katalogoa
Kronologia: Yayoi Kusamaren bizitza eta obra
Alex A. Jones
- Izenburua:
- Kronologia: Yayoi Kusamaren bizitza eta obra
- Egilea:
- Alex A. Jones
- Argitalpena:
- Bilbao: Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
- Neurriak:
- 20 x 28 cm
- Orrialdeak:
- 284
- ISBN:
- 978-84-95216-96-0
- Lege gordailua:
- BI-00599-2023
- Erakusketa:
- Yayoi Kusama: 1945tik gaurdaino
- Gaiak:
- Gizakia | Emakumea artean | Artea eta gizarte iraultza | Artea eta historia | Artearen historia | Artelanak | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Gerra | AEB | New York | Japonia | Pertzepzioa | Sentimenduak | Giza eskubideak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Aipatutako artistak:
- Kusama, Yayoi
“Burtsak behea jo zuen urtean jaio nintzen”1.
1929
Kusama martxoaren 22an jaioa da, Matsumoton, Naganoko prefekturan, Japonian. Bere familiak haztegi oparo bat kudeatzen zuen herrian, eta batez ere haziak, landareak eta loreak saltzen zituzten bertan. Negozioari esker Kusama familiaren egoera ekonomikoa nahiko egonkorra izan zen 1930eko hamarkadan munduan zabaldutako depresio ekonomikoaren aldian.
“[…] Gurasoengandik eta gizartearengandik erabat isolatuta sentitzen nintzen: hori guztia bidegabekeria amorragarri bat zen niretzat eta —zentzu literalean— erotzeko modukoa […]. Amaren sabelean nengoen egunetatik nire buruarentzat eta nire inguruarentzat itxaropen guztiak alde batera utzi izan banitu bezala zen”2.
1930eko hamarkada
Kusama Japoniako Alpe ederretan hazi zen. Naturarekiko duen maitasunak, bere ingurune kontserbatzailearekiko alienazio sentimenduarekin batera, artea lantzera eraman zuen txikitandik. Haurtzaroko marrazki batzuk gorde dira, tantoz estalitako objektuak eta pertsonak irudikatzen dituztenak.
1937 Bigarren Mundu Gerraren hasiera
Uztailaren 7an, Japoniako armada inperialaren eta Txinako armada iraultzailearen arteko enfrentamendu batek “Marko Polo zubiko gertakaria” edo “Lugou zubiko gertakaria” eragin zuen, eta horrek ekarri zituen Txinaren eta Japoniaren arteko Bigarren Gerraren hasiera (1937–45) eta Bigarren Mundu Gerraren eztanda Asian.
1942 Nihonga
Nihonga kontzeptua (Japoniako pintura-estiloa) Meiji (1868–1912) aldiaren hasieran sortu zen, mendebaldeko kultura Japonian zabaldu bitartean, yôga (mendebaldeko pintura-estiloa) delakotik bereizteko. Japoniar nazionalismoak XX. mendean izan zuen goraldiarekin, nihonga propaganda gisa sustatu zen ofizialki. 1942an, Kusama ikasten ari zen institutuan, nihonga irakasle bat jarri zuten, yôga erakusten zuen arte-irakaslearen ordez.
Japoniar-amerikarren kartzelaratzea
1942 eta 1945 urte bitartean, AEBn bizi ziren 120.000 pertsona inguru, jatorriz japoniarrak, kartzelaratu egin zituzten japoniarrek Pearl Harbor eraso izanagatik; Ozeano Pazifikoko gerraren hasiera markatu zuen eraso hark.
“Gerrako egun goibeletan, neskato bat izaten jarraitu ezin nuela nabaritzen nuenean, ibai bat igarotzen zen nire etxearen atzealdetik, hondoan milioika harri zuri zituena. Harri haiek halako ikuspen misteriotsu bat sorrarazten zuten, banan-banan, beren ‘existentzia’ irmotzen zuena eguzki distiratsuaren pean. Naturaren errebelazio zuzen horrez gain, bulkada immaterial baten irudiak biltzen zituen mundu arrotz bat ere jabetu zen nitaz, nire psikearen barnean”3.
AEBk lehenengo aire-erasoak egin zituen Japonian apirilean, Kusamak 13 urte bete baino lehen. Geroago, zeruan B29ak egun argiz ikusteak sorrarazitako izua kontatu zuen. Gogoan du, gainera, gerra garaian, janaria urri zegoenean, kalabaza batzuen truke familiaren haztegira joaten zela jendea soroak lantzera, eta zakuak bete-bete eginda eramaten zituztela, gainean zeramaten zamaren azpian ia zerraldo erori arte.
1944 Emakume japoniarren errekrutatzea
Abuztuan emakumezkoen lanari buruz iragarritako ordenantza baten ondorioz, 15 urtetik gorako lau milioi emakume baino gehiago errekrutatu zituzten gerrako funtsezko industrietan lan egiteko: hegazkinen fabrikazioa, munizioarena, elektronika, produktu farmazeutikoak eta ehungintza, besteak beste.
“Behin baino gehiagotan gaixotu nintzen eta horrela bihurtu nintzen arte-sorkuntzaren gatibu”4.
Azaroan, Kusama paraxut-fabrika batean lan egiteko errekrutatu zuten, bere ikaskide askorekin batera. Pulmonia harrapatu zuen lan-baldintza txarrengatik, baina josten ikasi zuen, garrantzi handiko trebetasuna, gerora, bere jardun artistikoan. Kusama bere obsesio sortzaileaz jabetu zen eta liberazio gisa ikusi zuen garai latz haietan: “Koadroak margotzea iruditzen zitzaidan mundu hartan bizirik irauteko modu bakarra, eta niretzat pasio-zoraldi antzeko bat izan zen etsipenaren erdian”5.
1945 Bonba atomikoak Japoniaren gainean
AEBk bonba atomikoak jaurti zituen Hiroshimara (abuztuaren 6an) eta Nagasakira (abuztuaren 9an). Japonia abuztuaren 15ean errenditu zen, eta egun horretan amaitu zen Bigarren Mundu Gerra. Kusamak 16 urte zituen eta Uzta (Harvest) sortu zuen, gaur arte iritsi den bere hasierako obretako bat. Bertan artatxikia eta artoa irudikatu zituen, gerraosteko eskasia garaian Japonian arrozaren ordezko izan ziren elikagaiak. Nagano hiriko erakusketan —Shinshu probintziako lehenengo erakusketa erregionala— Uzta obra onartu zuen epaimahaiak.
1947 Japoniako artista abangoardisten kluba
Gerra ondoren, nazioarteko artearekiko interesak elkartutako artisten eta kritikarien sare bat sortu zen. Oraindik nihongan ainguratuta zegoen Japoniako arte kontserbadorearen establishment delakoa gaitzesten zuten artistak ziren. Klubeko kide nabarmenen artean zegoen Shūzō Takiguchi kritikaria aditu gailena nazioarteko surrealismoan, eta ahalegin guztiak egin zituen mugimendu hura artista gazte japoniarren artean ezagutzera emateko.
“Nire familiak, diruduna eta jabetzaduna izaki, bertako pintoreak babesten zituen eta ezagutza klasikoa zuen arteaz. Hori bai, haien alaba txikia margolari bihurtua ikustea, hori beste kontu bat zen”6.
1948–50
Kusamaren gurasoek ez zuten onartzen alabak artista izateko zeukan nahi bizia, baina Kiotora joateko aukera eman zioten, Shiritsu Bijutsu Kōgei Gakkō eskolan sar zedin: Kiotoko Unibertsitatearen Arte Ederretako Fakultaterako sarbidea ematen zuen prestakuntza-eskola. Gaur arte iritsi diren Kusamaren garai hartako apunte-koadernoek aurrez aurre margotutako animalien eta landareen zirriborro ugari biltzen dituzte, baina jasotzen ari zen prestakuntza kontserbadoreak frustazioa eragiten zionez olio-pinturaz margotzen ikasten hasi zen bere kabuz. Gerra amaitu ondoren, arte-materialek garestiak izaten jarraitzen zuten, eta Kusamak olio-pinturaz sortutako obra zaharrenetako asko, besteak beste Gorpu-metaketa (despertsonalizazioaren gortinan bildutako presoa) [Accumulation of the Corpses (Prisoner Surrounded by the Curtain of Depersonalization)] eta Metaketa-lurra (Earth of Accumulation, 1950ekoak biak), jutezko hazi-zakuen gainean edo kartoi gainean margotuta daude, mihise gainean margotuta egon beharrean.
1949–53 Gerra Hotza ekialdeko Asian
Txinako Alderdi Komunistak Txina kontinentalaren kontrola hartu zuen Txinako gerra zibila (1945–49) amaitu zenean, eta Txinako Herri Errepublika sortu zen. Ondorioz, nazionalitate horretako artista askok Hong Kongera eta Taiwanera alde egin zuten. 1950ean borrokaldia hasi zen Ipar Korearen —Sobietar Batasunak eta Txinako Herri Errepublikak babestuta— eta Hego Korearen —AEBk eta Nazio Batuetako bere aliatuek babestuta— artean. Gatazka belikoa ez aurrera ez atzerako egoera batera iritsi zen 1953an, eta Koreako penintsula zatitzen duen gune desmilitarizatu bat sortu zen, baina inoiz ez da bake-hitzarmenik sinatu.
“Oso pozik egongo nintzateke artista gisa arteari egiten diodan ekarpen txikia, era batera edo bestera, ahal bezainbeste jenderengana iritsiko balitz eta ikuspuntu kritikoa lantzeko balioko balu denborarekin”7.
1952
Martxoan, 23 urte bete baino lehen, Kusamak bere lehenengo bakarkako erakusketa egin zuen Matsumotoko Lehen Zentro Komunitarioan. Ehun marrazki eta margolan baino gehiago erakutsi zituen erakusketan (gehienak galdu egin dira), Gorpu-metaketa (despertsonalizazioaren gortinan bildutako presoa) barne, baina beste izenburu batekin aurkeztu zuen. Urrian, bertan antolatutako bigarren erakusketa monografikoaren berri idatzi zuen Shūzō Takiguchi arte-kritikariak: “Marrazkiak [Kusamarenak] etengabe isurtzen dira, dike batek eztanda egin balu bezala [...]. Hemen, artista baten arnasa fluxu natural bihurtzen da, bere idazkera dei daitekeena”8.
1953–54
Kusamak bi bakarkako erakusketa izan zituen Tokion, Japoniako eszena artistiko garaikidearen erdigunean. Hala ere, han finkatu beharrean, 1953an Parisen ikastea eskatu zuen, baina azkenean aukera berrien bila AEBra joatea erabaki zuen.
1954
Ashiya-n, Osakako kanpoaldean dagoen herri txiki batean, artisten elkarte bat sortu zen: Gutai. Taldeak Jirō Yoshihara zuen buru eta haien lema “Egin ezazu aurretik inork egin ez duena” zen. Artista gazte asko erakarri zituen material ez konbentzionalekin eta performanceekin lan egiteko. Gutai mugimenduak aurre hartu zien nazioartean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hedatuko ziren arte kontzeptualaren eta happeningen modalitateei.
Daigo Fukuryū Maru eta Japoniako aurreneko mugimendu antinuklearra
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, AEBk Japonia okupatu zuen aldian, Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba atomikoen ondorioei buruzko informazio guztia ezkutatu zuten. 1952an okupazioa amaitu zenean Asahi Graph aldizkariak biktimen irudiak argitaratu zituen eta erasoen izugarrikeriak ezagutzera eman ziren. Geroago, 1954an, Daigo Fukuryū Maru arrantza-ontzi japoniarreko tripulazioak kalte larriak jasan zituen erradiazioengatik AEBk, aldez aurretik abisatu gabe, Bikini atoloian potentzia handiko arma nuklear bat leherrarazi zuenean. Gertakari horiek haserre handia sortu zuten Japonian, eta teknologia nuklearraren nazioarteko murrizketak eskatzen zituzten hainbat erabaki onartu zituen Dieta Nazionalak.
“Lurra estaltzen duen itzal biziaren zati baten barrutik kantatzen dut, bere osotasunaren agerpen iraunkor batean. Ezkutatzeak gauza guztiak agerian jartzen dituen bezalaxe, edo mertxikan dagoen zulotxoak harraren existentzia erakusten duen bezalaxe, antzeko metodo batez misterioa agerian jartzea da nire desioa”9.
1955
Kusamak AEBn parte hartu zuen aurreneko erakusketa International Watercolor Exhibition, 18th Biennial izan zen, New Yorkeko Brooklyn Museum-ek antolatua. Azaroan, Kenneth Callahan eta Georgia O’Keeffe artista estatubatuarrei idatzi zien, haien lana miresten zuela adieraziz eta haien herrialdean bakarkako erakusketa bat egin ahal izateko aholkuak eskatuz. Eskutitzetan formatu txikiko bere obra batzuk erantsi zituen, baliabide anitzak erabiliz eginak. Callahanek, Seattleko Northwest School-eko margolari “mistikoetako” batek, haren arte-merkataria zen Zoë Dusanne-ri erakutsi zizkion obra horiek eta azken horrek bakarkako erakusketa bat antolatu zion Kusamari Seattlen. Artista bisa tramitatzen hasi zen AEBra bidaiatzeko.
“Nirea bezalako arte batentzat —bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan borrokatzen den artea, garena eta bizitzea eta hiltzea zer den zalantzan jartzen dituena—, Japonia txikiegia zen, morroiegia, feudalistegia, eta gehiegi gutxiesten zituen emakumeak. Nire arteak askatasun mugagabeagoa behar zuen, eta horizonte zabalagoko mundu bat”10.
1957
Kusamak bere obra gehienak suntsitu zituen AEBra abiatu aurretik. Azaroaren 18an hegaldi bat hartu zuen Seattlera, hurrengo hilabetean Zöe Dusanne Galleryn inauguratuko zen bakarkako erakusketarako baliabide anitzekin egindako paper gaineko ehunka obra txiki berekin zituela. Erakusketa jende askok bisitatu arren, pieza gutxi batzuk baino ez zituen saldu. O ‘Keefferi idatzitako gutun batean, Kusamak bere kezka adierazi zion, beharbada bere “ekialdeko mistizismo kosmikoaren” estiloa ulertuko ez zelakoan11. Ahal bezain laster nazioarteko abangoardiaren erdigunera, New Yorkera, joatea erabaki zuen.
“New Yorkera etortzen zarenean, ekar itzazu zure koadroak besapean eta erakutsi interesatuta egon daitekeela uste duzun orori”.
Georgia O’Keeffe12
1958
Kusama udan iritsi zen New Yorkera eta Art Students League ikastegian matrikulatu zen bisa mantentzeko asmoz. Obraz betetako karpeta batekin zeharkatu zuen hiria, eta ahal zuen guztietan uzten eta saltzen zituen bere sorkuntzak. Estudio bat alokatu zuen East Villagen (East 13th street-eko 70. zenbakian) eta tamaina handiagoko olio-pinturak margotzen hasi zen, New Yorkeko eszenan inpaktua eragingo zutelakoan —Kusamak miresten zuen Barnett Newman bezalako margolari espresionisten formatu handiko mihiseak nagusitzen baitziren garai hartan—. Bere bultzada produktiboa Ken Van Sickle-ren argazki sail batean islatzen da; hark geroago gogora ekarri zuen Kusamaren obra berri haiek, erabat zuriak, Japoniatik egin zuen hegaldian ikusitako Ozeano Pazifikoko olatuetan inspiratzen zirela. Ondoren, urte berean, O’Keeffe New Yorkera joan eta Kusama bisitatu zuen bere estudioan.
“Nire plana da artearen mundua hankaz gora jarriko duen obra iraultzaile bat sortzea. New Yorkeko artearentzako norabide erabakigarri bat erakutsiko du etorkizunari begira”13.
1959
Kusamak bere lehenengo bakarkako erakusketak egin zituen New Yorken, Brata Gallery-n, eta Bostonen, Nova Gallery-n. Bietan lehen aldiz erakutsi zuen gerora Infinitu-sareak (Infinity Nets) izenarekin ezagutuko den obra sail bat. Horietan, hondo ilun baten gainean, mihisea uniformeki estaltzen duten arku zuri txiki batzuk ageri dira margotuta, sare-diseinu bat sortuz. Gero, motiboak estaltzen dituen geruza zuri mehe bat ezartzen du gainazalean eta, horrela, urrutitik begiratzean, koadroek mihise zuriak dirudite; gertutik, berriz, pintura-metaketa organiko lodiak erakusten dituzte. Obra horiek oso harrera ona izan zuten kritikarien artean, eta aipamen positiboak egin zitzaizkien argitalpen ugaritan. Iruzkingile askok hartu zituzten mihisean zehar zabaldutako abstrakzio horiek ekialdeko “zen” estetikaren adierazpentzat, baina aldi berean harrituta utzi zituzten beren ñabardura sotilek eta kontentzio sistematikoak ere. Beharbada, Donald Judd izan zen txundituena, garai hartan Art Newseko arte-kritikaria, eta gerora Ipar Amerikako minimalismoaren liderretako bat izango zena. Juddek hau idatzi zuen: “Yayoi Kusama margolari originala da. Erakusketa honetako bost koadro handiak sendoak dira, kontzeptuan aurreratuak eta bikain eginak. […| Efektua konplexua eta sinplea da aldi berean. […] Obra amerikar bat edo ekialdeko bat ote den galderatik haratago dago espresioa”14.
1960
Udo Kultermann arte-komisario alemanak Kusamaren obra batzuk hautatu zituen Monochrome Malerei erakusketarako —itzal handiko talde-erakusketa Leverkuseneko (Alemania) Städtisches Museum-en—, Europan egingo zuen ibilbidearen hasiera on bat iragarriz. Kusamaren Infinitu-sare zurietako bat Lucio Fontana, Yves Klein, Piero Manzoni eta Mark Rothkoren koadroekin batera egon zen ikusgai.
“Berrogeita hamar edo hirurogei ordu ematen ditut lanean etenik egin gabe. Pixkanaka, metaketaren eta errepikapenaren liluraren pean nagoela nabaritzen dut nire ‘sareetan’, eta nire buruaz eta mihisearen eremu mugatuaz haraindi hedatzen dira, zorua, mahaiak eta gainerako guztia estaliz; izatez ikusgai den unibertso guztia”15.
1961
Kusama East 19th Street-eko 53. zenbakira lekualdatu zen, Donald Judd eta Eva Hesse eskultorea bizi ziren eraikin berera. New Yorkeko Stephen Radich Gallery-n Kusamak egindako lehenengo bakarkako erakusketak 10 metroko luzera duen Infinitu-sarea barne hartu zuen, Jackson Pollockek pintura jariatuz sortutako edozein obra monumental baino handiagoa. Hala ere, kritikaren harrera epela izan zen: Stuart Prestonek hau esan zuen The New York Timesen, “baliabideen ekonomiak emaitza ekonomiko batera eramaten du”16. Ez zuenez lortu ez obrak saltzerik, ez erakusketa gehiago egiteko aukerarik, Kusamak, atsekabetuta, baliabide berriak arakatzera jo zuen. Letra-metaketa (Accumulation of Letters) sortu zuen adibidez; collage bat, bere izena behin eta berriro errepikatuta erakusten duena. Hori egiteko 1960ko azaroan Washington DCko Gres Galleryn egin zuen bere bakarkako erakusketatik soberan geratutako gonbidapen-txarteletatik ebaki zuen izena; autopromozioari buruzko hausnarketa garratza ziur aski. Urte horren amaieran, kolore gorriko bere sare-pintura, 3. zk. P.B. (No. 3 P.B.), New Yorkeko Whitney Museum of American Art-ek urtero antolatzen duen Contemporary American Painting erakusketarako hautatu zuten. Kusama, O’Keeffe bere mentorearekin batera, erakusketan parte hartu zuten emakume urrietako bat izan zen.
1962
Kusamak bere lehenengo eskultura garrantzitsuak sortu zituen altzariak betegarridun oihalezko konkorrez estaliz eta zuriz margotuz; hala, forma izugarriak baina antzemangarriak zituzten piezak lortu zituen. Eskulturen izaera errepikakorrak bere koadroetako begizta-sarearen motibo iteratiboa gogora ekartzen du. Sail horretako lehenengo aleetako bi besaulki bat [Metaketa 1. zk. (Accumulation No. 1)] eta diban bat [Metaketa 2. zk. (Accumulation No. 2)] dira; biak jarri ziren ikusgai New Yorkeko Green Gallery-ko taldeko erakusketa batean —erakusketa hura gerora Pop mugimenduaren sorrera ekarri zuten erakusketetako bat izan zela esan izan da—. Bertan obra ikusgai zuten artisten artean aipatzekoak dira Andy Warhol, Claes Oldenburg, George Segal, James Rosenquist, Robert Morris eta Richard Smith. Dena den, Green Galleryk gizonezko autore horietako askoren ibilbidea babestu bazuen ere, Kusamari ez zioten bakarkako erakusketa bakar bat ere proposau.
Garai hartan, Gertrude Stein arte-merkatariak Joseph Cornell eskultore surrealista, zinema esperimentaleko zuzendari eta New Yorkeko komunitate artistikoko ermitau nabarmena aurkeztu zion Kusamari. Kusamak eta biek oso hartu-eman estua izan zuten, harreman erromantiko, platoniko eta kreatiboaren arteko erdibideko zerbait.
1963
Kusamak Washington DCko bere arte-merkatari Beatrice Perryri idatzi zion jakinarazteko “Metaketa-gela” (“Accumulation Room”) bat sortu nahi zuela, hau da, objektu guztiak eskultura bigunez estalita izango zituen instalazio bat, neurri batean Claes Oldenburgen Denda (The Store, 1961) obrak inspiratua. Ondoren, urte horretan bertan, bakarkako erakusketa bat egin zuen New Yorkeko Gertrude Stein Gallery-n, eta bere aurreneko murgiltze-instalazioa aurkeztu zuen bertan, Gehiketa: Mila txalupako erakusketa (Aggregation: One Thousand Boats Show). Erakusketa-gunearen erdian forma eskultoriko bigunez estalitako arraun ontzi bat ikus zitekeen, Metaketa saileko eskulturetako bat, tamainaz handiena artistak ordura arte sortutakoen artean. Txaluparen inguruan, erakusketa-gunearen hormak, zorua eta sabaia estaliz, eskultura bera irudikatzen zuten 999 serigrafia ikus zitezkeen, inpresio errepikakor eta zorabiagarria sortzen zutenak. Art Newsen egindako aipamen batek irudi inprimatuek eskulturaren simulakro gisa betetzen zuten eginkizun konplexua azpimarratzen zuten: “Argazkiak […] berez txaluparen hedadura bat dira eta irudiaren zabalkuntza amaigabe bat iradokitzen dute”17.
1964 Tonkingo golkoko gertakaria
Tonkingo golkoan gertatutako Ipar Vietnamgo eta AEBko itsasontzien arteko borroka baten ondorioz, AEBko Kongresuak baimena eman zion Lyndon B. Johnson presidenteari Asiako hego-ekialdean segurtasuna mantentzeko beharrezkoa zen edozein baliabide erabiltzeko. Horrela, ofizialki gerra deklaratu gabe, AEBk konbate-indarrak zabaldu zituen Vietnamen.
Tokioko udako Joko Olinpikoak
1964ko Tokioko Joko Olinpikoek, Asian egiten ziren lehenengo udako olinpiadek, XX. mendearen azken hamarkadetan Japoniak bizitako loraldi ekonomiko eta kulturalerako bidea prestatu zuten. Jokoekin batera, Tōkaidō Shinkansen inauguratu zen, Tokio eta Osaka lotzen dituen abiadura handiko aurreneko trena. Olinpiadek eragindako optimismo orokortuarekin kontrastean, arte-talde abangoardistek —Hi-Red Centre eta Sightseeing Art Research Institute (Hiroshi Nakamura eta Tateishi Koichi) besteak beste— performance publikoak egin zituzten beren frustrazioa adierazteko Tokioko Gobernuak ekindako modernizazio bizkorregiaren aurrean, eta “kultura nazionala” Japoniaren ikuspegi liberal eta kapitalista baten zerbitzura mobilizatzeko ahaleginen aurrean.
“Ingurune homogeneo, bitxiki mekanizatu eta estandarizatu batean nire halabeharrean abandonatua ikusten dut neure burua. […] Gizakien eta bizilekutzat duten oihan enigmatiko eta zibilizatu horren artean irekitzen diren osinetan ugariak dira tirabira psikologikoak eta fisikoak. Pertsonen, gizartearen eta naturaren arteko harremanak ulertzen saiatzeko gogo bizia dut. Hala, tirabira horien metaketatik eraikitzen da nire obra”18.
1964
Neke eta antsietate krisi larri batek jota utzi zuten Kusama, lan handia eskatzen zuten Metaketa saileko eskulturak jo eta ke sortzen jarraitu bitartean. Apirilean, New Yorkeko Richard Castellane Gallery-k hartu zuen bakarkako erakusketa, Driving Image Show, Kusamaren ikuspegi eta lan artistikoa bere osotasunean erakutsiko zuen erabateko instalazio murgiltzaile bat bezala ulertu zuten. Galeriak eskulturen metaketa bat aurkeztu zuen, etxeko ingurune bat birsortzen zutenak; gainera, sare-pinturak hormetatik zintzilik erakusten ziren eta zorua makarroiez estalita. Hala ere, instalazioak askotariko erreakzioak sorrarazi zituen kritikarien artean; Kusamak 1966an Alemaniako Essen Gallery-n obra hori berriz aurkeztu zuenean, Ed Sommerrek zalantzan jarri zuen instalazioaren arrakasta giro murgilgarri gisa: “Kusamaren sare transmutanteek ez dituzte ukitzen hormak, sabaia, eta aretoaren zati bat. Muga horrek eragotzi egiten du mundu alienatuak publikoaren pertzepzio-ohiturak inbaditzea, eta modu atsegin batean, nahiz eta informala izan, apaindutako objektuen erakustaldi soil bat besterik ez da geratzen ia”19.
1965 Vietnamgo gerraren aurkako mugimenduaren hasiera
Maiatzaren 5ean Berkeley (Kalifornia) unibertsitateko hainbat ikasle aktibista derrigorrezko errekrutatzearen aurka protesta egin zuten, eta errekrutatze-gutunak erre zituzten erresistentzia-ekintza gisa Vietnamgo gerraren igoaldiaren aurrean. Irailean, Lyndon B. Johnsonen administrazioak ilegaltzat jo zuen errekrutatze-gutunak erretzea, eta derrigorrez armadan izena eman behar zutenen kopurua igo egin zuen: hilean 35.000 gizon. Azaroan, gerraren aurka protesta egiten ari ziren hegovietnamdarrei elkartasuna adierazteko, AEBko hiru aktibistak su eman zioten beren buruari Detroiten, New Yorken eta Washington DCn.
“Naturako bizi-prozesurik oinarrizkoenak bezalaxe, Kusamaren landare-formak ere ugalketa-egoera etengabe batean daude. Izan ere, Kusama da infiniturainoko errepikapen amaigabe bat irudikatzea benetan lortu duen artista bakarra”.
Floor Showrako prentsa-oharra20
Kusama East 14th East kaleko 404. zenbakira lekualdatzen da, On Kawararekin estudio bat partekatuko duen fabrika zahar batera. Claes Oldenburg artista ere eraikinean bizi zen.
Kusamak Stockholmen —Moderna Museet-eko taldeko erakusketa batean—, Amsterdamen, Hagan eta Bernan erakutsi zituen obrak. Lucio Fontana artista italo-argentinarrak gonbidatu egin zuen Milanen eta Venezian komisariatzen ari zen taldeko erakusketan parte hartzera “Joera Berriak” sarearen barruan: baliabide esperimentalak erabiltzeagatik —instalazioa eta arte optikoa besteak beste— eta espazioaren dinamikak arakatzeagatik bereizten zen nazioarteko abangoardiako mugimendua. Hala ere, New Yorkeko Richard Castellane Gallery-ko bakarkako erakusketan, azaroan, aurkeztu zuen Kusamak ordura arteko bere sorkuntzarik esperimentalena: Infinituaren isla-gela—Zakil-soroa (Infinity Mirror Room—Phalli’s Field) izeneko instalazioa. Bertan, ispiluek erregresio optiko amaigabe batean biderkatzen dituzte forma eskultorikoak. Obra horrekin, gainera, performancea eta autoirudia integratzen dira Kusamaren praktikan; Tokion finkatutako abangoardiako argazkilari Eikoh Hosoek Kusamaren estudioan hari ateratako argazki teatralek agerian uzten duten bezala.
Hurrengo urtean Kusamak Hosoerekin kolaboratu zuen Ibilian (Walking Piece) performancean. Performancea egiteko, New Yorkeko kaleak zeharkatu zituen loredun kimono batekin, eguzkitako bati eutsiz eta negarra simulatuz. Baliteke performancea, Kusamaren arrotz identitatea azpimarratzen zuena, Estatu Batuetako prentsak berari buruz hitz egitean erabili ohi zuen hizkuntza orientalizatzaileari erantzuna emateko egin izatea. “Amerikar batek neska gazte japoniar batez pentsatzean, berotegiko lore bat ikusten du”, dio kritika batek. “Horregatik uzten gaitu harrituta Kusamak. Emakume indartsu eta gogor batez ari gara”21.
1966 Iraultza kulturalak
Mao Zedongek, Txinako Alderdi Komunistako presidenteak, Iraultza Kultural Proletario Handia hasi zuen. Mugimendu horrek Mao Zedongen pentsamendua Txinan ideologia nagusi gisa finkatu zuen, eta izugarrizko indarra hartu zuen txinatar gaztedia paramilitarrarekin, “Guardia Gorria” izenekoarekin. Haiek kultura tradizionalaren muturreko gaitzespen iraultzailea gauzatu zuten, eta maoismoaren aurkako ustezko mehatxuen aurka mobilizatu ziren. Gainera, Alderdi Komunistak bere ideologia esportatu zuen Asiako hego-ekialdeko mugimendu komunistei eman zien babesari esker. Aldi berean, hippie mugimenduak indarra hartu zuen AEBn. Beat belaunaldiaren esperimentalismoak eta handituz zihoan gerraren kontrako mugimenduak eraginda, kontrakultura hippieak askapen sexuala, substantzia psikotropikoak eta komunetako bizitza defendatzen ditu, AEBko materialismo eta elitismoaren aurkako erresistentzia modu gisa. Balio kontserbadoreak gaitzesten dituzten gazte estatubatuarrak elkarretaratze hippietan biltzen ziren, New Yorkeko East Villagen eta San Frantziskon antolatuak. 1966ko ekainerako, 15.000 hippie inguru joan ziren San Frantziskoko Haight-Ashbury auzora bizitzera. Mugimenduak nazioarteko oihartzuna hartu zuen, modan eta pop musikan zuen eraginari esker.
“Jendeak bere isla infinituraino biderkatuta ikusten duenean, amaierarik gabeko espazio batean proiektatzeko gizakiak duen gaitasunak mugarik ez duela nabaritzen du”22.
1966
Urte hasieran, Irudi gidariaren showa (Driving Image Show) Kusamaren instalazioa Milanera (Italia) eta Essenera (Alemania) eraman zuten. Martxoan, Kusamaren peep showa / Betiereko maitasunaren showa (Kusama’s Peep Show / Endless Love Show) inauguratu zen New Yorkeko Richard Castellane Gallery-n. Obra gela hexagonal batez osatua dago, eta barruan ispiluak ditu, koloretako argi distiratsuak islatzen dituztenak. Gelaren alboetan egindako behazulo batzuetatik begiratzean, ikusleek eszena kosmiko bat behatzen dute, Peter Schjeldahl kritikariak honela deskribatu zuena: “Dir-dir egiten duen Esne Bide baten sakonerantz urruntzen diren argien distira hondogabea”23.
Ekainean, Kusamak aire zabaleko bere lehen instalazioa sortu zuen, Nartziso-lorategia (Nacissus Garden), Veneziako Bienalean modu ez ofizialean aurkeztu zuena. Lucio Fontanak diruz lagundu zion obra gauzatzeko. Instalazioak ispilu-akabera zuten plastikozko 1.500 bolaz osatuta zegoen, Italiako pabiloiaren kanpoaldean belar gainean ipiniak. Kusama bolen artean agertzen zen zutik, urre koloreko kimono batez jantzita, eta bi dolarretan saltzen zuen bola bakoitza; hala, hain prezio merkean eskainiz, artearen merkatuko gero eta prezio garestiagoak kritikatzea zen bere asmoa. Bienalaren antolatzaileek azkena eman zioten ekintza horri, eta pieza artistikoak “‘hot dogak edo izozki-kukurutxoak’ balira bezala” saltzeari uzteko eskatu zioten Kusamari24.
1967 “Maitasunaren uda”
Arrazagatiko desberdintasunek eta hirigintzako utzikeriak bultzatuta, ekainaren hasieratik 150 errebolta baino gehiago egon ziren AEB osoan zehar; fenomeno horri “uda luzea eta beroa” deitu zitzaion. Bitartean, 100.000 bat gazte bildu ziren San Frantziskon kontrakultura hippiea ospatzeko, 1967koa “maitasunaren uda” gisa ezaguna izatera eramango zuena.
“Nire performanceak tantodun filosofia sinboliko moduko bat dira”25.
Kusama multimedia performanceak sortzen hasi zen, auto-obliterazioaren kontzeptu berrian oinarrituta. Ekainean ekitaldi bat antolatu zuen, Auto-obliterazioa: ikus-entzunezko argi-performancea (Self-Obliteration: An Audio-Visual Light Performance) izenekoa, Black Gate Theater-en; New Yorkeko East Village auzoko zentro esperimental bat zen hura, zinema hedatuaren nazioarteko mugimenduaren garrantzizko gunea. Zilar koloreko bikiniez jantzitako modelo batzuk dantzan ziharduten Kusamak haien gorputz osoan koloretako tantoak margotzen zizkien bitartean Day-Glorekin —argi beltz estroboskopikoaren pean fluoreszente bihurtzen diren pinturak—. Udan zehar, Kusamak hainbat performance egin zituen, eta, horietan, gorputzak margotzen ditu jendaurrean [Gorputzaren jaialdiak (Body Festivals)] New Yorkeko Tompkins Square eta Washington Square-ko lorategietan.
Abuztuan ikuskizun batzuk zuzendu zituen argi-proiekzioekin Electric Circus Night Club lokalean; aurretik Andy Warholek zuzendutakoa “the Dom” izenez ezaguna zenean. Bere performanceen metrajea erabiliz, Kusamak Jud Yalkutekin kolaboratu zuen Kusamaren auto-obliterazioa (Kusama’s Self Obliteration) film esperimentalean.
“NI, KUSAMA, ALIZIA MODERNOA NAIZ HERRIALDE MIRESGARRIAN. Aliziak ispilua zeharkatu zuen bezala, nik ere, Kusamak (urteetan bizi izan naiz niretzat propio eraiki eta osorik ispiluz estalitako nire gela ospetsuan), fantasiazko eta askatasunezko mundu bat ireki dut”26.
1968
Kusamak happening ugari antolatu zituen New Yorkeko leku publikoetan eta bere estudioan. Performance horietako gehienetan, artistak tantoak margotzen zituen antzezleen gorputz biluzietan. Ekitaldiek eskandalua piztu zuten horietara gonbidatuta zeuden zenbait hedabidetan eta behin baino gehiagotan poliziak atxilotu egin zituen Kusama eta parte hartzaileak lotsagabekeria publikoagatik. Ezarritako ordenaren eta gerraren aurkako ideologiak happening horietako askoren oinarrian zeuden, besteak beste Eztanda anatomikoak Wall Streeten (Anatomic Explosions on Wall Street, uztaila eta urria) eta Ezkontza homosexuala (Homosexual Wedding, azaroak 25). Lehenengoan, Kusamak lau dantzari profesional eta konga interprete bat zuzendu zituen, New Yorkeko Burtsaren eraikineko eskaileretatik biluzik eta dantzan. Kusamak honako hau esaten zuen oihuka: “Burtsa iruzur bat da! […] Burtsarekin irabazten den diruak [Vietnamgo] gerraren jarraipena ahalbidetzen du. […] Obliteratu itzazue Wall Streeteko gizonak tantoekin gorputz biluziaren gainean”27. Antzeko happening batean, azaroan —presidente hautagaitzarako kanpaina handiaren amaierarekin batera— dantzariek Richard Nixon, Hubert Humphrey eta George Wallace hautagaien maskarekin estali zituzten aurpegiak.
Ezkontza homosexuala performancean, Kusamak bi gizonezkoren arteko “ezkontza” orgiastiko bat antolatu zuen eta prentsa gonbidatu zuen. Bertaratuen artean Village Voice egunkariko kazetari bat zegoen, geroago hau idatzi zuena: “Kusamak, zeinaren publizitatea egiteko gogo bizi zakar horrek ez dion inoiz lekurik uzten gustu onari, aste honetan urteko ikuskizun aspergarri eta arraroena antolatzea lortu du prentsarentzat ”28. Ekitaldiari buruzko bere prentsa-oharrean, Kusamak zera esan zuen: “Maitasuna dagoeneko askea izan daiteke, ordea, erabat aske egiteko, gizarteak ezarritako frustrazio guztietatik liberatu beharra dago”29.
1969 Stonewalleko erreboltak
Ekainaren 28an, poliziak sarekada bati ekiten dio Stonewall Inn-en, queer komunitatea sarritan joan ohi zen gaueko klub batean, Greenwich Villagen. Garai horretan maiz egiten ziren polizia-sarekadak New Yorkeko gay tabernetan, trabestismoa delitua baitzen. Hala ere, gau horretan, Stonewalleko bezeroek aurre egin zioten polizien jazarpenari, eta horrek manifestazio biolento ugari eragin zituen, gaur egun gay askapen mugimenduaren katalizatzailetzat hartzen direnak.
Moratoria Vietnamgo gerrari azkena emateko
1969ko urtarrilerako, 34.000 estatubatuar eta ehunka mila vietnamdar hil ziren Vietnamgo gerran. AEBko mugimendu antibelizista Vietnamgo gerrari azkena emateko Moratoriarekin iritsi zen gorenera. Urriaren 15ean hasi zen, herrialde osoan zehar koordinatu eta 15 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu zuten manifestazioekin. Hilabete geroago, My Laiko sarraskiaren xehetasunak argitaratu zirenean, 500.000 pertsona bertaratu ziren Washington DCn antolatutako Moratoriaren aldeko bigarren manifestazio batera, haien artean aktibista eta artista nabarmenak. Mobilizazio horiek aurrekaririk ez zuten arren, AEBko Gobernuak aldarrikatu zuen nola hala lortu behar zela garaipen militarra Vietnamen.
“Behar zen edozein baliabidetara jotzen nuen nire irudi bisualak eta irudimenezkoak atzemateko eta marko antzeko batean finkatzeko […]. Orgiak, iraultza sexuala, gay iraultza, unisex moda… guztia besarkatu eta jorratu nuen”30.
1969
Kusamak hainbat enpresa erabiltzen hasi zen bere lana sustatzeko: Kusama Enterprises, Kusama International Film Co., Church of Self-Obliteration, Body Paint Studio Co. Ltd. eta Kusama Fashions Inc. Azken hori bere arropa esperimentalak merkaturatzeko erabili zuen. Bere ekoizpenari “marka” jartzeko ahalegin horiek artea merkaturatzeko konpromiso irmo bat adierazten dute, baita nahi bizi bat ere bere obrari zilegitasuna emateko eta marketineko hiztegiaz baliatuta bere ikuspegi sortzaileari agerikotasuna emateko. Abuztuaren 24an, Momako hildakoak esnatzeko orgia handia (Museum of Modern Art gisa ere ezaguna) – Beren ohiko biluzi-bilduma aurkezten [Grand Orgy to Awaken the Dead at Moma (Otherwise Known as the Museum of Modern Art)— Featuring Their Usual Display of Nudes] eszenaratu zuen Kusamak. New Yorkeko Museum of Modern Art-eko eskulturen lorategira Kusamak zortzi modelo eraman zituen, urmaeleko ur islatzaileetan biluzik murgildu eta pose eskultorikoak hartzeko. Ordu erdi geroago, museoko segurtasun-zaindariek artista eta bere modeloak instalazioetatik kanporatu zituzten, baina hurrengo egunean Daily Newseko portadan agertu zen performancearen irudietako bat.
1970 Expo’70 & Tokioko Bienala
Nazioarteko aurreko beste erakusketa batzuk bezala, berrikuntza teknologikoa eta lankidetza globala ospatzeko sortu zen Osakako Expo’70. 77 herrialderen eta 65 milioi bisitari baino gehiagoren parte-hartzearekin, Expo’70 historian publiko gehien erakarri duen nazioarteko erakusketetako bat izan zen, eta Japoniak potentzia global gisa izandako gorakada islatu zuen. Expo’70ekin batera, Tokioko Bienala egin zen, Between Man and Matter: Tokioko Museo Metropolitarrak antolatutako garaikideko erakusketa, Yūsuke Nakahara kritikari ospetsua komisario izan zuena. Bertan, 40 artistaren obra ez-tradizionalak aurkeztu ziren, arte kontzeptual eta “immaterialekoak”. Nakaharak autore japoniar sorta bat hautatu zuen —Kōji Enokura, Kenji Inumaki (biak Mono-ha mugimenduarekin lotuak) eta Jirō Takamatsu—, baina artista gehienak nazioartekoak ziren; Christo, Richard Serra eta On Kawara zeuden New York ordezkatzen zuten Arte Kontzeptualaren aitzindari ugarien artean.
1970–72
Kusama 1957tik lehen aldiz itzuli zen bere herrialdera, Tokion happeningak biluziekin egiteko asmotan, Expo’70ek Japonian nazioarteko arreta jarriko zuela probesteko. Artistak performanceak egin zituen eremu publikoetan gorputzak margotuz, besteak beste Jauregi Inperialaren inguruetan eta Dieta Nazionalaren aurrean; Ginzan, performance batean, Kusama eta bere modelo biluziak berehala atxilotu zituzten, eskandalu publikoaz akusatuak. Japoniako hedabide kontserbadoreek gogor gaitzetsi zituzten saio horiek eta, beraz, happeningek ez zuten espero zuen arreta pizten. Kusamak gero eta sarriago bidaiatzen du Europara; 1970eko uda eta 1971koaren zati bat Herbehereetan igaro zituen. Garai hartan idazten hasi zen; bere lagun Gordon Brownekin elkarlanean —aurretik berarekin lan egin izan zuen prentsa ohar batzuetan— Kusamak halako kutsu taoista sumatzen zaion antzezlan surrealista baten testua amaitu zuen, The Gorilla Lady and the Demons of Change [Gorila andrea eta aldaketaren deabruak] (1972) izenekoa, oraindik estreinatu ez dena. Gainera, antzezlan luzeago bat idatzi zuen, Tokyo Leee (ca. 1971), New Yorken bizi den emakume artista japoniar bati buruzkoa, eta bere nobelen eta ondorengo testu autobiografikoen aitzindari argia. 1972an, 69 urte zituela, Joseph Cornell hil zen, AEBn Kusamak zuen lagunik onena.
1972 Txinaren harremanak munduarekin
1971n Txinako Herri Errepublika Nazio Batuetan ofizialki sartu ondoren, AEBko presidente Richard Nixonek herrialdea bisitatu zuen 1972an. Hori inflexio-puntu berria izan zen Txina kontinentalak munduko gainerako herrialdeekin zituen harremanetan, hainbat urtez isolamendu diplomatikoa jasan ondoren. Nixon Mao Zedongekin elkartu ondoren, Japoniako lehen ministro Kakuei Tanakak eta Mao presidenteak elkarrizketak hasi zituzten bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko. 1970eko hamarkadan zehar, bai AEBk bai Japoniak harreman diplomatiko komertzialak berrezarri zituzten Txinarekin.
1973 Petrolioaren krisia
Ekialde Hurbilean zeuden interes politiko kontrajarrien ondorioz LPEEk (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) petrolioa bahitu zuen, eta horrek prezioen gorakada nabarmena ekarri zuen. Petrolioaren eskari globala maximo historikoetan zegoen hartan —AEBko dolarrak balioa galdu zuenean gainera—, bahimenduak ordura arteko atzeraldi ekonomiko global okerrena eragin zuen Depresio Handiaz geroztik. Japonia petrolio arabiarraren inportazioen mendekotasun handienetakoa zuen herrialdea zenez gero, inoiz ez bezala esku hartu behar izan zuen Ekialde Hurbileko politikan bere petrolio erreserbak bermatzeko. Ondorioz, Japoniako Gobernuak gero eta argiago ikusi zuen aukera gisa energia nuklearra, independentzia energetikoa lortze aldera.
1973–74
Kusama Tokiora joan zen bizitzera 1973aren hasieran. Herrialdeak presio ekonomiko beraren pean jarraitzen zuen arren, inportazio-enpresa bat sortu zuen Ipar Amerikako eta Europako artea bildumagile japoniarrei saltzeko. Hala ere, urte horretako petrolioaren krisiak Japoniako ekonomiaren dezelerazioa eragin zuen, eta horrek eragin negatiboa izan zuen Kusamaren negozioaren martxa onean. Hala, atzera New Yorkera itzultzeko asmotan hasi zen, 1974an Tokiora bisitan etorri zitzaion Donald Juddi idatzitako gutun batean zioenez. Bestetik, artistak arazo psikologikoak zituen, Cornellen heriotza ez ezik, Kamon bere aitarena ere, 1974ko ekainean zendua, barneratu behar izan baitzituen. Gaztetan bere aitarekin harreman zaila izan bazuen ere, hark beti lagundu zion diruz eta laguntza hori funtsezkoa izan zen New Yorkera joan eta han biziraun ahal izateko. Bere heriotzak galera-sentimendu bizi eta anbibalenteak utzi zizkion.
“Nire desio bakarra zera zen, ahal nuen heinean nire bizialdiko espiritua eta energia arnastea eta lore gorri distiratsu bat bezala loratzea etorkizunari beldurrik gabe aurre egiteko, soroetatik eta muinoetatik hiltzeko leku baten bila hegan dabilen tximeleta batek bezala. […] Hala ere, historian zehar lore horiek heresia baten kimutzat hartu izan dira beti”31.
1975
Kusamak bere ibilbide artistikoari Tokion berriro ekiteko egin zituen saioak zaildu egin zitzaizkion bere performance eskandalagarriengatik. Bere osasun mentalak okerrera egin zuen eta, bere buruaz beste ez ote zuen egingo, klinika batean sartu zuten urte hasieran. Hala eta guztiz ere, bakarkako erakusketa bat inauguratu zuen abenduan, Tokioko Nishimura Gallery-n. Bertan, paper gaineko teknika mistoko obra sorta bat aurkeztu zuen. Lan intimoak ziren, beren formatu txikiagatik, eta 1950eko hamarkadaren hasierako bere abstrakzio mistikoak gogorarazten zituzten batez ere. Animalia eta landareen irudien ebakin asko txertatzen zituztenez, neurri batean Cornell omentzen zutela zirudien, haren fotocollage pertsonalengatik ospetsua baitzen. Ondoren, elkarrizketa batean, bere lanaren funtsezko norabide aldaketa hori komentatu zuen Kusamak, eta jasaten ari zen depresioarekin, New Yorken eta Japoniaren arteko desberdintasun kulturalekin eta sortzen ari zen praktika literarioarekin lotu zuen bere collageen intimitate liriko hori: “Japonian poesia idazten dut. New Yorken ez zegoen poesiarako umorerik, egunero aurre egin behar izaten nion kanpoko munduari”32.
Vietnamgo gerraren amaiera
Apirilaren 30ean Vietnamgo Herriaren Armadak eta Viet Congek Saigonen kontrola hartu zuten. Gerraren amaiera eta herrialdea Vietnamgo Errepublika Sozialista gisa berriz batzea ekarri zuen horrek. Frantziako Indotxina zaharrean hogei urte baino gehiagoko gatazka armatua pairatu ondoren, hiru milioi pertsona baino gehiagok ihes egiten dute Vietnam, Laos eta Kanputxeatik, eta horietako asko Asiako hego-ekialdeko beste leku batzuetan kokatu ziren, baita Hong Kongen eta AEBn ere.
“Ez nago batere pozik Estatu Batuetako artearekin. Genero edo kategoria berriak sorrarazi dituen arren, eta arte unibertsalari lagundu dion arren, nazionalismo iparramerikarrak babestua da […] eta artea kontsumitu beharreko zerbait, kontsumo-ondasun bat dela uste duen kultura materialista horren aurka nago.”33
1976–77
Japoniara itzuli eta ia lau urtera, Kusamak begi kritikoz begiratzen zion Ipar Amerikako artearen munduari, eta hura definitzen zuten nazionalismoak eta kontsumismoak eragindako frustrazioa adierazi zuen. Urte batzuk lehenago bere etorkizuna New Yorken zegoela pentsatu bazuen ere, abangoardiako artista gisa Japonian betetzen zuen orduan bere zeregina. Japoniako arte garaikideak oso kontserbadorea izaten jarraitzen zuela eta kulturalki gutxietsita zegoela jakinda, esparru horretan aldaketa baten buru izan nahi zuen. Tamaina handiko eskulturak sortzen hasi zen berriro, eta bakarkako erakusketa bat egin zuen Tokioko Osaka Formes Gallery-n, 1976an.
1977an behin baino gehiagotan ospitaleratua izan ondoren, Kusamak iraunkorki ezarri zuen bere bizitokia Tokioko ospitale psikiatriko batean. Bere praktika artistikoa eten beharrean, ingurune klinikoan duen eguneroko errutinaren egonkortasunak emankorragoa izatea ahalbidetu zion. Ekainean, teknika mistoko collageen bakarkako erakusketa bat inauguratu zuen Tokioko Nikkō Gallery-n.
“Ezin diot nire existentziari uko egin. Eta ezin diot heriotzari ihes egin. Bizitzaren zama makal horri!”34.
1978
Kusamak bere lehenengo nobela argitaratu zuen, Manhattan Suicide Addict, New Yorken izan zuen bizitzaren kontakizun mitifikatua. Bere prosa irudigilea eta gizartearen eta osasun mentalaren bazterretan dauden pertsonaiekiko interesa Europako eta Japoniako autore surrealisten obrarekin alderatu izan dira, besteak beste Jean Genet eta Izumi Kyōkarekin. Kusamak idazten ematen du bere denboraren zati handi bat.
1979
Urtarrilaren 1ean Sonyren aurreneko Walkmana jarri zen salgai arrakasta handiz mundu osoan; lehenengo urtean bi milioi ale baino gehiago saldu ziren. Modako adierazpen bat ez ezik, Japoniako gazte kulturaren goraldiaren sinbolo bat izan zen ere.
1980ko hamarkada Tigre asiarrak
1970eko hamarkadan Japoniako hazkunde ekonomiko eta teknologikoa bultzatu zuten ereduari jarraituz diseinatutako politikekin, Hong Kong eta Singapur agertu ziren finantza-gune nagusi gisa; Hego Korea eta Taiwan, berriz, osagai elektronikoen eta automobilgintzaren fabrikazio-gune bihurtu ziren. Batera, Asiako Lau Tigreak izenez egin ziren ezagun, eta Japoniari elkartu zitzaizkion munduko herrialde aberatsenen zerrendan.
1980–81
Kusamak zazpi bakarkako erakusketa egin zituen 1980 eta 1981 bitartean, horien artean The Puzzle Art of Yayoi Kusama, Shibuyako Seibu luxuzko saltoki handietan, Tokion. Izan ere, Seibu nazioarteko artearen izen handiko egoitza bihurtu zen Japonian 1961ean, Ikebukuron, Tokion, zuen intsignia-dendan Paul Klee espresionista europarraren obren erakusketa bat bertan egin zutenean. Luxuzko dendak arte-erakusketetarako gune pribilegiatua izaten jarraitu zuen 1990eko hamarkadaren amaiera arte, txikizkako salmentaren eta arte ederren elkargune berezi bat islatuz. Kontuan hartu behar da, gainera, garai horretan Japoniako gobernuak asko murriztu zituela artea bultzatzera zuzendutako dirulaguntzak, eta horren ondorioz Japoniako museo ugari baliabide urrirekin utzi zituela proiektu garaikide ausartak hartzeko.
Kusama garrantzizko hainbat taldeko erakusketetarako aukeratu zuten eta horrek finkatuko zuen bere lekua Japoniako artearen narratiban. Erakusketa haietako bat The 1960s—A Decade of Change in Contemporary Art izan zen, Tokioko Arte Modernoko Museo Nazionalak 1981ean antolatua. Bertan, bere obretako batzuk jarri ziren ikusgai, besteak beste Sare-metaketa (Net Accumulation, 1958), geroago Osakako Arte Museo Nazionalaren bilduman sartu zena.
1982
Kusama, 1982an, Tokioko Fuji Television Gallery-n erakusketak egiten hasi zen. Bertan, bere aurreneko bakarkako erakusketa eponimoak bere obra zaharrak eta berriak hartu zituen; galeria batean egindako erakusketarik handiena izan zen Japoniara itzuli zenetik. Galeria famatu batek ordezkatu izanak mugarri bat ezarri zuen bere ibilbidean, New Yorken egon zen bitartean lortu ezin izan zuena. Bi urtean behin, gutxi gorabehera, bakarkako erakusketa handiak egin zituen galeria horretan, izen handiko kritikari eta adituen testuak biltzen dituzten katalogo garrantzitsuek lagunduta. Bere lehenengo erakusketaren katalogoak Kusamak izan zituen erakusketen xehetasun handiko kronologia bat jasotzen zuen, Shigeo Chiba arte-arduradunak egina. Bere lanari buruzko azterketa goiztiar honetan, Chibak 1960ko hamarkadaren amaierako Kusamaren arte performatiboaren konplexutasuna azpimarratzen zuen, zeinak eremu politikoan bizitzea tokatu zitzaion asaldura handiko garaiaren aurrean zuen “gai sozialekiko kezka”, eta sen ekintzailea, eta hedabideez baliatzeko zuen gaitasuna elkartzen baitzituen35. Japonian aurretik Kusamaren izen onari kalte egin zion corpus artistiko horren balioespenaz ari gara.
1983–84
1983ko otsailean Kusamak bere lehenengo arrakasta lortu zuen Japonian egindako happening batekin, Tokioko Video Gallery SCANen. Auto-obliterazioa (Self-Obliteration) izenburuarekin, Japoniako telebistan emititu zen eta NHK-k (Japoniako telebista publikoak) urteko gertakari artistiko nabarmenetako bat izan zela adierazi zuen. Hurrengo bi urteetan hamar bakarkako erakusketa egin zituen Kusamak, horietako bat Herbehereetan, eta taldeko erakusketa askotan parte hartu zuen. Fuji Television Gallery-n egindako bigarren aurkezpen indibidualean, 1984an, kalabazen pintura eta eskultura berriak erakutsi zituen lehen aldiz, baita eskultura bigunen sail berriak ere. Bere forma eskultoriko “faliko” tipikoak jada ez ziren ageri altzari antzemangarrietan txertatuta; horren ordez, pieza biomorfoetan txertatu zituen, landare izugarriak bailiran, urruntasun nabarmen bat markatuz bere Metaketa goiztiarrenetatik.
1983an Kusamak bere bigarren nobela argitaratu zuen, The Hustler’s Grotto of Christopher Street. Horretan 1960ko hamarkadako New Yorkeko queer komunitateak bizitako sexu-indarkeria eta gaixotasun mentalak jorratu zituen. Bere lan literarioa urte horretako abenduan aintzatetsia izan zen, Yasei Jidai aldizkariak ematen duen New Writers Literary Award sariaren hamargarren ediziorako hautatua izan zenean. Nobelagile progresista gazteak izan ziren epaimahaiko kideak, besteak beste Ryū Murakami eta Kenji Nakagami. Eta, izan ere, haien literaturak —Kusamarenak bezala— irudi surrealista eta ilunetan hondoratzen ditu bere sustraiak eta gizartearen pariak ditu ardatz.
“Ezin adierazizko depresio hau zeruan leher dadila / Ilunpean loratu dadila su artifizialak bezala”36.
1985
Apirilean Kusamak Basarako loreak (Flowers of Basara) izeneko happening bat egin zuen Tokioko Jōshin-ji (Kuhonbutsu) tenpluko gereziondoen lorategian. Ia hamarkada batez aire zabalean egiten zuen lehenengo performance publikoa izan zen. Tadashi Yokoyama, Tokioko Unibertsitateko arkitekturako katedradunak egin zion eskaria Kusamari, gereziondoen loraldiaren ospakizuna berrinterpretatzeko mandatuarekin —ospakizuna Dōyo Sasaki jaun nabarmenak asmatua da eta XIV. mendean du sorburua—. Tunika gorri arinez jantzita, Kusamak plastikozko xingola gorri eta zuriez osatutako “sare” handi bat astintzen zuen loratzen ari ziren gereziondo batzuen inguruan, interkonexio eder baten keinu sinboliko batean.
Kusamak bere hirugarren nobela argitaratu zuen, Sento Marukusu kyōkai enjō [San Markos elizako sutea]. Izenburuak St Mark’s Church-in-the-Bowery elizari egiten dio aipamen: New Yorkeko East Village auzoko eliza episkopal bat, arteekin zituen loturengatik famatua, 1960ko hamarkadaren amaieran Kusamak berak happening psikodelikoak egin zituen auzo horretan. Kultu-leku historiko hori ia erabat suntsituta geratu zen 1978an izandako sute baten ondorioz. Kusamaren nobelan, ordura arteko prosa dekadente eta haluzinagarrienean idatzia, sinbolo faliko gisa dago adierazia elizako dorrearen orratza, behea jo arte su hartzen.
“Egia da fenomeno artistiko gehienak gizarteari, kulturari eta historiari dagozkiela. Hala ere, jeinu bat, benetan aparta den artista, gizadiari, unibertsoari eta pertsona horren arimari dagokie soilik”.
Toshiaki Minemura37
1986
Kusamaren hirugarren bakarkako erakusketa Fuji Television Gallery-n, Infinity ∞ Explosion, eskultura biomorfo berriak aurkeztu zituen. Erakusketaren katalogoan Toshiaki Minemura kritikariaren saiakera garrantzitsu bat bildu zen, Kusama honela deskribatzen duena, “eskala handiko arima artistikoa”, eta bere garaiko abangoardiako artista gailenen artean kontatzen zuen. Gilles Deleuze filosofoaren lankide intelektual eta, harekin batera, Capitalisme et schizophrénie. L'anti-OEdipe (1972) lan garrantzitsu eta eragin handikoaren egile Félix Guattari psikoterapeuta frantsesaren artikulu bat ere jasotzen zuen katalogoak. Guattariren iritziz emozioak “hiperkonplexuak” dira Kusamaren obran, eta prozesu kimiko (edo beharbada alkimiko) batekin alderatzen du artistaren metodologia, “materialak, formak, koloreak eta esanahiak desegiten” dituen prozesuarekin, “sentsibilitate eta esanahi sakonagoen bektoreak berregitea” helburu.
1986 Txernobylgo hondamendi nuklearra
Txernobylgo zentral nuklearrean izandako ezbehar batek, Pripyatetik gertu, orduko Sobietar Batasunean (gaur egun Ukraina), erradioaktibitate kantitate handia askatu zuen atmosferara; gutxienez hogeita hamaika pertsona hil ziren zuzenean, eta erradiazioaren ondorioz hainbat eta hainbat gaixotasun eta heriotza eragin zituen. 1979an AEBn gertatutako Three Mile Island lantegiko ezbeharrarekin batera, Txernobylgo hondamendiak jendeak energia nuklearrean jarria zuen konfiantza kaltetzen du, eta zenbait herrialdek (bereziki Europakoek) energia mota horren amaiera planifikatzera eramaten du. Hondamendiak ez du hainbesteko eraginik izan Japonian; izan ere, ekonomiaren goraldiak eta gobernuak hamarkadatan zehar energia nuklearraren alde egindako kanpainek mantendu egin dute industria horrek bertan duen indarra.
1980ko hamarkadaren amaiera Burbuila-ekonomia
1980ko hamarkadaren bigarren erdian, burtsako aktiboen eta ondasun higiezinen hiperinflazioa dira Japoniako burbuila-ekonomiaren ezaugarria, hamarkadatan zehar bertako ekonomia etengabe hazi, banku-sistema deserregulatu eta yenaren balioa igo ondoren. Burbuila ekonomikoak Japoniaren partaidetza areagotu zuen artearen merkatu globalean. Hauek dira horren adibide adierazgarrienak: Vincent van Goghen Ekiloreak 5.800 milioi yeneko prezio errekorrean saldu zitzaion 1987an Japoniako aseguru-enpresa bati, eta 1988an Christie’s enkante-etxeko akzioen % 7 erosi zituen Yasumichi Morishitak.
“Mundua energia nuklearrez, gerraz eta indarkeriaz kutsatuta dago. Ondaretzat utzi nahi dut etorkizunerako testigantza, hau da, artista gisa ahal genuen guztia egin genuela mundu kutsatu honetan distiratzeko”38.
1987
Martxoan inauguratu zen Kusamaren lehenengo atzera begirakoa, Kitakyushuko Udal Arte Museoan antolatua. 1948 eta 1987 artean sortutako 79 obra aurkeztu ziren, eta harrera ona izan zuen Japoniako hedabideetan; horrek publikoaren artean bere obra ezagutzera ematen lagundu zuen. Hurrengo urtean, Fuji Television Gallery-n egindako pintura eta eskultura berrien erakusketa batek, Soul Burning Flashes, aldaketa nabarmena adierazi zuen bere lanean. Obra berriek oso kutsu positiboa zerien izenburuak zituzten, besteak beste Betikotasunera itzultzea (The Return to Eternity) eta Maitasunetik eta gorrototik harantz (Beyond Love and Hate) baita kolore biziak eta forma animatuak ere, halako erredentzio airea nabari zaion aldaketa bat aditzera emanez. Erakusketaren katalogoa manifestu berri batekin hasten da: “‘Beyound Obsession’! [sic]: Kusama Opens a Shining Door to the 21st Century” [‘Obsesiotik harantz’! [sic]: Kusamak ate distiratsu bat zabaltzen dio XXI. mendeari]. Bertan, berretsi egin zituen 1960ko hamarkadaren amaierako bere mezuak bakeari eta kolektibismoari buruz, eta interes berri bat iragarri zuen sormen-lanaren bidezko sendaketarekiko.
1989 Aldaketa-boladak
Japonian, Hirohito enperadorearen heriotzak, urtarrilean, Showa aroaren amaiera adierazten du (1926–89), Bigarren Mundu Gerrak, Japoniako iragan inperialaren ondare deserosoak eta gerraosteko goraldi ekonomiko bizkorrak markatutakoa. Garai aldakor haiek estrategia artistiko berriak babesten dituzte, nazionalismoaren eta genero-politiken kritika alegorikoari heltzen diotenak eta aurrerapen teknologikoen eta hondamendi nuklearraren promesa kontrajarriei aurre egiten dietenak. Kezka sozial horiek islatzen dituzten talde artistiko berrien artean, aipatzekoak dira Dumb Type eta Small Village Centre.
Txinan, demokraziaren aldeko manifestazioek Tiananmen plazako ezbeharra eragin zuten ekainaren 4an. Europan, Berlingo Harresiaren eraisteak, azaroaren 9an, Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniaren bateratzea markatzen du, baita komunismoaren amaieraren hasiera ere eskualdean.
“Gertatuko bada 100 urte barru nire obra behatu eta bere aurrean hunkituko den pertsona bakar bat egotea, orduan pertsona horrentzako artea sortzen jarraitu beharra dut”39.
1989
Kusamaren nazioarteko aurreneko atzera begirakoa, New Yorkeko Center for International Contemporary Arts-en (CICA), irailean inauguratu zen, eta 1960ko hamarkadan AEBko artean izan zuen eragina berresten zuen. Erakusketaren komisario Alexandra Munroek Kusamaren estatusa aztertu zuen, hau da, bere garrantzia nazioarteko mugimendu artistiko garaikideetan, barrutik nahiz outsider eszentriko gisa. CICAko atzerabegirakoa prestatzeko egindako ikerketa kuratorial sakonak artistak Tokion duen artxibo pertsonala arakatu zuen. 1950eko hamarkadaren amaieratik, Kusamak bere jardueren erregistro zorrotza darama —egunkariak, prentsako ebakinak, gutunak, argazkiak eta bere sortze-prozesuaren gaineko beste material batzuk— bere obraren etorkizuneko balorazioari aurrea hartuta, zalantzarik gabe.
1991 Gerra Hotzaren amaiera, Golkoko Gerraren hasiera
“Gerra Hotza” neologismoa Bigarren Mundu Gerraren ondorioz sortutako tentsio politiko berria deskribatzeko erabili zen lehen aldiz, AEBren eta Sobietar Batasunaren arteko gerra nuklear baten mehatxuan agerian uzten zuen tentsioa, alegia. Gerra Hotza 1991n amaitu zen, SESB ofizialki desegin zenean. Urte horretan bertan, Golkoko Gerrak eragin zuen Bigarren Mundu Gerratik izan den koalizio militar handiena eratzea, AEBk, Saudi Arabiak eta 38 naziotako aliatuek 1990eko abuztuan Irakek Kuwait inbaditu izanari erantzun ziotenean. Nahiz eta aste gutxi batzuetan koalizioak garaipen erabakigarria lortu, AEBko indar militarrek Iraken geratu ziren, Ekialde Hurbilean istilu gehiago sortzeko oinarriak ezarriz.
1991–92
Fuji Television Gallery-n Kusamak aurkeztutako Zeru-lurren artean (Between Heaven and Earth) ikuskizunak Infinituaren isla-gela (Kalabaza) [Infinity Mirror Room (Pumpkin)] hartu zuen barnean, 1960ko hamarkadaz geroztik Kusamak sortutako lehenengo isla-gela. Bere ohiko abstrakzio orokortuari eusten dion arren, pintura berriek, besteak beste Leunak dira oso zerurako eskailerak (Gentle Are the Stairs to Heaven, 1990), motibo konplexuagoak ere aurkezten dituzte, diseinu biologikoak eta kristalen egiturak gogorarazten dituztenak. Konposizio berriek urte batzuk lehenago artistak bere nerabezaroko lehen abstrakzioei buruz eman zuen azalpena ekartzen dute gogora: «Hostoetan edo tximeleten hegaletan ikusten diren sare ñimiñoetako irudi korapilatsuak margotu nituen. […] Osorik estaltzen zuten papera eta sare erraldoien antzekoak ziren”40.
1992an, Ryū Murakamiren Topâzu (Tokyo Decadence) filmean, Kusamak “azti” mistiko baten papera antzeztu zuen. Bertan, sexu-indarkeria eta gainbehera soziala deskribatzen dira burbuila ekonomikoaren urteetako Tokio arrakastatsuan.
1992 Prezioen burbuilaren eztanda eta artearen merkatu globalaren gainbehera
Japoniako burbuila ekonomikoaren eztandak bat egin zuen artearen merkatu globalaren beherakadarekin; salmentek % 50 baino gehiago egin zuten behera. Urte batzuk geroago, Kusamak frustrazioz hausnartu zuen burbuila ekonomikoak gutxi lagundu zuela Japonian arteak aurrera egin zezan: “[…] 1980ko hamarkadaren bukaeran, Japoniako ekonomian burbuilak iraun zuen urteetan, dirua era guztietako arinkerietan xahutzen zen; herrialde osoko museoak, berriz, estu eta larri ibiltzen ziren dirua lortzeko. […] Japonian, denbora-pasa entretenigarritzat jotzen zen artea, baita bitxikeriatzat ere zenbaitetan” 41.
“Dirudienez, esan izan da munduak ahaztu egin ninduela eta artearen historiatik ezabatu egin nindutela. Hala ere, 17 urte daramatzat ospitale psikiatriko batean. Ahaztu egin nindutela uste zuten. Baina nire berri ez zutelako zen, besterik gabe. Artearen historia oraindik kategorizatu ez denez, ni bezalako jeinu bat alde batera uztea da egiten duten gauza bakarra”42.
1993
Veneziako 45. Bienalean, 1966ko edizioan Nartziso-lorategiaren instalazio ez ofizialaz geroztik 27 urte igaro direnean, Japoniako pabiloian bakarkako erakusketa bat eskaintzen zaion aurreneko artista da Kusama. Komisarioak, Akira Tatehatak, 1960ko hamarkadako obra garrantzitsu batzuk hautatzen ditu eta, aldi berean, Kusamak ekindako berrikuntza nabarmentzen du, berriki egin dituen eskultura biomorfoen aukeraketa baten bidez eta Infinituaren isla-gela (Kalabaza) (1991) aurkeztuta. Tatehatak honela deskribatu zuen erakusketa: “[Kusamaren] lorpenen kalitatea zehaztasunez berriro ebaluatzeko saioa, bere bitxikeria mitikoan enfasi desegokirik egin gabe”43.
Kusamak bideo musikal batean kolaboratu zuen Peter Gabriel pop artista britainiarrarekin haren “Lovetown” singlea aurkezteko. Bertan, stop-motion animazioek bere collage eta eskultura ugari aurkezten dituzte, eta dekoratuetako batek Maitasuna betirako (Love Forever, 1966) isla-gela hexagonala gogorarazten du.
“Kalabazaren xumetasun zintzoak, inolako asmorik gabekoak, erakartzen ninduen gehien. Horrek, eta bere oreka espiritual sendoak”44.
1994
Kusamak aire zabaleko bere lehen eskultura iraunkorra instalatu zuen, Kalabaza (Pumpkin), Open Air ’94, ‘Out of Bounds’: Contemporary Art in the Seascape erakusketaren barruan, Benesse Art Site Naoshima-n, Japonian. 1989an finantziazio pribatuarekin garatutako Benesse Art Site Naoshima guneak artea, natura eta Naoshima, Teshima eta Inujima uharteetako —Setoko barrualdeko itsasoan, mendebaldeko Japonian — tokiko komunitateak elkartzea du helburu, kapitalismo filantropiko baten moduan. 2000ko hamarkadaz geroztik nazioarteko arte-azoken goraldiarekin batera arte garaikidearen eta helmuga turistikoen artean dagoen lotura estuaren erakusgarri bat da gune horren arrakasta. Kalabazaren irudia Kusamarekin identifikatzen da estuki, artistaren abatar bat balitz bezala. Reuben Keehan komisarioak idatzi batean dioenez, Kusamaren kalabazak hauxe adierazten dute: “ohiz kanpoko kontrastea kultura modernoko lerro aratzen aldean, hazkundearen, emankortasunaren eta oparotasunaren konnotazioekin”45.
Japoniako artea 1945az geroztik: aldarria
Japanese Art after 1945 erakusketa —herrialdean aurkeztutako arte japoniar garaikidearen esploraziorik sakonena, eta gerraosteko arte japoniarra AEBn ikusgai jartzen den lehen aldia— Yokohamako Arte Museoan inauguratu zen, New Yorkeko Guggenheim Museum SoHo-ra eta San Frantziskoko Museum of Modern Art-era eraman aurretik. Alexandra Munroe komisarioak Kusamaren “arte obsesiboa” esamoldea erabiltzen du 1960ko hamarkadako arte japoniarraren joera bat definitzeko, non “obsesioa estilo artistiko bat zen eta aldi berean egoera psikologiko bat”, agerian geratzen den bezala Kusama-Hijikata, Tetsumi Kudō eta Tomio Mikiren obretan, baita Kusamaren horietan ere. Erakusketak Kusamaren obraren testuinguru historiko/artistikoa eskaini zuen (bereziki bere gehiketa falikoena), Espresionismo Abstraktu amerikarraren eta Protominimalismoaren testuingurutik aldenduz.
1995
Apirilean, Hiroshimako eta Nagasakiko bonba atomikoen jaurtiketaren 50. urteurrena ospatzeko, Hiroshimako Arte Museoak biktimen omenezko obra bat enkargatu zion Kusamari. Artistak Arima berpiztua (Revived Soul) koadroarekin erantzun zion eskariari, hiru panel eta ia 4 metroko zabalera dituena; garai horretan kolore distiratsuez egindako bere beste obra batzuk ez bezala, gama zuri-beltz espektral batean egina dago pintura hori.
1995–97 Indarkeria eta psike japoniarra
1994an Matsumoton —Kusamaren jaioterrian—sarin gasaren isuri esperimental bat egin ondoren, Aum Shinrikyō sekta japoniarrak bost eraso koordinatu egin zituen 1995ean nerbio-agente horrekin Tokioko metroan; 21 heriotza eta milaka ospitaleratze eragin zituzten. 1997an, 14 urteko mutil batek mutiko bat eta neskato bat hil zituen Komen, eta biktimetako baten gorpua mutilatu zuen. Gertaera izugarri horiek Japoniako psike kulturala sakonetik ebaluatzea ekarri zuen, batez ere gazteena, gertakari horien azpian zeuden isolamenduari eta materialismoari lotutako arazo sozialak barne.
1996–97
New Yorken, Kusamak bakarkako erakusketa bat egin zuen Paula Cooper Gallery-n, Yayoi Kusama: The 1950s and 1960s, Paintings, Sculpture, Works on Paper. Erakusketak museoen bildumetan gaur egun gailentzen diren bere obra ugari hartu zituen barnean, besteak beste, Metaketa 1. zk. (1962, MoMA) eta Akrezioa 3. zk. (Accretion No. 3, 1964, Oita Museum), eta Kusamarenganako interes komertziala eta kritikoa piztu zuen New Yorkeko artearen munduan. American International Association of Art Critics erakundeak 1996ko erakusketarik onentzat hartu zuen eta, New York Timeserako idatzitako erreseina batean, Roberta Smithek esan zuen: “Kusama andrearen lekua behin betiko finkatu beharko luke historian eta, zortea lagun izanez gero, garrantzi handiko erakusketa bat inspiratu museoren batean”46. New Yorkeko artearen munduak eskaini zion arreta berritu horren erakusgarri, Kusamaren isla-gela berria, Ikuspen errepikakorra (Repetitive Vision), hiri horretan argitaratzen den Artforum aldizkari eraginkorreko 1997ko otsaileko zenbakiaren azalean agertu zen.
1997 Postkolonialismoa Asian
150 urte luze gobernu britainiarraren aginpidean egon ondoren, uztailaren 1ean Hong Kongen subiranotasuna Txinara transferitu zioten; bi urte geroago, 1999ko abenduan, Portugalek Macaoren kontrola itzuli zion Txinari. Gertaera horiek mendebaldeko kolonialismoaren aro baten amaiera adierazi zuten Asian. Aldi berean, uztailean hasi zen Asiako krisi ekonomikoak —atzerriko inbertsioen eta nazioarteko finantza-erakundeen eragina ezaugarri duenak— independentziarako nahi irmo bat piztu zuen eskualdean. Hurrengo urteetan, azterlan kulturaletan jardun zuten erakundeak eta argitalpenak sortu ziren, besteak beste Asia Art Archive eta Third Text, Asiako arteari buruz indarrean zeuden diskurtsoetako etnozentrismo mendebaldar inplizitua berriz ebaluatzeko eta kultura bisualaren esparru kritikoak garatzeko, eskualdeko narratiben konplexutasuna islatzeko asmotan.
1998–99
Los Angeles County Museum of Art-ek eta Japan Foundation-ek, New Yorkeko Museum of Modern Art-ekin batera, Love Forever: Yayoi Kusama, 1958–1968 erakusketa antolatu zuten. Erakusketa Mineapolisko Walker Art Center-era eta Tokioko Arte Garaikideko Museora eraman zuten. Erakusketak Kusamak 1960ko hamarkadako nazioarteko mugimendu artistikoei egindako ekarpen bereziak eta tekniken erabilera aitzindaria aztertu zituen. 1999an, Tokioko Arte Garaikideko Museoak antolatutako erakusketa batek —In Full Bloom: Yayoi Kusama, Years in Japan izenekoak eta Naoko Seki komisario izan zuenak— Kusamak, Japonian, atzerrian igarotako hamarkaden aurretik, eta ondoren egindako ibilbidearen panoramika eskaini zuen. Oro har, erakusketa horiek Kusamaren lanaren ordura arteko berrikuspenik sakonena eskaini zuten. Los Angelesen Love Forever inauguratzeko, Kusamak isilpean gonbidatu zituen Japoniako butoh dantzari batzuk, eta haiekin emanaldi sorpresa bat eskaini zuen, lehena urte askotan. Ondoren, udan, erakusketa MoMAn inauguratu zen, hain zuzen ere ia 30 urte igaro zirenean museoko eskulturen lorategian pertsona biluzi talde batekin Kusamak baimenik gabe egin zuen performancea eszenaratu eta museoko zaindariek bertatik berehala kanporatu zutenetik.
“Gizadi osoa sendatzeko sortzen dut artea”47.
1999
Kusamak Issey Miyake moda-markarekin kolaboratu zuen A-POC (A Piece of Cloth) bilduman, bere Day-Glo koloreekin margotutako tantodun ehunekin. Lehenago, apirilean, Tokion, Frantziako Enbaxadan egin zuen performance batean, artistak tantoak aplikatu zituen esprai pinturarekin puntuzko ehunetan eta modeloekin dantza egin zuen argi ultramore baten pean, 1967an tanto fluoreszenteekin egin zuen bere instalazio/happeningaren oroigarri —Tantodun maitasun-gela (Polka Dot Love Room, Internationale Galerij Orez, Haga)—. Geroago, beste performance bat egin zuen, Issey Miyake × Yayoi Kusama bildumaren aurkezpenean (2000ko ekainaren 5ean) Parisko Fondation Cartier-en.
“XXI. mendea kaotikoa izango da, teknologiarik eta informazioaren industriarik aurreratuenekin, eta gazte asko geratuko dira gizaditik eta beren ‘ni’atik deskonektatuta”48.
2000
Kusamaren obraren erakusketa ibiltari bat (Dijongo Le Consortium-ek antolatua) Europako bost egoitzatara eta Koreako bi egoitzatara eraman zuten. Erakusketak, Kusamaren praktikaren fase berri bat erakusten zuen eta ingurune-instalazio ugari bildu zituen. Horietatik, Infinituaren isla-gela – Ipurtargiak ur gainean (Infinity Mirror Room — Fireflies on the Water) da garrantzitsuena. Ispiluez inguratutako giro batean, zintzilikatutako hainbat argi infinituraino islatzen dira ispilu beltzeko hormetan eta zoruko ur-geruza mehean. Esperientzia indibidual eta kontenplatibo gisa planteatua, Kusamaren XXI. mendeko aurreneko isla-gela da. Hurrengo urtean, uraren baliabidea hedatu egin zuen material gisa, Japoniako aurreneko nazioarteko arte-erakusketa handia izango zen Yokohamako Trienalaren lehenengo ediziorako aukeratu zutenean. Bertan, Nartziso-lorategiaren (1966) bertsio bat instalatu zuen Yokohamako kanalean, 2.000 ispiluzko globorekin ur gainean flotatzen.
Bestetik, 2000n, artistaren lehenengo lore-eskultura monumentalak, Shangri-La-ko loreak (Flowers of Shangri-La), Kirishimako Aire Zabaleko Arte Museoan instalatu ziren iraunkorki, Yūsui-n, Japonian. Hurrengo hamarkadan zehar, Kusamak lore barrokodun eskultura horien hainbat bertsio egin zituen aire zabalerako, besteak beste, Matsumoton (Japonia, 2002), Lillen (Frantzia, 2003) eta Beverly Hillsen (Kalifornia, 2007), eta harrezkero bere sorkuntza ezagunenak bilakatuko dira mundu mailan. Leslie Camhi kritikari estatubatuarrak Niki de Saint Phalle eta Jeff Koonsen obrekin alderatu zituen, “soiltasuna gaitzesten dutelako”49.
2002 Arte-azoka globalen booma
Art Basel Miami Beach-en lehen edizioa, abenduan, nazioarteko azokek arte garaikidearen merkaturako zuten gero eta garrantzi handiagoaren adibide da, eta joera hori Asiako hiri nagusietara hedatu zen, besteak beste Singapur, Hong Kong, Tokio eta Shanghaira. Mendebaldeko galeriak eta enkante-etxeak Asian zehar hedatu zirenean, Ekialde Hurbilean mendebaldeko museoen sukurtsalak irekitzeko asmoa agertzen da, besteak beste Guggenheim eta Louvre museoena Abu Dabin, baita bi eskualdeetan museo pribatuak ugaritzekoa ere.
“Ni bezala artista izan nahi duen batentzat, ingurune bidegabe baten aurrean garaile irtetea, zure burua inguratuta eta harrapatuta ikusteak sorrarazten duen oinazearen aurrean garaitzea da”50.
Kusamak Infinitu-sarea. Yayoi Kusamaren autobiografia argitaratu zuen. Liburua 1970eko hamarkadaren hasieratik, baita lehenagotik ere, landu zituen testuen laburbilduma bat da.
Asia Pacific Triennial of Contemporary Art-en laugarren edizioan, Brisbanen (Australia), Asiako arte garaikidearen funtsezko figura gisa aurkeztu zuten Kusama, Nam June Paik eta Lee Ufanekin batera; bakarkako erakusketa zabal bat eskaini zitzaion bakoitzari. Kusamak isla-gela berri bat eraman zuen primizian Trienalera, Arima ilargipean (Soul under the Moon), baita Obliterazio-gela (The Obliteration Room) izeneko instalazio interaktibo bat ere, haurrek parte har zezaten sortua. Galerietako batean, zuriz margotutako etxeko altzariez betean, koloretako zirkulu itsaskorrak eranstera gonbidatzen zuten publikoa. Horrela, kolore anitzeko tantoek “obliteratu” egiten zuten pixkanaka espazioa.
2002–03
Kusamak altzari eta arropa bilduma bat diseinatzen du Osakan egoitza duen Studio Graf-ekin lankidetzan. Proiektuak 1960ko hamarkadan Kusamak sortutako altzari eraldatuen eskultura eta jantzi esperimentalak gogorarazten ditu. Bildumako oihalek 1992ko bere koadroko “zuhaitz horiak” dituzte motibotzat, baita Sexu-obsesioakoak (Sex Obsession, 1992) ere.
2004–05
Tokioko Arte Modernoko Museo Nazionalak ordura arteko atzera begirako osatuena antolatu zuen Kusamari buruz, Yayoi Kusama: Eternity-Modernity izenburupean. Erakusketa museo hauetara eraman zen: Kyotoko Arte Modernoko Museoa, Hiroshimako Arte Garaikideko Udal Museoa, Kumamotoko Arte Garaikideko Museoa eta Matsumotoko Arte Garaikideko Udal Museo. Erakusketak kritikaren aldetik harrera ona lortzeaz gain, aipatutako erakunde horiek hainbat obra eskuratzen dituzte.
Atzera begirako garrantzitsu horrek bere sorterrian behin betiko arrakasta ekarri bazion ere, Kusamak obra berria erakusten jarraitu zuen, eta 2004an Kusamatrix inauguratu zuen Tokioko Mori Art Museum-en. 2004ko Kaixo, Konichiwa! (Hi, Konnichiwa!) eta Maitasuna betirako: Neskak! Nerabezaroa bidean da (Love Forever: Girls! Adolescence is on the Way) instalazioek komikietako panpina itxurako giza irudi itzelak erakusten zituzten, eta horietako batzuei, “Yayoi-chan” (Yayoitxoak) izenekoei, halako kutsu autobiografiko nostalgikoa darie. Kawaii eta kitsch estetikak nahastean, irudi koloretsuek Kusamaren lanean bide berri bat markatzen dutela esan daiteke, nahiz eta, zalantzarik gabe, antzekotasunak dituzten bere Irudi gidariaren showa (Driving Image Show) eta manikiekin egindako beste instalazio batzuekin, Lynn Zelevanskyk ia hamarkada bat lehenago “Barbientzako tamaina naturaleko panpina-etxe nabarmen” gisa deskribatu zituenak”51. Milioi eta erdi pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Kusamatrix.
2005 Txinako arte garaikidearen merkatuaren booma
Txinak lehen aldiz izan zuen ordezkaritza Veneziako Bienalean, Cai Guo-Qiang artistak komisariatutako taldeko erakusketa hartzen zuen pabiloi nazional batekin. Urte horretan bertan, Time aldizkariak Txinako “iraultza berriari” buruzko artikulu bat argitaratu zuen, nazioak potentzia ekonomiko global gisa izandako gorakadari aipamen eginez. Arte garaikideko galeriak eta enkante-etxeak ugaritzearekin batera, Shanghain eta Pekinen, hainbat artista txinatarraren obrek, besteak beste Zhang Xiaogang, Zeng Fanzhi eta Liu Xiaodongenek, prezio errekorrak lortu zituzten berehala. Urte gutxi batzuetan, arte garaikidearen salmenta globalen herena hartzen du Txinak.
2006 West Kowloon barruti kulturala
West Kowloon barruti kulturala (West Kowloon Cultural District – WKCD) 1998an hasi zen garatzen, Hong Kong Asiako kultur gune garrantzitsuenetako bat bilakatzeko asmoz. 2006an Funtsezko Arte eta Kultur Guneen Aholkularitza Batzordea (Consultative Committee on the Core Arts and Cultural Facilities) sortzen da, geroago, XX. eta XXI. mendeetako kultura bisualaren M+ museoa eraikitzeko konpromisoa hartzen duen erakundea. 2012az geroztik, M+k aktiboki ekiten dio Asia osoko artisten eta errealizadoreen arte bisual, diseinu, arkitektura eta mugimendudun irudien obra nagusia biltzen. Obra haien artean daude Kusamaren Metaketa 14a zk. (Accumulation No. 14, 1962) eta Auto-obliterazioa (Self-Obliteration, 1966–74).
2007
Kusamak Hong Kongeko Harbour City-rekin kolaboratu zuen Dots Obsession—Soul of Pumpkin erakusketa antolatzen. Hong Kongen egindako bere aurreneko erakusketa da eta aire zabalean kalabaza baten eskultura aurkezten du bere tanto-motiboekin. Erakusketak hedabide garrantzitsuen arreta erakarri zuen, ez bakarrik Hong Kongekoak, baita Txinakoak eta Taiwangoak ere. Kusamaren ospea handituz doa argitalpen inprimatuen kopurua, Interneteko aipamenak, eta tantoetan inspiratutako opari-produktuen salmentek ere erakusten dutenez; aldi berean, publikoak eta hedabideek txalotu egiten dute artistaren moldaerraztasuna diziplina anitzak lantzeko garaian, artean, diseinuan eta merkataritzan. Txinan, izengoitiak jartzen dizkiote: “tantoen amona” eta “tantoen iraultzailea”.
Zer esan nahi du bizitza bat bizitzeak? Pentsamendu horretan galtzen naiz artelan bat sortzen dudan bakoitzean”52.
2006–08
Takako Matsumotok zuzendutako dokumental batek, Near Equal: Yayoi Kusama — I Adore Myself (2008) izenekoak, Kusama aurreko bi urteetan zehar jarraitu zuen, neurri handiko obra batzuk lantzen ziharduen bitartean, neurri handiko mihise gainean errotuladoreak erabiliz; obra-sail horrek Maitasuna betirako (Love Forever) du izena. Filmak lehen aldiz erregistratzen du Kusamaren sortze-prozesua —bizia eta hipnotikoa, eta baita lasaigarria ere—. Ehunka tanto, begizta, begi eta saileko beste motibo batzuk marrazten dituen bitartean, agerian geratzen dira bai bere artearen izaera terapeutikoa, bai artistaren “gorputz-memoria” aparta. Dokumentalean bere marrazketa-prozesu automatikoa deskribatzen duenean zera dio Kusamak: “Mihiseari aurre egiten diodanean nire burua hutsik dago. Marraztu ahala osatzen joaten da. Nire buruan hedatzen da”. Kusamaren xarma pertsonala eta umore isekaria ere nabarmentzen dira, kontraste harrigarrian bere pertsonaia publikoarekin; beti serio eta begiak zabal-zabalik.
2008ko azaroan, 2. zk. (Ez. 2), 1959ko sare-pintura zuri bat, jatorriz Donald Juddek urte hartan bertan erosia, 5,8 milioi dolarretan saldu zen Christie’s New Yorken; emakume artista baten obragatik enkante batean inoiz ordaindu den preziorik altuenetakoa.
2009
Kusamak Nire betiereko arima (My Eternal Soul) izeneko pintura-sail berri bati ekiten dio. Maitasuna betirako marrazkiek bereizgarri duten estiloa zabalduz —erdi figuratiboa eta marrazki soilekoa— obra koloretsuak sortzen hasten da, akrilikoa erabiliz mihise karratuen gainean. Marrazki eta pintura horietako elementu jakin batzuen nagusitasunak, besteak beste aurpegi, lore eta begienak, bere aurreko abstrakzio soilagotik aldentzen ari zela aditzera ematen du, antza. Hala ere, pintura figuratiboa hain ezagunak ez diren aurretiko sailetan ere aurki daiteke, Marilyn Monroe (1970) bezalako pertsona ospetsuen erretratuetan, baita paper gaineko obra oso goiztiarretan ere, non aurpegi eskematikoak irudikatu zituen, besteak beste Neska garrasika (Screaming Girl, 1952) eta Topaketa (Encounter, 1954).
2011 Fukushimako hondamendi nuklearra
Martxoaren 11n, Tōhokuko lurrikararen ondorioz —Japonian inoiz izan den lurrikararik handiena—, tsunami batek Fukushimako Daiishi planta nuklearraren euste-dikea zartatu eta urez bete ziren erreaktoreak. Horrek hiru nukleoren fusioa eragin zuen eta kutsatutako ura Ozeano Barera isuri zen. Ingurumen-inpaktuari dagokionez, historiako hondamendi nuklearrik larrienetakoa da, eta herrialdean energia nuklearrari ematen zitzaion babes publikoaren gainbehera dakar ondorioz. Urte horretan bertan, Kusamak ordura arteko margolan handienetako bat sortu zuen: Transmigrazioa (Transmigration,) izeneko obra, 5,2 metro luze diren lau paneletan egina. Ozeanikoa, dituen neurri eta motiboengatik, bere Infinitu-sareen jatorria ekartze du gogora, Ozeano Barea hegazkinez zeharkatu zuenean, berrogeita hamar urte lehenago. Sarean kolore berdea nabarmentzen da, elektrikoa eta hondakin erradioaktiboak gogorarazten dituena, eta urdin sakona hondo arrosaren gainean.
“Nire iritzia Kusamaz beti izan da artista zeharo konplitu bat zela, bere buruaren ezagutza sakon eta erabakitasun irmo baten jabe baina, aldi berean, bere buruaz konfiantza urria erakusten zuena, gure arreta irrikaz erakarri nahian eta, esker onekoa, eskatzen zuen arreta hori ematen geniolako”. Frances Morris53.
2011–12
Atzera begirako handi bat antolatu zen: Yayoi Kusama, Frances Morris komisario izan zuena, Londresko Tate Modern-eko nazioarteko bildumaren zuzendaria orduan (gaur egun museoaren zuzendaria da). Erakusketa Madrilgo Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía-ra (2011), Parisko Centre Pompidou-ra (2012) eta Tate Modern-era (2012) eraman zen, eta New Yorkeko Whitney Museum of American Art-en amaitu zuen bere ibilbidea. Kusamak nazioz gaindiko artista gisa duen garrantzian oinarritu zen erakusketa, eta gerraosteko abangoardiaren funtsezko figura gisa utzi duen ondarea berretsi zuen. Gainera, artistaren goren unea izan zen pop ikono garaikide gisa, Louis Vuitton etxearekin izan zuen kolaborazioagatik bere tantoekin apaindutako luxuzko produktuen bilduma batean.
AEBn, New Yorkeko Occupy Wall Street mugimenduak manifestari politikoen belaunaldi berri bat martxan jartzen zuen bitartean, Mignon Nixon arte-historialariak birrebaluazio kritiko bat argitaratu zuen arte politiko gisa hartuta 1960ko hamarkadaren amaierako Kusamaren Eztanda anatomikoa izeneko performanceak. Nixonek hau dio: “Artistak erresistentzia politikoaren modu espekulatiboago bat proposatzen zuen”, honetan zetzana “taktika ludikoak hedatzea, gerraren absurdua, eta prentsaren arreta erakartzeko gerraren aurkako protestek aurrera eraman behar dituzten muturreko zentzugabekeriak eszenaratzeko”54.
2013–14
Obsesión Infinita, Philip Larratt-Smith eta Frances Morris komisario dituena, leku hauetan erakutsi zen: Buenos Airesen; Rio de Janeiron, Brasilian eta São Paulon, Brasilen; Mexiko Hirian; eta Santiagon, Txilen. Ibiltaritza amaitzean, erakusketak 2,5 milioi bisitari izan zituen. Aldi berean, Yayoi Kusama: A Dream I Dreamed izeneko erakusketa bat, Kim Sinhee komisario zuena, Daegu eta Seulera doa, Hego Korean; Shanghai, Txinan; eta Kaohsiung eta Taichung, Taiwanen. Erakusketa ibiltari horiek Kusamaren posizioa irmotzen dute munduko artistarik famatuenen artean.
“Nire bizialdiko historiaren menderik txarrenean sartzen ari gara. Honelako aro batean, asko poztuko naiz mundu guztiaren ikuskera izango balitz, gizaki batzuk, itxaropenik handienarekin, etorkizuneko bakearen eta maitasunaren alde ari direla”55.
2015–16
Erakusketen zurrunbilo baten erdian —besteak beste atzera begirako bat Eskandinavian zehar ikusgai— Kusamak Nire betiereko arima garatzen jarraitu zuen; formatu karratuko 400 pintura-lan baino gehiago barne hartzen zituen sailak ordurako. Konposizioek eboluzionatu egin dute saila hasi zuenetik, eta egitura geometrikoagoak dituzte, zirriborro antzeko motiboak zituzten aurreko piezekin alderatuta. Artistak pinturen izenburuak erabiltzen jarraitzen du bake mezuak eta kontzeptu espiritualak transmititzeko, besteak beste arimen transmigrazioa. 2016an Kusamak Kulturaren Ordena jaso zuen —Japoniako familia inperialak ematen duen ohore zibil handienetakoa—, eta Time aldizkariak urteko “eragin handieneko 100 pertsonak” biltzen dituen zerrendan sartu zuen.
“Ez naiz damutzen bizitza artea sortzen eman izanaz”56.
2017
Yayoi Kusama Museum inauguratzen da Tokioko Shinjuku barrutian, Kume Sekkei arkitektura-estudio japoniarrak diseinatutako eraikin batean. Akira Tatehata, Kusamaren betiko aldezkaria, izendatu zuten bertako zuzendari. Artistaren bilduma pertsonalaren lehen erakusketak, Creation Is a Solitary Pursuit, Love Is What Brings You Closer to Art izenekoak, Nire betiereko arima saileko obrak, Maitasuna betirako aurreko saileko marrazkiak, eta kalabazen instalazio berri bat jarri zituen ikusgai.
Kusama: Life in the Heart of a Rainbow, National Gallery-k Singapurren antolatua, Asiako hego-ekialdean artistaren lehen atzera begirako handia izan zen. Washington DCko Hirshhorn Museum and Sculpture Garden-ek antolatutako Infinity Mirrors erakusketa ibiltariak Kusamaren Infinituaren isla-gelak sailaren panoramika eskaini zuen, non sei ispiludun ingurune-pieza bildu ziren. Erakusketa honen aurrean publikoak erakutsitako gogoak ez du aurrekaririk: Los Angelesko Broad Museum-ek 50.000 sarrera saltzen ditu ordubetean. Erakusketari buruzko erreseinak isla-geletan zentratzen dira, sare sozialen fenomeno gisa. Los Angeles Times egunkariko kritikari Christopher Knightek espazio horiei buruz hau esan zuen, “gela horien nonahiko argazkiak ikustea benetan bertan egotea bezain aberasgarria da, eta hori, beharbada, lehen aldiz gertatzen da artean57. Aldi berean, Gloria Suttonek erakusketaren katalogoan egindako saiakera batean lotu egiten ditu Kusamaren isla-gelak zinema hedatuaren eta zibernetikaren arloekin, eta adierazten duenez, gela horiek batez ere bitartekaritzari heltzen diote irudien bidez (islak zein argazkiak).
2019
1959ko koadroa, Sare amaigabea 4. zk. (Interminable Net # 4), 7,9 milioi dolar estatubatuarretan saldu zen Sotheby’s Hong Kongen; Kalabaza (LPASG) [Pumpkin (LPASG)], 2013koa, 8,3 milioi dolar estatubatuarretan Christie’s Hong Kongen. Ordurako, Kusama bizirik dagoen munduko artistarik kotizatuenetako bat da, nahiz eta bere prezioak bere garaiko gizonen obrengatik (Damien Hirst eta Takashi Murakami besteak beste) ordaintzen denaren oso azpitik egon.
2020 COVID-19aren pandemia globala
Koronabirus berri bat agertu zen lehen aldiz Wuhanen, Txinan, 2019aren amaieran, eta mundu osora zabaldu zen 2020an zehar; urte amaieran 4 milioi pertsona baino gehiago hil ziren birusaren ondorioz. Birusaren hedapena mugatzeko herrialde guztietan egin ziren konfinamenduek, populazioa etxean sartuta utzi zutenek, aurrekaririk gabeko isolamendu-mailetara eraman zituzten herritarrak, eta Internet eta sare sozialak, berriz, eguneroko bizitzaren bitartekari paregabeak bilakatu ziren. Kusamak mezu publiko bat igorri zuen birusa galarazteko, eta dei bat egiten du maitasunaren eta erredentzio baketsuaren alde: “Garaitzeko unea da, bakea ekartzekoa / Maitatzeko bildu gara eta nahi hori betetzea espero dut / Borrokatzeko eta gure zoritxarra gainditzeko unea iritsi da / Bidea ixten digun COVID-19ari / Esaten diot Desager zaitez lur honetatik”. Adierazpenarekin batera agertu zen bere koadro hau: Bizitzak, mugarik gabe, unibertsoraino eztanda egiten duenean (When Life Boundlessly Flares Up to the Universe, 2014).
2021
Kusamaren lanaren atzera begirako zabal bat egin zen lehen aldiz Alemanian, Gropius Bau-k antolatua, Berlinen. AEBn, artistaren aire zabaleko eskulturen erakusketa handi bat, KUSAMA: Cosmic Nature, New Yorkeko Lorategi Botanikoan inauguratu zen. Bertan, obra historikoen bertsio berriak aurkeztu zituen, besteak beste Nartziso-lorategiarena (jatorriz 1966koa) eta Tantoak zuhaitzetan gora (Ascension of Polka Dots on the Trees) lanarena (jatorriz 2000koa), baita eskultura berriak ere. Mika Yoshitake komisario izan zuen erakusketa horretan kolaboratu zuten adituek artistak bere bizitza osoan landareekin izandako lotura azpimarratu zuten, eta “biokosmiko” kontzeptua aurreratu zuten Kusamaren obraren egitura tematiko gisa.
[Itzupena: Bitez, eta Rosetta Testu Zerbitzuak]
Oharrak
1 Yayoi Kusama, elkarrizketa Bhupendra Karia eta Alexandra Munroerekin, Tokio, abenduak 17, 1988, Fine Arts Library, University of Texas, Austin, CICA / ATT / 001.06.
2 Yayoi Kusama, “The Struggle and Wanderings of My Soul”, itzul. Kusama Studio; hasiera batean “Waga tamashī no henreki to tatakai” [Nire arima larriaren odisea] izenburuarekin argitaratua, Geijutsu Seikatsu [Art Life], 28. lib., 11. zk. (1975eko azaroa), 96–113. or. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Yayoi Kusama, La red infinita. La autobiografía de Yayoi Kusama, itzul. (ingelesetik) Julio Hermoso (Bartzelona: Penguin Random House Grupo Editorial, 2022), 75. or.
3 Yayoi Kusama, “Onna hitori kokusai gadan o yuku” [Emakume bakarti bat artearen nazioarteko mundura irteten], Geijutsu Shinchō [New Currents in Art] (1961eko maiatza), 127–29. or. Itzul. ing. Mika Yoshitake.
4 Kusama, “The Struggle and Wanderings of My Soul”.
6 Yayoi Kusama, La red infinita. La autobiografía de Yayoi Kusama, op. cit., 72. or.
7 Yayoi Kusama, “Bijutsu e no me o hirake — (Ichigajin no uttae)—” [Pinturaren deia: zabal itzazu begiak artera], Shinano ōrai, 27. zk. (1952ko azaroa), 20–21. or. Itzul. Sayaka Sonada, Yayoi Kusama: Locus of the Avant-Garde (Tokio: The Shinano Mainichi Shimbun, 2017), 117. or.
8 Shūzō Takiguchi, “Kusama Yayoi koten ni tsuite” [Yayoi Kusamaren bakarkako erakusketari buruz], itzul. Reiko Tomii, Alexandra Munroe, “Obsession, Fantasy, and Outrage: The Art of Yayoi Kusama”, Bhupendra Karia, ed., Yayoi Kusama: A Retrospective (New York: Center for International Contemporary Art, 1989), 16. or.
9 Yayoi Kusama, “Iwan no baka” [Ivan eroa], Geijutsu Shinchō [New Currents in Art] (1955eko maiatza), 164–65. or.
10 Kusama, La red infinita,109–110. or.
11 Kusamaren gutuna Georgia O’Keefferi, urtarrilak 26, 1958. Aipua hemen: “Biographical Notes”, Karia, ed., Yayoi Kusama: A Retrospective, 74. or.
12 Georgia O’Keefferen gutuna Kusamari, abuztuak 18, 1957. Yale University Library-ren bilduma. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 100. or.
13 Yayoi Kusama, “Piipuru: Koten o owatte” [Jendea: nire bakarkako erakusketaren ondoren], Geijutsu Shinchō [New Currents in Art] (1959ko ekaina), 35. or.
14 Donald Judd, “Reviews and Previews: New Names This Month”, Art News, 58. lib., 6. zk. (1959ko urria), 17. or. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 36–37. or.
15 “Under the Spell of Accumulation”. Yayoi Kusamaren idatzi-zati mekanografiatua, “Onna hitori kokusai gadan o yuku” [Emakume bakarti bat artearen nazioarteko mundura
irteten], Geijutsu Shinchō [New Currents in Art] (1961eko maiatza), 127–29. or. Idatzi-zati itzul., d.g. (ca. 1962), Beatrice Perry Papers, New York.
16 Stuart Preston, “Twentieth Century Sense and Sensibility”, New York Times, maiatzak 7, 1961.
17 Jill Johnston, “Reviews and Previews: Kusama’s One Thousand Boats Show”, Art News, 10. zk. (1964ko otsaila), 12. or.
18 Elkarrizketa Gordon Brownekin. “Miss Yayoi Kusama: Interview Prepared for WABC Radio by Gordon Brown, Executive Editor of Art Voices”, 1964ko ekaina, Henk Peeters, ed., De Nieuwe Stijl / The New Style: Werk van de págs.ational avant-garde. Amsterdam: De Bezige Bij, 1965, 163–64. or. Idatz-zatia reed. Laura Hoptman et al., Yayoi Kusama (Londres: Phaidon Press, 2000), 100–05. or. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 66–67. or.
19 Ed Sommer, “Letter from Germany: Yayoi Kusama at the Galerie M.E. Thelen, Essen”, Art International, 10. lib., 8. zk. (1966ko urria), 46 or.
20 “Kusama Does it with Mirrors”, prentsa-oharra Floor Showrako. Archivo Kusama, Tokio.
21 Gordon Brown, “Yayoi Kusama, the First Obsessional Artist”, Gendai bijutsu (1965eko azaroa). Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 63. or.
22 Yayoi Kusama, “Garden of Narcissus”, artistaren adierazpena, 1966, Kusama Artxiboa, Tokio.
23 Peter Schjeldahl, “Reviews and Previews: Kusama”, Art News, 65. lib., 3. zk. (1966ko maiatza), 18. or.
24 Kusama, La red infinita, 65. or.
25 Yayoi Kusama, elkarrizketa Jud Yalkutekin, “The Polka Dot Way of Life (Conversations with Yayoi Kusama)”. New York Free Press, otsailak 15, 1968, 8–9. or.
26 Yayoi Kusama, Anatomic Explosion, happening Alizia, Herrialde Miresgarrian estatuaren aurrean, Central Park, New York, abuztuak 11, 1968. Kusama Artxiboa, reed. Karia, ed., Yayoi Kusama: A Retrospective, 90. or. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 142. or.
27 Chris Rainone, “The New Nudism: A Skin Freak Testifies”, Rogue (1969ko abuztua): 57. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita,142–143. or.
28 “Biographical Notes”, Karia, ed., Yayoi Kusama: A Retrospective, 92. or.
29 “Homosexual Wedding”, prentsa-ohar mekanografiatua performancerako, azaroak 25, 1968. Kusama Artxiboa, Tokio. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 144 or.
30 Kusama, La red infinita, 228. or.
31 Kusama, “The Struggle and Wanderings of My Soul”. Gaztelaniazko bertsioa hemen: Kusama, La red infinita, 229. or.
32 Elkarrizketa Akira Tatehatarekin, Yayoi Kusama, ed. berrikusia eta zabaldua (New York: Phaidon Press, 2017), 25. or.
33 Yayoi Kusama, Geoffrey de Groenekin izandako elkarrizketaren testu mekanografiatua, Tokio, abenduak 14, 1977, Kusama Artxiboa, Tokio.
34 Yayoi Kusama, Manhattan jisatsu misui jōshūhan (Tokio: Kōsakusha, 1978). Itzul. aipua Alexandra Munroe, “Literary Art of Yayoi Kusama”, Lynn Zelevansky, Love Forever: Yayoi Kusama, 1958–1968. Los Angeles: Los Angeles County Museum of Art, 1998, 72. or.
35 Shigeo Chiba, “Yayoi Kusama Biography”, Yayoi Kusama: Obsession (Tokio: Fuji Television Gallery, 1982), or. g.
36 Yayoi Kusama, “Burst into the Sky”, 1985.
37 Toshiaki Minemura, “I Are Infinitely Others”, Yayoi Kusama: Infinity Explosion (Tokio: Fuji Television Gallery, 1986), or. g.
38 Yayoi Kusama, ““Beyound Obsession”! [sic]: Kusama Opens a Shining Door to the 21st Century”, 1988.
39 Yayoi Kusama, artistaren adierazpena, Japanese Ways, Western Means: Art of the 1980s in Japan (Brisbane: Queensland Art Gallery, 1989), 92. Aipua, Chris Saines, “Foreword”, Yayoi Kusama: Life Is the Heart of a Rainbow. Singapur: National Gallery Singapore, 2017, 9. or.
40 Elkarrizketa Gordon Brownekin, 1964.
41 Kusama, La red infinita, 12. or.
42 Yayoi Kusama, “My Holy Land of Dreams for the Bright Future”, Akira Asada et al., Yayoi Kusama: Print Works. Tokio: Abe Publishing, 1992, 141. or.
43 Akira Tatehata, “Magnificent Obsession”, Yayoi Kusama: Giappone – XLV Biennale di Venezia (Tokio: The Japan Foundation, 1993), 12. or.
44 Kusama, La red infinita, 88. or.
45 Reuben Keehan, “Disalignment and Restructuring: The Late Work of Yayoi Kusama”, Life Is the Heart of a Rainbow (National Gallery Singapore, 2017), 47. or.
46 Roberta Smith, “60’s Minimalism, Looking Handmade”, New York Times, maiatzak 24, 1996.
47 “Yayoi Kusama by Grady T. Turner”, BOMB Magazine, urtarrilak 1, 1999, https://bombmagazine.org/articles/yayoi-kusama (azkeneko bisita: urriak 10, 2021).
48 Kusama, ““Beyound Obsession”!”, or. g.
49 Leslie Camhi, “New Sculpture”, Louise Neri eta Takaya Goto, ed., Yayoi Kusama (New York: Rizzoli, 2012), 214. or.
50 Kusama, La red infinita, 254. or.
51 Lynn Zelevansky, “Driving Image: Yayoi Kusama in New York”, Love Forever: Yayoi Kusama, 1958–1968 (Los Angeles: Los Angeles County Museum of Art, 1998), 19. or.
52 Yayoi Kusama, “This Mystery”, 2006. Reed. Yayoi Kusama: Every Day I Pray for Love, itzul. Ralph McCarthy, Hisako Ifshin eta Leza Lowitz (New York: David Zwirner Books, 2020), 153. or.
53 Frances Morris, “We Were Captivated”, Tate Etc. 51 (2021eko udaberria), www.tate.org.uk/tate-etc/issue-51-spring-2021/yayoi-kusama-studio-visit-frances-morris (azkeneko bisita: azaroak 1, 2021).
54 Mignon Nixon, “Anatomic Explosion on Wall Street”, October, 142. lib. (2012ko udazkena), 3–25. or.
55 Yayoi Kusama, Yayoi Kusama: Let’s Fight Together, bideoa (The Louisiana Museum of Modern Art, Humlebæk, Danimarka, 2015), https://channel.louisiana.dk/video/yayoi-kusama-lets-fight-together (azken bisita: abenduak 4, 2021).
56 Yayoi Kusama, elkarrizketa Melissa Chiurekin, Mika Yoshitake, ed., Yayoi Kusama: Infinity Mirrors (Washington D.C.: Hirshhorn Museum and Sculpture Garden, 2017), 169. or.
57 Christopher Knight, “Review: Yayoi Kusama at the Broad: Lots of mirrors, not so much artistic reflection”, Los Angeles Times, urriak 31, 2017.