Josef Albers zen arte-programaren buru. Bertan, Espresionismo Abstraktuaren aurreneko belaunaldiko artista askok eman zituzten eskolak, besteak beste: Willem de Kooning, Franz Kline, Barbara Morgan, Robert Motherwell, Aaron Siskind eta Jack Tworkov. Clement Greenberg kritikaria izan zen irakasle gonbidatuetako bat.

De Kooning-ek Arshile Gorky ezagutu zuen.

Barnett Newman New Yorkeko alkatetzara aurkeztu zen.

1934

David Smith oxiazetileno-bonbona erabiliz hasi zen metalezko eskulturak soldatzen, AEBn egindako metal soldatuzko aurrenetakoak ziurrenez. Urte hartan aurkitu zuen Terminal Iron Works, Brooklyneko soldadura-enpresa bat.

Clyfford Still-ek Saratoga Springs hiriko Trask Foundation-en eman zituen udaldiak 1934. eta 1935. urte bitartean. Paisajismotik urrundu zen eta irudian kontzentratu zen. PH-726 obran esaterako, ingerada distortsionatu nabariek ondoren landuko zituen formak iragartzen dizkigute. Still aurreneko artista izan zen Espresionismo Abstraktutik abstrakziorantz erabat eboluzionatzen.

1935

Roosevelt-en New Deal politikan, planetako bat Works Progress Administration (WPA) sortzea zen. Plan honek Federal Art Project (FAP) programa hartzen zuen barnean, 5.000 artistari lana emateko irakaskuntzan, mural-pinturan, diseinuan, eskultura publikoan eta argazkilaritzan. 1930eko hamarkadan jardunean zeuden espresionista abstraktu gehienek parte hartu zuten. Artistak babesteko eta elkarrekin harremanetan jartzeko modu bat zen. Gorky izan zen FAPera elkartu zen aurrenetakoa, eta Newark aireporturako muralak egin zituen.

Estilo espresionista goibela lantzen ziharduten hainbat artistak —Marcus Rothkowitz (Mark Rothko), Adolph Gottlieb, Barnett Newman, besteren artean— talde bat eratu zuten, ez oso kohesionatua, eta “Hamarrak” (The Ten) izena eman zioten. 1940ra arte egin zituzten erakusketak elkarrekin.

Hofmann-ek udako eskola bat zabaldu zuen Provincetown-en (Massachusetts), New Yorkeko East 57th Street 137an zuenaren osagarri —Lee Krasner izan zen bertan ikasle—. 1938an Gerome Kamrowski sartu zen, 1947an Joan Mitchell denbora gutxiz, 1948an Milton Resnick eta 1950eko uztailean Helen Frankenthaler.

Abstract Painting in America erakusketa izan zen Whitney Museum of American Art-en, New York-en; artisten artean izan ziren Gorky eta Stuart Davis.

Gottlieb, Motherwell eta Kline Europara joan ziren denboraldi baterako. Gottliebek Paris bisitatu zuen eta eskultura afrikarrak erosi zituen bertan. Kline Londresen geratu zen 1938ra arte; bertan, Heatherley School of Fine Art-eko ikasle izan zen eta bere emazte izango zen Elizabeth Parsons ballet dantzaria ezagutu zuen. 1940ko hamarkadako bigarren erdian, dantzari baten irudi erdiabstraktuak landu zituen Klinek, baita Elizabethenak ere —eskizofrenia zuen— aulki batean eserita. Bere pinturaren eraikuntza korapilatsuak profezia bat ematen zuen.

MoMAko arrakasta handiko Van Gogh erakusketa 100.000 bisitarik ikusi zuten —inoiz izan zuen kopururik handiena—.

Mark Tobey bere “idazkera zuria” hizkuntza garatzen hasi zen, eta lehenengo erakusketa egin zuen Seattle Art Museum-en.

1936

American Abstract Artists (AAA) taldea eratu zen New Yorken. Helburua zen europarrak ez ziren artista abstraktuei euren lanak erakusteko aukera ematea, instituzio gehienak arte abstraktu amerikarraren aurka agertu baitziren. Kide fundatzaileen artean Hofmannen ikasle ohiak zeuden. Smith 1937an elkartu zen, eta 1938 eta 1939 urteetan jarri zituen bere lanak ikusgai.

1930eko hamarkadan, Pollocken irudiak, esaterako Mendebalderantz (Going West), nekez har daitezke figuratibotzat, eta Benton-en eta XIX. mendearen bukaerako pintore erromantiko Albert Pinkham Ryder-en eragina nabari zaie; hala ere, badute halako bidimentsionaltasun erritmikoa. Pollockek hauxe zioen geroago Bentoni buruz: “Hezurretaraino sartu zidanez bere errealismoa, kontrako bidea hartu nuen pintura ez-objektibora iritsi arte”.

David Alfaro Siqueiros-en Experimental Workshop lantegira elkartu zen Pollock, eta oso ortodoxoak ez ziren teknikak aztertu zituen bertan, aerosol bidez pintura isuri eta zipriztintzea, esaterako.

Siskind-ek New York Photo League-n parte hartu eta Feature Group taldea fundatu zuen, metodo dokumentalak aztertzen zituena. Bere lanean Group f/64 argazkilari taldearen elementu surrealistak eta garapen-lanak barneratu zituen. Bere irudietan xehetasun erdiabstraktuak ageri dira, besteak beste, itzalak, zeinuak eta grafitiak.

Alfred Barr-ek Cubism and Abstract Art eta Fantastic Art, Dada and Surrealism erakusketak antolatu zituen MoMAn: arte modernoaren printzipioak aztertzen zituzten bi erakusketa, era formal batean eta artearen historian oinarrituta. Zalantzarik gabe, Barrek garrantzi handiko zeregina bete zuen, XX. mendearen bigarren erdiko artearen aurrean publiko estatubatuarraren interesa areagotzea helburu hartuta.

Hamarrek Municipal Art Gallery-n (New York) eta Galerie Bonaparte-n (Paris) jarri zituzten euren lanak ikusgai.

New Horizons in American Art erakusketa izan zen MoMAn. Komisarioak, Dorothy Miller-ek, artista hauen lanak hautatu zituen: De Kooning (bere lehenengo erakusketa museo batean), Davis eta Gorky.

Espainiako Gerra Zibila hasi zen. Tragedia hark eragin handia izan zuen gerora Motherwellen lanean.

1937

John Graham-en System and Dialectics of Art (Delphic Studios, New York) liburua argitaratu zen. Liburuak abstrakzioaren inguruan artistak zituen teoria eklektikoak azaltzen ditu, Surrealismoaren eta Kubismoaren alderdiak barnean hartuta. Teoria haiek eragina izan zuten pintore gazte ugarirengan, geroago Espresionismo Abstraktua landuko zutenengan.

Smith-ek brontzezko hamabost medailoik osatutako sail bati ekin zion: Desohorearen dominak (Medals for Dishonor). Plaka horietan, irudi surrealista groteskoak eta maisu zaharrenak erabili zituen, Europan faxismoak izan zuen goraldiaren aurrean artistek erakutsitako gaitzespena aditzera emateko. 1940an amaitu eta aurkeztu zituen.

Janet Sobel 43 urte zituela hasi zen pintatzen, bere semearen materialak erabiliz. Laster, figuraziotik hasi eta tantak isurtzen zaizkion pintura-abstrakzio labirintikora garatuko zuen bere lana.

Rothkoren lanean gero eta imajinazio eta fantasia handiagoa sumatzen da.

Pollockek nerbio-krisialdi bat izan zuen. Hurrengo lau urteetan, jungiar terapeutengana jo zuen depresioa eta alkoholismoa gainditzeko.

Gottlieb eta bere emazte Esther Arizonako basamortura joan ziren eta bederatziren bat hilabetez geratu ziren bertan. Pintorearen lanek paisaiak iradokitzen dituzte, eta Surrealismoaren, eta Braque eta Picassoren aurreko zenbait pinturaren eragina igartzen zaie.

1938

Artisten komunitate txiki bat sendotu zen 8th Street-en, Greenwich Village-n. Kideen artean daude Hofmann, De Kooning, Gorky, Graham, Krasner eta Greenberg.

Lau hilabete eman zituen Pollockek Bloomingdale psikiatrikoan alkoholismoa gainditzeko. Ondoren, FAPera itzuli zen azaroan, astoko pintura-sailera.

De Kooningek Elaine Fried pintorea ezagutu zuen. 1943an ezkondu ziren.

Martxoan, Newman-ek, bigarren urtez, huts egin zuen arte-irakasle lizentzia lortzeko azterketan. Protesta gisa, Can We Draw? The Board of Examiners Says – No! erakusketa antolatu zuen. Erakusketak interes handia piztu zuenez, aztertzaileek beste aukera bat eman zioten azterketa berriro egiteko. Newmanek ez zuen beste behin gainditu eta ordezko irakasle lanetan jarraitu behar izan zuen.

Frederick Sommer argazkilaritzaren aukera artistikoak arakatzen hasi zen. Motibo trinkoak eta zeruertzik gabeko paisaiak argazkitan jasotzeko bere hurrengo asmoak bultzatuta, Espresionismo Abstraktuko pintoreen all-over pintura (azalera pinturaz zeharo estalita) lantzeari ekin zion.

Smithek aurreneko bakarkako erakusketa izan zuen, Marian Willard Gallery-n, New Yorkeko East River-en. Artistaren azkenaldiko eskulturak eta marrazkiak barne hartu zituen.

1939

Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Artista europar batzuk —besteak beste, Salvador Dalí, Max Ernst, Fernand Léger eta Piet Mondrian— eta Roberto Matta txiletarra AEBn errefuxiatu ziren, eta sendotu egin zen horrela bi kontinenteen arteko pentsamendu artistikoaren trukea.

Solomon R. Guggenheim-ek pintura ez-objektiboaren museoa inauguratu zuen New Yorken.

Hamarrek euren azkeneko erakusketa egin zuten Bonestell Gallery-n, New Yorken.

Newmanek pintatzeari utzi eta ia osorik suntsitu zuen bere lan figuratiboa, aurreko urteetan sortua.

Kline New Yorkera joan zen bizitzera. Ordurako, igarri egiten da bere obra figuratiboren ahalmen handiko arkitektura konpositiboan abstrakziora hartuko zuen bidea.

Gottlieb-ek eta beste 11 artistak American Artists Congress-etik dimititu zuten Hitlerren eta Stalinen Ribbentrop-Molotov itunaren aurka protesta egiteko.

Rothkok eta Smithek lagunak izateari utzi zioten ezkerreko politikari eta antisemitismoari buruz zituzten iritzi desberdinengatik.

1940

Stanley William Hayter AEBra iritsi zen Paristik eta Atelier 17 bere estanpazio-tailerra ireki zuen berriro New School for Social Research-en. Artista-talde bat —Pollock eta Rothko, besteak beste— tailerraren inguruan biltzen hasi ziren, eta sarritan ikusten zuten elkar Jumble Shop te-saloian.

1940ko hamarkadan, Greenwich Villageko Waldorf kafetegia artisten gune sozial bihurtu zen.

Greenberg Partisan Review aldizkaria zuzentzen hasi zen.

Motherwell New Yorkera iritsi zen. Lizentziatua zen Filosofian eta Literaturan, baina ez zuen heziketa formalik jaso artearen alorrean. Columbia Unibertsitatean matrikulatu zen eta Meyer Schapiro izan zuen bertan irakasle. Pinturarekin jarraitzera animatu zuen hark. Matta ezagutu zuen Motherwellek, eta Peggy Guggenheim, De Kooning eta Pollock aurkeztu zizkion hark.

Kamrowski lankidetzan aritu zen William Baziotes, Motherwell, Matta eta Pollockekin, eta elkarrekin batera mugimendu bat garatu zuten: Surrealismo Abstraktua, teknika surrealistak arakatzen dituena, automatismoa eta pintura-isurketa, besteren artean [ikus Collaborative Painting: William Baziotes, Gerome Kamrowski and Jackson Pollock]. Hurrengo urtean, Motherwell bidaian joan zen Mexikora Mattarekin eta haren automatismo psikikoaren praktikan interesa erakutsi zuen.

Newman arteari buruzko berri laburrak eta erakusketa-katalogoak idazten hasi zen. Esperientzia hark espresionista abstraktuen bozeramaile izatera eraman zuen gerora.

De Kooning emakumeak pintatzen eta bere erretratuetan elementu abstraktuak erabiltzen hasi zen, Eseritako emakumea (Seated Woman) pinturan, adibidez.

Tworkovek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen, ACA Gallery-n, New Yorken; artistaren bakarkako eta taldeko erakusketa-zerrenda luzean lehena izan zen.

1941

Japoniak Pearl Harbor bonbardatu zuen abenduaren 7an; AEB berehala sartu zen Bigarren Mundu Gerran, eta gertaera horrek ikaragarri eragin zuen Espresionismo Abstraktuan.

Indian Art of the United States ireki zen MoMAn. Mito eta primitibismo nozioek eragin handia izan zuten garaiko artistengan —Gottlieb, Pousette-Dart eta Rothko, besteren artean—.

Gottliebek bere aurreneko “piktografiak” pintatu zituen: nolabaiteko sinbolo arkaikoak gehitzen dituzte sareta antzeko batean antolatutako konposizioetan. 1950eko hamarkadaren hasierara arte jarraitu zuen piktografiak egiten, Maskarada (Masquerade), besteak beste. Haietako askok gerra garaiko giro zitala eta gaitzesgarria jasotzen dute.

Pousette-Dart, lehenengo bakarkako erakusketa, Artists Gallery, New York. Bere ikonografiak, adibidez Basamortua (Desert) pinturarenak, agerian uzten ditu indigenen eta tribuen forma artistikoak.

Gorkyren atzerabegirako erakusketa ireki zen San Francisco Museum of Modern Art-en (SFMOMA).

Still bizilekuz aldatu zen, Washington estatua utzi eta San Frantziskoko badiara joan zen bizitzera.

Harry Callahan-ek Detroit Photo Guild-en Ansel Adams-ek emandako lantegian esku hartu zuen. Esperientzia hark animatu zuen argazkilaritzan serio jardutera. Argi saturatua eta oso enkoadraketa itxia erabiltzen zituen haren irudietan, halako ezaugarri abstraktua izan zezaten.

André Bretón, Surrealismoaren ordezkari nagusia, New Yorkera iritsi zen Paristik; 1946ra arte geratu zen bertan.

1942

Peggy Guggenheimek Art of This Century galeria zabaldu zuen West 57th Street 30 zenbakian, New Yorken. Hasieran, Europako Surrealismoko artelanen erakusketak egin zituen batik bat, baina geroago ezagutzera ematen hasitako artista estatubatuarren lanak ere erakutsi zituen —Baziotes, De Kooning, Motherwell, Pollock, Pousette-Dart, Rothko eta Stillenak, besteak beste—. Galeriako espazioen diseinua, Frederick Kiesler arkitektoak asmatua, oso erradikala zen.

American and French Paintings erakusketa ireki zen McMillen Gallery-n, John Graham-ek antolatua. De Kooning, Krasner eta Pollocken lanak ez ezik, Picasso eta Matissenak ere egon ziren ikusgai. Pollock eta Krasner bikote egin ziren erakusketan elkarrekin parte hartu ondoren. 1945ean ezkondu ziren.

Breton eta Duchamp funtsezkoak izan ziren New Yorkeko Madison Avenue-n, Whitelaw Reid Mansion-en egindako First Papers of Surrealism erakusketaren muntaian. Erakusketaren izenak bertan parte hartu zuten 50 artistetatik askok bizitako atzerrialdeari egiten zion aipamen.

Greenberg The Nation-en hasi zen arte-kritikari lanean.

MoMAk Gorkyren Sotxiko lorategia (Garden in Sochi, 1941) obra eskuratu zuen.

Sobietar Batasunak Estalingradoko Bataila irabazi zuen. Gertaera hura inflexio-puntu erabakigarria izan zen Bigarren Mundu Gerran.

1943

FAP desegin zen, eta ondorioz artista ugari lanik gabe geratu ziren, baina programaren mugetatik aske, euren artea lantzeko asti gehiagorekin.

Peggy Guggenheimek bultzatuta eta Mattaren zuzendaritzapean, Motherwellek eta Pollockek collage batzurekin esperimentatu zuten Art of This Century erakusketarako. Motherwellek bere ibilbide guztian jarraitu zuen collageak sortzen.

Guggenheimek Pollocken estudioa bisitatu zuen eta mural bat enkargatu zion New Yorken zuen apartamentuaren atondorako, Mural. Art of This Century-n Pollockek izan zuen lehenengo bakarkako erakusketan, besteak beste, Sekretuaren jagoleak (Guardians of the Secret) egon zen ikusgai. Hau zioen New York Timesek: “Pollockek talentu bolkanikoa du. Sua dario. Ezin da aurretik jakin zer egingo duen”.

Klinek De Kooning ezagutu zuen Conrad Marca-Relli-ren bitartez, eta Cedar Street Tavern-era maiz joaten hasi zen —New Yorkeko West 8th Street 55ean kokatua—.

Newmanek Betty Parsons ezagutu zuen Gottlieb-en bitartez. Parsonsekin harreman profesional estua izango zuen Newmanek harrez geroztik, galeristarekin zenbait proiektu lantzen, erakusketak komisariatzen, testuak idazten eta, geroago, bere galerian erakusketak egiten.

American Sculpture of Our Time erakusketa zabaldu zen Willard and Buchholz Galleries-en, New Yorken. Greenbergek Smithen Barrualdea (Interior, 1937) lan soldatua nabarmendu zuen, eta hau esan zuen artistari buruz: “AEBetako artista garrantzitsuena bihur daiteke”.

Gottliebek eta Rothkok, Newmanen laguntzarekin, gutun bat idatzi zuten New York Timesera honakoa esanez: “Ez dago ordea margolan onik gairik ez duenik. Guk diogu funtsezkoa dela gaia, eta tragikoak eta atenporalak direla garrantzizko bakarrak”.

Samuel Kootz-en New Frontiers in American Painting (Hastings House, New York) liburua argitaratu zen. AEBko arte garaikidearen kronika eta kritika honetan, Kootzek desafio egiten die artistei “euren garaian parte izatera”, eta artista garaikideak museoek eta galeriek babestearen alde agertzen da.

Reinhardtek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen, Columbia Teacher’s College-n, New Yorken. Abstraktuak badira ere, lan horiek forma anitzagoak dituzte, 1950eko hamarkadaren erdialdean eta 1960koaren hasieran egin zituen konposizio geometriko soilek baino.

1944

Pollockek grabatuaren teknika aztertu zuen Hayterren Atelier 17an. Hauxe esan zuen: “beti utzi naute harrituta indiar amerikarren arteak dituen kualitate plastikoek”.

MoMAk Motherwellen Pancho Villa, bizirik eta hilik (Pancho Villa, Dead and Alive, 1943) eta Pollocken Otsemea (The She-Wolf) lanak eskuratu zituen. Museoak erositako aurreneko Pollocka eta artistak museo bati bere obra bat saltzen zion lehenengo aldia.

Sobel artearen munduan onartu zuten denbora tarte labur batez; bere lana Art of This Century-ko erakusketa batean egon zen ikusgai.

Hofmannek eta Motherwellek euren aurreneko bakarkako erakusketak izan zituzten Art of This Century-n, baita Baziotesek ere —orduan hasi zen artista estilo heldua azaleratzen—.

Philip Gustonek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen, Iowa University-n.

Sam Francis pintatzen hasi zen San Frantziskoko ospitale batean sendatzen hasia zen bitartean, AEBko armadako airetiko indarreko bere hegazkinean istripu bat izan ondoren.

Sidney Janis-en Abstract and Surrealist Art in America (Reynal & Hitchcock, New York) liburua argitaratu zen. Liburuak artista hauen lana erreproduzitu eta aztertzen du: Gorky, Hofmann, De Kooning, Rothko, Motherwell eta beste batzuk.

1945

Abuztuan, AEBk bi bonba atomiko jaurti zituen Hiroshima eta Nagasaki gainean. Bigarren Mundu Gerra irailaren 2an amaitu zen.

Cedar Street Tavern lekuz aldatu zen, New Yorkeko University Place 24ra. Bertako garagardoa merkea zenez eta downtownen zegoenez —10th Street kaletik, artista askok euren estudioak zituzten lekutik, gertu—, aproposa zen espresionista abstraktuen elkarraldietarako.

Samuel Kootz-ek bere galeria inauguratu zuen East 57th Street 15ean, New Yorken. Kootzek, geroago, Baziotes eta Motherwell, eta ondoren Gottlieb eta Hofmann eraman zituen galeriara.

Rothkok eta Motherwellek idazle eta kritikari Harold Rosenberg ezagutu zuten, eta lagun minak egin ziren gerora. Gottlieb, Newman eta Bradley Walker Tomlin aurkeztu zizkion Rothkok Motherwelli. Tomlin New Yorken geratu zen neguan, eta Motherwellen eta Gustonen estudioetan lan egin zuen.

Newmanek Provincetownen eman zuen udaldia, eta hainbat marrazki egin zituen bertan.

Pollockek bakarkako erakusketa izan zuen Art of This Century aretoan. Greenbergek hau zioen The Nation-en: “Erakusketa honen ondoren […] bere belaunaldiko pintore sendoena eta ziurrenez handiena da, Miró eta gero”.

Rothkok deklarazio bat idatzi zuen, uztailaren 8an New York Timesen argitaratua. Honela zioen: “Antzeko kontzientzia-egoerak eta munduarekiko duten loturak interesatzen zaizkigu. […] Aurreko abstrakzioek gure garaiko kezka zientifikoak eta objektiboak adierazten zituzten bitartean, gure abstrakzioek baliokide piktoriko baten bila dihardute, kontzientziari eta bere barne-izate konplexuenari buruz gizakiak duen ezaguera berria aditzera emateko”.

Still New Yorkera joan zen bizitzera, eta oso lan emankorra egin zuen bertan. Landu zituen mihiseen artean dago PH-193 (aurretik July-1945-R edo Quicksilver). Geroago esan zuenez, lan horretatik hartu zuen Newmanek bere “kremailera” (zip) egiteko ideia; Newmanek ezeztu egin zuen. Ondorengo urteetan, New York eta San Frantzisko artean ibili zen Still, eta Espresionismo Abstraktutik kanpo geratu zen nolabait.

Siskind-en The Drama of Objects saiakera kaleratu zen. Garai hartan, harreman estua zuen Espresionismo Abstraktuko gainerako artistekin, eta baztertutako objektuekin egiten zituen argazkiek pintoreen abstrakzioaren bide bera hartu zuten.

1946

New Yorkeko Betty Parsons Gallery inauguratu zen erakusketa honekin: Northwest Coast Indian Painting. Newmanek idatzi zuen katalogoaren sarrera, eta hau zioen: “Gero eta nabariagoa da arte primitiboa aintzat hartu behar dela arte modernoa ulertzeko”.

Charles Egan Gallery zabaldu zuten East 57th Street 63an, New Yorken. Galeriak artista hauen erakusketak egin zituen: De Kooning eta Kline (hormak margotzen lagundu zuten), Guston, Tworkov, Siskind eta Rothko.

Robert Coates arte-kritikariak, The New Yorkeren idazten zuenak, aurreneko aldiz erabili zuen “Espresionismo Abstraktu” terminoa Hofmannen pintura deskribatzeko. Artelanak espresionista alemanen bizitasun emozionala eta Europako abstrakzio-eskolen estetika ez-objektiboa —Kubismoarena eta De Stijl-ena— nahasten diren modua adierazteko erabili zuen termino hori.

Pollockek Sobelen pinturak ikusi zituen Art of This Centuryn. Greenbergek, geroago, inoiz ikusi izan zituen lehenengo all-over pinturak izan zirela azaldu zuen.

Pollock eta Krasner, ordurako ezkonduta, Springs-era joan ziren bizitzera (East Hampton, Long Island, New York). Rothko, Motherwell eta Baziotesek ere igaro zuten udaldia Long Islanden.

Krasnerrek all-over pintura-sail bat, Irudi txikiak (Little Images), hasi zuen.

Whitney Museumen urteko erakusketak aurreneko aldiz aurkeztu zituen Pollocken lanak. Erakusketako gainerako artistak hauek ziren: Gorky, Gottlieb, Guston, Motherwell, Rothko, Baziotes, Tobey, Tomlin eta Davis.

László Moholy-Nagy-k Callahan kontratatu zuen Chicagoko Institute of Design-en eskolak emateko —1961era arte lan egin zuen bertan—. Zentroaren filosofia esperimentalak bide eman zion Callahani errealismo deskriptiboari desafio egiteko eta abstrakzio liriko eta soilaren inguruko bere hiztegia —argi-ilunak aditzera ematen dituena— garatzeko.

Minor White-k Alfred Stieglitz argazkilaria ezagutu zuen New Yorken, eta haren teoria bereganatu zuen: irudiek gaiak baino zerbait gehiago adierazten dutela. Garaiko argazkilari nagusienetako asko ere ezagutu zituen Whitek, besteak beste: Callahan, Ansel Adams eta Edward Weston. Haiek guztiek izan zuten eragina beregan.

Sute batek suntsitu egin zuen Gorkyren estudioa Connecticuten, baita 30 bat pintura ere, besteren artean.

Rothkok bakarkako erakusketa izan zuen SFMOMAn. Museoak Zurrunbilo geldoa itsasertzean (Slow Swirl at the Edge of the Sea) eskuratu zuen.

Stillek lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen Art of This Centuryn, eta bere mihise enigmatikoak eta isilak aurkeztu zituen.

Urtearen amaiera aldera, De Kooning paleta monokromoa erabiltzen hasi zen. 1947aren hasierarako, funtsezko konposizioak sortu zituen —sarritan diseinuaren osagai gisa letrak erabiliz—, esaterako, Zürich (Zurich, 1947).

1947

The Tiger’s Eye aldizkariaren lehenengo edizioa urrian argitaratu zen. Aldizkari txiki hark, Ruth eta John Stephan-ek —idazle eta pintore, hurrenez hurren— zuzendutakoak, bi urtez iraun zuen eta surrealisten eta espresionista abstraktuen lana eta idatziak biltzen zituen.

Pollockek —edanari utzi zion 1947 eta 1950 bitartean— bizi zen finkako aletegian jarri zuen bere estudioa. Hala, leku gehiago izango zuen pintura isuriz eta tantak jariatuz osorik egindako eskala handiko konposizioak sortzeko, esaterako, Bost braza sakon (Full Fathom Five), mihisea zoruaren gainean jarrita egina. Guggenheim beka-eskaera batean hauxe zioen: “Nire ustez, astoko pintura hilzorian dagoen formatua da, eta sentimendu modernoak horma-pintura edo muralerantz hartu du bidea”.

MoMAn Large-Scale Modern Painting erakusketa ireki zen. Pollocken Horma irudia (Mural) hartu zuen barnean.

Pollockek bi urteko kontratua sinatu zuen Peggy Guggenheimekin, eta bere hirugarren bakarkako erakusketa izan zuen Art of This Centuryn. Kritikaren erantzuna anitza izan zen, eta artistari buruz Greenbergek hauxe idatzi zuen: “astoko pintore garaikide originalena 40 urteetatik beherakoen artean”.

Guggenheimek Art of This Century itxi zuen maiatzean, eta Europara lekualdatu zen; Parsonsek hartu zuen galeriako artisten ordezkaritza.

The Ideographic Picture erakusketa izan zen, Betty Parsons Galleryn, Barnett Newmanek komisariatua. Hizkuntza konbentzionalaren bitartez komunikatu ezin diren “egiak” adieraztea zuen helburu erakusketak, eta artista hauen lanak jarri zituen ikusgai: Hofmann, Reinhardt, Newman, Still eta Rothko.

Guston New Yorkeko Woodstock-era lekualdatu zen. Torturatzaileak (The Tormentors) izan zen bere aurreneko lan ia osorik abstraktua.

Abstract and Surrealist American Art: 58th Annual Exhibition of American Paintings and Sculpture erakusketa egin zen Art Institute of Chicagon. Artista hauek hartu zituen barnean: Pollock eta Newman, Pousette-Dart, Reinhardt, Smith, Tomkins eta Sobel. Newmanek bere lehenengo pintura, Euklidesen osina (Euclidean Abyss, 1946–47) saldu zuen.

Newmanek lanaldi partzialeko irakasle lana utzi eta pinturan murgildu zen erabat. Bere emazte Annalee-k, irakasle zenak, mantenduko zuen.

Fourteen Americans zabaldu zen MoMAn, Dorothy Millerrek komisariatua. Erakusketak Gorky, Motherwell eta Tobey hartu zituen bartean, besteak beste.

1948

Pollockek lehenengo aldiz jarri zituen ikusgai pintura tantaka isuriz egindako bere lanak Betty Parsons Galleryn. De Kooningek beranduago esango zuenez: “Izotzaldia urtu zuen Jacksonek”. Lan horiek aldaketa nabariena adierazi zuten bere aurreko konposizioen aldean, eta garapen-lan handitzat hartu izan ziren, erakusketak polemika sorrarazi arren publikoaren eta kritikaren artean.

Life aldizkariak mahai-inguru bat antolatu zuen arte modernoari buruz. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Aldous Huxley-k, Greenbergek, Schapirok eta Metropolitan Museum of Arteko zuzendari Frances Henry Taylor-ek, eta honela aurkeztu zituzten: “Hamabost kritikari eta aditu gailen oraingo arte arraroa argitzen saiatuko dira”. Horri lotuta, Lifeko artikuluak bost “muturreko gazte estatubatuarren” lana eman zuen iruditan ezagutzera: Kooning, Pollock, Gottlieb, Baziotes eta Stamos ziren artista haiek.

Sidney Janis-ek galeria bat zabaldu zuen East 57th Street 15. zenbakian, New Yorken. Espresionismo Abstraktuko funtsezko artisten lana ez ezik, Europako maisu modernoen piezak ere erakutsi zituen, Pierre Bonnard, Paul Klee eta Piet Mondrianenak, besteak beste.

Baziotes, David Hare, Motherwell eta Rothkok Subjects of the Artists eskola sortu zuten Greenwich Villagen. Hau zuten helburu: “artista modernoen gaiak aztertzea […] nola iristen diren […] jarrera etikoetara, gerora egin daitezkeen azterlanak, orain egiten dena eta egin litekeena, etab.” 1949ko maiatzean itxi zuten eskola.

Thomas B. Hess ARTnews aldizkariaren zuzendari bihurtu zen; argitalpenak Espresionismo Abstraktua babesteko asmoa aditzera eman zuen.

Newmanek Bat eginez I (Onement I) pintatu zuen: bere lanaren bereizgarri bihurtuko den “kremailera” bertikala aurkezten duen aurreneko mihisea. Lan horrek inflexio-puntu bat adierazi zuen, eta ondorengo bi urteetan gero eta margolan gehiago sortu zituen.

Zoritxarreko gertaera batzuen ondorioz —minbizia eta auto-istripu bat, pintatzeko erabiltzen zuen besoan paralisi bat utzi ziona—, depresibo eta oldarkor bihurtu zen Gorky. Emazteak eta bi semeek familia etxea utzi eta Mattarekin geratu ziren. Bi egun eta gero, uztailaren 21ean, Gorkyk bere burua urkatu zuen Sherman-en (Connecticut) zuen etxe inguruko estalpe batean. Artistaren heriotzaren ondoren, Julian Levy Gallery-k bere obraren erakusketa bat egin zuen. Kritika askoz ere positiboagoa izan zen, aurretik izan zuen erakusketarenaren aldean —Gau leuna (Soft Night) bakarrik saldu zuen bertan—.

De Kooningek iradokita, Klinek bere marrazkien tamaina handitu zuen Bell-Opticon proiektorea erabiliz: gailu horrek xehetasunak “pintzelkada beltz erraldoiak balira bezala erakusten ditu, irudi oro ezabatzen dutenak”. Esperimentu honek inflexio-puntu bat adierazi zuen bere estilo bereizgarria lantzeko bidean.

Motherwellek Espainiako Errepublikari elegia (Elegy to the Spanish Republic) pintura-saila hasi zuen, Espainiako Gerra Zibilari artistak emandako erantzuna.

Gerran armada estatubaturrean segregazio arrazialaren aurrean erakutsitako hipokresiagatik etsiak hartuta, eta arteak politika aldarazteko zuen ahalemanarekin konfiantza galduta, Norman Lewis errealismo sozialetik aldendu eta abstrakzioa lantzen hasi zen.

De Kooningek lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen Charles Egan Gallery-n. Hautatutako lanen artean hamar pintura nabarmentzen dira, zuri-beltzean margotuak eta aurreko urtean amaituak. Ez zen ezer ere saldu; artistak, ordea, lehenengo aipamena jaso zuen prentsan, ARTnewsen, baita Greenbergen kritika on bat The Nationen. Geroago, MoMAk erakusketako lanetako bat erosi zuen, Pintura (Painting).

Rothkok bere artelanei izena emateari utzi zion eta haiek zenbaki bidez izendatzea erabaki zuen.

Gustonek Prix de Rome jaso zuen eta Europara abiatu zen.

Gorky, Rothko, Stamos eta Tobeyk AEB ordezkatu zuten Veneziako Bienaleko estatubatuar pabilioian.

Gottliebek MoMAko “The Modern Artist Speaks” foroan parte hartu zuen. Bere hitzaldian, “Unintelligibility” izenekoan, abstrakzio espresionista berriaren alde eta arteetan jasandako zentsuraren aurka agertu zen.

Abenduan, Newmanek bere saiakera ospetsuena izan zena argitaratu zuen The Tiger’s Eye aldizkarian: “The Sublime Is Now”. Bertan hau esan zuen: “Nire ustez hemen, AEBn, gutako batzuk, Europako kulturaren zamatik aske, erantzuna aurkitzen ari gara, arteak edertasunaren arazoarekin eta edertasuna aurkitzeko kezkarekin zerikusia duelako ideia zeharo baztertzean”.

1949

Downtown Group-ek —artista-talde bat, Lower Manhattanen 8th eta 12th Street kaleek mugatzen duten zonaldean, 1st eta 6th Avenues hiribideen artean lan egiten zutena— “The Club” eratu zuen East 8th Street 39. zenbakian. Kline, Willem eta Elaine de Kooning, Marca-Relli eta Resnick ziren jardunean zeuden kide fundatzaileetako batzuk. Joan Mitchell Frantziatik New Yorkera iritsi zenean elkartu zen taldera. Laster, uptowneko artistak —gehienak galeriek ordezkatuak eta, beraz, auzo hobeago batean bizitzeko aukera zutenak— elkartu ziren Clubera, eta berehala bihurtu zen diskurtso intelektualaren egoitza. Newman eta Hess elkartu zitzaizkien, eta Barr ohikoa zen bertan. De Kooningek hau zioen: “Cluba gaizki ulertu izan zen beti. Ez genuen artearekin zerikusirik izan nahi. Espazio bat nahi genuen besterik gabe, kafetegi madarikatu horietan eserita egon beharrean”.

Abuztuan, Motherwellek “Reflections on Painting Now” hitzaldia eman zuen Provincetown-en, “French Art vs. U.S. Art Today” 49. sinposiumaren barruan. Motherwellek “New Yorkeko Eskola” terminoa sortu zuen “Parisko Eskolari” aurre eginez.

Life aldizkariak artikulu bat argitaratu zuen galdera batekin: “Jackson Pollock: Is He the Greatest Living Painter in the United States?” (Jackson Pollok al da bizirik dagoen AEBko margolaririk handiena?). Pollock argazki batean azaltzen zen, zigarro bat ahoan, bukatu berri zuen lan baten aurrean —Uda: 9A. zenbakia (Summertime: Number 9A, 1948).

De Kooningek estetikari buruzko hitzaldiak eman zituen: “A Desperate View”, Subjects of the Artist-en, eta “The Renaissance and Order”, Studio 35ean, New Yorken.

Rothkok bakarkako erakusketa izan zuen Betty Parsons Galleryn. Lehen aldiz aurkeztu zituen bere “multiformak”, Surrealismoarekiko eta errepresentazioarekiko interesa galdu zuela erakusten digutenak. Erakusketak era guztietako kritikak jaso zituen; artelan batzuk saldu zituen, ordea.

1950

Maiatzean, Newmanek gutun bat —zirroborroa Gottliebek idatzi zuen— bidali zuen New York Timesera: 18 artistak (eta 10 eskultorek) sinatu zuten, Metropolitan-eko American Painting Today erakusketak hartu zuen joera kontserbadorearen aurka protesta eginez. Herald Tribunek “odolberoak” deitu zien artista haiei. Hurrengo urtean, taldearen argazki ikoniko bihurtuko zena argitaratu zuen Lifek.

Leo Castelli arte-merkatariak Young Painters in the USA and France erakusketa antolatu zuen Janis Galleryn, artistak binaka taldekatuz: Kline eta Soulages; De Kooning eta Dubuffet; Gorky eta Matta; eta Rothko eta De Staël.

De Kooning, Pollock eta Gorky Veneziako Bienaleko estatubatuar pabilioian barne hartu zituzten.

Newmanek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen Parsons Galleryn. Bertako lanetan, kremailerek, pinturaren gainazalaren eremu desberdinetan kokatuak, eremu kromatikoak nabarmentzen zituzten. Pintura bat bakarrik saldu zuen (emazteak ezagutzen zuen norbaiti) eta kritika txarra jaso zuen gehienbat. Erakusketaren ondoren, estudioz aldatu zen eta mihise handiagoekin hasi zen lanean, baita bere aurreneko eskulturarekin ere: Hemen I (Here I).

Klinek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen Egan Galleryn. Marrazki txikiagoetatik abiatuta garatutako lan berriak, pintzel zabal batekin zuri-beltzean pintatuak, jarri zituen ikusgai.

De Kooningek sei pinturak osatutako sail bat hasi zuen: Emakumea I (Woman I, 1950–52). Lan hori ia baztertuta utzi zuen 1952an, baina jarraitzera animatu zuen Meyer Schapirok bere estudiora bisitan joan ondoren.

Helen Frankenthaler-ek pinturari ekin zion bete-betean New Yorken, uztaila Hofmannekin ikasten eman eta gero. Bere lehenengo pintura, Hondartza (Beach, 1950), Gottliebek hautatu zuen eta ikusgai jarri Fifteen Unknowns: Selected by Artists of the Kootz Gallery erakusketan.

MoMAk 1A zenbakia (Number 1A, 1948) Pollocka eskuratu zuen. Pollocken hitzetan: “Teknika aldarrikapen batera iristeko bitarteko bat besterik ez da”.

Pollockek edanari eman zion berriro, bere terapeuta trafiko-istripu batean hil ondoren.

Mitchellek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen, Saint Paul Gallery and School of Art-en, Minnesotan.

1951

The Ninth Street Art Exhibition maiatzaren 21a eta ekainaren 10a bitartean ikusi ahal izan zen eraikin abandonatu batean, East Ninth Street-eko 30ean. Downtown Group-ek antolatu eta Castellik muntatutako erakusketa hartan artista hauen lanak zeuden: Willem eta Elaine de Kooning, Frankenthaler, Guston, Hofmann, Kline, Krasner, Marca-Relli, Mitchell, Motherwell, Pollock, Pousette-Dart, Reinhardt, Resnick, Siskind, Smith, Stamos, Tomlin, Tworkov eta Robert Rauschenberg.

ARTnewsek “Pollock Paints a Picture” argitaratu zuen, Hans Namuth-en argazkiak eta Robert Goodnough-en testua biltzen dituena. Bertan Pollocken lan egiteko modua “erritmo graduala” zuen mihisearen inguruko “dantza erritual” bat bezala deskribatu zuten. MoMAk Namuth-en lehenengo filma erakutsi zuen Pollocki buruz, “ekintza-pintura” nozioa sendotzeko garaian eragina izan zuena. Pollockek New Yorken eman zuen 1950–51eko udaldia, eta Cedar Street Tavern-era joan ohi zen.

Gorkyren oroimenezko erakusketa hartu zuen Whitney Museumek.

Newman, Pollock, Rothko eta Stillek ordezkaritza esklusiboa eskatu zioten Parsonsi, eta gainerako artisten ordezkaritza uzteko. Hark uko egin zion eskaerari.

De Kooningek Art Institute of Chicago-ko Logan Medal eta Purchase Prize jaso zituen Indusketa (Excavation) lanagatik.

Newmanek bigarren erakusketa egin zuen Parsonsekin. Ez zen ezer ere saldu eta kritika txarra jaso zuen. Hessek “teoriko bikaina” deitu zion mespetxuz.

Motherwellen eta Reinhardten Modern Artists in America (Wittenborn Schultz, New York) argitalpena kaleratu zen.

Siskinden bakarkako erakusketa izan zen Charles Egan Galleryn; Elaine de Kooningek katalogoan idatzi zuen.

De Kooningek honakoa esan zuen: “Besoak alboetara luzatu eta atzamarrak non ditudan galdetzen diot neure buruari: horixe da margotzeko behar dudan tokia”.

Krasnerren lehenengo bakarkako erakusketa izan zen Parsons Galleryn. Hamalau pintura jarri ziren ikusgai; ez zen bat ere saldu.

Frankenthalerrek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen Tibor de Nagy Galleryn, New Yorken. Greenbergekin batera, Smith bisitatzen hasi zen Frankenthaler Bolton Landing-en (New Yorken) eta Pollock eta Krasner, Long Islanden.

Voguek Cecil Beaton-en moda-argazkiak argitaratu zituen, 1950ean Pollockek Parsons galerian izan zuen erakusketan eginak. Argazki haiek eztabaida bati eman zioten bide, Espresionismo Abstraktuaren artelanez bidegabe jabetzearen inguruan.

1952

Tanager Gallery ireki zuten East 10th Street-en, New Yorken. Hamar urtez egon zen jardunean kooperatiba modura —gehienbat Espresionismo Abstraktukoak ziren New Yorkeko artista-talde batek eratua—. Denbora tarte batez, arte-historialari eta Espresionismo Abstraktuaren dokumentalista Irving Sandlerrek kudeatu zuen galeria. Antzeko beste galeria batzuek kooperatiba-ereduari jarraitu zioten eta “10. kaleko galeriak” izenez egin ziren ezagunak.

Fifteen Americans inauguratu zen MoMAn, hamabost artista garaikideren artearekin eta eskulturarekin. Artelanen ia erdiak abstraktuak ziren, eta Rothko, Pollock eta Still zeuden hautatuen artean; Newman ez, ordea.

Sam Francisen lehenengo bakarkako erakusketa izan zen Galerie du Dragon-en, Parisen.

Frankenthaler-ek Mendiak eta itsasoa (Mountains and Sea) sortu zuen. Bertan, bere orbantze-teknika garatu zuen: inprimaziorik gabeko mihisearen gainean pintura diluitua isurtzean datza, mihisea zoruaren gainean kokatuta, kolore-eremu zeharrargiak sortzeko.

Reinhardt monokromia-ñabardura desberdinak erabiliz pintatzen hasi zen, esaterako, Pintura gorria (Red Painting). Gorritik urdinera eta, azkenik, beltzera aldatzen du bere paleta.

Pollocken bakarkako erakusketa hartu zuen Studio Paul Facchetti-k, Parisen. Hamarretik bi pintura saldu zituen.

Pollocken atzerabegirakoa egin zen Bennington College-n, Vermont-en, Greenbergek komisariatua.

Greenbergek “Jackson Pollock’s New Style” argitaratu zuen Harper’s Bazaar aldizkarian. Kritikak hau esan zuen Pollocken inguruan: “Lehen fasean —hain abstraktua ez zena— zertzelatutako motibo anatomikoak eta eskema konpositiboak argituta eta burututa geratu dira hirugarren honetan”.

Maiatzean Parsons galerian saltzen ez zelako etsiak hartuta, Pollock Janis Galleryra joan zen. Azaroan, bertako lehen erakusketan, Zutoin urdinak (Blue Poles, 1952) ikusgai izan ziren, azaroan egin zen. Koadro bat besterik saldu ez bazuen ere, kritika ona jaso zuen.

Robert Goodnough-ek “Kline Paints a Picture” argitaratu zuen ARTnewsen.

Smithek bakarkako erakusketa izan zuen Willard-Kleeman Galleryn, New Yorken. ARTnews-ek urteko onenen zerrendan sartu zuen.

Abenduan, ARTnewsek Harold Rosenberg- en “The American Action Painters” saiakera argitaratu zuen. Bertan azaldu zuen pintore estatubatuarrek honela ikusten zutela mihisea: “Bertan aritzeko agertoki bat […] Mihisean jasotakoa ez da irudi bat, ekitaldi bat baizik”.

1953

Eleanor Ward-ek Stable Gallery zabaldu zuen zalditegi zahar batean, Seventh Avenue 924 eta 58th Street artean, New Yorken. Besteak beste, artista hauen lanak jarri zituen ikusgai: De Kooning, Krasner, Marca-Relli, Mitchell, Motherwell eta Tworkov.

De Kooningek lehenengo erakusketa izan zuen Janis Galleryn, Paintings on the Theme of the Woman. Erakusketak artistak figuraziora atzera egindako bide erabakigarria aditzera eman zuen, eta horrek erreakzio anitzak eragin zituen. Traizioa egin izana leporatu zion Pollockek. ARTnewsek Emakumeak (Women) sailaren kronika bat egin zuen Hess-en “De Kooning Paints a Picture” artikuluan. MoMAk Emakumea I (Woman I) eskuratu zuen.

De Kooningen atzerabegirakoa, De Kooning: 1935–1953, hartu zuen School of the Museum of Fine Arts-ek, Bostonen; Washington hirira eraman zuten gero.

De Kooning nabarmen hasi zen edaten, zituen bihotz-taupada azkarrak arintzeko —bere alkoholismo hasiberriaren seinale—.

Rauschenbergek De Kooningen ezabatutako marrazkia (Erased de Kooning Drawing, 1953; SFMOMA) sortu zuen.

Krasner collageak sortzen hasi zen.

Newman artearen mundutik urrundu zen; bere koadroetako bat berrerosi zion Alfonso Ossoriori, esanez: “Nire koadro ‘txiki’ guztiak publikoaren begibistatik kentzea erabaki dut […] baldintzak bestekoak dira […] ez dute nire lanaren, bereziki nire koadro ‘txikien’ aurrean jarrera zuzena eta tolesgabea izateko aukerarik emango”. 1951 geroztik ez zuen zortzi urtez erakusketarik egingo.

Tomlin bihotzekoak emanda hil zen 53 urte zituela. Aurreko gauean festa batean izan zen Pollocken eta Krasnerren etxean.

1954

Smithen lana Veneziako Bienalean barne hartu zuten. Hiri horretara joan zen UNESCOk antolatutako Arte Plastikoetako Lehen Kongresuaren ordezkari gisa.

Nine American Painters Today erakusketa antolatu zuen Janis Galleryk. Fred Olsonek Pollocken Zutoin urdinak erosi zuen 6.000 dolarretan.

Klinen pintura handien bakarkako erakusketa hartu zuen Institute of Design-ek, Chicagon. Rothkoren bakarkako erakusketa izan zen The Art Institute of Chicago-n.

A Retrospective Show of the Paintings of Adolph Gottlieb erakusketa egin zen Bennington College-n, Vermonten. Greenbergek idatzi zuen katalogoa.

Louise Nevelson-ek zurez egindako paisaien bere lehenengo saila egin zuen. Hofmannekin batera irakasle lanetan aritu eta denboraldi batez Diego Riveraren laguntzaile izan ondoren, Duchamp-en readymade delakoek beregan ere eragina izan zutela nabaritu zuen artistak. Bere pieza monumentalek Espresionismo Abstraktuko artista gehienen (gizonezkoak) mihise handien eskala berdintsua dute.

De Kooning bikoteak udaldirako etxe bat alokatu zuen Long Island-en, Klinerekin batera. Elainek honela azaldu zuen: “Amesgaiztoko udaldi atsegin antzeko bat. Festak gauero…”.

Reinhardt auzitara eramaten saiatu zen Newman, honela deskribatu zuelako: “artista-irakasle eta diseinu-saltzaile ibiltaria […] abangoardiako artisau-ahozabala […] muturreko-erlijioso-praktiketako exegeta”. 1956an gaitzetsi egin zuten kasua. Newmanen emazte Annaleek bigarren lan bat onartu zuen irakaskuntzan, erakusketarik ez zuen artista mantendu ahal izateko.

1955

50 ans d’art aux Etats-Unis erakusketa hartu zuen Musée national d’art moderne-k, Parisen. MoMAk antolatu zuen erakusketa eta artista hauek barneratu zituen: Pollock, Rothko, De Kooning eta Still. Garapen kultural amerikarrak ezagutzera emateko Europan eginiko hiru erakusketetako bat zen. Gainera, erakusketa haiek artista inmigrante europarrak barnean hartu zituzten, Europako tradizioarekiko AEBeen lotura zein handia den aditzera emateko.

Greenbergek “‘American-Type’ Painting” artikulua argitaratu zuen Partisan Review aldizkarian. Bertan, aurre egiten dio Rosenbergen “ekintza-pintura” ideiari. Bi kritikariek urteetan jarraitu zuten estetikari eta ideologiei buruzko euren desadostasunak prentsan aireratzen. Haien ideiak bat ez etortzearen arrazoi nagusiena hau zen: Greenbergek obra burutuaren eta artearen historian oinarria duten erreferentzien inguruan lanean ziharduen bitartean, Rosenbergen lanean, prozesua, sormena eta indar sozialen inpaktua ziren ardatz nagusi. Funtsean, Greenbergen kuasiobjektibitate eta formalismoak Rosenbergen subjektibitate eta existentzialismoari egiten zieten aurre.

William C. Seitz-ek bere doktoretza-tesia idatzi zuen Princeton Unibertsitatean: Abstract Expressionist Painting in America, geroago Harvard University Press-ek argitaratua, eta fenomeno horren inguruan idatzitako aurreneko benetako historia.

Smithek errementarien forjatze prozesua ikasi zuen eta Burdinlanak (Forging) saila hasi zuen. 11 obra egin zituen orduan, lehen aldiz altzairu herdoilgaitza erabiliz.

15 Years of Jackson Pollock erakusketa ireki zen Janis Galleryn. Bila (Search, 1955) barne hartu zuen, hil aurretik artistak sortutako azkeneko olio-pintura.

Resnickek lehenengo bakarkako erakusketa izan zuen New Yorken, Poindexter Gallery-n. Erakusketa bost urte atzeratu zen, eta gertaera hark izugarrizko eragina izan zuen Resnicken ibilbidean.

Norman Lewisen Aldako hegaztiak (Migrating Birds) obrak Popular Prize saria irabazi zuen Carnegie International Exhibition-en, Carnegie Museum-en.

1956

Modern Art in the US erakusketa izan zen Tate Galleryn, Londresen. MoMAk hautatu zituen artelanak eta Pollock, Rothko, Motherwell eta Stillen obrak hartu zituen barnean. Britainiar prentsako kritika gehienak txarrak izan ziren. John Berger-ek honela deskribatu zituen koadroak: “euren subjektibitate antzuan harrapatuta dauden guztien etsipen suizidaren erabateko adierazpena”.

Twelve Americans erakusketa hartu zuen MoMAk. Artista hauen lanak izan ziren ikusgai: James Brooks, Francis, Guston, Grace Hartigan eta Kline. Garai hartan, Espresionismo Abstraktuko bigarren belaunaldiko artista batzuk euren hizkuntza propioak sortzen ari ziren, eta haien aintzindarietan oinarrituta garatu zituzten, baina haiek imitatu gabe.

Pollock abuztuaren 11n hil zen auto-istripu batean. Gehiegi edan zuen. Edith Metzger ere, autoan zihoan lagunetako bat, hil egin zen; bertan zihoan hirugarren laguna, Ruth Kligman, Pollocken maitalea, bizirik irten zen. Krasnerrek Parisen jaso zuen Pollocken heriotzaren berri, eta Marca-Relli izan zen haren gorpua identifikatu zuena.

Azaroaren 30ean, Clubak ekitaldi bat egin zuen Pollocken oroimenez: “An Evening for Jackson Pollock”. Rosenberg zen moderatzailea eta Greenberg, Kline, De Kooning eta Marca-Rellikek parte hartu zuten artistaren bizitzari buruzko pasadizoak kontatuz.

Abenduan, Pollocken bakarkako erakusketa bat —aurretik planifikatua— egin zen MoMAn. Beraz, artistaren atzerabegirako erakusketa izan zen azkenean.

Adolph Gottliebek bere pintura-sail ikonikoa, Eztanda (Burst, 1956–74), hasi zuen. Pintura bakoitzak irudi sinplifikatu bat jasotzen du: disko bat mahai ilun eta nahasi baten gainean —mihisearen behealdean—. Azken batean oinarrizko polaritateen drama anitza dira Eztandak.

Black Mountain College itxi zuten arazo finantzarioak zirela-eta.

1957

Reinhardtek “Twelve Rules for a New Academy” artikulua argitaratu zuen ARTnews aldizkarian. Bertan artean erabateko purutasunera iristeko moduak aipatu zituen, besteak beste: “testurarik gabe […] pintzelkadarik eta kaligrafiarik gabe […] bozetorik eta marrazkirik gabe […] formarik gabe […] diseinurik gabe […] kolorerik gabe […] argirik gabe […] espaziorik gabe […] denborarik gabe […] tamainarik eta eskalarik gabe […] mugimendurik gabe […] objekturik, gairik eta materiarik gabe”. Eskatologiaren hizkuntza, alegia.

Newmanen Vir Heroicus Sublimis maisulana American Painting 1945–1957 erakusketan egon zen ikusgai Minneapolis Institute of Arts-en. Kritikari batek “ergeltzat” jo zuen obra. Esker Onezko Egunaren biharamunean, Newmanek infartu bat izan zuen eta sei astez egon zen ospitalizatuta.

Smithek Zentinela (Sentinel) saila hasi zuen, eta kolore desberdinetako aerosol-pintura eskulturen gainean aplikatuz esperimentatu zuen. MoMAk atzerabegirako handi bat aurkeztu zuen, Smithen eskulturak, marrazkiak eta pinturak ikusgai jartzeko.

Gottliebek bere lehen Eztandak aurkeztu zituen Martha Jackson Gallery-n, New Yorken.

São Pauloko Bienaleko estatubatuar pabilioiak Pollocken atzerabegirako handi bat hartu zuen barnean, Guston, Kline, Hartigan eta Hare-ren pinturekin batera.

Lawrence Alloway eta William Rubin Espresionismo Abstraktua defendatzen zutenei elkartu zitzaizkien.

Leo Castelli Gallery ireki zuten New Yorken.

1958

MoMAko Nazioarteko Batzordeak antolatutako erakusketa, The New American Painting, Europako hainbat hiritan egon zen ikusgai —Milan, Berlin, Paris, Brusela eta Londres— New York kulturgune izatearen ideia sendotzearren. Komisarioak, Dorothy C. Millerrek, hamazazpi artista hautatu zituen, haietako bakoitzaren lau edo bost pinturarekin ordezkatuta: Baziotes, Brooks, Francis, Gorky, Gottlieb, Guston, Hartigan, Kline, De Kooning, Motherwell, Newman, Pollock, Rothko, Stamos, Still, Tomlin eta Tworkov. Erakusketak ez zuen esperotako harrera izan. Proiektuak CIAren babesa jaso zuen, AEBko ustezko askatasun eta sormen intelektualaren bitartez Sobietar Batasunaren aurkako gerra propagandistikoa bultzatzea helburu hartuta.

Jackson Pollock erakusketa hartu zuen Whitechapel Gallery-k, Londresen; Ingalaterran artistari eskainitako lehenengo erakusketa handia izan zen.

Whitney Museum of American Artek Joan Mitchell-en Astaperrexila (Hemlock) eskuratu zuen.

Tobeyk Pintura Saria lortu zuen Veneziako Bienalean.

Newmanen atzerabegirakoa egin zuten Bennington Collegen, Vermonten. ARTnewsek artistari eskainitako lehenengo artikulua argitaratu zuen.

Rothkok horma-pinturen sail bat hasi zuen Four Seasons jatetxerako, Seagram eraikinean, New Yorken. Bi urte geroago bertan behera utzi zuen proiektua; bukatutako mihiseak ez ziren azkenean han jarriko, horren ordez Londresen, Tate Gallery-n aurkeztuko baitzituen.

Hofmannek New Yorken eta Provincetownen zituen eskolak itxi zituen, bere artean soilik jarduteko.

Frankenthaler Motherwellekin ezkondu zen. Hirurogeiko hamarkadan, Provincetownen igarotzen zituzten udaldiak, eta nork bere estudioan lanean.

1959

The New American Painting erakusketa inauguratu zen, Tate Galleryn, Londresen.

Life aldizkariak Dorothy Seiberling-en artikulu bat eskaini zion Espresionismo Abstraktuari, bi zatitan: “Baffling U.S. Art: What It Is About” eta “The Varied Art of Four Pioneers”, Still, Kline, De Kooning eta Rothko barne hartu zituena.

Francisek Chase Manhattan Bank-eko horma-pinturen multzoa hasi zuen: hiru eskari monumentaletatik azkena izan zen, handiena eta onena; teknika finaren eta kolore bereizgarrien adibide da.

Rosenbergek “10th Street: A Geography of Modern Art” artikulua plazaratu zuen Art News Annual aldizkarian. Bertan 1950eko hamarkadan 10th Street zonaldean gertatutako aldaketa azaltzen du: bohemia zaharretik abangoardia berrira, “10. kale antipintoreskoak artistei ematen zien” askatasuna azpimarratuz: “Emana dena eta ausazkoa, bientzat dago lekua bertako estudio eta mihiseetan”.

Arnold Rüdlinger-ek Newmanen Lehenengoaren aurreko eguna (Day Before One, 1951) obra erosi zuen Kunstmuseum Basel-erako. Newmanek bilduma publiko bati saltzen dion lehenengo obra. Urte hartan bertan, geroago, MoMAk Newmanen Abraham (1949) erosi zuen.

1960

Frankenthalerren lehenengo atzerabegirakoa egin zuen Jewish Museum-ek, New Yorken, Frank O’Harak komisariatua.

60 American Painters, 1960: Abstract Expressionist Painting of the Fifties erakusketa izan zen Walker Art Center-en, Mineapolisem.

De Kooning Arte eta Letretako Institutu Nazionalaren kide izendatu zuten.

1961

Rothkoren atzerabegirakoa egin zuen MoMAk. Smithek Zig eskulturak hasi zituen. Still New Windsor-era (Maryland) joan zen bizitzera.

1962

Kline maiatzaren 13an hil zen bihotzeko gaixotasun batez.

De Kooningek estatubatuar nazionalitatea eskuratu zuen eta Springs-era (East Hampton, New York) lekualdatu zen.

Newman – De Kooning erakusketa izan zen Allan Stone Gallery-n, New Yorken. Hessek honela deskribatu zuen Newman: “bizi diren oraingo artisten artean apartenetakoa”.

Franz Kline Memorial Exhibition erakusketa hartu zuen Washington Gallery of Modern Art-ek, Washingtonen.

1963

Pousette-Darten atzerabegirakoa egin zuen Whitney Museum-ek.

Rosenbergek “Barnett Newman, A Man of Controversy and Spiritual Grandeur” artikulua argitaratu zuen Vogue aldizkarian.

Klinen erakusketa hartu zuen MoMAk, Frank O’Harak antolatua; Amsterdam, Brusela, Basilea, Viena, Londres eta Parisera eraman zuten gero.

Gottliebek erakusketa handia izan zuen Walker Art Center-en, Minneapolis-en. Brasilen, São Pauloko VII. Bienaleko Sari Nagusia lortu zuen lehenengo artista estatubatuarra izan zen.

1964

De Kooningek Askatasunaren Domina Presidentziala jaso zuen.

Smithek Documenta III barne hartu zuen erakusketan, Kasselen, Mendebaldeko Alemanian.

1965

Funtsezko bi erakusketa hauek Espresionismo Abstraktuaren kanona oinarritu zuten: The Decisive Years: 1943– 1953, Institute of Contemporary Art-en, University of Pennsylvania-n, eta New York School, The First Generation: Paintings of the 1940s and 1950s, LACMAn, Los Angelesen.

Motherwellen atzerabegirakoa hartu zuen MoMAk.

Lyndon B. Johnson presidenteak Smith izendatu zuen National Council of the Arts-eko aurrenetako kide. Auto-istripu batean hil zen maiatzaren 23an, 59 urte zituela.

Krasnerren atzerabegirakoa izan zen Whitechapel Galleryn, Londresen.

Newman São Pauloko VIII. Bienaleko estatubatuar pabilioian barne hartu zuten.

1966

Newmanen lehenengo bakarkako erakusketa izan zen museo batean, The Stations of the Cross: Lema Sabachthani, Solomon R. Guggenheim Museum-en. Erakusketak kritika ona jaso ez bazuen ere, jende ugari bertaratu zen. 

1967

Guston, abstrakzioa lantzen gustura ez eta, Woodstockera lekualdatu eta figuraziora itzuli zen. Sortu zituen lanetan Ku Klux Klanen irudiak ageri dira.

Marca-Relliren atzerabegirakoa hartu zuen Whitney Museumek.

Pollocken atzerabegirakoa izan zen MoMAn.

1968

De Kooningen atzerabegirakoa hartu zuen Stedelijk Museumek, Amsterdamen. Inaugurazioa zela-eta, artistak Herbeherak bisitatu zituen lehen aldiz 1926az geroztik. Erakusketa leku hauetara eraman zuten gero: MoMA; Tate Gallery, Londres; Art Institute of Chicago; eta LACMA.

Gottlieben atzerabegirakoa egin zuten Whitney Museumek eta Solomon R. Guggenheim Museumek.

1969

New York Painting and Sculpture 1940–1970 izan zen Metropolitan Museum of Arten.

1970

Irving Sandler-en The Triumph of American Painting: A History of Abstract Expressionism liburua kaleratu zen (Praeger Publishers, New York).

Depresio sakon batek jota, Rothko suizidatu egin zen New Yorkeko bere estudioan, otsailaren 25ean.

Gustonek lehen aldiz jarri zituen bere lan figuratiboak ikusgai Marlborough Gallery-n, New Yorken. Artistak, berari buruzko aipamen garratzek eraginda, bakartzea erabaki eta gero eta gehiago isolatu zen.

1971

Rothkoren Kapera ireki zen Houston-en (Texas). 1964an John eta Dominique de Menil-ek kapera egiteko eskatu zioten eta artistak hamalau pinturaz hornitu zuen.

1972

Dore Ashton-en The New York School: A Cultural Reckoning liburua argitaratu zen (Viking Press, New York): mugimenduari buruzko funtsezko analisia.

1974

Gottlieb martxoaren 4an hil zen. MoMAk erakusketa bat antolatu zuen bere oroimenez.

1979

Metropolitan Museum of Art-ek atzerabegirako erakusketa bat eskaini zion Stilli, bizi zen artista bati ordura arte eskainitako handiena.

[Itzulpena: Bitez;
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]