Edukira zuzenean joan

Alberto Durero: Städel Museum-en Bildumako grabatuak

hezkuntza-edukia

Durero-ren eragina Italiako artean

XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran, Durero-ren grabatuek Italiako artista ugariengan eragina izan zuten, zuzenean edo zeharka. Estanpa haiek Italia guztian zehar hedatu ziren eta maisu alemanaren ideiak eta proposamenak transmititzeko bidea izan ziren.

Nabarmentzekoa da, besteren artean, Dureroren grabatuek Rafaelen eta haren dizipuluen arreta erakarri zutela. Hala ere, Italian zabaldutako artista alemanaren lan grafikoak pintoreentzat ez ezik, inspirazio-iturri izan ziren eskultore, zurgin, zilargile eta zeramika-dekoratzaileentzat ere.

Artista batzuek, haien artean Caravaggio-ren maisu Cavalier d’Arpino-k eta Caravaggio berak ere, jakin-min handia erakutsi zuten Dureroren lan grafikoaren alderdi batzuengatik: irudien hurbiltasunagatik, ekintza dramatikoagatik, edertasunaren aurrean amore emateagatik eta alderdi groteskoarekiko interesagatik.

Bestalde, Dureroren obrak Caravaggioren kontrako joeran ere interes handia piztu zuen, Anibale eta Ludovico Carracci anaiengan, hain zuzen. Haien ideal klasikoaren bilaketa-lana, naturaren arreta handiko azterketarekin eta behaketa enpirikoarekin elkartzen da, eta beraz, artista alemanak naturari buruz egindako azterlanek eta hark sortutako paisaia panoramikoen handitasunak lilura handia eragin zuen haiengan, baita Boloniako beste pintore batzuengan ere.

Gainera, Durerok Venezian margotutako pinturek eragin nabarmena izan zuten Italiako pinturan.